Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2018ko ekainaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
3034

AGINDUA, 2018ko ekainaren 5ekoa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez bostehun milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzen baita eta eragiketa horren ezaugarriak zehazten baitira.

Otsailaren 6ko 15/2018 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2018ko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 10. artikuluaren 1. apartatuan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Dekretu horren arabera, halaber, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Bostehun milioi (500.000.000) euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzea, otsailaren 6ko 15/2018 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den zor publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 500.000.000 euro.

b) Modalitatea: obligazioak.

c) Jaulkitze-prozedura: jaulkipen publikoa.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2018ko ekainaren 15a.

e) Interesa: urteko nominalaren % 1,45, urtero apirilaren 30ean ordainduko dena; kupoi laburra bat ordainduko da 2019ko apirilaren 30ean.

f) Jaulkitze-prezioa: % 99,346.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2028ko apirilaren 30a.

i) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

j) Balio unitarioa: mila euro (1.000,00 euro).

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Harpidetza.

Ogasun eta Ekonomia Sailak bideratuko du jaulki beharreko jaulkipen-balioen harpidetza, jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez. Erakunde horiek horretarako gaituta egongo dira, balore-merkatuaren indarreko araudiari jarraikiz.

4. artikulua.– Gaikuntza.

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari baimena ematen zaie, berdin biei ere, zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsiak eta osagarriak sina ditzaten.

5. artikulua.– Harpidetza, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores SA enpresak ordainduko ditu, helburu horietarako izendatua izan den erakunde eragilearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 5a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala