Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2018ko abuztuaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4033

AGINDUA, 2018ko uztailaren 5ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Cidetec» izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko ekainaren 14an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko «Fundación Cidetec» izeneko fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Aldaketa horiek egitea 2018ko ekainaren 1ean erabaki zuen Fundazioaren Patronatuak. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-idazkiari.

Bigarrena.– Halaber, batzar horretan, Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen fundazioaren helburuak aldatzea, fundazioaren helburuak garatzeko jarduerei dagokien idazketa zehazteko eta eguneratzeko; patronatuaren gehieneko osaera aldatzea ere erabaki zuen. Aurkeztutako dokumentazioan eskatzen da fundazio-helburuen aldaketa babeslaritzak onartzea, fundatzaileek ez dutelako espresuki debekatu.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duenak) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duenak) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuak) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak) 3.1 artikuluan.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte haien estatutuak.

Era berean, lege horren 37.1 artikuluak honako hau ezartzen du:

«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

Patronatuak onartutako estatutu-aldaketek fundazioaren helburua errespetatzen dutela ulertuko da, eta, beraz, erregistroan inskribatu aurretik ez da beharrezkoa izango babeslaritzaren onarpena.

Hala ere, estatutuak aldatzen badira fundatzaileek ezarritako helburuak aldatzeko edo ezabatzeko, fundatzaileen onespena beharko da ahal den kasuetan, baita babeslaritzaren berariazko onarpena ere erregistroan inskribatu aurretik.»

Kasu honetan, fundazio-helburuen aldaketak ez die eragiten helburuen edukiari eta funtsari, ez eta fundazio-borondateari ere; idazketa formalari bakarrik eragiten dio, gizarte-errealitatera egokitzeko.

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikulua. Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Donostiako (Gipuzkoa) «Fundación Cidetec» izeneko fundazioaren estatutuen aldaketak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitziren, bai eta fundazio-helburuei eta patronatuaren osaerari buruzko artikuluen aldaketa ere; aldaketa horiek bat datoz 2018ko ekainaren 5ean Enrique Garcia-Jalon de La Lama notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 842).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 5a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala