Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2018ko ekainaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3249

AGINDUA, 2018ko ekainaren 11koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei bake-epaitegien 2018ko funtzionamendu-gastuetarako diru-laguntzak emateko dena.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioko beharrei erantzuteko eskumenak, 13.1 artikuluarekin bat etorriz. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketei esker, aipatutako beharrei hobeto erantzuteko garapen egokia ahalbidetu zuen. Lan eta Justizia Sailak kudeatu eta bultzatu behar ditu eskualdatutako zereginak.

Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatzen duenez, bake-epaitegiak udalerriaren esparruan txertatutako organoak dira, eta Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. eta hurrengo artikuluetan jasotako aurreikuspenen arabera, bake-epaitegien instalazioak eta baliabide materialak tokian tokiko udalaren ardura dira, bai eta beraiei diruz lagundu behar izatea ere.

Ildo horretatik, 38/1988 Legearen 52. artikuluan xedatzen denez, justizia gaietan eskumena duten administrazioen aurrekontuetan jasota dago udalei diruz laguntzeko aurrekontu-kreditu bat kontsignatu beharra dagoela, bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteagatik. Diru-laguntza hori udalerri bakoitzeko eskubidedun biztanleen kopuruaren araberakoa izango da.

Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak ere arautzen du gai hau: ardura nagusiak udalen eskuetan egoten jarraituko du, finantzaketan Euskal Autonomia Erkidegoak lagunduko badu ere.

Horrela, diru-laguntzen programa bat egituratu da bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteko; horixe izango da udalek arlo horretan dituzten betebeharren euskarri ekonomikoa.

Deialdi hau Lan eta Justizia Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 12.1.f artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren eginkizuna izango da «bake-epaitegientzako laguntza-programak kudeatzea eta bake-justiziaren arloko jarduerak bultzatzea».

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urterako Aurrekontuak onartu zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak, 1411 Programan, dirulaguntza-lerro bat ezartzen du bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteko.

Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b artikuluak xedatzen duenez, lege-mailako arau batek Administrazioari ezartzen badio diru-laguntza horiek ematea edo haien zenbatekoa, diru-laguntza horiek zuzenean eman ahal izango dira, kasuan kasuko lege-mailako araudiaren arabera aplikatu beharreko prozedura erabiliz.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 48.4 artikuluak (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen) azpimarratzen du gai hori.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntzak ematea da, beren udalerrietako bake-epaitegien 2018ko funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten.

Bigarrena.– 460.425 euroko kreditua bake-epaitegiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean banatzeko moduluak onartzea, I. eranskinean aipatutako udalentzat onartutako zenbatekoen arabera, bulego judizial horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko. Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– Udalerrietako eskubidedun biztanleria, organo eskudunak egindako azken argitalpenaren araberakoa, eskala honi jarraikiz:

(Ikus .PDF)

2.– 1.850 euroko osagarria jasoko dute udalek, udalerrian espetxea badago.

3.– Udalerriko biztanleriaren arabera egokituko litzaiekeen kopuruaren % 85 jasoko dute udalek, udalerriko bake-epaitegiko idazkaritza langile bakarreko idazkaritza-talde bateko partaidea bada.

Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-taldeen egoitza udalerrian kokatuta duten udalek, arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100ez gain, udalerriko biztanleriaren arabera idazkaritza-taldeko udalei dagokien zenbatekoaren % 15 jasoko dute.

Hirugarrena.– Agindua ematea bake-epaitegiak dituzten udalei zenbateko hauek ordainketa bakar batean ordaindu diezaietela.

Laugarrena.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 460.425 euroko gastua onartu da, aurrekontu-aplikazio hauen pentzutan egingo dena: 18.0.1.12.21.0100.1.422.01.14110.001/Q,18.0.1.12.21.0100.2.422.01.14110.001/R eta 18.0.1.12.21.0100.3.422.01.14110.001/S.

Bosgarrena.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, diru-laguntzak emateko arauak eta baldintzak betetzen direla ikusteko, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egingo ditu, besteak beste, egokitzat jotzen dituen gainbegiratu, ikuskatu eta egiaztatzekoak direnak.

Seigarrena.– Diru-laguntza hauen onuradunak diren bake-epaitegiak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Udal onuradunek Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkiote beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako jasotako laguntza edo diru-laguntzak, diru-sarrerak nahiz bestelako baliabideak.

2.– Diru-laguntza jasotzen duten udalak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko duten funtzioa betetzeko eskatzen dieten informazio guztia ematera.

3.– Udal onuradunek gastu zehatz batzuk ordaintzeko erabili beharko dute diru-laguntza: energia, elektrizitatea, gasa, telefonoa, garbiketa, bulegoko materiala, joan-etorriak, Udaleko langileen soldaten egoztea eta oro har bake-epaitegiaren funtzionamendurako gainerako gastu arruntak.

4.– Bake Justiziari buruzko abenduaren 12ko 411/1998 Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, udalek urteroko lehen hiru hilabeteetan memoria aurkeztu beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, eta bertan azaldu zein udal-bitarteko eta -instalazio erabili ziren aurreko urtean bake-epaitegiari zerbitzua emateko, eta gastu errealak zenbatekoak izan ziren. Agindu honetako II. eranskinean ezarritako eredua erabilita idatziko da memoria.

Alde horretatik, justifikatutako gastua onartutako diru-laguntza baino txikiagoa bada, justifikatu gabeko zenbatekoa bueltatu beharko da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan.

5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira entitate publiko edo pribatuek xede berarekin ematen dituztenekin, baldin eta guztiak batuta diru-laguntza honen objektu den gastuaren % 100 gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, gastuaren % 100 gainditzen duen kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion diru-laguntzari.

6.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu egiten badira edo agindu honen objektu den diru-laguntzaz gain beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jasotzen bada beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere laguntza eskuratzeko bete beharreko betekizunak bete gabe uzten ez direnean.

7.– Diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako lege-xedapenetan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Justizia eta Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 11.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala