Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2018ko ekainaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3235

AGINDUA, 2018ko ekainaren 8koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarena, Bilboko udalerriko Txurdinaga, 96 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.

2.– 2013ko uztailaren 23an Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Bilboko Udal mugartean, besteak beste, Txurdinagan, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak sustatzeko.

3.– 2018ko maiatzaren 7ko Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariaren ebazpenaren bidez babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu du Bilboko udalerriko Txurdinagako 96 babes ofizialeko etxebizitzako sustapenak. Sustapen honen espediente zenbakia EB2-0595/18-LC-000 da bere espediente zenbakia. Etxebizitza horietako 4, bi logelakoak, 71,38 m2ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainerako etxebizitzetatik, 44 bi logelakoak dira eta 69,86 m2 eta 69,94 m2 bitarteko azalerak dituzte; 48 hiru logelakoak dira eta 89,36 m2 eta 89,95 m2 bitarteko azalerak dituzte; Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio honako Agindua ematea, 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Aginduan, 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.

3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak izango dira.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.

5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude.

6.– Agindu horretan honakoa ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera Aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.

7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

8.– Etxebizitzen esleipenean, ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuko da.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Bilbaoko udalerriko babes ofizialeko 96 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Bilbao Metropolitanoko eskualde egituran kokatzen da.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsonek edo bizikidetza unitateek parte hartu ahal izango dute. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Bilbao izan beharko da, horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak 2013ko uztailaren 23an sinatutako Hitzarmenaren seigarren klausulan.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Bilbon erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan horrela jasotzen baita Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bilboko Udalak 2013ko uztailaren 23an sinatutako Hitzarmenaren seigarren klausulan.

Seigarrena.– 2016. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituak edo desgaitu psikikoek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.

Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2018ko ekainaren 25a eta uztailaren 6a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, 48011-Bilbao.

– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Kale Nagusia 85, 5. solairua, 48011-Bilbao.

Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 4, 71,38 m2ko azalera dutenak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak bi logelakoak dira. Etxebizitza horiek, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean, esleituko dira.

Etxebizitza horiek honako ordenan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Bederatzigarrena.– Egokitu gabeko etxebizitzetatik 44 bi logelakoak dira eta 69,86 m2 eta 69,94 m2 bitarteko azalerak dituzte; 48 hiru logelakoak dira eta 89,36 m2 eta 89,95 m2 bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitza horiek, ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira.

Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31 eta 41 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak Agindu horretako 42 eta 44 bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamabigarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 8a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala