Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2018ko uztailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3736

AGINDUA, 2018ko uztailaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia integratzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta 2018ko ekitaldirako deialdia egiten duena.

Diru-laguntza hauen xede nagusia da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen mandatua betetzea; izan ere, 3.4 artikuluan dago adierazita euskal botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dutela beren politika eta ekintza guztietan, halako moduz non horietan guztietan desberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezarriko duten.

Lege horren ondoreetarako, genero-ikuspegia integratzea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanak modu sistematikoan kontuan hartzea da, eta, horretarako, desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan.

Zehatz-mehatz, lege horren 46.1 artikuluan dago ezarrita euskal botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituztela beren ingurumen-, etxebizitza-, hirigintza- eta garraio-politiketan eta -programetan genero-ikuspegia txertatuta dagoela bermatzeko, eta, horretarako, besteak beste, hauek hartuko dituzte kontuan: pertsonen segurtasuna; etxeko lanak egin eta pertsonak zaintzea erraztea, bizitza pertsonala, familia eta lana uztartu ahal izatea erraztea; bai eta, politika eta programa horiek diseinatu eta betetzeko orduan, emakumeek partaidetza handiagoa izan dezatela bultzatzea ere.

Horretaz gain, 2013ko abenduaren 30ean, Gobernu Kontseiluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana onartu zuen; bertan, helburu estrategiko eta operatiboen artean, hirigintzarekin erlazionatutako hauek daude jasota:

– 6.3 helburu estrategikoa: hirigintza-plangintza eta etxebizitzaren, espazio publikoen eta garraiobideen diseinua aldatzea, kontziliazio erantzukidea errazteko.

– 6.3.1 helburu operatiboa: eguneroko bizimoduko jarduerak egiteko biztanleek joan-etorrietan ematen duten denbora murriztea.

– 6.3.2 helburu operatiboa: hirigintza-plangintzako eta etxebizitzen, espazio publikoen eta garraiobideen diseinuko irizpideak identifikatu eta aplikatzea, kontziliazio erantzukidea eta pertsonen autonomia errazteko.

– 7.2 helburu estrategikoa: emakumeen aurkako indarkeriari buruzko informazioa eta ikerketa hobetzea.

– 7.2.2 helburu operatiboa: emakumeen aurkako indarkeriari eta haren adierazpenei buruzko jakintza hobetzea.

Helburu horiek garatzeko, eta otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 15.2 artikuluari jarraituz, zeinaren arabera Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo baititu, sail honek –emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan duen plangintzan– bere gain hartuko ditu genero-ikuspegia lurralde-plangintzan eta hirigintzan txertatzeko zenbait jarduketa; diru-laguntzak emateko agindu hau da jarduketa horietariko bat.

Bestetik, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko dokumentuak –hasiera batean 2018ko otsailaren 20an onartu zenak– berariaz aitortzen du zenbait gai garrantzitsuak direla, eta, berez lurralde-izaera izan ez arren, garrantzia eman behar zaiela politika publikoak diseinatzeko eta kudeatzeko orduan, eta kontuan hartu behar direla lurralde-antolamenduan eta, ondorioz, LAGen berrikusketa egitean. Eta gai horietariko bat genero-ikuspegia da, hain zuzen. Alde horretatik, adierazi behar da pertsonek premia eta jomuga desberdinak dituztela lurraldeari eta hiri- eta landa-inguruneari dagokienez, eguneroko bizitzan bere gain hartzen dituzten genero-rolen eraginez. Hori dela eta, lurralde-antolamenduan genero-ikuspegia txertatzeak bide ematen du gizonak eta emakumeak baliabide guztietara baldintza beretan iristea bermatzeko.

Azken batean, asmoa da udal hirigintza-planetan genero-ikuspegiaren integrazio efektiboa sustatzea, horretarako zenbait ekintza estrategiko eginda lehentasunezko ekintzetarako lau arlotan: lurralde-antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-eremua eta gobernantza.

Lurralde-antolamenduko eta hiri-inguruneko desberdintasun esanguratsuenek honako eremu hauei eragiten diete: mendeko pertsonen zaintzarako ekipamenduen existentzia eta irisgarritasuna; hiri-eremuen eta eraikinen erabilera-patroi desberdinak, pertsonek bereganatzen dituzten genero-rol desberdinak direla eta; bikoterik ez duten emakumeek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasun handiagoak, talde kalteberek batez ere, familia gurasobakar amadunek eta genero-indarkeriaren biktimek, esaterako; emakumeek eremu publikoan eta hiri-zuzkiduretan sentitzen duten segurtasun-gabezia handiagoa.

Jardun-eremu horietan igarritako desberdintasunetatik, hauek dira esanguratsuenak:

– Lurralde-antolamenduan eta hirigintzan: mendeko pertsonen zaintzarako ekipamenduen existentzia eta irisgarritasuna; hiri-eremuen eta eraikinen erabilera-patroi desberdinak, pertsonek bereganatzen dituzten genero-rol desberdinak direla eta; bikoterik ez duten emakumeek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasun handiagoak, talde kalteberek batez ere, familia gurasobakar amadunek eta genero-indarkeriaren biktimek, esaterako; emakumeek eremu publikoan eta hiri-zuzkiduretan sentitzen duten segurtasun-gabezia handiagoa.

– Mugikortasun jasangarriari dagokionean: pertsonen mugikortasun-patroiak aldatu egiten dira, estatistiken arabera gizonek eta emakumeek bereganatzen dituzten genero-rolen arabera, eta beraz, emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dute garraio publikoa, arrazoi gehiagoren eraginez egiten dituzte bidaiak, bidaia gehiago kateatzen dituzte eta gutxiago erabiltzen dute ibilgailu pribatua; beste pertsona batzuen zaintzarekin eta etxearen mantenuarekin lotutako bidaiak ez dira behar bezala kontabilizatzen estatistiketan.

– Landa-ingurunean: garraioa eta zerbitzuak, ekipamenduak eta lanpostuak erabiltzeko orduan sortzen diren genero-arloko desberdintasunak; ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzeko orduan sortzen diren genero arloko premia desberdinak, zaintzaren kasuan batez ere, zerbitzu- eta ekipamendu-sarearen kapilaritatea dela eta; nekazaritza-jarduerako genero-arloko desberdintasunak, ustiapenen titulartasuna barne.

– Gobernantzari dagokionean: emakumeen presentzia txikiagoa herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta talde teknikoetan; ahuleziak politika, plan eta jardunak diseinatu eta egikaritzeko eta haien jarraipena egiteko fase guztietan generoari buruzko aditu-mailako jakintza integratzean.

Alde horretatik, aipatutako LAGen dokumentuan genero-ikuspegiaren arlorako proposatutako gidalerroek hauek betetzeko helburua dute:

– Lurralde- nahiz udal-jarduketan genero-ikuspegia txertatuko duen plangintza sustatzea, errotzen eta sendotzen joango dena denbora igaro ahala.

– Genero-ikuspegia sartuta, lortu nahi den lurralde-ereduaren oinarriak ezartzen laguntzea, bereziki lurralde jasangarri, inklusibo, adimendun eta parte-hartzailea eraikitzeko.

– Bere eskala guztietan zaintza-premiei erantzuna ematen dien lurraldea sustatzea, lurralde- zein hirigintza-plangintzan «zaintzaren hirigintzaren» jarduna sartuta.

– Berdintasunaren helburua lortzen eta herritar guztien bizi-kalitatea hobetzeko lurralde eta hiriak sortzen laguntzea, edozein desberdintasun-ardatzez harago: sexua, adina, maila sozio-ekonomikoa, etnia, arraza, eta abar.

Diru-laguntzetarako agindu honen bidez, aipatutako helburuak eta gidalerroak sustatu nahi dira, hirigintza-antolamenduan eta haren garapenean genero-ikuspegiaren txertaketa bideratzeko.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez, 2018ko martxoaren 14an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak agindu bat eman zuen sailaren 2018-2020 aldirako diru-laguntzen plan estrategikoa onartzeko.

Azkenik, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 8.1 artikuluko b) letran, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari ematen zaizkion egiteko komunen artean dago agiri eta tresna juridikoak eta ekonomikoak lantzea, zeinetan arautzen baita horien izapidetzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin elkarlanean, eta, oro har, horien kudeaketa, jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Ondorioz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia integratzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta 2018ko ekitaldirako deialdia egitea, norgehiagoka-prozedura erabiliz.

2.– Analisien, diagnostikoen eta ondorioen dokumentuak egiteko behar den laguntza teknikoa kontratatzeak eragiten dituen gastuak finantzatuko dira, barnean hartuta hirigintza-tresnak hobetzeko proposamenak edo neurri zuzentzaileak, genero-ikuspegiari dagokion aldetik, eta, zehatzago esanda, hauek:

a) Eraikuntza- edo urbanizazio-ordenantzak proposatzea, edo

b) Hirigintza-planeamendurako, genero-ikuspegia duten tresnak proposatzea.

c) Plangintza orokorra berrikusteko prozesua hastear dauden edo izapidetzearen hasierako faseetan dauden udalerrien kasuan, diru-laguntza bakarra izango da eta behin emango da: aurrerapenari erantsitako agiria aurkeztean edo hasierako onespenaren dokumentuari erantsitako agiria aurkeztean. Hasierako onespena lortu duten berrikuspen-kasuak ez dira diruz lagunduko.

3.– Ez da diruz lagunduko egikaritze-tresnei buruzko dokumentuak idaztea, adibidez, hirigintza- edo eraikuntza-proiektuak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eska ditzakete, baina udal bakoitzak eskabide bakarra egin dezake.

2.– Ezingo dira diru-laguntza honen onuradun izan lan horietarako aurreko ekitaldietan esleipendun izan diren udalak, berariaz uko ez badiote egin behintzat.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

4.– Ezin izango dituzte diru-laguntza hauek eskuratu diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat duten pertsona juridikoek, ezta horretarako legezko inolako debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

5.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da aipatutako 13. artikuluko 4. apartatutik 6.era bitartean xedatutakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapideak kontsultatzeko, eskatzeko edo egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Izapidetze elektronikoa hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioetako garaiko zuzendariak Platea e-administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko emandako 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

3.– Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak euskadi.eus egoitza elektronikoan daude, URL honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza_genero_ikuspegia_2018/y22-izapide/eu

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak ere bide elektronikotik egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bitartez.

4. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularrari dagokio agindu honen arabera emandako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko irailaren 10ean amaituko da.

2.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza_genero_ikuspegia_2018/y22-izapide/eu

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari:

a) Informazio hau jasota duen azalpen-memoria:

1) Udalerriko problematikarekin zerikusia duten arrazoiak lana egiteko.

2) Jardun-eremua (udalerriko hiri-bilbe osoa, edo berezko entitate eta singulartasuneko area edo auzo zehatza, edo landa-ingurunea) eta eremu horretako biztanleriaren ziurtagiria (udalerria, area, auzoa...).

3) Indarreko plangintzaren edo arautegiaren azterketa. Atzemandako ahuleziak. Proposatutako jarduerak (berrikusi beharreko hirigintza-ordenantzak edo -tresnak).

4) Hiritarrek parte hartzeko programa, genero-ikuspegia barnean hartzen duena, emakumezkoen parte-hartzea indartzera zuzendua eta udalerriaren edo jardun-eremuaren tamainara egokitua.

5) Proiektuaren parte diren udal-arloak.

6) Berdintasunean prestatzeko proposamena, proiektuaren parte diren arloetako langile guztientzat.

7) Lana idazteko mugarri nagusien egutegia, kontuan hartuta partaidetzazko prozesua eta langileen prestakuntza aurreikusi behar direla.

b) Laguntza teknikoko gastuen aurrekontua, BEZa banakatuta.

c) Udaleko idazkaritzaren ziurtagiria, udalerriko, auzoko edo dagokion eremuko biztanle-kopurua egiaztatzen duena.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituena:

1) Jakinaraztea ea diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, jaso den helburu bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik.

2) Erakunde eskatzailea ez egotea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

3) Indarreko arauetan ezarritako betekizunak betetzea eta eskabideko eta agirietako datuak egiazkoak izatea.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea emango, akatsa zuzendu dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

Akatsen zuzenketa jakinarazteko, baliabide elektronikoak erabiliko dira. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Nire karpeta atalera jo beharko da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean ez bada edukian sartu, ukatutzat hartuko da eta izapidea egindakotzat joko; beraz, prozeduran aurrera egingo da egiaztatzen ez bada, ofizioz edo jasotzaileak eskatuta, ezin izan dela teknikoki edo materialki sartu.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

7. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, honako kide hauez osatua:

a) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularra, zeina mahaiburu izango baita.

b) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arduraduna.

c) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko arkitekto bat.

d) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako berdintasunerako teknikaria.

e) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako aholkulari juridiko bat, zeinak idazkari-lanetan jardungo baitu.

2.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzako titularrari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du hurrengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

3.– Proposamen horretan, diruz lagundu nahi diren eskabideen lehentasun-hurrenkera jasoko da, aipatutako esleipen-irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera –aurrekontu-kreditua amaitu arte–. Zerrenda horretan, erakunde onuraduna, diruz lagun daitekeen proiektua eta proposatutako zenbatekoa adieraziko dira. Halaber, ukatzeko diren eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere egongo dira jasota.

4.– Puntuazio goreneko eskabideei dagozkien zenbatekoak esleitzeko prozesuaren ostean, deialdiko zuzkidura agortzeko falta den saldoa ez bada nahikoa sailkapenean hurrengoa den eskabidearen gehieneko zenbatekoa ordaintzeko, soberako saldo horren zenbatekoa esleituko zaio.

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Proiektuaren txostena: 5.4.a) artikuluan jasotako informazioa baloratuko da (6 puntu, gehienez).

2.– Herritarren parte-hartze programa: kalitatea, eta edukia eta metodologia proiektura egokitzea baloratuko dira (2 puntu, gehienez).

3.– Parte hartzen duten arloetako langileentzako prestakuntza-proposamena.: kalitatea, eta edukia eta metodologia proiektura egokitzea baloratuko dira (2 puntu, gehienez).

4.– Diru-laguntza jasotzeko, proposamenek 5 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

5.– Berdinketa badago, lehentasun-hurrenkerako txostenean lortutako puntuaziora joko da.

9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzako Sailburuordetzako titularrak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Ebazpen horrek balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu diru-laguntzak, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta diru-laguntza jasoko duten udalak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu. EHAAn argitaratuz jakinaraziko da ebazpen hori; gainera, iragarki-ohol informatikoan argitaratuko da, informazioa izateko baino ez.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

3.– Gehienezko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Laguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hamabost eguneko epean.

b) Edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk jaso dituztela adieraztea.

c) Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa ematea.

e) Egindako dokumentuak berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza jaso duela; beraz, jardueraren aipamena egiten den karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala ezarri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

f) Lana idazteko mugarri nagusien egutegia betetzea, deialdi-agindu honen 5.4.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, diru-laguntza onartzen denetik sei hilabete igaro ostean, onuradunek egiaztatu beharko dute bete dituztela egutegi horretan ezarritako mugarriak.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz diru-laguntzak lortuz gero, edo helburu horietarako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratuz gero, aldatu egin daiteke diru-laguntza emateko ebazpena, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen badira.

12. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Inbertsioaren behin betiko kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

13. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultze-prozedura.

Erakunde onuradunak ez badu erabiltzen diru-laguntza hori eskatu eta eman zitzaion xederako, edo diru-laguntza eragin duen jarduketa egiten ez badu, edo finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

14. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen gehienezko aurrekontua.

1.– Diruz lagunduko da 1.2. artikuluan aipatzen den dokumentua idazteko laguntza teknikoa kontratatzea dela-eta sortutako gastuen % 90 (BEZik gabe), betiere dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Enkargatutako dokumentuaren benetako kostua alde batera utzita, diru-laguntzarako kontuan hartu behar den gehieneko zenbatekoa (Z) kalkulatzeko, kontuan hartuko da udalerriko edo jardun-eremuko biztanleria (B), formula honetaz baliatuta:

(Ikus .PDF)

Edonola ere, kontuan hartuko den gutxieneko biztanle-kopurua 700ekoa izango da, baita udalerri txikiagoetarako ere.

Diru-laguntza ez da inola ere 20.000 euro baino gehiago izango.

15. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez iragarritako diru-laguntzak bateragarriak izango dira xede bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo erakundea (publikoa zein pribatua), baldin eta diru-laguntzen xede den jardueragatik guztira jasotako diru-laguntzak gain-finantzaketarik eragiten ez badu. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

16. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Orotara, 200.000 euro bideratuko dira aipatutako diru-laguntzak emateko, 18.0.1.05.21.0000.4.422.01.43130.002-K aurrekontu-partidaren kontura; horietatik, 40.000 euro 2018. urteari dagozkio, eta 160.000 euro 2019.ari.

17. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak emango ditu diru-laguntza ordaintzeko ebazpenak, eta honela ordainduko da:

a) Lehen ordainketa –emandako diru-laguntzaren % 20ri dagokiona– esleipen-ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabeteko epean egingo da.

b) Bigarren, eta azken, ordainketa egiteko –diru-laguntza justifikatu ondoren, emandako diru-laguntzan ordaintzeke dagoen zenbatekoari dagokiona– https://euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoan aurkeztu beharko da, 2019ko azaroaren 30a baino lehen, agindu honen 1.2 artikuluan aipatutako dokumentuaren ale bat, agiri hauekin batera:

1) Justifikazio-memoria, bai egindako parte-hartze prozesuarena, bai lanean parte hartu behar zuten langileen berdintasuneko prestakuntzarena.

2) Laguntza teknikoa kontratatzea dela-eta sortutako gastuak ordaindu izanaren ziurtagiria.

Egindako justifikazioa ez bada heltzen eskabidean aurkeztutako aurrekontura, ordaintzeko, kontuan hartuko da diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua, 14. artikuluan aipatua, eta 12. artikuluan adierazitakoa.

18. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 4a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala