Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2018ko uztailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3752

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 11koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Berdintasunaren aldeko 2018ko Emakunde Sarirako.

Berdintasunaren aldeko Emakunde Saria sortzeko eta arautzeko irailaren 12ko 166/2006 Dekretuak ezartzen du sari hori, zeinaren xedea baita azpimarratzea eta publikoki aitortzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana dela-eta nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna; emakumeen lanaren aitortzara eta haiek ahalduntzera edo sexuen arteko berdintasun-eskubideak eta -aukerak sustatzera bideratutako jarduerak egin dituzte pertsona horiek.

Bidezkoa da, beraz, deialdi hau iragartzea 2018ko ekitaldirako, aipatu dekretuaren 1. artikulua aplikatuz.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren deialdia iragartzea, irailaren 12ko 166/2006 Dekretuaren arabera, eta onartu diren eta ebazpen honi erantsita agertzen diren oinarriei jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 11.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

BERDINTASUNAREN ALDEKO 2018KO EMAKUNDE SARIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen xedea Berdintasunaren aldeko 2018ko Emakunde Sariaren deialdia iragartzea da. Sari horren bidez azpimarratu eta jendaurrean aitortu nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko eta juridiko publiko nahiz pribatuen jarduna. Saria ematen zaie emakumeen lana aitortzen laguntzeko edo emakumeen ahalduntzea hobetzeko zenbait ekintza, lan edo proiektu egin dituztelako edota beren jarduerak nabarmen lagundu duelako emakumeen zeregina balioesten eta duin bihurtzen edo EAEko emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen.

Bigarrena.– Diru-kopurua.

14.400 eurokoa da sariaren diru-kopuru gordina.

Hirugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– 2018ko irailaren 15ean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea.

2.– Interesdunek hautagaitzak aurkeztu ditzakete, eta prozedura honetako izapide guztiak kontsultatu, bide elektronikoz nahiz aurrez aurre Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Vitoria-Gasteiz); bestela, posta ziurtatuz helaraziko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu ahal izango dira.

Hautagaitzak bide elektronikoz aurkeztu beharko dituzte pertsona juridiko interesdunek eta edozein izapidetarako administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuta daudenek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duenez.

Hautagaitzekin batera, NANaren kopia aurkeztu beharko dute interesdunek, edo, halakorik ezean, baimena eman Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak datuak bildu ahal izan ditzan. Interesdunek ez dute zertan Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datuak eta agiriak aurkeztu. Eskubide horretaz baliatzen direnean, baimena ematen diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari datu edo dokumentu horiek dauden organoetatik eskuratzeko. Bitarteko elektronikoen bidez ere baliatu ahal izango da eskubide horretaz.

Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri behar dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, eskabidea dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

– Eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.eus-eko egoitza elektroniko hau dago: https://www.euskadi.eus/2018/saria/y22-izapide/eu/

– Egoitza elektronikoan eskuragarri daude izapideak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz egiteko argibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak https://www.euskadi.eus/2018/saria/y22-izapide/eu/

– Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: http://euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen bide bera erabiltzera aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Legeak bide elektronikoa erabiltzera behartzen badu ezin izango du besterik erabili.

4.– Euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari erantsitako agiriak erakunde eskatzaileek, nahi bezala. Halaber, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozedura guztian, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Hautagaitzekin batera, hauek aurkeztu beharko dira: gehienez 20 orriko memoria bat; emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egiten dela egiaztatzeko agiriak; memoriaren laburpen bat, 2 orrialde baino gutxiagokoa, zeinetan bilduko baitira aurkeztutako hautagaitza sari horretarako egokia izatearen arrazoiak balorazio-irizpideei jarraikiz. Hautagaitza pertsona juridikoa bada, emakumezkoen zein gizonezkoen osaera-kopurua zehaztu behar da.

6.– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko lana aitortzeko aurkezten diren hautagaiek –erakundeak zein pertsonak– ez dute egon behar diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, barne direlarik sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak. Horretarako, I. eranskina bete beharko dute hautagaiek.

Pertsona eta erakunde onuradunek bete beharko dituzte Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak.

7.– Beharrezkoa dela iritziz gero, informazio gehiago eska dezake Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak.

8.– Hautagaitza irabazlea zein den jakinarazi baino lehen, elektronikoki egiaztatuko da hautagaitza horrek beteak dituela bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa betez. Hautagaitza onuradunak berariaz uka dezake elektronikoki egiaztatzeko baimen hori, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz.

9.– Aurkeztu diren baina sarituak izan ez diren hautagaitzak errekuperatu ahal izango dituzte interesdunek, 2019ko otsailaren 28a arte, non eta ez duten baimena eman aintzat hartuak izan daitezen hurrengo deialdian, I. eranskinean. Dena den, Administrazioa ez da arduradun egiten epe horretan erretiratu ez diren hautagaitzez.

Laugarrena.– Esleitzeko irizpideak.

Erabakia hartzeko, jasotako hizkuntzan baloratuko ditu hautagaitzak eta/edo lanak epaimahaiak, eta irizpide hauek hartuko ditu aintzat, eta berdina izango da haztapena bakoitzarentzat:

a) Proposatutako pertsonak izan duen ibilbidea emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, non garatu baitu bere jarduna.

b) Emakumeen lana eta haien ahalduntzea aitortzera edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzera bideratutako jardunaren, ekintzen, lanen edo proiektuen berezko garrantzia.

c) Jardunen, ekintzen, lanen edo proiektuen oihartzuna eta eragina gizartean, edo proposatutako pertsonak egin duen ibilbidea.

Bosgarrena.– Aurkeztutako hautagaitzetan egindako akatsak zuzentzea.

Hautagaitzak behar bezala betetzen ez badira edo eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela ohartarazten zaio eskatzaileari; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Seigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, « Herritarrei arreta emateko espedienteak » izenekoa, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori otsailaren 25eko 8/2016 Dekretuan araututa dago, hain zuzen ere, Lehendakaritzaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoaren, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena, eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakora lotuta dago.

Fitxategi hau bakar-bakarrik erabiliko da Erakundeak botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzean sustatutako laguntzak kudeatzeko. Interesdunek legeak aurreikusten dituen eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, transferitzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide ere. Horretarako, idazki bat bidali beharko dute Programak eta Formakuntza Arlora (Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz). Datuak ez zaizkio hirugarren bati emango, tartean legezko obligaziorik ez bada behintzat, eta ez zaizkio hirugarren herrialderen bati jakinaraziko.


Azterketa dokumentala