Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2018ko ekainaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3237

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioek San Andres auzoan eta UARc-19 jarduketa-unitatean izandako aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2018ko urtarrilaren 16an, Lekeitioko Udalak Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioek San Andres auzoan eta UARc-19 jarduketa-unitatean izandako aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura izapidetzen hasteko eskaera egin zuen (aurrerantzean Plana). Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko martxoaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak abian jarri zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, eta egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; Bizkaiko Ekologistak Martxan; Ugatza Ornitologia Elkartea; Lanius Ornitologia Elkartea; eta Iratzar Ekologista eta Internazionalista. Era berean, Lekeitioko Udalari izapidea hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezartzen da zeintzuk diren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak. Aipatu 6.2 artikuluak zehazten du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntak behar dituzten plan edo programetan aldaketa txikiak ematen direnean, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dela, 29. artikulutik 32. artikulura bitartean erregulatutako prozedura jarraituz.

Aztertuta geratu dira Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioek San Andres auzoan eta UARc-19 jarduketa-unitatean izandako aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lekeitioko Udalak sustatuta Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioek San Andres auzoan eta UARc-19 jarduketa-unitatean izandako aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean Plana), jarraian zehaztu bezala:

A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.

Lekeitioko Udalak San Andres auzoa urbanizatu eta amaitzea nahi du, Degradatutako Eremu adierazpena izapidetzeko eskaerarekin batera eta paraleloan egindako urbanizazio-jarduketa baten baitan. Auzoan jarduketa integral bat aurrera eramatea planteatzen da: urbanizazioa lanak berehala amaitzea, egungo espazio publikoak berroneratzea, irisgarritasun orokorra hobetzea eta auzoa espazio libreekin zuzkitzea.

Horretarako, hiri-diseinua eraldatu nahi da mendebaldeko bidea iparraldetik luzatuz, auzo guztia inguratu eta mugatuz San Andres Auzoa kalearekin bat egin arte.

Proposamen horrek indarreko Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioen antolamendua aldatzea dakar; horrenbestez, dokumentua bera aldatzea beharrezkoa da. Zehazki, SG-EL-13 Espazio Libreko Sistema Orokorreko zati bat, UARc-19 jarduketa-unitatekoa, Tokiko Bide Sistemara bideratzea suposatzen du; hain zuzen ere, San Andres auzoarekin muga egiten duen hiri-lurzoru finkatugabe batez ari gara. Aldaketak Sistema Orokorreko 499 metro koadroko azalera bati eragiten dio, beste leku batean zuzkitu beharrekoa indarrean den udalerriko plangintza orokorrak proposatutako zuzkidura-oreka mantentzeko. Helburu horrekin, SG-EL-14 izeneko Espazio Libreko Sistema Orokor berri bat sortzen da hiru-lurzoru finkatuan, 522 metro koadroko azalerarekin, bi zatitan banatuta; lehendabizikoa, SG-EL-13 eremuari jarraipena emanez, eta, bigarrena, San Andres auzoko bigarren eta hirugarren blokeen artean (hurrenez hurren, 2-3 eta 4-5 atariak).

Planak San Andres Auzoko hiri-lurzoru finkatuaren zati bati eta UARc-19 jarduketa-unitateari eragiten die.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Ez da inolaz ere aurreikusten Planaren garapenaren ondoriozko proiektuek legez bete beharko dutenik ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan: Planak hiri-lurzoruari eragiten dio hein handi batean, 499 metro koadroko hiru-lurzoru finkatugabeko azalera txiki bati ere eragiten dion arren; oro har, bateragarria da gainontzeko sektore- eta lurralde-planekin.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planak degradatutako hirigune baten berroneratzea sustatzea du helburu, horretarako urbanizazioa lanak berehala amaitzea, egungo espazio publikoak berroneratzea, irisgarritasun orokorra hobetzea eta auzoa espazio libreekin zuzkitzea aurreikusten duelarik; hori dela eta, garapen jasangarria bultzatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko egokia dela uste da.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk. Planaren eremuan ez dago ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta natura-balioengatik edo ingurumen-arriskuengatik garrantzizkoak diren elementuak ere.

Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Eragina jasan lezakeen eremuaren ingurumen-balioa eta urrakortasuna txikiak dira. Bide berria eraikitzeko jarduera eremua hiri-lurzorua da hein handi batean, 499 metro koadroko hiru-lurzoru finkatugabeko azalera txiki bat salbu; bertan belardiak eta ortu txikiak daude, heskaiekin eta zuhaitz bakanen batekin. Ez dago natura-espazio nabarmenik eraginpeko eremuaren inguruan, ez ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik.

Adierazitako jarduketak kontuan hartuta, aurreikusita dago Plana garatzeak ingurumenean izango dituen eraginak ez direla adierazgarriak izango; izango diren eraginak urbanizazio lanek eta bidea luzatzeko egingo direnek sortutakoak izango dira, hau da, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen sorkuntza, begetazioaren gaineko ondorioak eta giza habitataren kalitatea murriztea lur-mugimenduetan eta makineriaren joan-etorrietan zarata, hautsa... areagotzeak sortutako eragozpenengatik.

Funtzionamendu fasean izango diren zaratei dagokienez, Plana gauzatzeak foku igorle berria bat izatea ekarriko du (bide berria); bada, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko I. eranskineko (Kalitate akustikoaren helburuak eta zarata-foku berrientzako muga-balioak) 2. ataleko D taulan azpiegitura berriei aplikatzeko ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak bete beharko ditu.

Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten planak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat. Honako hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Hala badagokio, beharrezko neurriak hartuko dira bide berriak gertuen dauden etxebizitzetara igorritako zarata-mailek zarata-foku berrietarako I. eranskinaren D taulan ezarritako gehieneko immisio-balioak bete ditzaten. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasota dago aipatutako eranskina.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen (Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa).

– Garatzeko planeamenduak bermatu beharko du jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen direla. Honako arlo hauek hartu beharko dira kontuan: obrak egin bitartean kale-lasaitasunarentzako afektazio negatiboak txikiagotzea, babestu beharreko landaretza, hauts gutxiago altxatzea eta hondakinak kudeatzea.

Bigarrena.– Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, honakoa ondorioztatu da: Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioek San Andres auzoan eta UARc-19 jarduketa-unitatean izandako aldaketa puntualak ez du efektu kaltegarri garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Lekeitioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Lekeitioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioek San Andres auzoan eta UARc-19 jarduketa-unitatean izandako aldaketa puntuala onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala