Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2018ko ekainaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3086

AGINDUA, 2018ko ekainaren 6koa, Segurtasuneko sailburuarena, 2018an Algecirasen egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. edizioan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak arautzen eta deitzen dituena.

Segurtasun Sailaren aburuz, garrantzitsua da kirol-esparruarekin zuzenean lotuta dagoen jarduera-arlo bat sustatzea, bi helbururekin. Batetik, Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzea hala Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nola kanpoan. Bestetik, kirol-lehiaketen balioak sustatzea, aintzat hartuta horietako asko parte-hartzaileen jarduera profesionalarekin erlazionatuta daudela modu batera edo bestera, eta parte-hartzaileok baldintza fisiko onenetan egoteko balio dutela. Horregatik, Sailak uste du Ertzaintzako agenteek Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzea kirol-erronka bat dela, baina baita ere Ertzaintzako kideek erakundearen parte direla are gehiago sentitzeko eta beste kultura eta komunitate batzuekin laguntasun- eta truke-harremanak zehazteko aukera ona. Horrela, Ertzaintzaren irudi ona sustatu eta hedatuko da zeregin profesionalaren alderdi guztietan.

Laguntza hauen xedea da aurtengo irailaren 21etik 29ra bitartean Algecirasen egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. edizioan parte hartzea erraztea.

Horiek horrela, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenei jarraikiz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diru-laguntzetarako deialdia egitea 2018ko irailaren 21etik 29ra bitartean Algecirasen egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoen VII. edizioan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolarientzat.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Agindu honen diru-zuzkidura hogei mila (20.000,00) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari jokoetan parte hartzeagatik izandako gastuaren % 60 emango zaio gehienez, betiere agindu honetan ezarritako mugekin, eta inoiz ez zortziehun eta berrogeita hamar (850,00) euro baino gehiago.

2.– Bidaia, ostatua eta mantenua eta izena emateko kuota ordaintzeko gastuetarako emango dira agindu honek arautzen dituen laguntzak, betiere honako baldintza hauekin:

a) Bidaia-gastuei dagokienez, hau ordainduko da: ordaindu eta justifikatutako joan-etorriko txartelaren zenbatekoa, hautatutako garraiobidean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Algecirasko hiriaren artean. Ibilgailu partikularra erabiltzea aukeratu bada, eginiko kilometroak ordainduko dira, 0,29 euro kilometro bakoitzeko. Horrez gain, autobideko bidesari-gastuak ere ordainduko dira.

b) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko dute ostatu.

Ostatu-gastuengatik jasoko den zenbatekoa benetan ordaindutakoa eta justifikatutakoa izango da, hurrengo zenbakian ezarritako mugen barruan.

Hartutako ostatuan gosaririk eduki ezean, benetan gastatutako eta justifikatutako gosaria ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.

c) Mantenu-gastuetarako laguntzak ordaindutako eta justifikatutako zenbatekoengatik emango dira, eta zenbateko horiek ezingo dute urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan ezarritako muga gainditu (5/2012 Dekretua, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa).

Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenu-gastutzat joko dira bazkaltzeko eta/edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.

d) Aukeratutako modalitateetan izena emateko gastuak joko dira inskribatzeko gastutzat.

3.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen zenbatekoa (bera bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin batera hartuta) ez da izango, inola ere, onuradunak Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan parte hartzeagatik izan duen gastua baino handiagoa.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Ertzaintzako kirolariek eskatu dezakete diru-laguntza, baldintza hauek betez gero:

a) Ertzaintzako funtzionarioa izatea eskaera egiten den unean.

b) Diruz laguntzeko eskatzen den modalitateari edo modalitateei dagokien federazioaren lizentzia izatea. Kirol-ekitaldiak iraun duen bitartean indarrean egon behar izan du federazioaren lizentzia horrek.

c) Eskatzaileak, kirolari den aldetik, Eusko Jaurlaritzaren bekarik sekula jaso ez izana, eta merezimenduak akreditatu dituen diziplinan Kirol Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendan ez egotea edo egon ez izana.

2.– Ezingo dira laguntza hauen onuradun izan laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere –bereziki Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitakoak–, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean jasotakoarekin bat.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kirol-jarduerak.

Polizien jarduerarekin lotura handiena duten kirol-diziplinak lagunduko dira diruz agindu honen bidez, banan-banan zein batera hartuta. Hona zehazki zein diren:

– Borroka-arteak (karatea, judoa, borroka, taekwondoa eta abar).

– Atletismoa.

– Biatloia eta triatloia.

– Txirrindularitza.

– Igeriketa.

– Pistola-tiroa.

– Fisikokulturismoa.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak lortu nahi dituztenek eranskinean jasotako eskabide-eredua bete beharko dute eta Segurtasun Sailean aurkeztu, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen bideetako edozein erabilita, betiere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariari zuzenduta.

2.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, zein modalitaterako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen diru-laguntza azalduta, eta eskaeran adierazitako agiriekin batera.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko urriaren 1ean hasi eta urriaren 31n bukatuko da.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak, beharrezkotzat jotzen duen kasuetan, egoki iritzitako agiri osagarriak aurkezteko eskatu ahalko die eskatzaileei, formalizatutako eskabideak ebazte aldera. Hori eskatu ostean, eskatzaileak ezartzen den epean dokumentazioa aurkezten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak laguntzak jaso ahal izateko.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte (azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan eskatutakoaz gain):

a) Izena eman zuen proban edo probetan benetan parte hartu izana.

b) Segurtasun Sailak antolatutako ekitaldietan parte hartzea, bai eta bestelakoetan ere, erakunde horiek Europako Jokoen parte-hartzaileen presentziari egoki iritziz gero.

c) Emandako diru-laguntza onartzea, emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egin ezean, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

d) Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.

e) Fakturak eta/edo ticketak aurkeztea, deialdiko oinarrietan ezarrita dauden eta diruz lagun daitezkeen gastuei dagozkienak.

f) Diru-laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako diru-laguntzak edo laguntzak eman dizkiola.

g) Deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen gainean eskatutako informazioa helaraziko zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

h) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

i) Segurtasun Sailak eskatzen duen informazioa ematea, bereziki eginbeharrak bete izana justifikatzeari dagokionez. Informazio hori diru-laguntza ordaindu aurretik eman beharko da.

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

8. artikulua.– Diru-laguntzak eskuratzeko kirol-irizpideak.

Eskatzaileek, agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, gutxienez baldintza hauetakoren bat betetzen dutela egiaztatu beharko dute:

– 2018ko Polizien eta Suhiltzaileen Europako Jokoetan 5. postua edo hobea lortu izana egiaztatzea. Taldekako probetan, nahikoa izango da taldeko partaide batek egiaztatzea postu hori.

– Edo, bestela, urrezko domina bat, edo zilarrezko bi, edo brontzezko hiru lortu izana 2009tik 2017ra bitartean (biak barne) izandako Munduko Jokoetan edo Europakoetan, eta hala egiaztatzea.

9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Eskatzaileen artean emango dira laguntzak, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetako 3. artikuluan zehaztutako betebeharrak eta 8. artikuluan ezarritako kirol-irizpideak betetzen dituzten eskatzaileei esleituko zaie aurreikusitako diru-zuzkidura.

Hori horrela izanik, agindu honetako 2. artikuluan zehaztutako zenbatekoa kontuan hartuz emango dira laguntzak. Dena dela, diru-zuzkidura nahikoa ez balitz, betekizun guztiak betetzen dituzten eskaeren artean hainbanatuko litzateke, betiere diru-zuzkiduraren zenbatekoa gainditu gabe.

10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta dokumentazioa egiaztatzeko organo eskuduna izango da Giza Baliabideen Zuzendaritza.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agortutakoan, gehienez ere hiru hilabeteko epearen barruan emango du Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena. Ondoren, ebazpen horren berri emango zaie esleipendunei.

2.– Ebazteko epea amaitzen bada interesdunei inolako jakinarazpenik egin gabe, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

4.– Deialdia ebazten duen ebazpena Gurenet atariko iragarki-oholean argitaratuko da, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere.

5.– Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpena argitaratu ondoren ordainduko da diru-laguntza, non eta eskatzaileak aurretik uko egiten ez dion.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak ematen dituen ebazpena aldatu ahalko da, diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa eginez gero eta deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, betiere deialdiaren xedea betetzat jotzen bada. Ondorio horietarako, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko betekizunak ez betetzea.

Diru-laguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota. Batez ere honelakoren bat gertatuz gero:

a) Laguntzaren helburua ez betetzea.

b) Laguntza jasotzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

c) Agindu honetako 7. artikuluan ezarritako obligazioren bat edo batzuk ez betetzea.

d) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete Segurtasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 6a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala