Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2018ko abuztuaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4036

123/2018 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Galesko Gobernuarekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memoranduma.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako akordioaren txostena sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Galesko Gobernuarekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memoranduma; horren testua ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 18KO 123/2018 EBAZPENARENA
EUSKO JAURLARITZAREN ETA GALESKO GOBERNUAREN ARTEAN ELKAR ULERTZEKO MEMORANDUMA

Euskal Autonomia Erkidegoak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Iñigo Urkullu Renteria jaunak ordezkatuta,

Galesko Gobernuak, Galesko Gobernuaren Ministro Nagusi Carwyn Jones jaunak ordezkatuta,

Aurrerantzean, «Parte-hartzaileak»

Elkarren artean dituzten adiskidetasun- eta lankidetza-loturak indartu nahirik, elkarrenganako konfiantza eta konpartitzen dituzten askatasun, demokrazia, justizia eta elkartasunaren balioak oinarritzat hartuta,

ADIERAZTEN DUTE:

Euren eskumenen esparruan sartzen denez, aldebiko harremanak sendotu eta areagotuko dituztela, ahalik eta lankidetzarik zabalena ezartzeko parte-hartzaileen artean; hori lortzeari begira, parte-hartzaileek:

1.– Oraingo kontaktuak sendotu eta areagotuko dituzte, jardunbide egokiak trukatuko dituzte, elkarlanerako aukera berriak aztertuko dituzte, proiektu bateratuak garatu eta bultzatuko dituzte, besteak beste eremu hauetan:

– Mugikortasuna eta garraioa, batez ere trenbide-azpiegitura eta -zerbitzuen alorrean.

– Ingurumena eta klima-aldaketa.

– Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasuna.

– Itsas energiak.

– Nekazaritzako elikagaien industria.

– Hezkuntza eta prestakuntza.

– Estrategia eta politika fiskala, zerga-administrazioari buruzko politika, aurrekontu-kudeaketa eta gizarte-politikak.

– Osasuna eta gizarte-laguntzako zerbitzuak, balioetan oinarritutako arreta medikoa eta zahartze aktibo eta osasungarria.

– Negozio-aukerak.

2.– Elkarren arteko lankidetza indartuko dute eta gizarte kulturaniztun eta tolerantea bultzatuko dute. Zehazki, hizkuntza-politikarekin eta kultura-sektorearen sustapenarekin lotutako ekimenak sustatuko dituzte eta horren inguruko esperientziak trukatuko dituzte.

Elkar Ulertzeko Memorandum hau ez dago nazioarteko zuzenbidearen mende.

Elkar Ulertzeko Memorandum honek ez du ez betebeharrik ez konpromiso juridikorik sortzen parte-hartzaileen artean; halaber, ez du ezein parte-hartzaile konprometitzen finantza-akordiorik onartzera, idatziz eta banan-banan onartzen diren –baten bat onartuz gero- finantza-akordioez gain. Edonola ere, parte-hartzaileei gasturik sortzen bazaie, beharrezkoa izango da horiek urteko aurrekontu arruntaren baitan sartu ahal izatea, indarrean dagoen legedia errespetatuz.

Parte-hartzaileek adosten dute jarraipen-batzorde bat sortzea, Memorandum honetan ezarritako ekintzak aldian-aldian ebaluatu ditzan. Halaber, batzordeak aztertuko du ea lankidetza aukerarik ote dagoen Memorandum honetan aipatu ez diren beste eremu batzuetan.

Elkar Ulertzeko Memorandum hau edozein unetan aldatu eta osatu daiteke, idatziz, bi parte-hartzaileak ados egonez gero. Erabaki da Elkar Ulertzeko Memorandum hau 3 urte igaro ondoren berraztertuko dela, epe hori dokumentu hau sinatzen den egunean kontatzen hasita.

Lau ale sinatu dira, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta galesez, lau testuek benetakotasun berdina izanik, Cardiff hirian, 2018ko uztailaren 12an.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Galesko Gobernuaren aldetik,

CARWYN JONES.


Azterketa dokumentala