Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2018ko ekainaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3080

AGINDUA, 2018ko ekainaren 6koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta diru-laguntzok emateko deialdia egiten duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu lehendakariaren 24/2016 Dekretuaren 9. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Dekretua, 2016ko azaroaren 26koa).

EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan dago jasota Eusko Jaurlaritzak ingurumenari dagokionez hartutako konpromisoa, agiri horretan islatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 15 plan estrategikoetako batean kokatzen da aipatutako programa –konpromiso horiek Euskadi 2020: Giza Garapen Iraunkorrean aurrera egiteko txostenean daude jasota–.

Programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:

– Gure natura-ondarea babestea, kontserbatzea eta leheneratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz.

– Urratsak egitea ekonomia lehiakor eta berritzaile bat lortzeko, karbono-isuri txikiarekin eta baliabideen erabilera eraginkorra eginez.

– Gure herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.

– Lurraldearen iraunkortasuna areagotzea.

– Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta.

– Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea.

Hori guztia bideratzeko, sail eta erakundeen arteko koordinazioa eta kooperazioa sustatuko da, ingurumen-aldagaiak politika guztietan integratze aldera, eta eragile sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.

2020rako IV. Ingurumen Esparru Programari lotuta, hainbat estrategia eta plan sektorial onartu ditu Eusko Jaurlaritzak; tartean, hauek:

• EAEko Biodibertsitate Estrategia 2030. Tresna horren bidez, ekosistemak babesteko eta lehengoratzeko jarraibideak zehazten dira; Natura 2000 Sarea sustatzen da –funtsezkoa Europan eta EAEn biodibertsitatea kontserbatzeko–, naturaren kultura eta natura ezagutzea bultzatzen da eta lurraldearen zein natura-ondarearen kudeaketa eraginkorraren eta efizientearen alde egiten da.

• Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Geodibertsitate Estrategia. Horren helburu nagusia Euskadiko geodibertsitatea eta Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan identifikatutako ondare geologikoa aztertzea eta balioestea da, baita bi horien kudeaketan, babesean, kontserbazioan, gizarteratzean eta erabileran esku hartzeko irizpideak eta proposamenak ezartzea ere.

• Klima-aldaketaren aurkako EAEko Estrategia 2050. Horren helburuak berotegi-efektuko gasen isuriak % 80 murriztea eta energia berriztagarrien kontsumoa guztizkoaren % 40 izatea lortzea dira, baita klima-aldaketaren aurrean EAEren erresilientzia bermatzea ere.

• EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana. Ekonomia zirkularra sustatzea du xede, baliabideak eraginkortasunez eta efizientziaz kudeatzeko.

Horregatik guztiagatik, toki-erakundeentzako laguntzen agindu honen helburua da udal-ekinbidea EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunekin eta programa horretatik eratorritako planekin eta estrategiekin lerrokatzea.

Aipatutako lehentasunen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tartean diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute, erronka horiei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat etorriz –2013an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VI. Berdintasun Planaren esparruan–, aintzat hartuko ditu euren garapenerako genero-ikuspegia bereganatzen duten jardunak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin bat etorriz. Era berean, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planean adierazitakoaren arabera, diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txertatu behar dira, nahitaez.

Laguntza hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 ekitaldietarako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroko laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen ditu, 2014-2020 aldirako Euskadiko EGEF programa operatiboaren barnean. EGEFren ekarpena Eusko Jaurlaritzak lerro horretan diruz lagundutako guztizko kopuruaren ehuneko berrogeita hamar izango da.

Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta eta bat etorrita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko xedatutakoarekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko honako erakunde hauei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egitea eta oinarri arautzaileak ezartzea da: udalak, mankomunitateak, beste toki-erakunde batzuk, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak, betiere garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten heinean, honako lerro hauekin bat etorriz:

a) Lurzoru kutsatuak. Lurzoruaren kalitateari buruzko ikerlanak, prebentzioa eta lehengoratzea egiteko lanak sustatzen dituzten ekintzak.

b) Klima-aldaketa. EAEn egoera arintzeko ekintzak (berotegi-efektuko gasen isurpen garbiak murrizteko ekintzak) eta egokitzeko ekintzak (klima-aldaketaren ondorioak murriztera bideratutako plangintza eta ekintzak).

c) Natura-ondarea eta biodibertsitatea. EAEko dibertsitate biologiko eta geodibertzitateari eusteko eta berau leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak.

d) Ekonomia zirkularra. Hondakinak ez sortzeko –batik bat jakiak alferrik ez galtzeko eta biohondakinak ez eragiteko– ekintzak.

e) Jasangarritasunerako hezkuntza. Eskolako 21 Agenda eta Tokiko 21 Agenda koordinatzea sustatzen duten ekintzak.

2. artikulua.– Ekintzek bete beharreko baldintzak.

1.– Hasteko epea:

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete diru-laguntza.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, ekintzek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan.

Hona diru-laguntza jaso ditzaketen jarduerak:

– Kutsagarriak izan daitezkeen jardunak izan dituzten lurzoruak aztertzeko eta lurzoru kutsatuak lehengoratzeko ekintzak, bai industria-jarduerak egin diren lurzoruetan, bai garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruetan, baldin eta lehengoratzeari ekin baino lehen aurretiazko ikerketa-fasea burutu bada. Garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruak lehengoratzeko, inguru horretako biodibertsitatea kontuan hartzeko irizpideak aplikatu beharko dira, biodibertsitatea areagotzeko xedez, eta landare-geruza hobetzeko materia organikoa gehitu behar izanez gero, lehentasunez material bioegonkortua edo konposta erabili beharko da, bata zein bestea erabili, kokagunean aurreikusitako erabilerarako egokia dela egiaztatuta. Gaur egun komunitatearen ekipamenduko erabilera dutenei emango zaie lehentasuna, erabileraren sentsibilitateagatik.

– Industriako aurriak ingurumenaren ikuspegitik lehengoratzeko ekintzak, kanpoan utzita kutsagarria izan daitekeen industria-jardueraren aurriak eraistea eta harrien edo industria-jarduerari lotuta ez dagoen beste edozer eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea.

– Ingurumen-jarraipeneko ekintzak, Ingurumen Sailburuordetzak sustatuko proiektuen barnean daudenak; gehienez, 5 kontrol- eta jarraipen-kanpaina hondakindegia lehengoratu ondoren edo garai batean hondakindegi klandestino izandakoaren lurzoruari kalitate-adierazpena eman ondoren.

Aipatutako ekintzek baldintza hauek bete beharko dituzte, diru-laguntza jasotzeko:

1) Jarduketak toki-titulartasuneko lursailetan egitea, titulartasuna 2005eko maiatzaren 16a baino lehen formalizatu bada eta diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko betebeharra duen beste hirugarrenik ez badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera. Ez da betekizun hori aplikatuko, baldin eta besteren bat behartuta badago eta horrek ezin badu jarduketa gauzatu konkurtso-egoeran dagoelako edo toki-erakunde batek jarduketa subsidiarioren bat gauzatu behar duelako ingurumen-arriskuari edo segurtasunari loturiko arrazoiengatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak, behin amaituta, behartuta dagoenari jasanaraziko zaizkio, erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.

Titulartasun elkarbanatua duten lurretan egiteko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, udal edo erakunde eskatzailearen titulartasunaren ehunekoa hartuko da kontuan.

Halaber, lurzoruaren titulartasunari buruzko betekizunak ez dira nahitaez bete beharko, baldin eta lurzorua ikertzeko edo leheneratzeko neurriak hartzera behartuta dagoena udala bada, Lurzoru eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 147.3 artikuluan aplikatu behar bada edota horretara behartuta dagoena ekintza hori egitetik salbuetsita badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudiaren arabera.

2) Industriako aurrietan, toki-erakunde batek jarduketa subsidiarioren bat gauzatu beharko da, bai ingurumen-arriskuagatik bai segurtasunagatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak, behin amaituta, behartuta dagoenari jasanaraziko zaizkio, baldin eta erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.

3) Lurzoruak leheneratzeko ekintzak ez dira diru-laguntzen xede izango, baldin eta lurzoruok etxebizitzak eraikitzera edo industria-jardueretara bideratuko badira. Egindako eskabideen kopurua gorabehera eta aurrekontu erabilgarririk badago, titulartasun publikoko lurzoruan kokatutako etxebizitzak eraikitzera bideratuko diren lurzoruak ikertzeko eta leheneratzeko diru-laguntzen eskabideak onartuko dira, baldin eta leheneratzeko in situ edo on site tratamenduko teknologiak erabiltzea beharrezkoa bada, hau da, kanpo-baliabidez hondeatutako lurzorua hondeatzea eta kudeatzea ez bada erabiltzen.

b) Klima-aldaketaren lerroan.

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz lagungarri:

1) Klima-aldaketa: Mugikortasun jasangarria.

– Bidegorriak edo bidegorri-lotuneak, mugikortasun-eragileak (besteak beste, bizitoki-eremuak, ikastetxeak, industrialdeak eta kirol-instalazioak) konektatzea lehenetsita, baldin eta biodibertsitatea kontserbatzearekin bat badatoz.

– Aldirietako aparkalekuak, oinezkoen bideen edo garraio publikoaren bidez mugikortasun handiko zentroekin lotuta badaude, eta kanpoaldean edo zentro horien perimetroan badaude, eta betiere Biodibertsitatearekin bateragarriak baldin badira.

– Ibilgailu elektrikoak eta hibrido entxufagarriak.

– Autobus elektrikoak eta hibridoak.

– Ibilgailuak birkargatzeko azpiegiturak ere finantzatu ahalko dira, horientzat diru-laguntzak eskatu badira.

2) Klima-aldaketa: Moldaketa.

– Klima-aldaketara egokitzeko ekintza-planak egitea, udalerrian urrakortasun-egoerak murrizteko epe luzera (gutxienez 20 urtera begira).

– Klima-aldaketaren eraginak murriztea (egokitzapena) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, «Udalsarea 21 Lan-koadernoa 12. zk.: Klima-aldaketara egokitzeko Udal-programak egiteko gidaliburua» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko», kalteberatasun-azterketatik edo aldez aurreko egokitzapen-plan batetik eratorriak.

Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

– Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak; besteak beste, bizikletentzako aparkalekuak jartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea eta bidegorriak eraikitzea –lehentasuna ematen ez diotenak mugikortasun-eragileen arteko loturari (ekoizleen eta erakarleen arteko lotura, bizilekuak, ikastetxeak, industrialdeak, kiroldegiak etab. kontuan hartuta).

– Zerbitzuak ematea; zehazki, garraio publikoko beste linea bat gehitzea.

– Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak, adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.

– Bateria daramaten alokairuko ibilgailuetan bakarrik alokairuak dakarren kostua lagunduko da diruz, diru-laguntzen deialdian indarrean dagoen bitartean.

– Lerro honetan ez dira diruz lagunduko basoak birlandatzeko edo/eta karbono-hustubide egiteko proiektuak.

– Eta, bereziki, ez dute diru-laguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta ez badira kontuan hartu irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, ez badira paisaian txertatzeko eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzeko ahaleginak egin, edo ez badira biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarriak.

Azpiegiturek materialen beharra izanez gero, eraikuntzan materialen gutxienez % 70 birziklatuak izango dira; nagusiki, agregakin birziklatuak eta zepak.

c) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan.

Diruz laguntzeko modukoak izango dira diru-laguntzarako eskabidea egiteko epean amaitu gabe dauden proiektuak, baldin eta biodibertsitatea zuzenean kontserbatzea, leheneratzea eta hobetzea sustatzen badute, honako ekintza hauen bidez:

1) Komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren leheneratze-, hobetze- edo kudeatze-ekintzak. Kontserbazio-interes handieneko edo kontserbazio-egoera okerreneko habitatetan egitekoak diren ekintzak lehenetsiko dira, esaterako, ibarbasoak, baso autoktonoak, padurak, habitat hidroturbosoak etab.

2) Europar Batasunean edo eskualde mailan mehatxatutako basaflora eta basafauna espezieak –Batasuneko arauetan edo Estatuko zein erkidegoko katalogoetan jasotakoak– babesteko eta kontserbatzeko proiektuak.

3) Flora exotiko inbaditzaileko espezieak desagerrarazteko proiektuak, degradatuta dauden habitat naturalak leheneratzeko ekintzak jasotzen badituzte.

4) Hezeguneen lurralde-plan sektorialeko II. eta III. taldeetan sartutako hezeguneen kontserbazio-egoera leheneratzea eta hobetzea.

5) Lurraldearen konektagarritasun ekologikoan eragin zuzena izango duten jarduketak, esaterako, toki-mailako biodibertsitate-intereseko eremuen arteko lotuneak sustatzea, heskaiak sortzea, azpiegitura berdeak bultzatzea (harrapatzeen puntu beltzak murriztea, fauna-pasabideak etab.).

6) EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan bildutako guneen babesa eta kontserbazioa zuzenean sustatzen duten jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, erriberak eta ibilguak garbitzeko jarduerak; betiere, jarduera horiek udal eskatzailearen eta Uraren Euskal Agentziaren artean sinatutako lankidetza-protokoloen esparruan egiten badira. Horrelako protokoloek edo dagokien jarduera-lanek biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko nahitaez bete beharreko baldintza batzuk bilduko dituzte.

Diru-laguntza eskatzen den jarduerak egiteko beharrezkoak diren lurrak erosteko bideratutako diru-kopuruak ezingo du gainditu aurreikusitako guztizko aurrekontuaren % 40.

Ez dira diruz lagunduko ezagutzak eskuratzeko azterlanak idaztera zuzendutako eskaerak, ez eta sentsibilitate-ekintzak argitaratzera zuzendutakoak ere.

Ez dira diru-laguntzaren xede izango edozer obra edo proiekturen administrazio-baimenean ezarritako zuzenketa- edo konpentsazio-neurrien ondorioz gauzatutako ekintzak.

d) Ekonomia zirkularraren lerroan.

Diruz lagundu ahal izango dira hondakinak ez sortzera bideratutako ekintzak, hala nola jakiak alferrik ez galtzera eta biohondakinak ez eragitera bideratutakoak, lehentasuna hauei emanda:

1) Elikagaiak alferrik ez galtzea sustatzeko eta ezartzeko mekanismoak.

2) Materia organikoa gaika biltzeko sistemak sortzaile handietan (dendak, ikastetxeak, bestelako gizarte-ekipamenduak...), tratamendu biologikorako.

3) Hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak, gaika biltzen ez diren hondakinak ez sortzera eta gaikako bilketa sustatzera bideratutakoak.

4) Gaika biltzen ez diren hondakinak ez ekoizteko lagungarriak diren sistemak ezartzea, errefusaren bilketan erabiltzailea identifikatuta, eta era konbinatuan biohondakinen atalean.

5) Herritarrei zuzendutako negozioak edo sistemak, konponketa edo autokonponketa sustatzen dutenak.

Jarduera horiez gainera, herritarrei zuzendutako komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egin beharko da.

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Diruz lagundu ahalko dira Tokiko Agenda 21en eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, 2018ko uztailaren 1etik 2019ko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintza horien artean, gutxienez honako hau egongo da: ikasturte bakoitzean, eskola arteko foro bat eta udal-foro bat antolatzea. Foro horietan, besteak beste, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Lehen artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, bi milioi ehun eta hirurogei mila (2.160.000) eurokoa izango da, agindu honen xedapen gehigarrian xedatutakoaren kalterik gabe. Kopuru hori honela banakatzen da:

1) Lurzoru kutsatuen lerroan:

Gehienez ere seiehun mila (600.000) euro bideratuko dira.

2) Klima-aldaketaren- lerroan:

Gehienez ere seiehun mila (600.000) euro bideratuko dira.

3) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan:

Gehienez ere laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000) euro bideratuko dira.

Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroko laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen ditu; hau da, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar da EGEFen ekarpena. Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende daude lerro honetako laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:

4) Ekonomia zirkularraren lerroan:

Gehienez ere, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.0000) euro bideratuko dira.

5) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Gehienez ere, berrehun eta hirurogei mila (260.000) euro.

2.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, agindu honetako 14. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenaren arabera. Inguruabar hori Ingurumeneko sailburuordeak diru-laguntzak emateko egiten duen ebazpenean aipatuko da.

3.– Erakunde onuradunetako batek jaso duen diru-laguntzari uko egingo balio ezarritako exekuzio-epearen lehen urtean, proiektu horri esleitutako kopurua zati batean edo batere ez (aurrekonturik ez edukitzeagatik) diruz lagundutako jarduketetako batera bideratu ahal izango da, 17.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, tokiko erakunde txikiak, udalerriaz gaindiko tokiko erakundeak, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Tokiko merkataritza-sozietateek, tokiko garapen-agentziek eta udalerriaz gaindiko tokiko erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte onuradun izateko:

a) Kapital soziala, oso-osorik, titulartasun publikokoa izango da.

b) Bazkide gehienak udalak izango dira.

c) Udaletako alkateek berariaz izendatutakoak beharko dira izan, diruz lagundu nahi den jarduera burutzeko.

3.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. zenbakian jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

4.– Diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

5.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen debeku edo zehapen administratibo edo penala duten erakundeek ezin izango dituzte eskuratu agindu honetan aipatzen diren laguntzak, –debeku edo zehapen horien artean da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa–.

5. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak baimenari uko egin ahal izango dio espresuki, horretarako egiaztagiria Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorreko 22. artikuluan zehaztutako moduan aurkeztuta.

2.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bazter utzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dauzkan egiaztatze-, kontrol- edo ikuskatze-ahalmenak.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da), honako betebehar hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira:

a) Erakunde eskatzaileak, eskabidea egin duen unean, egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du administrazioei zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako eskatzen eta haietatik lortzen dituen laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztien inguruko informazio guztia jakinarazteko, bai eta eskaerak aurkeztu diren diru-laguntza programetan BEZak ere diru-laguntza jaso dezakeen ala ez berariaz adieraztekoa ere.

c) Erakunde eskatzaileak diru-laguntza eskatzea erabaki du, eta laguntzaren bidez ezin ordain daitekeen zatia finantzatzeko konpromisoa hartu du.

d) Erakunde onuradunak diru-laguntza itzultzea hitzematen du, kokagunearen berrerabilerak gainbalioak eragiten baditu edo diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio.

e) Ibilguak garbitzeko eta ibaiertzak berreskuratzeko proiektuen kasuan, erakunde eskatzaileak eta Uraren Euskal Agentziak jarduera horiek aurrez adostu dituztela, dagokion lankidetza-protokoloa sinatuta.

f) Jasangarritasunerako Hezkuntzaren lerroaren kasuan, erakunde eskatzailea konprometitzen dela Eskolako Agenda 21 bere lurraldean ezartzen ari den ikastetxe batekin koordinatzera

eta eskakizun hauek:

a) Erakunde eskatzaileak ez du zigor- edo administrazio-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, eta ez dago diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan.

b) Parte hartzen duten udalerrietako alkateek espresuki izendatu beharko dituzte eskualde-erakundeak, diru-laguntzaren xede den jarduna egiteko.

c) Baldin eta erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat, tokiko garapen-agentzia bat edo bestelako toki-erakunde bat bada, kapital publikokoa izango du, bazkide nagusiak udalak izango ditu, eta udalerri partaideek berek erabakiko dute diruz laguntzea nahi duten jarduera egitea.

d) Erakunde onuradunak beti errespetatzen dituela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako printzipioak (3. artikulua) eta betebeharrak. Eta, bereziki, 16, 18.4 eta 23. artikuluetan ezarritakoa betetzen du.

Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentuetan jasotako datuak, eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian diru-laguntzon onuradun izateko ezarritako eskakizunak.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehen artikuluan ezarritako ekintzak gauzatzeko egindako gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak. Edonola ere, proiektua gauzatzeko aldian egindako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

2.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak.

b) Komunikazio-, parte-hartze-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, natura-ondareari eta biodibertsitateari, ekonomia zirkularrari eta jasangarritasunerako hezkuntzari dagozkion ekintzak salbu, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Lursailak erostera bideratutakoak, salbu eta natura-ondarearekin eta biodibertsitatearekin lotutakoak, eta 2.c) artikuluan jasotako baldintzen arabera.

d) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako plantillako langileei dagozkien gastuak, eta diruz lagundu ezin diren gainerako gastuak, diru-laguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz.

e) Ez dira diruz lagunduko leasing finantzarioko edo renting-alokairuko (leasing operatiboa) operazioak.

f) Inpaktua murrizterik lortzen ez duten edo ingurumen-hobekuntzarik ez dakarten gastuak.

g) Beharrezkoak ez diren gastuak, behar bezala justifikatuta ez daudenak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek agindu honetan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu. Zehazki, natura-ondarearen, biodibertsitatearen eta ekonomia-zirkularraren lerroaren barruko proiektuetan, gehiegizko gastutzat joko dira ikerlanetarako eta sentsibilizaziorako gastuak, aurrekontu orokorraren % 20 gainditzen badute.

3.– Zerbitzuren bat eskaintzeko teknologia jakin bat eskuratzeko proiektuei dagokienez, diruz lagundu ahalko da hautatutako teknologiaren eta ohiko teknologiaren prezioen artean dagoen aldea. Besteak beste, udal ibilgailu-parkea berritzeko eta beste edozein ekipamendu eskuratzeko eta/edo ordezteko.

4.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, 2. artikuluan deskribatutako Agenda 21en koordinazio-proiektuak gauzatzeko kanpo-kostuak bakarrik lagunduko dira diruz.

7. artikulua.– Diru-laguntza eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.– Entitate bakoitza proiektu bakar baten onuradun izan ahalko da, diru-laguntza lerro bakoitzeko. Ez dago eskaerak aurkezteko mugarik, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik. Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta biodibertsitatearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, entitateak lerro horietan eskaera bat baino gehiago egin badu, diru-laguntza bakarrik puntuaziorik handiena lortu duen jarduerari eman ahalko zaio.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, deialdi berean ezin izango dira aurkeztu kokapen bera aztertzeko edo proiektua idatzi eta, ondoren, berreskuratzeko eskabideak, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu badute diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, diru-laguntza jasotzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango dute eskabiderik banaka aurkeztu, beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu.

Ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, erakundeak laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

4.– Udalerri bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

8. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

9. artikulua.– Eskabideak egiteko modua eta horiek aurkezteko epeak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko irailaren 14an amaituko da, muga-eguna barne.

2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.eus-en egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2018/herrijasangarriak/y22-izapide/eu

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkezten bada, ordezkaritza justifikatu beharko da, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egin eta jakinaraziko dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eskabidea egiten duten entitateei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak laguntza-lerro hauek kudeatzeko fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horiek Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren datu pertsonalen fitxategiak arautzeko 2015eko apirilaren 1ean emandako Aginduan aipatzen dira. Era berean, jakinarazten da deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarrela tartean diren pertsonek onartzea beren datu pertsonalak erabili ahal izango direla 19.9 artikuluan azaldutako helburuarekin. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailera jo beharko da (Zerbitzu Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak:

a) Behar bezala sinatutako erantzukizunpeko adierazpena (2011rako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan aipatuta), zeinak 5.3 artikuluan ezarritako baldintzak betetzea egiaztatu ez ezik.

b) «Oinarrizko eta harremanetarako datuen» formularioa.

c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Aurrekontua» inprimakia, behar bezala beteta. Aurrekontua kontu-sailen arabera banakatu beharko da, kontzeptuak argi bereizita.

d) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Proiektuaren memoria» inprimakia. Beharrezko eremu guztiak bete beharko dira, diru-laguntza eskatzen den proiektu motaren arabera. Zehazki, «Memoriaren proiektua» inprimakiaren barnean, lerroaren arabera, honako hauek adierazi beharko dira nahitaez: inpaktuaren murrizketako parametro gakoa edo gakoak, kalkulu-metodoaren xehetasunak, baita kontserbazio-egoeraren hobekuntza ere, Natura-ondare eta Biodibertsitatearen lerroaren kasuan.

e) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideen kasuan, entitate eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu beharko du, eta kokalekuaren zer ehuneko den udalaren titulartasunekoa ere bai. Aurreko baldintzak, baita, hala badagokio, agindu honen 2.2.a) artikuluan aurreikusitako salbuespenak ere, horien berri ematen duen egiaztagiriaren bidez (edo egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen bidez) justifikatu ahal izango dituzte.

f) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideetan, jarduketa egingo den kokagunearen titularra ez bada udala, jarduketaren premia egiaztatu beharko da, eta, behar izanez gero, diruz lagundutako jarduketa egingo den kokagunean jarduteko titulartasuna egiaztatuko da.

g) Berotegi-efektuko gasen isurpenak murriztera bideratutako klima-aldaketaren lerroko ekintzei dagokienez, diru-laguntza eskatzen den jarduerari dagokion isurpen-murrizketa zehazteko egindako hipotesiak, kalkuluak edo estimazioak jasota eta azalduta dauden frogagiria atxiki beharko da.

h) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroko eskabideetan, beharrezkoak diren baimenen laburpenen inprimakia, eta erakunde eskudunek emandako baimenak, halakorik izanez gero (jabari publiko hidraulikoko jarduketak, itsas-lehorreko jabari publikokoak, natura parketakoak etab.).

i) Natura-ondare eta biodibertsitatearen lerroko eskaeren kasuan, eta proiektuan lurrak erostea jasota badago, behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasatzaile independente baten ziurtagiria aurkeztu behar da.

2.– Eskatzaileek, borondatez, eta puntuazio handiagoa lortze aldera, honako agiri hauek aurkeztu ahalko dituzte eskabideekin batera:

a) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota.

b) Klima-aldaketaren lerroko eskaeren kasuan, hala badagokio, plan, programa edo klima-aldaketarekin lotura duen ordenantza izatea egiaztatu behar da.

c) Hala dagokionean, tokiko jasangarritasun-politikak beteko direla hitz ematea eta/edo jasangarritasun-prozesuen ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea.

d) 16. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzeko prozedura.

1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota beharrezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaera ez zaiola onartuko. Ebazpena Ingurumeneko sailburuordeak egingo du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. eta 21. artikuluek aurreikusitako moduan.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, diru-laguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki balioesteko, eta 10 eguneko epea emango dio horretarako, eta jakinaraziko dio informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela.

12. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ondarearen eta Klima-aldaketaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena).

2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskabidea egiten duten erakundeek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 14. artikuluan adierazitako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 16. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.

d) Jarduera egin den eta diru-laguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, diru-laguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez balioestea.

f) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

14. artikulua.– Organo ebaluatzailea.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da, kide hauek izango dituena:

– Aitor Zulueta Tellería. Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria.

– Ivan Pedreira Lanchas. Ingurumenaren Administrazioko zuzendaria.

– Jesús Losada Besteiro. Ihobe SA, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.

2.– Organo ebaluatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen hori 16. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honakoak bilduko ditu, arrazoiak adierazita: diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak; diru-laguntzen zenbatekoa; diru-laguntza jasoko ez duten proiektuak; ezeztatutako eskaerak, ezeztapenaren arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.

15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

(Ikus .PDF)

Ikerketa-proiektu bakoitzak 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez diru-laguntza gisa; prebentzio- eta leheneratze-proiektu bakoitzak, berriz, 200.000 euro, gehienez.

Zabortegietan egiten diren ingurumen-jarraipeneko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

b) Klima-aldaketaren lerroan:

(Ikus .PDF)

Proiektu bakoitzak 80.000 euro jaso ahalko ditu gehienez diru-laguntza gisa, salbuespen hauekin:

1) Klima-aldaketara egokitzeari loturiko planak eta azterlanak egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

2) Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da hamar plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 eurokoa ibilgailu handiago bakoitzeko. Bi kasuetan, gehienez 80.000 euro, proiektu bakoitzeko zenbateko handiena denez.

c) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa proiektuko 50.000 eurokoa izango da.

Erriberak eta ibilguak garbitzeko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

d) Ekonomia zirkularraren lerroan:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa proiektuko 25.000 eurokoa izango da.

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Laguntzak ez dira izango diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 16.000 eurotik gorakoak ere, erakunde onuradun bakoitzeko.

2.– Oro har, a), b), c) eta d) letren lerroei dagokienez, erakunde eskatzailea eskualde-erakunde bat bada, eta proiektuan parte hartzen duten udalerrien % 75en biztanle-kopurua ez bada ezarritakoa baino handiagoa, kopuru horretatik beherakoetarako ezarritako balorazio-irizpidea baliatuko da.

16. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehia-prozeduraren bidez esleituko dira 1. artikuluan aipatzen diren lerroetako bakoitzean, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan. Diru-laguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak 100etik gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu organo ebaluatzaileak artikulu honetako 4. paragrafoan zehazten diren irizpideen arabera egindako balorazioan.

50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun-ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori kontuan hartuko da, soil-soilik, balorazio-aldian 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren laguntzen kasuan, horiek konkurrentzia ez lehiakorreko prozeduraren bidez esleituko dira, eta haien kuantifikazioa hainbanaketaz egingo da, 15.1.e) artikuluaren irizpideen arabera.

3.– Proiektu bakoitzari egokitutako diru-laguntza agindu honetako 6. eta 15. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.

4.– Diru-laguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

a.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Gehienez, 20 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, zehazki, lurzorua babestekoa, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Ikerketaren kasuan, kutsaduraren ezaugarriak zehazteko eta ebaluatzeko teknika berritzaileak erabiltzea, eta leheneratzearenean, in situ edo on site teknologiak aplikatzea, alde batera utzita hondeatzea eta kanpo-kudeaketa.

a.2.– Kokalekuan eta inguruko lurretan gizakien osasunean edo/eta ingurumenean izan ditzakeen eraginak. Gehienez, 55 puntu.

a.3.– Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. Gehienez, 25 puntu.

b) Klima-aldaketaren lerroan.

b.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira berritzailetzat eta estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

Zehazki, egokitzapen-arloan estrategikotzat joko da ekinbidea bat etortzea eskabidean justifikatutako urrakortasunari dagokion egokitzapen-planarekin edo ekinbidearekin.

b.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.

b.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako murrizketak), ekintzaren kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.

Berotegi efektuko gasak murrizteko ekintzetan, lehentasunezko irizpidea kostu/etekin erlazioa izango da (tona murriztu diruz lagundu daitekeen inbertsioaren euro bakoitzeko), betiere kalkuluak behar bezala justifikatuta baldin badaude.

c) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroa (ibaiertzak eta ibilguak garbitzeko proiektuak salbu):

c.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Ura-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua.

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 21eko kide diren udaletan.

– Proiektuak klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dion ekarpena, arintze-jardueren nahiz egokitzapen-jardueren bidez.

c.2.– Jarduna non gauzatuko den edo jardueren xede diren habitatak/espezieak, gehienez 30 puntu:

c.2.1.– Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak) edo Urdaibai Biosferaren Erreserban kokatuak: gehienez, 30 puntu.

c.2.2.– EAEko hezeguneetarako LAP Lurraldearen Arloko Planaren II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lursailak: gehienez, 25 puntu.

c.2.3.– Aurreko epigrafeetan sartuta egon ez arren, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basaflorako eta basafaunako espezieak dituzten lursailak –espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basafaunako eta basaflorako espezie mehatxatuen EAEko katalogoan–: gehienez, 25 puntu.

c.2.4.– Konektibitate ekologiko regionalarako, garrantzizkoak diren eremuak: gehienez, 20 puntu.

Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.

c.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz habitatek eta espezieek izan ditzaketen hobekuntzak, gehienez 30 puntu.

Horiek baloratzeko, kuantifikatu egingo dira, ahal den neurrian, habitatak kontserbatzeko interesa, hobetu edo berreskuratuko diren habitaten azalera eta baita kontserbazio-egoeran aurreikusten diren aldaketak ere; espezieen kasuan, kontuan hartuko da onura izango duten espezieen mehatxu-maila, eragindako populazioen garrantzi erlatiboa eta kontserbazio-egoeran aurreikusten diren hobekuntzak.

c.4.– Proposamenaren kalitate teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa, proiektuaren bideragarritasuna eta jarraipen-plana; gehienez 25 puntu.

c.5.– Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: 10 puntu, gehienez.

d) Ondarel naturala eta biodibertsitatea lerroa: ibaien ertzak eta ibilguak garbitzeko proiektuak ebaluatzeko irizpideak hauek izango dira:

d.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 10 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Udalsarea 21eko kide diren udaletan, ofizioz egiaztatuko da eskakizun hori betetzen den.

d.2.– Proposamenaren kalitate teknikoa (proposatutako metodologia, arroko beste udalerri batzuekin koordinatzea, elkarteak inplikatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko neurriak deskribatzea) eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 40 puntu.

d.3.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, ibaiertzean garbitu beharreko metro linealak, biztanleria onuraduna eta eragina, erretiratutako hondakinak, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.

d.4.– Sentsibilizazio- eta dibulgazio-plana (proiektuarekin, ekintzekin, helburuko biztanleriarekin lerrokatuta egotea): gehienez, 5 puntu.

d.5.– Proiektua gauzatzeko sortu beharreko enplegu-kopurua: gehienez, 5 puntu.

e) Ekonomia zirkularraren lerroan:

e.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Udalsarea 21eko kide diren udaletan, ofizioz egiaztatuko da eskakizun hori betetzen den.

Zehazki, estrategikotzat joko da ekinbidea bat etortzea tokiko erakundeak hondakinen plan bat izatearekin, edo eskabidean behar bezala justifikatutako hondakinen prebentzioko eta kudeaketako helburuak izatea, bai eta arloan indarrean dagoen legediaren araberako udal-ordenantza bat onartzea ere.

e.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.

e.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako inpaktu-murrizketak), ekintzaren kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.

f) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan: honako hauek izango dira proposamenak onartzeko irizpideak:

Tokiko Agenda 21 eta Eskolako Agenda 21 arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzetarako eskaera guztiak onartuko dira, betiere hauetako jarduketaren bat jasotzen badute, 2.e) artikuluan zehaztutako nahitaezko jarduketez gain.

a) Azterlaneko gaiari buruzko txostenak.

b) Jardunbide egokien bilduma.

c) Udal-baliabideen katalogoak egitea.

d) Diagnostikoa egiteko irteerak edo ibilbideak.

e) Familientzat eta ikasleentzat jardunaldi teknikoak antolatzea.

f) Esperientziak web bidez edo beste bide batzuetatik komunikatzea eta zabaltzea.

g) Erakusketa ibiltariak egitea.

h) Eskoletako topaketak egun seinalatuetan.

17. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ingurumeneko sailburuordeak, ebaluazio-organoak igorritako proposamen arrazoitua ikusita, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena izenpetuko du sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratuz emango zaie haren berri interesdunei.

Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

2.– Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zer erakundek jaso duen, laguntza zer proiektuk jaso duen eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira. Halaber, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jaso duen diru-laguntzari, ezarritako exekuzio-epearen lehen urtearen barnean, ebazpenean zehaztuta egongo da partez diruz lagundutako proiektuen eta aurrekontu ezagatik diru-laguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, diru-laguntzak jaso ditzaten.

3.– Aurreko paragrafoetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Baldintzen agiria.

Proiektu bakoitzaren bereizgarriei erreparatuta, hala dagokienean, diruz lagundutako proiektua gauzatu ahal izateko nahitaez bete beharreko baldintza teknikoak eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Jasangarritasunerako hezkuntzako proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri erakunde onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Esleitutako diru-laguntza onartzea. Laguntzak onartzeaz batera, agindu honetan eta 18. artikuluan adierazitako baldintza-agirian, hala dagokionean, aipatzen diren baldintza eta arau guztiak ere onartzen dira orobat. Alde horretatik, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan diru-laguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, diru-laguntza hori onartu dela ulertuko da.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea, eta bai Ihobe SA erakunde laguntzaileak bai organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

3.– Proiektuan edozein arrazoi dela medio, aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

4.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 22. artikuluan ezarritako epeetan.

5.– Diru-laguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 21. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

6.– Proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

7.– Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo diru-laguntzaren zenbatekoa zein diren.

8.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea proiektuan jasotako informazio teknikoa, pedagogikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren informazio-sistemetan txerta ditzan eta haren zabalkuntza edo argitalpena egin dadin edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen proiektuen kasuan, diru-laguntza hau aplikatzeko lanetarako sortzen diren dokumentuak, materialak eta datu-baseak «Ingurumenari buruzko informazioa bidaltzeko jarraibideak» dokumentuan azaltzen den bezala aurkeztuko dira. Hemen eskuratu daitezke jarraibide horiek (http://www.euskadi.eus/informacion/instrucciones-para-la-entrega-de-informacion-ambiental/web01-s2ing/es/ (http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-informazioa-bidaltzeko-jarraibideak/web01-s2ing/eu/)

9.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, baita publizitatean ere. Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean eta, zehazki, diruz lagundutako ibilgailu edo ekipamenduetan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren logotipoak agertu beharko dira, Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera (http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.eus/r48-contsepr/es/contenidos/informacion/v2_simbolos/es_simboide/simbolos_identidad.html), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.

10.– Diru-laguntza jasotzen duen toki-erakundea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean baldin badago (Udalsarea 21), sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.

11.– Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

Jarduerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatzeko aukera eman beharko zaie herritarrei.

12.– Argitalpenik eginez gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.

Paperezko argitalpenik eginez gero, argitalpenaren eta eskuorrien gutxienez hamar ale bidali beharko dira.

13.– Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

14.– Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

15.– Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

16.– Lurzoru kutsatuetarako proiektuak:

a) Kokapenaren berrerabilerak gainbaliorik sortzen badu, erakunde onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legedian ezarritakoa betez. Era berean, erakunde onuradunak diru-laguntza itzultzea hitzematen du, diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio.

b) Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du diru-laguntzaren xedea den kokalekuko lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedura egiteko, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearekin bat etorriz.

Lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu-proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Sailburuordetzak emanda.

Nolanahi ere, eskabidea egiten duen erakundeak prozeduran zehar agintzen zaizkion neurriak ezartzeko konpromisoa hartzen du.

c) Diruz laguntzen diren ekintzak egiterakoan, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan eskatutakoa bete beharko da (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena).

d) Lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedurak eskatzen duen dokumentazioa aurkezteaz gain, diru-laguntza kontrolatzeko prozesuaren esparruan, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzak ikerkuntza-estrategiak onestea, gauzatu aurretik, eta organo horri jakinaraztea zein den kronograma eta zehazki noiz hasiko den lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta/edo berreskuratzeko prozesua.

17.– Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroko ekintzetan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak konfinantzatzen dituen horietan, diru-laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira. Kofinantzaketa horren ondorio dira honako betebehar hauek:

a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, erakunde onuradunak legedi nazional eta erkidea bete beharra dauka.

b) Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi horren berri eman beharko da 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 3. atalean eta XII. eranskineko 2.2 atalean ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFren bidezko kofinantzaketa komunitarioa duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da bere webgunean, Batasunaren diru-laguntza jasotzen duela nabarmenduta, eta proiektuari buruzko gutxienez informazio kartel bat jarriko da, A3 tamainan gutxienez, eta Batasunaren diru-laguntza jasotzen duela aipatuko da erraz ikusteko leku nabarmen batean.

c) Laguntza onartuaz batera, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. zenbakian jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea ere onartuko da.

d) EGEFren kofinantzaketak derrigortu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hasita. Testuinguru horretan, erakunde onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

18.– Natura-ondare eta biodibertsitatearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, entitate onuradunak diru-laguntza itzultzeko konpromisoa hartzen du haien salmenta eta/edo titulartasunaren transferentzia gertatzen bada. Era berean, diru-laguntza itzultzera behartuta egongo da lursailaren erabileran aldaketarik gertatzen bada, non eta ez den biodibertsitatearen kontserbaziorako edo hobekuntzarako.

20. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Inbertsioaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan halakorik aitortzen badu, ordainketa automatikoki kitatuko da, hargatik bazter utzi gabe ondoren administrazio-bidean erreklamazioa aurkezteko aukera.

21. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Ingurumen Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, hala behar denean, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Ezingo da inola ere aldatu jardueraren izaera, eta, aldaketa onartuko bada, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina parekoa edo handiagoa dela hasieran diruz lagundutako proiektuarena baino.

3.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin erakunde onuraduna bidezko zehapenetatik salbuetsita geratzea.

5.– Diru-laguntzaren xede den jarduera gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionez, salbuespen gisa, erakunde onuradunak jarduera hori gauzatzeko epea luzatzeko eskaera egin ahal izango du, jarduera gauzatzeko ezarritako epea agortu baino gutxienez hilabete lehenago; betiere, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean eta behar bezala justifikatzen dituenean. Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren kasuan, ezin izango da halako luzapenik eskatu.

Epea luzatzeko, Ingurumeneko sailburuordeak onartu beharko du ebazpen bidez.

22. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintza 2020ko urriaren 31 baino lehen gauzatu eta justifikatu beharko du, kasu hauetan salbu:

– Jasangarritasunerako hezkuntzako ekintzak 2019ko uztailaren 15a baino lehen gauzatu behar dira; proiektuaren amaierako dokumentazioa, berriz, 2019ko irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dute.

2.– Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, bitarteko elektronikoz, https://euskadi.net/nirekudeaketak webgunean:

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla adierazten duena.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen diru-laguntza jasotzekoa den jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen-arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumeneko etekinen kasuan, inpaktuen murrizketa eta egiazko ingurumen-presioak zenbatestea, a priori helburuekin alderatuta, 18. artikuluan zehaztutako baldintzen pleguan adierazitakoaren arabera. Diruz lagundutako ekintzaren izaeraren arabera, jarduketaren aurretik eta ondoren egindako argazkiak jasoko dira memorian, ahal den guztietan.

c) Ekonomia zirkularreko proiektuen kasuan, jakiak alferrik ez galtzea sustatzera edo/eta ezartzera bideratutako mekanismoen ingurukoak badira, udalerrian alferrik galtzen den jakien benetako kalkulua eta horretarako metodologia jaso beharko dituzte.

d) Natura-ondare eta biodibertsitatearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, entitate onuradunak Jabetzaren Erregistroko ziurtagiria erantsi beharko du.

e) Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jardueraren kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskabidearen kopia.

f) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Ordainagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

g) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta, izanez gero, helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso izanaren adierazpena. Gastu-zerrendan, fakturatutako kontzeptua nahikoa zehaztu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta besteak bereizi ahal izateko.

h) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

i) Proiektuan sortutako materialen kopia.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren proiektuak sustatu dituzten erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diru-laguntza justifikatzeko:

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, diru-laguntzaren xedea bete dela adierazten duena.

b) Azalpen-memoria –eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan– jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroari dagozkion ekintzak egin direla adierazteko eta haien ezaugarri nagusiak eta ezarritako helburuen betetze-maila azaltzeko. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena. Udalerri bakoitzak, halaber, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren jarduna azaltzeko memorian bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.

c) Diruz lagundutako proiektuaren fakturak. Ziurtagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

d) Sarrera eta gastuei buruzko ziurtagiriak; hala badagokio, helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da. Gastu-justifikazioan, fakturatutako kontzeptuak beha bezala zehaztuta azaldu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta halakoei ez dagozkienak bereizi ahal izateko.

e) Proiektuan sortutako ikasmaterialen eta dibulgaziokoen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, adieraziko da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak hezkuntza-komunitatearentzat.

23. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta biodibertsitatearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, honela ordainduko da onartutako diru-laguntza:

a) Ordainketaren lehen aurrerakina, diru-laguntzaren % 25, diru-laguntza onartu ostean, 17. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, diru-laguntzaren % 25, 2019ko urriaren 31 baino lehen.

c) Hirugarren ordainketa, diru-laguntzaren % 50, 2020ko ekitaldian egingo da, 22.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, honela ordainduko da diru-laguntza: diru-laguntzaren % 50, laguntza onartutakoan; gainerako zatia, berriz, 22.3 artikuluan zehazten den dokumentazio egiaztagarria 2019ko irailaren 15aren aurretik aurkezten denean, eta haren analisia egin eta gero.

24. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta erakunde onuradunak ez badu erabiltzen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza eskatutako eta emandako xede espezifikorako, ez badu egiten diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera, ez badu justifikatzen diru-laguntza jaso zuen xederako baliatu duela, edo, oro har, ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, erakunde horrek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz betiere, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, ez-betetzetzat joko da eskatzaileari egotz dakiokeen kausaren batengatik lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura amaitu ezin izatea, diru-laguntza eman denetik 5 urte igaro badira.

3.– Era berean, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru kopurua, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 8. artikuluan adierazitakoarekin bat; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak ordainarazi ahal izango zaizkio, sortutako kalteengatik, eta, hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Aipatutako kantitateek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondorioetarako.

25. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan ezarritako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren programak gauzatzean agortu ez den aurrekontu baliabiderik izanez gero, eta diru-laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1ko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 6a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala