Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2018ko uztailaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3853

124/2018 EBAZPENA, uztailaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Archivo Luis Peña Ganchegui Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, euskal arkitektura gaztea saritzen duen sari bat prestatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Archivo Luis Peña Ganchegui Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, euskal arkitektura gaztea saritzen duen sari bat presatzekoa.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 18KO 124/2018 EBAZPENARENA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAREN ETA LUIS PEÑA GANCHEGUI ARTXIBOA KULTUR ELKARTEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL ARKITEKTURA GAZTEA SARITZEN DUEN SARI BAT PRESTATZEKOA

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 4a.

BILDUTAKOAK

Alde batetik, Ignacio María Arriola Lopez jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua; hitzarmen hau egiteko eskumena du, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuari jarraituz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluaren harira.

Beste aldetik, Rocío Peña Azpilicueta, Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartearen izenean eta haren ordezkari gisa, Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartearen Estatutu Orokorren 22. artikuluak ematen dizkion eskumenei jarraituz.

Bildutako aldeek beren burua behartzeko lege-ahalmena eta eskumena aitortzen diote elkarri, eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuarekin bat etorriz, sailaren lana da arkitektura, eraikuntza eta birgaikuntza zabaltzea, sustatzea eta ikertzea. Dekretu horretan bertan espresuki aurreikusten da sailak, zeregin horiek aurrera eramateko, erakunde eta elkarte publiko nahiz pribatuekin lankidetzan jardun ahal izango duela.

Bigarrena.– Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartea 2010eko uztailaren 2an sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Luis Peña Ganchegi arkitektoak haren ibilbidean zehar egindako lan profesionalekin zerikusia duen materiala kudeatu, ikertu, inbentariatu eta katalogatzea dira, besteak beste, bere helburu nagusiak. Material horren barruan sartzen da Luis Peña Gancheguiren produkzioaren eta geroko erabilera eta kontserbazioaren inguruabarren berri ematen duen edozein material ere.

Helburu horiek betetzeko, Luis Peña Ganchegui Artxiboak jarduera hauek egiten ditu:

– Luis Peña Ganchegui arkitektoaren lanak ikertu, katalogatu eta inbentariatu, elkartearen beraren ekimenez edo beste pertsona fisiko edo juridikoekin sinatzen diren akordioak betez.

– Luis Peña Gancheguiren ondarea ezagutzen eta ulertzen laguntzea, ondare horrek edozein arlotan duen balioa nabarmentzen duten proiektuetan modu aktiboan parte hartuz.

– Ondare horren zainketa aktiboa egitea.

– Luis Peña Ganchegiren ondareko elementuren batek zainketa edo birgaikuntza behar badu, lan horiek egiteko neurriak har daitezela eskatzea hala dagokionari.

– Ekitaldi kultural eta akademikoak sustatu eta haietan parte hartzea. Horien artean ditugu helburuak lortzen laguntzen duten ikastaro, lantegi, hitzaldi, bidaia, sari, erakusketa eta argitalpenak antolatu eta gauzatzea.

– Elkarteari helburuak era egokienean lortzen laguntzen dioten bestelako jarduerak.

Hirugarrena.– Bi erakundeek interes berdinak dituztenez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, arkitekturaren sustapen eta ikerketarako duen eskumena erabiliz, komenigarritzat jotzen du Luis Peña Ganchegi Artxiboa Kultur Elkartearekin lankidetzan aritzea, arkitekturari egindako ekarpena saritzen duen sari bat prestatzeko. Sariak honako hauei ematea da helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan bakarka edo taldean lan egiten duten arkitektoei eta gaikuntza-titulua Euskal Autonomia Erkidegoan eskuratu eta lehenengo 10 urteetan lanak bertan egin dituztenei.

Adierazitakoagatik guztiagatik, aipatutako lankidetza gauzatzeko helburuz, dokumentu honetan biltzen den lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute bi erakundeek. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:

KLAUSULAK

Aurrenekoa.– Helburua.

Hauxe da hitzarmen honen helburua: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eta Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartearen arteko lankidetza ezartzea, arkitekto batek edo arkitekto batek edo batzuek gidatutako talde batek gaikuntza-tituluaren lehenengo 10 urteetan erakutsitako goranzko ibilbide hasiberria saritzeko sari bat definitu, sortu eta mantentzea.

Bigarrena.– Sariaren Ezaugarriak.

Hitzarmen honen garapenerako eratzen den Jarraipen Batzordeak emango dio azken onarpena sariaren definizioari. Definizio horretan, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Arkitekto batek edo arkitekto batek edo batzuek gidatutako talde batek gaikuntza-tituluaren lehenengo 10 urteetan erakutsitako goranzko ibilbide hasiberria sarituko da.

– Saria bi urtetik behin emango da.

– Deialdi publikoz aukeratuko dira saridunak.

– Saridunak aukeratzeko, gutxienez bost kidez osatutako epaimahai bat eratuko da. Kide horien artean egongo dira Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko ordezkari bat eta Luis Peña Ganchegui Artxiboko ordezkari bat (biak hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe) eta Luis Peña Ganchegui Artxiboak proposatutako eta Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzaren oniritzia duten gutxienez hiru kide (hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin); azken horietako bi, gutxienez, arkitektoak izango dira. Epaimahaiak, bestalde, Luis Peña Ganchegui Artxiboak izendatutako idazkari bat izango du (hitz egiteko eta botoa emateko eskubiderik gabe).

Hirugarrena.– Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartearen konpromisoak.

Honako hauek dira Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkarteak hitzarmen honi dagokionez hartzen dituen konpromisoak:

1.– Sariaren irudi korporatiboaren diseinua sustatzea eta egitea.

2.– Web orriaren programazioaz arduratzea (4 hizkuntzatan).

3.– Domeinua eta web-ostatatzea.

4.– Epaimahaikideen aurre-aukeraketaz eta epaimahaia eratzeaz arduratzea.

5.– Epaimahai horren idazkaritza-zerbitzuak ematea.

6.– Garaikurra diseinatu eta egiteaz arduratzea.

7.– Emate-ekitaldia antolatzea.

8.– Garaikurrari zabalkundea emateko ekitaldiak antolatzea: erakustea eta argitaratzea.

9.– Saria eskudirutan ordaintzea.

Laugarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren konpromisoak.

Honako hauek dira Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honi dagokionez hartzen dituen konpromisoak:

1.– Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartearekin lankidetzan aritzea, saria eta horren zabalkunderako erabakitzen diren ekintzak diseinatu eta egiteko.

2.– Urteko jarduera-plana definitzen parte hartzea, bosgarren klausulan jasotako Jarraipen Batzordearen bidez.

3.– Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartearekin lankidetzan aritzea, sariari lotutako jardueren zuzendaritzaz arduratu eta haien segimendua egiteko.

4.– Saria emateko eratzen diren epaimahaietan parte hartzea.

5.– Hitzarmenean jasotako jardueren finantziazioan parte hartzea, dagokion organoak urtero adostutako gehieneko zenbatekoekin, betiere hitzarmen hau betetzeko dagoen aurrekontu-mugen barruan.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzordea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkarteak erabaki dute jarraipen-batzorde baten bidez egitea hitzarmen honen segimendua, hitzarmenean adierazitako helburuak betetzea bermatzeko helburuarekin.

Honako hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko bi ordezkarik eta Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkarteko bi ordezkarik. Lehendakaria Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzakoa izango da.

Jarraipen Batzordeak zeregin hauek izango ditu, besteak beste:

– Proiektuaren urteko jarduera-plana onartzea.

– Epaimahaia izendatzea.

– Hitzarmen honetan jasotako aurrekontuaren urteko aurrekontu-betearazpena onartzea.

Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez. Jarraipen Batzordean lehendakari diharduenak egingo ditu deialdiak; gutxienez bat egingo du urteko aurreneko hiruhilekoan, kontu-ematea, jarduerak eta aurrekontuak onartzeko. Aldeetako batek modu justifikatuan eskatzen duen bakoitzean ere egingo ditu deialdiak.

Seigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den unetik 2017ko abenduaren 31ra egongo da indarrean, eta isilbidez berrituko da bi urteka, sinatzaileek horretarako oztoporik adierazten ez badute, eta gehienez 4 urtez, urriaren 1eko 40/2015 Legearekin bat etorriz. Berrituz gero, indarrean egongo da, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik badago.

Zazpigarrena.– Izaera eta Interpretazioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta administrazio-zuzenbidearen bidez interpretatu eta garatuko da.

Hitzarmen honen interpretazioak, aldaketek, ondorioek eta suntsiarazpenak sor ditzaketen auzigaiak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira.

Zortzigarrena.– Suntsiarazpena.

Alde sinatzaileetako edozeinek hitzarmena ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat hartuko da. Hitzarmena suntsiarazteko, beste aldeari gutxienez hilabete lehenago jakinarazi beharko zaio, idatziz.

Hitzarmen hau sinatzen duten aldeentzat hauek izango dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak: hitzarmeneko klausulak eta hitzarmenaren izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian dagoen beste edozein klausula ez betetzea.

Nolanahi ere, aldeek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren salaketa jakinarazten duten unean hasita dauden ekintzak bukatzeko.

Bederatzigarrena.– Aldaketak.

Hitzarmen honi edozein aldaketa egiteko, aurrena Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari eta Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkarteari jakinarazi eta haiek oniritzia eman beharko diote eta, horrez gain, bi erakundeetako dagokien organoek onartu beharko dute.

Aldeek, ados daudela adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte, goiburuan aipatutako leku eta datan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Luis Peña Ganchegui Artxiboa Kultur Elkartea,

ROCÍO PEÑA AZPILICUETA.


Azterketa dokumentala