Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2018ko uztailaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3497

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, toki-erakundeek, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan, gazteak kontratatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratzen duena, 2018. urterako.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2018ko ekainaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, toki-erakundeek Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, 2018. urterako. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Toki-erakundeek Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan gazteak kontratatzeko 2018. urterako diru-laguntzen deialdia argitaratzea. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2018ko ekainaren 27ko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onartu du deialdia, eta ebazpen honen eranskinean jasotzen da.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak diru-laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, zuzenean, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 27a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
TOKI-ERAKUNDEEK, GAZTE ENPLEGURAKO 2014-2020 PROGRAMA OPERATIBOAREN ESPARRUAN, GAZTEAK KONTRATATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA, 2018. URTERAKO

Europar Batasunean gertatu den moduan, gazteena izan da akaso, Euskal Autonomia Erkidegoan ere, krisiaren ondorio zuzenak gehien pairatu dituen kolektiboa; izan ere, lan-aukerak murriztu zaizkie gazteei, eta, berariaz, lanpostu erakargarriak eta kalitatekoak izateko aukerak. Ondorioak, ordea, ez dira enpleguaren esparrukoak soilik, gazteen gizarteratzea eta bizi-proiektuen garapena ere baldintzatzen baititu egoera horrek.

Langabezian bizi duten egoera ez da homogeneoa gazte guztientzat; izan ere, askotarikoak dira gazteen egoerak. Gazte batzuek kualifikazio apala dute, eta beste batzuek, berriz, kualifikazio handia, baina lan-eskarmentu urria, eta, ondorioz, lan-aukera gutxi izaten dute lan-merkatuan. Horrenbestez, dagokion irtenbidea eman behar zaio egoera bakoitzari.

Eurostat erakundeak 2017ko laugarren hiruhilekoan emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 12,60koa da Europar Batasunean. Gure lurraldean, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestaren datuen arabera, kolektibo horren langabezia-tasa % 17,06koa izan da 2017ko laugarren hiruhilekoan, eta jarduera-tasa % 43,43koa. Aldiz, EAEko jarduera-tasa orokorra % 70,74koa da.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 EB Erregelamenduak Gazteen Enpleguaren Ekimena arautzen du, eta, beren prestakuntza-mailari begiratu gabe, lanik ez duten gazte guztiei zuzendutako ekimena da, baldin eta ez badute inolako jarduerarik egiten hezkuntzako edo prestakuntzako sistemetan. Gazteen langabeziaren egiturazko arazoari aurre egiteko Europar Batasunaren ekimen enblematikoetako bat da, eta, haren bidez, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira. Ekimen hori, horrenbestez, Kontseiluak Gazteen Bermeari buruz emandako Gomendioa betetzeko tresna finantzario bat da.

Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; eta, erreferentzia hori oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 (http://www.euskadi.eus) eratu du, erronka hauei aurre egiteko, besteak beste: aukera-berdintasuna, gazteen enplegua osotasunean garatzea, eta gure gazteei lanaren arloan eta garapen pertsonalean aukerak ematea. Alde horretatik, ikasketak amaitu ondoren edo langabezian geratu ostean lanik gabe dauden gazteen enplegagarritasuna hobetzea da deialdi honen helburua.

Toki-erakundeek beren eskumenak eta aukerak baliatu behar dituzte produkzio-sistemaren, enpresen eta langileen, premiei erantzuteko; beraz, arreta berezia jarri behar dute enplegurik ez dutenengan eta, batez ere, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonengan.

Europar Batasuneko Lurralde Agentziak adierazten duen moduan, lurralde-kohesioa indartzea da Europar Batasunaren helburuetako bat, eta, xede hori lortuko baldin bada, berariaz lagundu behar dira langabezia-tasa handiak dituzten eremuetan edo zailtasunak dituzten sektoreekiko mendekotasun handia duten eremuetan enplegua sustatzeko tokiko proiektuak, lurralde-desorekarik izan ez dadin enpleguaren alorrean.

Horrenbestez, langabezia-tasa handiak dituzten udalerriei zuzendutako deialdia da hau; zehazki, 2018ko apirilaren datuei begiratuta, 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 18,5ekoa edo handiagoa duten udalerriei, baldin eta hil horretan adin-tarte horretako 10 pertsona edo gehiago baldin bazeuden langabezia-egoeran udalerri horietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-eskatzaileen estatistika fitxategiaren datuen arabera. Udalerri horiez gainera, deialdian sartzen dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2018ko ekainaren 27an egindako bilkuran, toki-erakundeek, Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan, gazteak kontratatzeko diru-laguntzen deialdi hau onartzen du, 2018. urterako:

1. artikulua.– Diru-laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazteen Bermeko Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak kontratatzeagatik emango zaizkien laguntzen oinarriak ezartzea eta laguntza horiek arautzea, lanbide-eskarmentua eskuratu eta gazte horien enplegagarritasuna sustatzeko neurriak baitira kontratazioak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzazioa.

1.– Deialdi honek 6.500.000 euroko baliabide ekonomikoak erabiliko ditu diru-laguntzak finantzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2018ko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, 32110-Enplegua programan.

Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, EHAAn argitaratu behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuak baterako izaeraz finantzatzen, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

3. artikulua.– Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoen banaketa.

1.– Diru-laguntzen gehieneko aurrekontua toki-erakunde bakoitzari banatzeko, I. eranskinean araututako irizpideak beteko dira.

2.– Betetzekoa izango da aurreko paragrafoan arautzen dena, baina udalerriren batek egiten dituen kontratazioak ez baldin badira iristen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste toki-erakunde batzuek egindako kontratazioak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, baldin eta toki-erakunde horiek eman zaiena baino aurrekontu handiagoa eskatu baldin bazuten eta ezin izan badira kontratazio horiek finantzatu. Soberako funtsak 10.2. artikuluak xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jaso ditzakete gazteekin egindako lan-kontratuek, baldin eta 6. artikuluan arautzen diren baldintzak betetzen baldin badituzte.

Toki-eremuak sustatutako kontratuak izan behar dute, eta zuzenean egingo dituzte diru-laguntzen onuradun diren udalek edo toki-garapeneko agentziek.

Kontratuak abiatzeko gehieneko epea hilabetekoa izango da, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera. Nolanahi ere, 2018ko abenduaren 20a baino lehenago formalizatu behar dira.

Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko web-orriak, www.lanbide.euskadi.eus, eguneratuta izango du erakunde laguntzaileen zerrenda, kontsultatu ahal izateko.

2.– Baldintza hauek bete behar dituzte kontratazioek:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Kontratu horiek 8 eta 12 hilen bitarteko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatekoak izan daitezke, prestakuntza eta ikaskuntzakoak eta praktika-kontratuak izan ezik.

d) Lanaldi osoko kontratuak izan behar dute.

e) Kontratatutako pertsonak bere kualifikazio-mailari dagokion lanpostu bat bete behar du.

3.– Kontratazioek soldata-kostu hauek izan behar dituzte gutxienez, kontratatutako langilearen kualifikazio-mailaren arabera, eta zenbateko horietan sartuko dira kontratatutako langilearen ordainsari gordina eta Gizarte Segurantzako kotizazioa, enpresaren konturakoa:

(Ikus .PDF)

4.– Ez zaie diru-laguntzarik emango Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta formalizatu daitezkeen kontratuei.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke, aldez aurretik berariazko eskaera egin ondoren, I. eranskinean zerrendatzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak edo horien mendeko toki-garapeneko agentziek, baldin eta nortasun juridiko propioa baldin badute.

Langabezia-tasa handiak dituzten udalerriak dira; zehazki, 2018ko apirilaren datuei begiratuta, 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 18,5ekoa edo handiagoa duten udalerriak, baldin eta hil horretan adin-tarte horretako 10 pertsona edo gehiago baldin bazeuden langabezia-egoeran udalerri horietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-eskatzaileen estatistika fitxategiaren datuen arabera. Udalerri horiez gainera, onuradun dira hiru lurralde historikoetako hiriburuak.

Erakunde bakar bat izan daiteke onuradun udalerri bakoitzean, hau da, udala lehentasunez, edo toki-garapeneko agentzia. Toki-garapeneko agentziaren jarduera-eremua udalerri bat baino gehiagokoa baldin bada, diru-laguntzen onuradun izan daiteke udalerri horietan erroldatutako pertsonei egindako kontratuengatik eta udalerri bakoitzari esleitu zaion aurrekontuaren mugaraino, baldin eta udalek ez baldin badute diru-laguntzarik eskatu.

2.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko; izan ere, betetzekoa izango da, alde horretatik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikulua.

Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu behar ditu.

b) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan behar ditu.

c) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Deialdi honen bidez kontratatuko gazteek bete behar dituzten baldintzak.

Baldintza hauek bete behar dituzte diru-laguntzen azken hartzaile izango diren gazteek:

a) 16 urte baino gehiago eta 30 baino gutxiago izatea.

b) Enplegu-eskatzaile izan behar dute, alta egoeran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, eta bete behar duten lanpostuari dagokion hezkuntza-maila izan behar dute.

c) Gazteen Bermerako Sisteman inskribatuta egon behar dute.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi behar da, eta, zehazki, diru-laguntzaren eskaeran adierazitakoan.

Kontratazio-unean bete behar dira a), b) eta d) letretan arautzen diren baldintzak, eta kontratua abiatu aurreko egunean bete behar da c) letran arautzen dena.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Zenbateko hauetako diru-laguntzak emango dira, kontratatutako pertsonen kualifikazio-mailari eta kontratuen iraupenari begiratuta:

(Ikus .PDF)

8. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Diru-laguntza ematea xedatzen duen ebazpena jakinarazten zaienean, enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskaera bana egin behar dute erakunde onuradunek, bete behar den lanpostu bakoitzaren profil bakoitzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde autonomoari jarduera hau egiteko laguntza ematen dioten erakundeek erregistratu egin behar dituzte enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskaerak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuko dira.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduren arabera kudeatuko dira eskaintzak.

3.– Lehentasun-ordena hau beteko du toki-erakundeak hautaketa-prozesuan:

a) DSBE prestazioaren titularrak edo onuradunak.

b) 30 urteko adinetik gertuen dauden pertsonak.

c) 6. artikuluko baldintzak betetzen dituzten gainerako gazteak.

4.– Hautatze-prozesuaren akta egingo du erakunde onuradunak, eta emakume baten parte-hartzea bideratuko du prozesuan; hala egiten ez baldin badu, zergatik izan den arrazoitu beharko du.

9. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak II. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu behar dira, eta eredu ofizial hori eskuragarri izango da http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Era berean, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskaerak 15 egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Toki-eremuko kontratazio-plana. Deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini behar du kontratazio-planak, eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Kontratu baterako baino gehiagotarako eskatzen baldin bada diru-laguntza, haien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da.

Era berean, memoria labur bat aurkeztuko da, kontratazio-planak genero-ikuspegia nola barneratu duen azaltzeko.

b) Memoria ekonomikoa, kontratazio-plana betetzeko gastuen aurreikuspenak zehaztuta.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko zenbakian adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko proposamenak egiteko, instrukzioa egiteko, prozedura izapidetzeko eta ebazpena emateko organo eskudunak.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

a) Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako kontratazio-planek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, udalerri bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta kontratazio bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako kontratazioen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

Udalerriren batentzat erreserbatutako aurrekontuan soberako funtsik izanez gero, beste toki-erakunde batzuetako kontratuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak; betiere, deialdi honetako 3. artikuluaren 2. zenbakian arautzen diren baldintzak bete ondoren.

Soberako funtsak nola erabili zehazteko, udalerrientzat I. eranskinean arautzen den lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, langabezia-datuek 2018ko apirilean adierazi duten indizearen arabera.

3.– Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da diru-laguntzaren eskabidea onartu egin dela.

4.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei diru-laguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako diru-laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako diru-laguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da, eta berariaz ohartaraziko da Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzazioa jaso dela, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

Halaber, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. puntuak arautzen duen zerrenda publikoan.

11. artikulua.– Lan-kontratua azkentzea.

1.– Diruz lagundutako lan-kontratuak diru-laguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen baldin badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko zaio, osorik, emandako diru-laguntza, azkentzea gertatu ondorengo 7 eguneko epean, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 17. eta 18. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

2.– Ez da diruz lagunduko azkendu den kontratua zuen pertsonaren ordezkapena, horren arrazoia edozein delarik ere.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa, ordainketa eta likidazioa.

1.– Emandako diru-laguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, diruz lagundutako azken kontratazioa abiatu aurreko 5 egun balioduneko epean, eta honako dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

a) Kontratatutako langileen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera emandako eredu normalizatuan.

b) Lan-kontratuen kopia eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egindako komunikazioa.

c) Kontratatutako pertsonen hautaketari dagokion akta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo bere erakunde laguntzaileak igorritako pertsona langabeen zerrenda. Aktak egiaztatu behar du hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu duela. Emakumerik parte hartzen ez baldin badu, ezinezkoa zela justifikatzeko arrazoiak azaldu behar dira.

d) Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren baterako finantzazioaren berri eman izana kontratatutako langileari.

e) Erakundearen ordezkariaren adierazpena, kontratazioek 4.4 artikuluak araututako baztertze-kausarik ez dutela azaltzen duena.

2.– Ordainketa egin baino lehen, kontratatutako langileak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda daudela eta beren kualifikazioari dagozkion lanpostuak dituztela egiaztatuko du Lanbidek.

3.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta amaierako likidazioa egiteko, toki-erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte egindako kontratu guztiak amaitu ondorengo hilabetearen gehieneko epean eta, beti, 2019ko apirilaren 20a baino lehen:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Kontratatu diren pertsonek egindako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonen xehetasunak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diru-laguntza emateko ebazpenarekin batera emandako eredu normalizatuan.

b) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

6.– Ez baldin bada dokumentazio hori aurkezten araututako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko diru-laguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako kontratuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 18. artikuluan arautzen den prozedura erabilita.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari edo haren erakunde laguntzeren bati enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskaerak aurkeztea.

b) Arau honen 12. artikuluko 1. puntuan adierazten den dokumentazioa aurkeztea, diruz lagundutako azken kontratua abiatu ondorengo 5 egun balioduneko epean.

c) Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 11. artikuluko 1. puntuak arautzen duen moduan.

e) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

f) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

i) Gastuaren kontularitza-erregistro bat izan behar dute erakunde onuradunek, eta kontularitza-kode berariazko baten bidez kontabilizatu behar dute diru-laguntza eman zaiela eta kobratu dutela, diruz lagundutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten.

j) Laguntza hauek Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren baterako finantzazioa duten aldetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 13ko bilkuran onartu zuen 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140.1 artikuluak araututako epean gorde behar dira egiaztagiriak (eta dokumentu elektronikoak), hau da, 2025. urtera arte gorde behar dira.

k) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko betebeharrak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan zein elkarrizketetan.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuen konkurrentzia.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, beste administrazio batzuek edo bestelako erakunde publiko edo pribatuek kontzeptu berarengatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako diru-laguntzekin edo laguntzekin.

15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da: betiere, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz, eta horiek emateko arautzen diren irizpideak eta mugak zainduta.

2.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Babesletza.

Erakunde onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horien berri ematen dutenean, edo, egitekoa baldin badute, argitaratzen dituztenean. Zehazki, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan Gazte Enpleguko Ekimenaren baterako finantzazioa jaso dela ohartarazi behar da, esaldi honen bidez: «Zure etorkizunean inbertitzen du Europako Gizarte Funtsak».

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatu egingo ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman behar zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunek ez baldin badute ekitaldi horien berririk ematen, emandako laguntzaren % 10 itzuli behar dutela erabaki daiteke, eta jokabide hori zuzentzen ez baldin badute, laguntza osoa itzularazteko erabakia har daiteke.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren identifikazio grafikoa erantsi behar da komunikazio-ekintza eta jakinarazpen guztietan.

Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu behar dituzte pertsona onuradunek eta, oro har, herritarrek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren Gazte Enpleguko Ekimenaren ekarpenaz ohar daitezen.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako diru-laguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta, itzuli beharrekoak, diru-laguntzako zenbatekoak gehi diru-laguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.

Interesdunek datuak irizpidean izateko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko muga ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, eskubide horien egikaritza eskatzeko idazki bat igorri behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/informacion/condiciones_de_uso_y_politica_de_privacidad/

20. artikulua.– Diru-laguntzen arloko arau bete beharrekoak.

Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era barean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

Diru-laguntzek Europako Gizarte Funtsaren eta Gazte Enpleguko Ekimenaren finantzazio-laguntza jaso dutenez, bete beharrekoak dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 (EB) Erregelamendua, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren, 1083/2006 (EB) Erregelamendua indargabetzekoa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala