Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2018ko uztailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3734

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez onartzen baita Donostiako udal mugarteko 132/30/13,2 kV-ko St Martutene deritzon transformazio-azpiestazioa aldatzeko proiektua (sistema trinkotzea 30 kV-ra), eta instalazioa baimentzen baita.

Erreferentzia: ATE 2018-3.

AURREKARIAK

1.– Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk (San Adrian etorbidea 48, 48003 Bilbao), 2017ko abenduaren 29an, administrazio-baimena eta onarpena eskatu zituen proiektu honetarako: Donostiako udal mugarteko 132/30/13,2 kV-ko St Martutene deritzon transformazio-azpiestazioa aldatzeko proiektua (sistema trinkotzea 30 kV-ra). Horretarako, dagokion proiektu teknikoa aurkeztu zuen eskabidearekin batera.

2.– Proiektu hori jendaurrean jarri da hogei eguneko epean, honako hauetan ezarritakoa betetzeko: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan eta Goi-tentsioko instalazio elektrikoen erregelamenduan eta haren oinarri teknikoetan (ITC-LAT 01etik 23ra; maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori; 2014-06-09ko BOE).

3.– Ondorio horietarako, informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Donostiako Udalaren iragarki-taulan –arauzko epean–, 2018ko martxoaren 28ko GAOn eta 2018ko apirilaren 10eko EHAAn.

4.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidearekin batera, 2018ko martxoaren 21ean, dagozkion separatak bidali zitzaizkien Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari eta Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziari (aurrerantzean, AESA), eta eskatu zitzaien eskariaren alde ala kontra zeuden adierazteko eta, hala behar izanez gero, baldintza teknikoak ezartzeko.

5.– Proiektuaren alde ala kontra zeuden adierazteko eta, hala behar izanez gero, baldintza teknikoak ezartzeko egin zitzaien eskaria dela eta, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak erantzun zuten ez dutela eragozpenik, baldin eta erantsitako baldintza teknikoak betetzen badira.

6.– Bestalde, AESAk adierazi zuen Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk zortasun aeronautikoen arloan dagokion baimena eskatu beharko diola AESAri berari.

7.– 2018ko maiatzaren 9an, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri helarazi zitzaizkion baldintza teknikoak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak eta AESAk ezarritakoak.

8.– Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk, 2018ko maiatzaren 28an, adierazi zuen ados zegoela Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak ezarritako baldintza teknikoekin. AESAREN txostenari dagokionez, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk adierazi zuen 2018ko urtarrilaren 30ean eskatu ziola baimena AESAri (Donostiako Udalaren bidez), akats bat zela-eta, azpiestazio elektrikoa ez baitago Donostiako Aireportuaren eragiketa-zortasunen barruan, ez eta aerodromoaren zortasunen eta zortasun radioelektrikoen barruan ere.

9.– Informazioa jendaurrean jartzeko epearen barruan ez zen proiektuaren gaineko alegaziorik aurkeztu.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenarekin bat etorriz eman da ebazpen hau, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena.

2.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa banatzeko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, aldez aurretik administrazioaren baimena beharko da.

3.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, baita Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.

4.– Espedientea bideratzean, kontuan hartu eta bete dira administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein arestian aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta -izapideak.

5.– Proiektuak betetzen ditu aplikagarriak diren segurtasun-araudietan biltzen diren eskakizun teknikoak.

Aipatutako lege-manuak eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, Gipuzkoako lurralde-ordezkariak honako hau:

EBAZTEN DU:

Baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri Donostiako udal-mugartean 32/30/13,2 kV-ko St Martutene deritzon transformazio-azpiestazioa aldatzeko proiektuaren instalazioetarako (sistema trinkotzea 30 kV-ra). Halaber, onartzea exekuzio-proiektua; honako ezaugarri nagusi hauek dituena:

132 kV-ko sistema

● Egungo posizioak egokitzea, egokitu daitezen kontrol integratuko sistemara eta haietan ekipatu beharreko babes berrietara.

30 kV-ko sistema

● Kanpoko instalazioa ordeztea, barne-gelaxkadun sistema trinko bat jarrita, honako hauek osatua: gelaxka normalizatuko bi modulu, bata besteari konektaturik, isolatzeko eta eteteko 30 kV-ko aparatu-sistemaduna (konektagailua, etengailua, etab.), eta SF6 bidez isolatutako barra orokorreko sistema. Honako instalazio hauek osatuko dituzte:

– Hiru (3) transformadore-posizio, etengailu bidez blindatuak barnealdean (1. moduluan: T-1 eta T-3; 2. moduluan: T-2).

– Zortzi (8) linea-posizio, barnealdean etengailu bidez blindatuak (lau, modulu bakoitzean).

– Bi (2) posizio, barren arteko loturarenak, barnealdean etengailu bidez blindatuak (bat, modulu bakoitzean).

– Bi (2) posizio, zerbitzu osagarrietarako transformadorea elikatzekoak, barnealdean etengailu bidez blindatuak (bat, modulu bakoitzean).

– Bi (2) posizio, barren tentsioa neurtzekoak, barnealdean etengailu gabe blindatuak (bat, modulu bakoitzean); bi (2) gelaxka fisikotan instalatuta daude.

– Bi (2) zatitze- eta lotura-posizio, barnealdean etengailu bidez blindatuak (1. moduluan: bi zatitze-posizio; 2. moduluan: bi lotura-posizio); lau (4) gelaxka fisikotan instalatuta daude.

Transformadoreetarako erreaktantziak

● Bi (2) erreaktantzia trifasiko berri instalatzea, potentzia-transformadoreen (T-1 eta T-2) 30 kV-ko irteeran; 1300 A-ko eta 10 segundoko lur-konexiodunak izango dira.

Zerbitzu osagarrien transformadoreak

● Bi transformadore trifasiko berri instalatzea, olio bidezko isolamendudunak eta 250 kVA-30.000/420-242 V-koak (erlazioa: 30.000/+% 2.5/+% 5/+% 7.5/+% 10/420-242 V); aire zabalean instalatuko dira, zer gelaxkarekin konektatuta dauden, gelaxka horiek bilduko dituen eraikinetik gertu.

Eraikinak

● Kontrol-gela berri bat egitea egungo eraikin nagusian.

● Prefabrikatutako eraikin berri bat eraikitzea, hormigoizkoa: 30 kV-ko bi gelaxka-modulu izango ditu, tabike baten bidez bereizko direnak.

Honako hauekin bat etorriz ematen da ebazpen hau: beherago zehaztutako baldintza orokorrekin eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

1.– Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

2.– Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hasita.

3.– Instalazioen titularrak jakinarazi beharko dio Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzari lanak amaitu direla, behin betiko errekonozimenduari eta martxan jartzeko akta emateari dagokionez.

4.– Ebazpen hau emateak ez dakar berarekin udal, probintzia edo beste edonon lortu beharreko obrak egiteko baimenak edo lizentziak lortu behar ez izatea, hau da, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak ere. Halaber, hirugarren posibleek izan ditzaketen eskubideak eragotzi gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita ematen da baimen hau.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria Sailburuordetzaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

Donostia, 2018ko ekainaren 28a.

Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA AGIRREZABALA.


Azterketa dokumentala