Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

113. zk., 2018ko ekainaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3054

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzeko deialdia egiten baita 2018ko ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei zuzendutako ostatuak eraiki, egokitu, hobetu edo ekipatzeko minimis laguntzen araubidea finkatzea.

8. artikuluak xedatzen duenez, urtean behin, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko titularraren agindu baten bidez, eskabideak aurkezteko epea irekiko da. Aipatutako agindu horrek finkatuko ditu eskabideak aurkezteko epea, laguntza guztiei zuzendutako gehieneko zuzkidura globala eta, hala badagokio, haren urtez urteko xehetasunak, laguntzen zenbatekoa finkatzeko erabilitako irizpide objektiboen zehaztapena eta horien haztapena, eta 7. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitako agirietatik aurkeztu beharrekoak finkatuko lirateke, deialdi bakoitzean hautatzen diren irizpide objektiboen arabera.

Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak onuradun izateko nahitaez bete behar diren zenbait betekizun ezartzen ditu, eta apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuak ez ditu guztiak jasotzen. Hori kontuan hartuta, betekizun horiek jaso dira aginduaren ebazpen-zatiko bigarren puntuan. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak bete behar diren zenbait betebehar ezartzen ditu, eta horiek ebazpen-zatiko hirugarren puntuan jaso dira. Ondorioz, arau horiek betetzeko, eskabide-eredua arau horietara egokitu da, eta agindu honen eranskin gisa argitaratu.

Era berean, laguntza hori jasota dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2018ko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren «euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Hori guztia dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018rako aurrekontu orokorretan –abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez onartuak– laguntza horiek finantzatzeko ordainketa-kreditua erabilgarri dagoenez, eta Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko diru-laguntzen araudia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2018ko ekitaldirako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egitea.

Bigarrena.– Betekizunak.

Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako betekizunez gain, puntu honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Betekizun horiek Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak jasotzen dituzte. Hauek dira:

1.– Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua krisian den enpresatzat hartua ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

2.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

3.– Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan.

4.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

5.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

6.– Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

7.– Diru-laguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

8.– Kausaren batean erruduntzat jotzeagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa emanda ez egotea.

9.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

10.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

11.– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

12.– Berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Eskabideak eta dokumentuak aurkezteko epea.

1.– Apirilaren 17ko 62/2018 Dekretuak ezarritako laguntza deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da 2018ko ekitaldian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabide-inprimakia eskura dago http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ web-orrian, eta agindu honen eranskin gisa argitaratu da.

3.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren kopia, pertsona fisikoa bada.

b) NANaren eta legezko ordezkariaren ahalordetze-eskrituraren kopia, pertsona juridikoa bada; eta erakundearen estatutuen eta dagokien erregistroan inskribatu izanaren fotokopia.

c) Egin beharreko inbertsioa edo gastua deskribatzen duen memoria. Bertan, aurreikusitako burutzapen epeak, kokalekua, finantzaketa nahiz aurrekontua adierazi beharko dira, behar beste xehatuta.

d) Hirugarrenen alta, Administrazioak dagoeneko ez badauka.

e) Obra proiektuaren, lizentziaren eta udal baimenaren kopia, hala badagokio.

f) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

g) Hala badagokio, jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea dioen «Konpromisoaren» kopia.

h) Errenta-aitorpenaren kopia eta Gizarte Segurantzako nekazaritza-erregimeneko inskripzioaren kopia.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazita: aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla; ebazpen-zatiko bigarren puntuan ezarritako betekizunak betetzen dituela; hori egiaztatzen duen dokumentazioa daukala, eta eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela dokumentazio hori.

j) Laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

4.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK eta eskatzaileak ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duten agiriak. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko ditu.

5.– Ebazpen-zati honetako 3. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Agindu honen ondotik emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretatik etorriko da, eta ez du 70.000 euroko zenbatekoa gaindituko.

Bosgarrena.– Laguntzen zenbatekoa finkatzeko eta horiek haztatzeko irizpide objektiboen zehaztapena.

2018ko ekitaldirako laguntzak zehazteko helburu objektiboak eta horien haztapena hauek izango dira:

– Osatuaren kokalekua, zenbait eremutan aterpetxe premia dagoela-eta: gehienez, 10 puntu.

– Jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea: 15 puntu.

– Ostaturako jarritako plaza-kopurua: gehienez, 10 puntu.

– Kostuaren eta plazen arteko erlazio onuragarriena: gehienez, 5 puntu.

– Jarduera nagusia nekazaritza izatea: 10 puntu.

Seigarrena.– Burutzeko epea.

2018ko ekitaldirako, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 2. artikuluak aipatutako diruz lagun daitezkeen jarduerak burutzeko epea ezin izango da izan 2018ko abenduaren 31tik haratagokoa.

Zazpigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 30a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala