Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2018ko uztailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3613

AGINDUA, 2018ko uztailaren 3koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programa arautzen eta deitzen duena 2018ko ekitaldirako.

2017-2020ko aldirako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoan, Jaurlaritzak turismoan, merkataritzan eta kontsumoan sustatu beharreko jarduera publikoko arlo lehenetsiak zehazten dira, betiere XI. legegintzaldirako gobernu-programan oinarrituta. Izan ere, plan estrategiko hura da bitarteko egokia, sailaren politika publikoen plangintza egiteko eta administrazio honi arlo horretan dagozkion jarduerak antolatzeko eta koordinatzeko.

Barne-merkataritzari dagokionez, plan estrategikoaren helburuetako bat honako hau da: sektore-lehiakortasuna sustatzea, elkarteekin elkarlanean jardunez eta ikuspegi berritu eta eraginkor baten bidez. Horretarako, hainbat lan-ardatz eta jarduketa-lerro zehaztu dira, horietako bakoitzaren helburuaren arabera. IV. esparruan edo ardatzean (Politikak sektorera eta lurraldera eramateko erremintak), honako helburu hau geneukan finkatuta: merkataritza-politiken efikazia hobetzea, lidergo publikoa indartuta politika horien diseinuari, aplikazioari eta segimenduari dagokienez, eta ahaleginak eta optimizazio operatiboa horretarako eskura diren giza baliabideetara eta baliabide teknikoetara bideratzea.

XI Legegintzaldi honetako Euskadi 2020 gobernu-programan, I.1 ardatzaren barruan. 31. konpromisoan («Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea») hazkunde irmoa aipatzen da, enplegu gehiagokoa eta hobekoa, eta han jasotzen da toki-merkataritzari lagundu egin behar zaiola, enplegua finkatzeko eta herri nahiz hiriak dinamizatzeko, hiriko espazioak zorrotz kudeatuta.

Bestalde, diru-laguntzen programa hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2018ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan dago bilduta. Plan hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko otsailaren 12ko Aginduarekin dago onartuta, eta «Ekintzailetza eta kudeaketa aurreratua» helburu estrategikoaren barruko «Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea» ardatz estrategikoan bilduta ageri da.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren helburuetako bat honako hau da: programen bidez, behar diren inguruabarrak ematea merkataritza-banaketaren sektoreko gaikuntza, prestakuntza eta profesionaltasuna hobetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan; helburu horretarako, ezinbestekoa izango da enpresa-kudeaketako arloetan behar bezala kualifikatutako profesionalak izatea.

Merkataritzako beka-programa honek aldaketa esanguratsuak ekarri ditu aurreko ekitaldiekin alderatuta, hainbat azterlan eta hausnarketa egin ostean, eta haien helburua zera da, egungo egoeretara hobeto egokitutako proposamen erakargarriagoak egitea, esparru berritzaile batean zabalduta eta planteamendu anbiziotsuagoak jasota.

Horretarako, bekaren aldia bederatzi hilabetera luzatu da (ikasturteko baten iraunaldia, hain justu). Horrez gain, deialdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetarako 27 bekaren deialdia egingo da, baita nazioarteko bi bekarena ere, Espainiako Merkataritza Ganberak Parisen eta Milanen dituen ordezkaritzetan.

Aberastasuna emateko eta enplegu sostengarri eta kalitate onekoa sortzeko helburuz taxutu behar ditugu politikak, jakinik globalizazioak eta kontsumo-ohitura hauek marraztutako agertokian mugitu beharko dugula: gure ingurua gero eta lehiakorragoa eta profesionalago izango da, eta produktu nahiz zerbitzuen bikaintasun eta kalitatea gero eta determinatzaileagoa izango dira zer erosi aukeratzerakoan, bai eta, ondorioz, lortzen diren emaitzetan ere. Horretarako, sektoreko teknikari berriak trebatzea sustatu behar dugu, merkatu-beharrizan berri hauetarako ibilbide egokiarekin, hori baita programa honen azken xedea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Oinarri arautzaileak onartzea, merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programaren 2018ko deialdirako, eranskinean jasotzen den legez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003); Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua (uztailaren 21eko 887/2006), eta, prozedurari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dionez administrazio-bideari, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak zenbatzen.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 3a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programa arautzea da.

Programa honen bidez emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak arautzeko indarrean dauden arauen mende egongo da programa.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira.

Bekadunek, hautaketa-prozesuaren barruko prestakuntza-ikastaroa egin ondoren, agindu honetan araututako beken bidez ordainduko diren prestakuntza-praktikak egingo dituzte bederatzi hilabetez; praktika-aldian, ikastaro horretan ikasitako eduki teorikoen gaineko prestakuntza praktikoaz jabetuko dira.

Beken onuradunek egin beharreko jarduerak honako hauetan egingo dira: merkataritza-enpresetan edo merkataritza-banaketarekin lotutakoetan, EAEko merkataritza-ganberetan, Espainiako Merkataritza Ganberak Europako beste herrialde batzuetako hirietan dituen egoitzetan, edota Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako merkataritza-bulego teknikoetan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2018ko ekitaldiko deialdiko bekak finantzatzeko, guztira 348.050,00 euro baliatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako gordetako partidan jasotakoak.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek eskura ditzakete merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko bekak.

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta eskabidea aurkezteko epea ixten den egunean 3 urte baino gehiagoko antzinatasunekoa izatea. Hiru urtez baino gutxiagoz bizi izana onartuko da baldin eta eskatzaileak ikasketak direla eta irten badira behin-behinean erkidego honetatik. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da egoera hori.

b) Unibertsitate-tituluren bat edukitzea edota hura eskuratzeko zenbatekoa ordainduta edukitzea, dela Marketin eta Publizitateko goi-mailako teknikariaren titulua, dela Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikariaren titulua. Unibertsitate-titulazio ofizialen artean, lehentasuna izango dute Gizarte Zientzietako ezagutza-adarrei dagozkienek, betiere merkataritzaren, enpresaren edota soziologiaren esparrukoek. Onartutako lanbide-heziketako bi tituluek ere lehentasuna izango dute.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak homologatuta egon beharko dute onartu ahal izateko, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren aurretik.

c) Euskararen B2 maila gutxienez egiaztatuta edukitzea (hizkuntzetarako Europako erreferentzia esparru bateratuaren arabera).

d) Aurretik, eduki eta helburu bera edo antzekoa izan duen bekaren baten onuradun izan ez izana.

e) Programa honen lehenagoko deialdietan egin diren prestakuntza-ikastaroak egin ez izana, ez osorik, ez partzialki.

f) 32 urte baino gehiago ez izatea eskabidea aurkezteko unean.

g) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

h) Nazioarteko bekak eskuratu ahal izateko, jomuga bakoitzeko hizkuntza ezagutzeko eskakizuna ere bete beharko da.

2.– Ezin izango dira aurkeztu agindu honen bitartez araututako beketara pertsona hauek: diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duena edo horretarako legezko debekurik duena, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak, alegia.

4.– Bateraezintzat jotzen da beka hauek baliatzea eta ordaindutako beste edozein lan egitea edo beste beka bat jasotzea.

4. artikulua.– Beken kopurua eta ezaugarriak.

Guztira 27 beka deitu dira destino nazionaletarako, eta bederatzina hilabete iraungo dute, 2019ko urtarriletik irailera egiteko, eta bakoitzak 11.250,00 euroko zenbatekoa izango du.

Halaber, bederatzi hilabete iraungo duten beste bi nazioarteko beka ere deitu dira, 2019ko urtarriletik irailera egiteko, eta haien praktika-aldia Espainiako Merkataritza Ganberaren Milango eta Parisko egoitzetan izango da.

5 artikulua.– Beken zenbatekoa.

1.– Destino nazionalak.

1.1.– Bakoitzak 11.250,00 euroko zenbatekoa izango du.

2.– Nazioarteko destinoak.

2.1.– Espainiako Merkataritza Ganberaren Milango egoitzarako bekak 15.300 euroko funtsa izango du.

2.2.– Espainiako Merkataritza Ganberaren Parisko egoitzarako bekak 18.450 euroko funtsa izango du.

3.– Zenbateko horretan sartu behar dira bekaren onuradunek izan ditzaketen edozein eratako betebehar guztiak, Gizarte Segurantzari dagokion langile-kuota eta PFEZaren atxikipena barnean hartuta, hala dagokionean.

4.– Praktika-aldia egiteko tokira iristeko bidaia, ostatua, mantenua eta bestelako gastuak bekadunaren kontu izango dira, eta horietarako baliatuko du, hain justu, bekaren zenbatekoa.

6. artikulua.– Diruz lagundutako bestelako gastuak.

Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beken onuradunei alta emango die Gizarte Segurantzan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura finantzatuko da enpresa-kuota.

Halaber, bekadun egiten direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko asegurua sinatuko du bekadunen alde, bekadunen jardueraren ondorioengatik eta hirugarrenei sortu ahal dizkieten kalteen aurrean; horrez gain, bidaiako laguntza-aseguru osagarria ere sinatuko du, atzerriko beken kasuan.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta hilabete iraungo du.

2.– Deialdi honetako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoez egin daitezke, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat.

Honako helbide honetan daude eskuragarri eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak, Euskadi.eus egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/bec-2018/y22-izapide/eu

Espedientean sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, beste helbide hau ere erabil daiteke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira, erakunde eskatzailearen izenean jarduteko gaitasun legala duen pertsonaren sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuak (otsailaren 21eko 21/2012) xedatu bezala eska litzakeen guztiak ere.

Ordezkari batekin jardun nahi izanez gero, posible izango da ordezkaritza beste pertsona bati ematea, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan Agindu honi dagozkion prozedura guztietan, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/y22-izapide2/eu/), dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua erantsiz, behar bezala beteta. Azken hori hemen dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Curriculum vitaea, hauek adierazita: prestakuntza akademikoa, egindako ikasketen eta jarduera profesionalen zerrenda, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko ezagutza-maila, eskatzaileak interesekotzat jotzen duen bestelako merezimendu oro, hala nola egindako lanak, prestakuntza osagarria eta abar.

b) Titulu akademikoaren kopia edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia. Dokumentu hori eskabidea egin ondoren ere aurkeztu ahal izango da, 2018ko abuztuaren 3a baino lehen.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, hauek jasota: ikasturte guztietako kalifikazioak, ikasketak noiz amaitu ziren eta, hala badagokio, ikasketen amaierako proiektua. Dokumentu hori eskabidea egin ondoren ere aurkeztu ahal izango da, 2018ko abuztuaren 3a baino lehen.

d) Euskaraz, ingelesez, frantsesez eta italieraz badakiela egiaztatzea, hizkuntza-ziurtagiriak emateko erakunde ofizial baimendun batek emandako ziurtagiriaren edo tituluaren kopiaren bidez.

e) Beste edozein prestakuntza akademikoren egiaztagiriak, baita egindako ikastaroenak ere, zeinetan jaso beharko baita zenbat ikastordu egin diren, eta, hala badagokio, zer praktika egin diren. Ez dira kontuan hartuko ordu kopurua adierazita ez daukaten ikastaroak.

f) Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egina, lan-esperientzia egiaztatzeko.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-egoitza egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria izatea egiaztatzen duen dokumentazioa, agindu honen 3.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz. Bizilekuari dagokion epea hiru urte baino txikiagoa bada, ikasketak direla eta behin-behinean bizilekua aldatzeagatik, 3.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, egoera hauek egiaztatu beharko dira:

1) EAEn erroldatuta egotea, eskabideak aurkezteko epea ixten den unean.

2) Ikasketak egitera joan den hirian erroldatuta egon izana.

3) Hiri horretako ikastetxe batean matrikulatuta egon izana.

4) EAEko egoiliarra izatea, ikasketak zirela-eta aldatu zen unean.

h) Erakunde eskatzailearen «Hirugarren Interesdunaren alta». Informazio hori «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» erabiliz eman beharko dute, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduari eta prozedurari jarraikiz (http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/).

i) Erantzukizunpeko adierazpena, prestasuna adierazteko, aurrehautaketako ikastarotik eta bekaren esleipenetik eratortzen diren jarduera guztiak egiteko.

j) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko antzeko eduki eta helburuko beken onuraduna ez dela izan.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko bekaren iraunaldian lan ordaindurik ez duela egingo eta itzulketa- edo zehapen-prozedura batean ere ez dagoela sartuta.

l) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dagoela zigor- edo administrazio-arloko diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

m) NANaren fotokopia.

n) Ordezkari batekin jardun nahi bada eta ordezkaritza eskuordetuta badago, pertsona edo erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza-ahala.

ñ) Ordezkariarekin jardun nahi bada eta ez badute Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili nahi, ordezkaritza emateko inprimaki arautua erantsi beharko da (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eta, horrekin batera, ordezkatuaren egiaztagiriak (NANa, pertsona fisikoei dagokienez, eta ahalorde-eskriturak, pertsona fisikoen kasuan).

2.– NANari eta errolda-ziurtagiriari dagokien dokumentazioa eskatzaileak berak aurkez dezake, edo, bestela, baimena eman diezaioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari Elkarreragingarritasun Zerbitzuaren bidez egiazta dezan.

3.– Halaber, eskatzaileek aukeran izango dute titulu akademikoa ekartzea edo Elkarreragingarritasun Zerbitzuaren bidez egiaztatzeko baimena ematea. Eskabidearen inprimakian baimen-atal bat egongo da azken aukera hori hartzen dutenentzat.

Titulua jasotzeko zain daudenek, titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu behar dute beti.

4.– Eskabidearekin aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko (urriaren 1eko 39/2015) 27. eta 28.2. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

5.– Laguntza jasotzeko eskaera eta horrekin batera aurkezten den dokumentazioa aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982) ezarritakoaren arabera.

6.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 53.1.d) artikuluarekin bat.

9. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko lurralde-bulegoei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea, eskatzailea bizi den lurralde historikoaren arabera. Aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko, lurralde-bulegoak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu edo informazio osagarriak eskatu ahal izango ditu.

2.– Zuzenketak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko lurralde-bulegoak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileei horren berri emango die, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko du zuzen dezaten; horretaz gain, jakinaraziko die, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin dutela. Epe hori igarotakoan, zuzendu ezean, ebazpena emango da adierazteko eskatzaileak eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Hautaketa-batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta proposamen bat egingo dio ebazteko eskumena duen organoari. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Merkataritzako zuzendariak, edo hark eskuordetutakoak. Bera izango da batzordeburu, eta berak erabakiko du bere botoaz, berdinketarik izanez gero.

Bi batzordekidek, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak izendatuak, hauen ordezkaritzan:

a) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.

b) Hautaketa-prestakuntza ikastaroaren esleipena daukan entitatea.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak izendatutako pertsona bat, epaimahaiko idazkariaren eginkizunak egingo dituena, hitzarekin eta botoarekin.

4.– Erabakiak hartzeari dagokionez, hautaketa-batzordea burujabea izango da, eta bozketa-prozeduraz hartuko ditu erabaki horiek. Artikulu honetan aurreikusi ez den guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015) atariko tituluko II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoa aplikatuko da.

5.– Batzordearen osaeran, trebezia, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua gordeko da.

10. artikulua.– Hautatzeko irizpideak eta prozedura.

1.– Hautaketa-prozesuak hiru zati izango ditu: curriculumaren balorazioa, aurretiko jakintzen proba eta prestakuntza-ikastaroa. Hiru fase horien puntuazioen batura gehienez 200 puntu izango da.

Probetarako eta prestakuntza-ikastarorako deialdia eta emaitzen argitalpena webgune honetan egingo da: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/merkataritza/

1. fasea.– Curriculuma baloratzea.

Curriculumaren gehienezko balorazioa 50 puntu izango da, honela banatuta:

– Espediente akademikoa. Gehienez 24 puntu.

Deialdian sartzeko adierazi den titulua lortzeko ikasketetako ikasgaietan izandako puntuazioen arabera baloratuko da. Lehenetsi ez diren titulazioak badira, eragiketa hau egingo da: lortutako puntuazioa bider 0,9 koefizientea.

– Hizkuntzak. Gehienez 16 puntu. 4 puntu, C1 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero hizkuntza hauetan: euskara, ingelesa, frantsesa edo italiera. 2 puntu, B2 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero hizkuntza hauetan: ingelesa, frantsesa edo italiera. Puntu 1, B1 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero hizkuntza hauetan: ingelesa, frantsesa edo italiera.

– Prestakuntza osagarria. Gehienez 5 puntu.

Bestelako tituluak eta masterrak honela balioetsiko dira: bestelako tituluak, puntu 1; masterrak, 0,35 puntu; 2. espezialitatea, 0,25 puntu.

Ikastaroen balioespena honela egingo da: 0,1 puntu, 25 eta 200 ordu bitarteko ikastaroek, 0,2 puntu 200 ordutik gorakoek.

– Lan-esperientzia. Gehienez 5 puntu.

Merkataritzaren sektorean: Lan egindako hilabete bakoitzeko 0,2 puntu emango dira, Agindua argitaratzen den eguna epemuga gisa ipinita.

Bestelako sektoreetan: Lan egindako hilabete bakoitzeko 0,1 puntu emango dira, Agindua argitaratzen den eguna epemuga gisa ipinita.

2. fasea.– Aurretiko jakintzen proba. Gehienez 50 puntu.

Curriculuma balioetsi ostean, curriculumen balioespen-fasean puntuaziorik onena eskuratu duten 150 hautagaiak deituko dira, kultura ekonomikoko alderdi orokorrei buruzko jakintzen proba bat egiteko, baita txikizkako merkataritza-banaketaren jarduerari buruzkoa ere. Deialdiko eskatzaileak 150 baino gutxiago badira, jakintza-proba egiteko ez da itxaron behar aurreko fasea amaitu arte; edonola izanda ere, curriculumak baloratuko dira eta puntuazio hori eskatzaile bakoitzaren balorazioari gehituko zaio.

3. fasea.– Prestakuntza-ikastaroa. Gehienez 100 puntu.

Aurreko 2 faseetako puntuazioen baturan goreneko 40 balorazioak lortu dituzten pertsonei deialdi bat egingo zaie, prestakuntza- eta hautaketa-ikastaroa egin dezaten. Ikastaroak 180 ordu inguru iraungo du. Azken ebaluazio-proban lortutako puntuazioa gehituko zaio eskatzailearen balorazioari. Bekadun edo ordezko izateko, nahitaez bete beharreko eskakizunak izango dira prestakuntza-ikastaroko asistentzia osoa izatea eta ikastaroaren ebaluazio-proba gainditzea.

2.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu eta ebaluatuta, batzordeak hautagai bakoitzari emandako balorazioa emango da argitara, puntuazio gorenetik beherako hurrenkeran ordenatutako zerrenda batean; hautaketa-prozedurako 3 faseetako puntuazioen batuketaren emaitza izango da puntuazio hori.

11. artikulua.– Destinoa hautatzea.

Hautaketa-prozedura amaitu ostean eta 10.2 artikuluan aipatzen den zerrenda-ordenari jarraituta, bekadunek nahiago duten destinoa aukeratu ahal izango dute, aukeraketa egitea dagokien datan libre dauden destinoen artetik, eta prozesu horretan enpresen hautagaitza guztiak aukeratuko direla bermatuko da. Era honetan, aukeratu daitezkeen beste mota bateko erakundeen gehieneko kopurua, bekadunen kopuruaren eta enpresetako destino kopuruen artean kenketa egitetik aterako den emaitza izango da. Nazioarteko destinoen kasuan, bekadunek honako hizkuntza hauek egiaztatu beharko dituzte:

Espainiako Merkataritza Ganberaren Milango egoitzaren kasuan, ingelesaren edo italieraren C1 maila (hizkuntzetarako Europako erreferentzia esparru bateratuaren arabera).

Espainiako Merkataritza Ganberaren Parisko egoitzaren kasuan, ingelesaren edo frantsesaren C1 maila (hizkuntzetarako Europako erreferentzia esparru bateratuaren arabera).

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko agindu honetako bekak emateko, Merkataritzako zuzendariak hautaketa-batzordearen proposamena ikusi eta ebazpena emango du; bertan adieraziko du bekaren zuzkidura ekonomikoa eta egoki iritzitako edozein gai, egin beharreko jarduerak egokiro egite aldera. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Epe hori igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, ulertu daiteke laguntza-eskaera ez dela onartu, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua eman beharra, eskatutako laguntzari dagokionez.

3.– Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta haien aurka gorako errekurtsoa jar dakioke Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso horretan ebazpen espresurik ez izateak ezetsitzat jotzea ekarriko du.

4.– Merkataritzako zuzendariaren ebazpena, bekak ematekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Praktika-aldia hasi aurreko hiru asteen aurretik uko-egiteak edota bestelako gorabeherak gertatzen badira, Merkataritzako zuzendariak ebazpen bidez eman ahal izango die prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonei, bekaren iraunaldian geratzen den aldirako, hautaketa-batzordeak adierazitako ordezkapen-hurrenkeraren arabera.

13. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileak.

1.– Merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beka-programa egokiro garatu dadin, ezinbestekoa izango da merkataritza-banaketarekin lotutako enpresen eta erakundeen partaidetza, enpresetan egindako praktika-aldia eginda prestakuntza-ibilbide integrala lortu dadin.

2.– Honako hauek izango dira, programa honen ondorioetarako, erakunde kolaboratzaileak: bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde eta enpresak.

3.– Praktika-aldiaren eskaintza bat onartu ahal izateko, erakunde eta enpresa interesdunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Honako tipologia hauetakoren baten barruan egotea: merkataritza-enpresa edo merkataritza-banaketarekin lotutako enpresa, EAEko merkataritza-ganbera, Espainiako Merkataritza Ganbera, edota Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako merkataritza-bulego tekniko bat duen erakundea.

b) EAEko lantoki batean prestakuntzarako praktika-aldi bat eskaintzea, edota Espainiako Merkataritza Ganberak atzerrian dituen egoitzaren batean, bestela.

c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura izango duen tutore bat edukitzea langile-taldean.

b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea. Plan horrek praktika-aldi osoa jaso behar du, esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduta. Planean, honako eduki hauek zehatu beharko dira: ebaluazio- eta tutoretza-sistema, lanaldia eta ordutegia, zer lantokitan egingo diren praktikak, eta zein den tutorearen izena eta lanpostua.

e) Programako izen-ematea formalizatzea, lankidetza-eskaintzarekin, eta prestakuntza-plana 2018ko irailaren 14tik urriaren 15era bitartean aurkeztea, https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/bec-2018/helbide elektronikoan.

4.– Eskabideak bekadunentzako erabilgarritasun-irizpideen arabera aztertuko dira, eta eskatutako gutxieneko mailak betetzen badituzte onartuko dira. Onartuz gero, enpresa edo erakunde horiek bekadunek aukera ditzaketen destinoen artean bilduko dira, betiere hautaketa-prozesuan eskuratu duten puntuazioaren ordenari jarraikiz; eta onartutako enpresen eskaerak lehenetsiko dira, aukeratuak izan daitezen. Entitate baten prestakuntza-proiektua azkenean bekadun izan den bati esleitzen bazaio, entitate hartzaileak lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzarekin. Hitzarmen horretan, esleitutako bekaduna identifikatuko da, baita alderdiek prestakuntza-planari egingo dioten ekarpena ere, eta zehaztuko da ez dela lan-harremanik izango bekadunaren eta erakundearen artean.

Merkataritza Zuzendaritzak zaindu beharko du entitate hartzaileekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzak betetzen direla, eta, era berean, erabaki ahal izango du beste destino bat ematea baldin eta baldintzak behar bezala betetzen ez direla egiaztatzen badu.

5.– Erakunde laguntzaileek Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 13. eta 15. artikuluetan zehaztutako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte.

14. artikulua.– Bekan zehar egin beharreko jarduerak.

1.– 2019an onuradunek bederatzi hilabetez jardungo dute, urtarriletik urrira bitartean, honako hauetan: merkataritza-enpresetan edo merkataritza-banaketarekin lotutakoetan, EAEko merkataritza-ganberetan, Espainiako Merkataritza Ganberak Europako beste herrialde batzuetako hirietan dituen egoitzetan, edota Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako merkataritza-bulego teknikoetan.

2.– Praktiketan, entitate kolaboratzaile bakoitzerako onartutako prestakuntza-plan bat garatuko da, berak proposatua. Haren barruan sartu ahal izango dira merkataritzako aholkularitza teknikoari loturiko lanak, bezeroen etorrera areagotzeko dinamizazio-ekintzak, merkataritza-enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzen duten ekintzak, edo jasotako prestakuntzarekin zerikusia duten bestelako ekintza teknikoak, betiere kontuan hartuta prestakuntza-esperientzia bat dela eta bekadunak ez dituela bereganatu behar lanpostu bati dagozkion lanak eta erantzukizuna.

3.– Beka eman eta jaso arren, ez da inolako kontratu- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.

15. artikulua.– Baimenak, oporrak eta norberaren aukerako egunak.

Prestakuntza-praktikak egingo diren bederatzi hilabete horietan, bekadunak atxikitako erakunde eta enpresa kolaboratzaileen mende egongo dira funtzionalki.

Bekadunen oporraldietarako eta baimenetarako araubidea, kasu bakoitzean, mendekotasun funtzional horrek zehaztuko du. Nolanahi ere, gutxienez 16 laneguneko oporraldia ezartzen da, eta norberaren aukerako bost egun ere bai.

16. artikulua.– Beka ordaintzea.

Bekak hamar ordainketatan kitatuko dira: lehendabizikoa, bekaren zenbatekoaren % 10ekoa, esleitzen denean aurrerapen gisa, eta, gainerakoak, zenbateko bereko 9 kuotatan, bekaren iraunaldiko bederatzi hilabete horietako bakoitzaren amaieran.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Beken esleipendunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, beka onartzen dutela ulertuko da, baldin eta onuradunek ez badiote espresuki eta idatziz uko egiten laguntza eman izanaren ebazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean.

2.– Eman den xede zehatzerako erabiltzea laguntza.

3.– Praktika-tokietan emandako lanak leial egitea, tutoreen esanak jarraitzea eta ezarritako ordutegiak betetzea, betiere aurkeztutako prestakuntza-planarekin bat.

4.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen dituztenean.

5.– Agindu honetan finkatutako arauak betetzea.

6.– Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko araudian zehaztutako arauak betetzea.

7.– Helburu bererako edo antzeko helburu baterako diru-laguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari.

8.– Merkataritza Zuzendaritzaren jarraibideak betetzea.

9.– Hiru hilabetetik behin, hiruhilekoa amaitu eta hurrengo 15 egunen barruan, Merkataritza Zuzendaritzari praktika-aldiari, egindako jarduerei eta jasotako prestakuntzari buruzko txostena helaraztea, sinatuta.

10.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzea.

18. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileen betebeharrak.

Bekadun bat aukeratzen duen erakunde kolaboratzaileak honako konpromiso hauek hartuko ditu:

● Lantoki egoki bat prestatzea bekadunari, espazioari, argiari, kokapenari, ekipo informatikoari eta garbitasunari dagokionez.

● Erakundeko tutore bat izendatzea, praktika-aldi osoan prestakuntza-plana betetzeaz arduratzeko, eta bekadunari beharreko integrazioa eskaintzeko erakundearen proiektuetan, prestakuntza-esperientzian ahalik eta errendimendu handiena eskura dezan; tutore hori erakundeko langile-taldekoa izango da.

● Merkataritzako Zuzendaritzara hiru hiletik behin txosten bat bidaltzea praktikei buruz, praktika-aldiaren hiruhileko bakoitza amaitzean, tutoreak sinatuta.

● Merkataritzako Zuzendaritzaren gainbegiraketa erraztea, bekadunaren tutorea beka-programaren Zuzendaritzako teknikariekin koordinatuta, hitzartzen diren txostenen, bileren edo bisiten bidez.

● Bekadunak lantokira joateko desplazamendu handia behar duen kasuetan, lan-ordutegia malgutu egingo da, garraioaren beharrizanetara egokitzeko.

19. artikulua.– Kontrola eta segimendua.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak egingo du bekadunek aurrera eraman beharreko jardueren kontrola eta jarraipena.

Merkataritza Zuzendaritzak egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzake, bekak nola doazen egiaztatzeko, eta eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dituzte.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta aldatzen badira beka emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako gutxieneko baldintzak beteta.

Horrelakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak behar den likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berriaren arabera egokitzeko.

21. artikulua.– Uko egitea.

Onuradunak, bekari uko eginez gero, galdu egingo ditu sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak, eta itzuli egingo ditu jaso baina ez dagozkionak.

22. artikulua.– Bateraezintasunak.

Beka hau bateraezina da ordaindutako beste edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin.

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

Onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta dagozkion legezko berandutze-interesak –dagozkien bestelako ekintzei kalterik egin gabe– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, hala ezartzen baitute honako lege-testu hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuak (urtarrilaren 19ko 1/1997), eta Diru-laguntzei buruzko Legearen (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin lotuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituena).

24. artikulua.– Datu pertsonalak.

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren (Datu Pertsonalak Babestekoa) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera (datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa), deialdiak izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak fitxategi batzuetan sartuko dira (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta). Fitxategiaren helburua diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei horien garapenaren berri ematea izango da. Fitxategi horien arduraduna merkataritzaren gaineko eskumena duen zuzendaritza izango da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan baliatuko dira, helbide honetan: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala