Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2018ko uztailaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3650

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ematen baita metalaren tratamendua eta estaldura egiteko ingurumen-baimen integratua, Galvanoplastia Arguitu SLk sustatua Oñatiko (Gipuzkoa) udalerrian (Zubillaga auzoa 76).

EGITATEZKO AURREKARIAK

2015eko abenduaren 18an, Galvanoplastia Arguitu SL enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Oñatiko udalerrian metalaren tratamendua eta estaldura egiteko duen instalaziorako.

Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Oñatiko Udalaren 2012ko urtarrilaren 21eko txostena aurkeztu zuen.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko otsailaren 3ko Ebazpenaren bidez erabaki zen Galvanoplastia Arguitu SLk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2017ko martxoaren 6an.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2017ko apirilaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Oñatiko Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Osasun Sailari eta Segurtasun Sailari.

2018ko maiatzaren 8an, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz, espedientea Galvanoplastia Arguitu SLren eskura jarri zen, eta ebazpen-proposamen bat bidali zitzaion Ingurumeneko sailburuordeari, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzitzaion. Galvanoplastia Arguitu SLren alegaziorik ez dugu jaso.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, lege horren xedea atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea da eta, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurketen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Galvanoplastia Arguitu SLren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimena, hondakin arriskugabeak kudeatzeko baimena, itsasora isurtzeko baimena, atmosferara isurtzeko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari dagozkion baimenak eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Adierazitako aginduak aplikatuz, Galvanoplastia Arguitu SLren ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko BREF dokumentuaren (Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduak) edukiak kontuan hartu dira.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Galvanoplastia Arguitu SLk sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, hala xedatuta baitago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan.

Honako hauek ikusi dira: ingurumen-organo honen 2018ko maiatzaren 3ko Ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuena; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Galvanoplastia Arguitu SL enpresari (helbide soziala: Zubillaga auzoa 76, Oñati; IFK: B20725784) ingurumen-baimen integratua ematea, Oñatiko udalerrian metalaren tratamendua eta estaldura egiteko instalaziorako, eta ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzei jarraituko die.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

2.6.– Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean.

Instalazioa Oñatiko udalerriko Zubillaga auzoko 76an dago. 2466,50 m2-ko azalera du, guztiz estalita dagoen azalera bati dagokiona; hiru eremu ditu: bulegoak, ekoizpen-eremua eta hondakin-uren araztegia.

Jarduerari hasiera emateko, Galvanoplastia Arguitu SLek jasotzen ditu tratatu beharreko piezak, bezeroek emandakoak.

Piezen estaldura egiteko, sei lerro automatiko daude: haietako bost zinkeztatzeko dira, eta seigarrena, ordea, nikeleztatzeko. Gainera, garbiketa-lerro bat ere badago. Lan-kopurua eta prozesuan erabilitako azidoak bezeroaren zehaztapenen arabera eta piezen material eta tamainaren arabera aldatzen dira. 2018. urtean, zinkezketa-lerro berri bat ezarriko da, 9 txurrustaduna.

Zinkezketa-lerroak,

– Bastidoreko zink azidoaren lerroa, tratamenduen 43,07 m3 dituena.

– Zink salbuetsiaren lerroa, tratamenduen 19,182 m3 dituena.

– Zink azidoaren hiru lerro (zink azidoaren 4 eta 5 txurrustadun lerroak kenduko dira, 2018an lerro berri bat martxan jarri delako):

– Zink azidoaren 4 txurrustadun lerroa. Tratamenduen 10,254 m3.

– Zink azidoaren 5 txurrustadun lerroa. Tratamenduen 9,906 m3.

– Zink azidoaren 6 txurrustadun lerroa. Tratamenduen 19,83 m3.

– Zink azidoaren 9 txurrustadun lerro berria. Tratamenduen 24,7 m3. 2018. urtearen bukaera aldean jarriko da martxan.

Piezen garbiketa, desugerketa eta aktibazioa. Piezak zinkezketa-lerroetan tratatzen hasi aurretik, koipegabetze kimikoko prozesu batetik pasatzen dira, (horretarako, sodio karbonatoa, soda kaustikoa eta sodio sulfato anhidro erabiliko dira). Gero, segidan, txurrustako uretan pasatzen dira. Jarraian, piezen desugerketa egiten da, azido sulfurikoarekin eta tentsoaktiboekin. Gero, txurrustako uretan pasatzen dira. Ondoren, berriro koipegabetze elektrolitikoa egiten zaie, eta berriro garbitu egiten dira. Zenbait kasutan, beharrezkoa dela ikusten bada, piezak azido klorhidrikoa eta azido nitrikoa erabiliz aktibatzeko prozesu bat egiten da. Piezak berriro garbitu behar dira zinkezketa-lerroan sartu aurretik.

Piezak garbitu ondoren (eta, zenbait kasutan, aktibatu ondoren), zink-bainu bat ematen zaie, azidoa edo salbuetsia izan daitekeen bainua. Zinkezketa azidoan, azido klorhidrikoa, hidrogeno peroxidoa eta azido borikoa erabiliz tratatzen dira. Eragile distiragarriak ere eransten dira, piezaren itxura hobetzeko. Zinkezketa salbuetsian, piezak ultra-distira alkalinoaz eta soda kaustikoaz tratatzen dira. Zinkezketaren ondoren, txurrustako uretan pasatzen da. Piezak azido klorhidrikoa eta azido nitrikoa erabiliz neutralizatu ahal dira, beharren arabera, pasibatu aurretik. Pasibatzea gatz kromikoekin egiten da, bezeroaren esanei kasu eginez, eta gero, garbitu eta eragile zigilatzaileekin tratatzen dira. Azkenean, uretan pasa eta zentrifugagailuaren bidez lehortzen dira.

Nikeleztatzeko lerroa, tratamenduen 25,485 m3 dituena, non kobreztaketa eta letoizketa ere egin baitaitezke. Lehenengo eta behin, lerro horretan, piezen garbiketa egiten da, azido sulfurikoen eta tentsoaktiboen bidez desugertuz, eta gero, txurrustako uretan pasatzen dira. Gero, soda kaustikoaz eta tentsoaktiboez koipegabetzen dira, eta gero, txurrustako uretan pasatzen dira. Piezak garbitu ondoren, azido klorhidrikoa eta azido nitrikoa erabiliz aktibatzen dira, eta, uretan pasatuta bukatzen da aktibatzea. Zenbait kasutan, piezak kobrearen eta potasio-zianuroaren bainu batetik pasatuta tratatzen dira, eta gero, uretan pasatzen dira. Gero, nikeleztatzeari ekiten zaio; horretarako, nikel-sulfatoa, nikel-kloruroa, azido borikoa eta metal-nikela erabiliko dira.

Nikeleztaketaren ondoren, piezak zianuro sodiko librea, metal-zinka eta metal-kobrea erabiliz letoiztu ahal izango dira, letoi metalikoa piezaren gainean elektroezarriz. Bukatzeko, piezak txurrustako uretan pasatzen dira, gatz kromikoekin pasibatu aurretik. Era berean, pieza horiek zigilatzaile bidez tratatu ahal dira, gero, uretan pasa eta zentrifugagailuaren bidez lehortzen dira.

Bezeroak esandakoaren arabera, piezak, lehortu ondoren deshidrogenatu ahal dira, 200.ºC-ko labe batean sartuta.

Tratamenduak bukaturik, piezak bezeroen edukiontzietan gordetzen dira, edo kartoizko kutxetan. Paketatu ondoren, biltegiratu egiten da, harik eta banatzen den edo bezeroak jasotzen duen arte.

Tailer txiki batean egiten dira piezak eta makineria mantentzeko lanak.

Galvanoplastia Arguitu SLren energia-kontsumoa, hondakinak tratatzeko, 930.000 kWh energia elektrikokoa da. 1.530 litroko edukiera duen aireko biltegi bat du, eskorga jasotzaileak eta kamioia hornitzeko. Urtean 11 metro kubiko gasolio inguru kontsumitzen dira.

Atmosferara isuritako kutsatzaile nagusiak zinka, partikulak eta nikela dira, azaleko tratamenduen prozesuan sortua.

Prozesuetan sortutako hondakin-urak hondakin-uren araztegian tratatzen dira, eta gero, Artixa ibaira botatzen dira. Ur sanitarioen tratamendurako, putzu septiko bat dago, egunean 10 litro arazteko ahalmena duena.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak metalak tratatu eta estaltzeko, ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Jarduera lurzoru inbentariatu batean kokatzen da, lehen han egin baitira lurzorua kutsa lezaketen jarduerak.

Galvanoplastia Arguitu SLren jardueran teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, BREF txosten europar honetan jasota daudenak:

Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduen BREF dokumentua («Surface Treatment of Metals and Plastics», 2006ko abuztua).

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Galvanoplastia Arguitu SL enpresak Oñatiko udalerrian (Gipuzkoa) sustatutako metalen tratamendua eta estaldura egiteko jarduera ustiatzeko, honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Galvanoplastia Arguitu SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak:

Galvanoplastia Arguitu SLren lantegiaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurketarik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren ondoriozko aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Beira-fabrikazioko Galvanoplastia Arguitu SLren instalazioak honako foku konfinatu hauek ditu, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan bildutako 04021005 jarduerari lotuak (dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dira):

(Ikus .PDF)

Isuri lausoak zinkaren 4 txurrustadun eta zinkaren 5 txurrustadun lerroan sortzen dira, biltzeko modurik ez dute-eta ez hondakin-uren araztegian, ez araztegiaren lohien tratamenduan, ez gainazalak tratatzeko lerroetan, ez eta piezen birdoikuntzan ere.

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, isurtzeen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, isurtze-foku gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Isurketaren muga-balioak.

a) Isuri atmosferikoek isurtzeko muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da lantegia:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.

B.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko B.1.2 azpi-atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Isurtze barreiatuak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurpena sortzen duen jarduera mota nagusia: Metalak tratatzea eta estaltzea:

EJNS jarduera-taldea: Azal-tratamenduak.

EJSN mota-taldea: 3-16-2561.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

– 1. isuria (PV1): Prozesuko urak.

(Ikus .PDF)

– 2. isuria (PV2): erabilera higienikoko urak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

1. fluxua (PV1): Prozesuko urak.

(Ikus .PDF)

2. fluxua (PV2): erabilera higienikoko urak.

(Ikus .PDF)

Metalen kontzentrazioak elementu horien «guztizko» edukiari dagozkie.

Ezingo da diluzio-teknikarik erabili, isurketaren muga-balioak lortzeko.

Isuriek hondakin-ur mota bakoitzak berezkoak dituen kutsadura-parametroak izan ahal izango dituzte kontzentrazio batzuetan zeinak ez baitira ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak ez betetzeko arrazoi izango, arau horiek parametro guztietarako bete beharko dira eta. Bestela, titularra behartuta egongo da arazketa-instalazioak osatzera, isurketa izan ez dadin arau horiek ez betetzearen kausa.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isurketa onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege-dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua aldatzen da (azken errege-dekretu horren bidez, Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen da, Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituena).

B.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Hondakin-uren zuzenketa-neurriek edo arazte-instalazioek jarduera hauek dituzte, funtsean:

1. fluxua (PV1): Prozesuko urak.

– Efluente kontzentratu kromiko-azidoak eta zianuro alkalinoak bereiztea, andel bereizietan biltegiratzeko eta tratamenduaren arabera dosifikatutako puntaketa egiteko.

– Ur kromikoak jaso eta biltzeko andela, eta kromo hexabalentea murrizteko tankea.

– Zianurodun urak jaso eta biltzeko andela, eta zianuroak oxidatzeko tankea.

– Metaldun gainerako urak jaso eta biltzeko andela, eta pH-malutapena koagulatu eta doitzeko tankea, metalak prezipitatzeko eta dekantazio-putzura bidaltzeko.

– Hiru dekantazio-putzu, tratatutako uretarako funtzionamendu alternatiboa duena.

– Ustekabeetarako segurtasun-putzu bat.

– Lohien loditegia, andel konikoak eta lamelen andelak osatua, gero lohi-kontzentragailura bidaltzeko dena.

– Lohi-kontzentragailua.

– Decanter ekipoa, lohiak zentrifugazio bidez deshidratatzeko dena.

– Erreaktiboak prestatu eta dosifikatzeko sistema, murrizte-, oxidatze- eta neutralizatze-prozesuetarako dena.

– Automatismoak, kontrola eta segurtasun-neurriak, isurketarik eta kontrolatu gabeko ihesik ez gertatzeko direnak.

2. fluxua (PV2): erabilera higienikoko urak.

– Dekantazio- eta digestio-fosaz eta iragazki biologikoaz osatutako ekipoa, 50 biztanle baliokiderentzako edukiera duena.

Titularraren erantzukizuna izango da arazteko instalazioek ondo funtzionatzea eta ondo mantenduta egotea. Pilatutako solidoak eta lohiak kendu behar ditu, ingurune hartzailera hustu ez daitezen.

Nolanahi ere, isurketa eragin duen jarduerari dagozkion eta eskura dauden teknika onenak hartuko dira kontuan, edo, hala badagokio, ingurumena babestearen arloan maila baliokidea duten teknikak.

Gerora ikusten bada arazteko instalazioak ez direla nahikoak isurketako emisioaren muga-balioak eta ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak betetzeko, arazte-instalazioetan egin beharreko aldaketa guztiak egin beharko ditu titularrak, baimendutako ezaugarrien araberakoa izan dadin isuria. Aurretik, hartuko dituen neurriak Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko dizkio, eta, behar bada, baimena bera ere aldatu beharko du.

B.2.5.– Isuria hustea. Kontrol-kutxatila.

Isurketa baimendu bakoitzerako kontrol-puntu bat egongo da, eta puntu horiek beharrezkoak diren ezaugarriak izango dituzte isurketen lagin esanguratsuak lortzeko, arazketa-instalazioen errendimendua egiaztatzeko eta, Uraren Euskal Agentziak edo administrazio hidraulikoaren entitate laguntzaile batek isurketa-ikuskapenak egiten dituenean, ibilgua neurtzeko.

Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 252., 333. eta 334. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ahalbidetu egin beharko da, inolako atzerapenik gabe, Administrazioko langileak kontrol-puntu horretara sartzea, baita jabetza pribatuetatik pasatzea ere, baldin eta pertsonen bizileku ez badira.

Kasu honetan, industria-efluentea kontrolatzeko (PV1, prozesuko urak) nahitaezkoa da elementu hauek izatea:

– pH eta emarien etengabeko neurgailuak, zeinek neurrien bistaratzea eta datuen biltegiratze informatizatua baitituzte.

– pHmetroak mailaz kanpoko balioentzako alarmak izango ditu.

B.2.6.– Kolektorerako lotura.

Sei hilabeteko epea ezartzen da, Galvanoplastia Arguitu SLk egitarau zehatz bat aurkez dezan bere isurketa guztiak gertuko saneamendu-sistema orokorrera bideratzeko. Egitarau horrekin batera, Gipuzkoako Urak - Aguas de Gipuzkoa SAk entitate titularra den aldetik horretarako emandako baimena ere aurkeztu beharko du.

B.2.7.– Isurketen kontrol-kanona.

Uraren Legearen testu bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 291. artikulua (606/2003 Errege/Dekretua) aplikatuz, eta Estatuaren 2014rako Aurrekontu Orokorren abenduaren 26ko 22/2013 Legearen 80. artikulua aplikatuz egindako oinarrizko prezioen ondorengo eguneratzea aintzat hartuta, hau da isurketa-kanonaren (IKK) zenbatekoa:

(IKK): Isurien kontrol-kanona = V x Pu

Pu = Pu x Km

mK = C2 x C3 x C4

Non:

V = Isurketa baimenduaren bolumena (m3 urtean).

Pu = Isurketa kontrolatzeko prezio unitarioa.

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko, isuriaren izaeraren arabera.

Cm = Isurketaren maiorazio edo minorazioko koefizientea.

C2 = Isuriaren ezaugarrien araberako koefizientea.

C3 = Isuriaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.

C4 = Ingurune hartzaileko ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.

1. isuria (PV1): Prozesuko urak.

12.936 m3 urteko Bolumena guztira.

Pb = 0,04207 euro/m Industriako hondakin-ura.

C2 = 1,28 Gai arriskutsuekin.

C3 = 0,5 Tratamendu egokia.

C4 = 1,0 III. kategoriako eremua (1).

(1) Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatea, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren VI. eranskineko (*****) oharrean adierazten diren definizioen arabera, eta aintzat hartuta, hura aplikatzeko, 2013ko ekainaren 7ko Kantauriko Plan Hidrologikoak arautzen dituen helburuak.

Km = 1,28 x 0,5 x 1,0= 0,64000.

Pu = 0,04207 x 0,64 = 0,026925 euro/m3.

2. isuria: erabilera higienikoko urak.

V = 213 m3 urteko Bolumena guztira:

Pb: Hondakin-ura: Hiri-lurrekoa. Pb = 0,01683 euro/m3.

C2: 1.999 biztanle baliokide arte. C2 = 1.

C3: Tratamendu egokia. C3 = 0,5.

C4 = III. kategoriako eremua (1) C4 = 1,0.

(1) Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatea Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren VI. eranskineko (*****) oharrean adierazten diren definizioen arabera, eta aintzat hartuta, hura aplikatzeko, 2013ko ekainaren 7ko Kantauriko Plan Hidrologikoak arautzen dituen helburuak.

Cm = 1,0 x 0,5 x 1,0= 0,5.

Pu = 0,01683 x 0,5 = 0,008415 euro/m3.

Isurien kontrol-kanona guztira = 12 x 0,026925 + 213 x 0,008415 = 350,09 euro/urte.

Kanonaren zenbatekoa ez da aldatuko isurtzeko baimenaren baldintzak edo isurien kontrol-kanonaren kalkulua osatzen duten faktoreetako bat aldatzen ez diren artean.

Urte natural bakoitza amaitu ondoren, urte horri dagokion isurketa-kanonaren likidazioa jakinaraziko dio administrazio eskudunak baimenaren titularrari.

Isurketen Kontrolaren Kanona autonomia erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (Uren Legearen testu bateginaren 113.7 artikulua).

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakinen kudeaketa Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera egingo da, eta, kasuan kasu, hondakinak karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa eragotzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Oñatiko Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (zeinaren bidez, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen baita) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarrita dagoena bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Arguitu SLk tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Galvanoplastia Arguitu SLk industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, besteak beste lanpara fluoreszenteenak. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako emateak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Galvanoplastia Arguitu SLk PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Galvanoplastia Arguitu SLk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Galvanoplastia Arguitu SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko –hau da, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea–, urtean 10 tona hondakin arriskutsu baino gehiago sortuz gero, Galvanoplastia Arguitu SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lege horren garapenerako araubideak ez badu hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen Galvanoplastia Arguitu SL.

o) Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Galvanoplastia Arguitu SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Atal honetako e) eta f) apartatuetan aipatutako dokumentuak (kudeatzaileak EAEko lurraldekoak direnean) eta l), m) eta n) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, harreman elektronikoko IKS-eeM sistemako erakunde-bertsioa erabiliz, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horren bidez arautzen da nola erabili zerbitzu elektronikoak Ingurumeneko administrazio-prozeduretan, bai eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa nola sortu eta erregulatu ere).

q) Amiantoa duten hondakinak daudela ikusiz gero, Galvanoplastia Arguitu SLk bete beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak. Horretaz gainera, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balorizazioa denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Galvanoplastia Arguitu SLk tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

d) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

e) Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

f) Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Galvanoplastia Arguitu SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

g) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

h) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, atal honetako c), d) aparatuetan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta e) eta g) apartatuetakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Galvanoplastia Arguitu SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datuekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

Era berean, Galvanoplastia Arguitu SL enpresak derrigorrez ezarri beharko du ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikiaz). Galvanoplastia Arguitu SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edo merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian arautakoari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Galvanoplastia Arguitu SL enpresak, urte natural batean zehar, ontziratutako produktuak merkaturatzen baditu edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu kantitate hauetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Prebentziozko enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziorako enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

B.5.– Lurzorua eta lurrazpiko urak babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Galvanoplastia Arguitu SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

– Biltegiratzeetan atxikipen-ontziak egon beharko dira, lurzorua, azaleko ura eta lurpekoa kutsa ez daitezen.

– Andelaren eremua xurgatzailedun gasolioz hornitzea, gerta litezkeen isurketak mugatzeko.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 25. artikuluaren 1c letran ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m³ gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, aldaketa-eskaerak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko zaio ingurumen-organoari, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Orokorrean, irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu horren bidez, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen da). Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera (dekretu horren bidez, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen da, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dira).

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e zenbakiari jarraikiz betiere.

B.6.- Zaratari buruzko baldintzak.

a) Indize akustiko hauek ez gainditzeko neurriak hartuko dira:

a.1.– Jarduera-maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan,

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Atmosferako isurtzeak kontrolatzea.

C.1.1- Kanpoko kontrolak.

a) Galvanoplastia Arguitu SLk isurtzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

(1) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Ibilgura isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Kanpoko kontrol bakoitza hori egiteko egiaztatutako enpresa batek edo «administrazio hidraulikoaren entitate laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 255. artikulua), eta baimendutako parametro bakoitzaren gainean egingo da.

d) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

Analisien txostenak Kantauri Ekialdeko Arroen bulegora bidaliko dira, Donostiara (Intxaurrondo kalea 70, 20015) laginak hartu eta hilabeteko (1) epean.

Osagarri moduan, enpresa titularrak industria-efluenteen autokontrolak egingo ditu, honako parametro hauenak: pH, nikela, zinka, kobrea, kromo VI-a.

Parametroen analisia «Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater» txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo «ASTM Water and Environmental Technology» txostenaren azken argitalpeneko 11. sailean jasotako metodo normalizatuetako baten bidez egingo da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena dena hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

Horretaz gainera, laginak hartu eta hilabeteko epean, emaitzak posta elektronikoz bidaliko dira (dkt-gipuzkoa@uragentzia.eus) formatu digitalean –kalkulu-orri edo datu-base batean–, gutxienez honako datu hauek jasota: titularra, laginketa-data, fluxua edo isurketa-puntua, emaria (hala badagokio) eta aztertutako parametro bakoitzaren kontzentrazioa (mg/l).

Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbiderapenei, horien kausei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.

Egoki deritzonean, organo honek arazketa-instalazioak ikuskatuko ditu eta efluentea neurtu eta aztertu ahal izango du, isurketen emariek eta parametroek baimendutako mugak gainditzen ez dituztela egiaztatu ahal izateko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahal izango dio titularrari.

C.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen ingurumen-lankidetzako erakunde batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetara egokituko dira.

C.5.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

Nolanahi ere, sustatzaileak ingurumen-organoari eskatu beharko dio lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko, baldin eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen bada.

Ebazpen hau jaso eta sei hileko epean, oinarri-txostena edo lurzoruaren hasierako egoeraren txostena aurkeztu beharko du Galvanoplastia Arguitu SLk. Egoeraren aurreko txostena oinarri-txostenaren parte izan ahal izango da, baldin eta «Lurzoruaren egoeraren aurreko txostena egiteko prozedura operatiboa» agiriaren zuzentarauei edo haren ondorengo eguneratzeei jarraituz egiten bada. Agiri hori hemen dago eskuragarri:

http://www.euskadi.eus/web01-s2ing/es/contenidos/documentacion/informe_preliminar_suelo/es_doc/index.shtml

Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, eta instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiko zaio. Txosten hori Ingurumena Zaintzeko Programarekin –tokatzen den urtekoarekin– batera bidaliko da.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko –aurreko apartatuetan aipatuak–, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren lehendik badauden instalazioei eskatzen zaizkien agiriak eman beharko ditu. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/es/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/es_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez badira, orduantxe bakarrik egin beharko da komunikazioa ingurumen-baimen bateratuan ezarritakoaren araberakoa. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 4/2015 Legea (28.5 epigrafea: «Metalen tratamendua eta estaldura»), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Galvanoplastia Arguitu SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Galvanoplastia Arguitu SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Galvanoplastia Arguitu SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isurketa edo emisio oro saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko biltodi-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isuriak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu araztegi industrialaren lohi deshidratatuak.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuz.

Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan biltegiratuko dira.

Lohien tratamenduaren ondorioz iragazitako ura berriro bideratuko da instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Uren Legearen 97. artikuluak dioenez, debekatuta dago oro har jabari publikoko urak kutsatzeko edo ur horien inguruak degradatzeko ahalmena izan dezaketen hondakin solidoak, zaborrak edo substantziak biltzea, edozein dela ere haien izaera eta utzita dauden lekua.

Horregatik, titularrak beharrezko arreta-neurriak hartuko ditu produktuak, erregaiak, erreaktiboak eta abar gordetzeko andeletan ustekabean sortutako isurketak, bai eta horiek ontziz aldatzerakoan sortutakoak, ibilgu publikoetara irits ez daitezen.

Kasu bakoitzean lortutako azken hondakinak instalazio-esparrutik kanpo erretiratu eta garraiatuko dira, eta dagozkien araudiak bete beharko dituzte, horien helmugaren edo ondoren produktu edo azpiproduktu gisa izan dezaketen erabileraren arabera.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By-pass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

Hautsezko produktuak biltegiratzeko zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko ontziak; kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu egokiak.

i) Kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat izango dute; eta saiatu behar dira efikaziari eragin diezaioketen isuriak tratamendu-instalaziora joan ez daitezen.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Oñatiko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera-mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako zuzenketa-neurriak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta; horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legeria horrek agintzen dituen betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

E) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Galvanoplastia Arguitu enpresak, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez transmitituko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horretaz gainera, une oro bermatu beharko da Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa betetzen dela.

G) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/eu/contenidos/informacion/ippc/eu_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

H) Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000384 erregistro-kodea esleitzea Galvanoplastia Arguitu SLk Oñatiko Zubillaga auzoan (76) ustiatutako instalazioari. Hona hemen kokapena: UTM (ETRS89) 30T, X: 545.165 eta 4.769.133.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratua ofizioz berrikusiko da kasu hauetako edozeinetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni da isurien muga-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

b) Isuriak nabarmen murritz daitezke gehiegizko kosturik izan gabe, teknika erabilgarri onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa bada.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, berrikuste-prozesua gehienez ere hogei eguneko epean hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Seigarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Galvanoplastia Arguitu SL enpresari:

– Lurzoruei buruzko txostena, ebazpen honen B.5 puntuarekin bat datorrena.

– Baimendutako kudeatzaileari entregatzen zaizkion sortutako hondakinen behar bezalako identifikazioa eta sailkapena justifikatu beharko ditu, bereziki hondakin arriskutsua izateari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: batetik, Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; bestetik, 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten baita (zuzentarau hura Europako Parlamentuak eta Kontseiluak eman zuten, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Sortutako hondakin arriskugabeak eta arriskutsuak tratatzeko kontratuak (B.3).

– Isurketa-foku atmosferikoen kontrola, ebazpen honi jarraikiz (C.1), eta 1., 2., 3. eta 4. fokuen tximiniaren altuera-kalkulua.

Seigarrena.– Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluan xedatutakoarekin bat, metalaren tratamendua eta estaldura egiteko jarduerari dagokionez, zeina ebazpen honen xede baita, gerta litekeen titulartasun-aldaketa oro jakinarazi beharko dio Galvanoplastia Arguitu SLk Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epean ez egiaztatzea ebazpen honen bosgarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla, non eta interesdunak ez duen behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Ez betetzea sei hileko epea, foku berri bat ezartzea dela-eta ILEren hasierako txostena bidaltzeko ezarritakoa (B.1.1 apartatua).

– Galvanoplastia Arguitu SL enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Horretaz gainera, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari publiko hidraulikoko Erregelamenduaren 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Galvanoplastia Arguitu SL enpresari, Oñatiko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 28a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala