Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2018ko ekainaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3095

87/2018 DEKRETUA, ekainaren 12koa, Transferentzien Bitariko Batzordearen 2018ko ekainaren 4ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren bidez Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Lurralde Historikoak adostu dute Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea.

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak 2011ko ekainaren 22an hartutako Akordioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak ordura arte kultura esparruan eskualdatuta zituen eginkizun eta zerbitzuei gehitu egin zitzaizkien Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzekoak. Akordio hori ekainaren 28ko 142/2011 Dekretuaren eta ekainaren 24ko 897/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.20 artikuluak errekonozitzen du Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren bakarreko eskumena estatuaren izenean ez dauden artxibategi, liburutegi eta museoetan. Konstituzioaren 149.1.28 artikuluak, ostera, Estatuari beraren titulartasuneko museoen, liburutegien eta artxiboen gaineko eskumena ematen dio, autonomia erkidegoek horiek kudeatzeko izan dezaketen ahalmenari kalterik egin gabe. Bestaldetik, «Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak» (sic), –aurrerantzean Lurralde Historikoen Legea–, hain zuzen ere, foru-erakundeei –bakoitzari bere eremuaren barruan– eskumen esklusiboa ematen die beren titulartasuneko artxiboen eta beren intereseko kultura-erakundeen gainean (7.a.12 eta 13 artikulua), eta eskumena ondare historikoaren legeria garatzeko eta betearazteko (7.b.5 artikulua).

Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuaren titulartasuneko artxiboen gaineko kudeaketa-eskumena eskuratu zuen. Eskualdatutako artxiboek honako artxibo-funtsak osatzen dituzte: notarioen protokoloetako artxibo historikoen dokumentu-funtsak (ehun urtetik gorakoak), historiko izateko antzinatasunik ez duten notarioen protokoloak (25 urtetik gorakoak, baina 100 urtetik beherakoak) eta Estatuaren administrazio periferikoak autonomia-erkidegoan dituen artxiboak. Funts horiek guztiak probintzia mailan antolatuta daude Estatuko legedian, eta Probintziako Artxibo Historiko gisa izendatutakoak osatzen dituzte. Artxibo horien egitura probintzialaren jatorria Administrazio Zibilaren Artxibo Orokorra sortzeari buruzko maiatzaren 8ko 914/1969 Dekretua da, bai eta 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzaren Legea ere, eta bere garapen-xedapenak. Araudi horrek Notarioen Protokoloetako Artxibo Historikoak sortu eta Estatuaren titulartasunekoak izatera pasa zitezen agindu zuen; ordu arte, izan ere, bertako funts historikoak foru-aldundiek gorde eta zaintzen zituzten. Dudarik gabe, funts horiek oso garrantzi handiko ondarea osatzen dute lurralde historikorako. Horrexegatik egokiena lurralde historikoetako foru-erakundeek beraiek kudeatzea da, bakoitzak bere eskumenen barruan.

Esandakoaren ildotik, Lurralde Historikoen Legeko lehenengo xedapen iragankorraren bitartez osatutako Bitariko Batzordeak, zehazteari ekin dio Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeko arloan zer nolako eginkizun eta zerbitzuak eskualdatuko zaizkion Lurralde Historikoari, ekainaren 19ko 195/1984 Dekretuak agintzen duenaren arabera jokatuz. Horrela, eskualdatzeari bidea emango dion Akordioa hitzartu dute 2018ko ekainaren 4an burututako osoko bilkuran.

Horren guztiaren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, biek, halaxe proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 12an egindako bileran onespena eman ondoren, honakoa hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak 2018ko ekainaren 4ko bilkuran hartutako erabakia onartzea. Akordio horren bidez, Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeko eginkizunak eta zerbitzuak Lurralde Historiko horri eskualdatzen zaizkio. Akordio hori Dekretu honi atxiki zaio.

2. artikulua.– Horren ondorioz, Bizkaiko Lurralde Historikoaren esku egongo dira aurrerantzean akordio horretan zehaztu diren eginkizunak eta zerbitzuak, bertan jarrita dagoen bezala; bai eta akordioaren testuan nahiz atxikitako zerrendetan agertzen diren ondasun, eskubide eta betebeharrak ere.

3. artikulua.– Bitariko Batzordearen Akordioak adierazitako egunean izango du eragina eskualdatze honek.

4. artikulua.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dekretu hau, eta foru-dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, hala agintzen baitu Autonomia-Erkidegoko Erakunde Komunen eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren artean zerbitzuak eskualdatzeko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 195/1984 Dekretuaren 2. artikuluak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko ekainaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

EKAINAREN 12KO 87/2018 DEKRETUAREN ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAREN ETA BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAREN ARTEKO TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAK 2018KO EKAINAREN 4KO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIA

Begoña Pérez de Eulate González andreak, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak, honako hau

ZIURTATZEN DU:

Transferentzien Bitariko Batzordeak 2018ko ekainaren 4an egindako osoko bilkuran akordio bat hitzartu zuela, eta bertan erabaki zuela Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeko eginkizun eta zerbitzuak EAEko Erakunde Komunetatik Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeetara eskualdatzea, ondoren zehazten den moduan:

A) Bizkaiko Lurralde Historikoaren eskumenak.

Eginkizun eta zerbitzuen eskumen eskualdaketa hau, alde batetik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.20 artikuluan oinarritzen da, bertan errekonozitzen baita Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren bakarreko eskumena estatuaren izenean ez dauden artxibategi, liburutegi eta museoetan. Konstituzioaren 149.1.28 artikuluak, ostera, Estatuari beraren titulartasuneko museoen, liburutegien eta artxiboen gaineko eskumena ematen dio, autonomia erkidegoek horiek kudeatzeko izan dezaketen ahalmenari kalterik egin gabe. Bestaldetik, Lege horrek foru-erakundeei –bakoitzari bere eremuaren barruan– eskumen esklusiboa ematen die beren titulartasuneko artxiboen eta beren intereseko kultura-erakundeen gainean (7.a artikuluaren 12. eta 13. paragrafoak), eta eskumena ondare historikoaren legeria garatzeko eta betearazteko (7.b artikuluaren 5 paragrafoa).

Horren ondorioz, Bizkaiko Lurralde Historikoak –bere lurraldearen eremuan– Euskal Autonomia Erkidegoak Estatu Administrazioarekiko ekainaren 24ko 897/2011 Errege Dekretuan daukan posizioa hartuko du aurrerantzean subrogazioz. Jakin dakigunez, 2011ko Errege Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoak kultura esparruan 3069/1980 Errege Dekretuaren bidez jasota zituen eginkizun eta zerbitzuei Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzeari dagozkionak gehitu zitzaizkien.

B) Bizkaiko Lurralde Historikoak aurrerantzean bere gain izango dituen eginkizunak.

Aurrerantzean, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru-erakundeek kudeatuko dituzte –beren lurralde eremuan– Estatuaren titulartasuneko artxiboak, Euskal Autonomia Erkidegoari betekizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzko ekainaren 24ko 897/2011 Errege Dekretuari jarraiki. Bereziki, men egin behar diete Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako hitzarmenei. Halaber, aintzat hartu beharko dute Estatuko Administrazio Orokorrak, batetik, hainbat eskumen erreserbatu dituela berarentzat, artxibategien eraikinen gaineko titularra izategatik; eta bestetik, Estatuaren beste zentro edo zerbitzuetatik etorritako zaintzapeko dokumentu-multzoen gaineko edo gordailuan utzitako dokumentu-funtsen gaineko titularra izateagatik.

Esandakoari jarraiki, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru-erakundeak Estatuko Administrazio Orokorrarekin koordinatuta jardungo dira eskualdatu diren artxiboak kudeatzeko ohiko eginkizunetan, bai eta eginkizun konkurrente eta partekatuetan ere, 897/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera eta Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako Ministerioarekiko hitzarmenaren arabera.

Horretarako, eta foru-erakundeek hitzarmen hori sinatu bitartean, Bizkaiko Lurralde Historikoak, bere lurraldearen eremuan, Estatuaren titulartasuneko artxiboen kudeaketan Euskal Autonomia Erkidegoak daukan posizio bera hartuko du, 2012ko abuztuaren 31n Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako Ministerioarekin sinatutako hitzarmenaren haritik.

Azkenik, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru-erakundeek betetzen jarraituko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunekin bete beharreko eginkizun konkurrente eta partekatuak, Euskal Kultur Ondasunari buruzko Legeak (7/1990 Legea, uztailaren 3koa) xedatutakoaren arabera.

C) Eskualdatu diren ondasun, eskubide eta betebeharrak.

Eskualdatzekoak diren eginkizunak eta zerbitzuak betetzeko beharrezko ondasun eta eskubideak ere eskualdatuko zaizkio Bizkaiko Lurralde Historikoari.

Aurrerantzean, Bizkaiko Lurralde Historikoak, subrograzioz, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoaren egoitza erabiltzeko Euskal Autonomia Erkidegoak orain arte zeukan posizioa hartuko du. Eraikina Bilbon dago, Henao kaleko 8. zenbakian.

Akordio hau indarrean hilabete bateko epean sinatuko dira ondasun higigarri, ekipamendu eta material inbentariagarriak eman eta jaso izanaren aktak.

D) Eskualdatu diren zerbitzuei atxikitako langileak.

Eskualdatzen diren zerbitzuei atxikitako langileak 1. eranskinean ageri dira, eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren mendeko izatera pasako dira, Lurralde Historikoen Legearen lehen xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraiki eta dagozkion gainerako arauek legez aurreikusitako eta langile bakoitzaren espedientean zehaztutako baldintza berberetan.

Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko Zuzendaritzak, eskualdatzearen berri emango die eskualdaketak eragiten dien langileei. Era berean, eskualdatuko diren langileen espediente guztien kopia ziurtatua igorriko zaie Bizkaiko Lurralde Historikoko erakunde eskudunei, bai eta 2018an sorrarazi beharko diren kopuruei buruzko hartzekoen ziurtagiriak ere.

Langile-zerrenda horietan zuzenketarik edo aldaketarik sartu behar izango balitz, zuzenketa edo aldaketa hori bi administrazioek egiaztatu ondoren gauzatuko da, Bitariko Batzordeko idazkariak emandako ziurtapenaren bitartez.

E) Eskualdaketa honek zein aurrekontu-kreditutan izango duen eragina.

Estatuaren titulartasuneko artxiboak kudeatzearen gaineko eginkizun eta zerbitzuen eskualdatze honek 2018. urtean Euskal Autonomia Erkidegoari eragingo dion guztizko kostua 2. eranskinean dago zehaztuta.

Eskualdatzearen indarraldia ez datorrenez guztiz bat aurrekontuaren ekitaldiarekin, urteko guztizko kostua (goian aipatutakoa) proportzionalki hainbanatu beharko da, Bizkaiko Lurralde Historikoak benetan eskualdatzea gauzatuta izango duen hilabetetik aurrera.

F) Eskualdatu diren zerbitzuen agiriak eta espedienteak.

Eskualdatzen diren eginkizunen eta zerbitzuen agiriak eta espedienteak hilabeteko epean entregatu behar dira, akordio hau onartzen duen dekretua argitaratzen denetik, ekainaren 19ko 195/1984 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

G) Eskualdatze hau indarrean jartzea.

Akordio honen bidez onartu den eginkizun- eta zerbitzu-eskualdaketa 2018ko ekainaren 1ean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala