Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2018ko ekainaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3025

326/18 EBAZPENA, Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, Donostialdea ESIko Neurologiako zerbitzuburu lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Donostialdea ESIko Neurologiako Zerbitzu sanitarioko buru lanpostua hutsik egonik, Zuzendaritza Gerentzia honek deialdi publikoa iragartzea erabaki du, lanpostu hori lehiaketa bidez betetzeko. Prozedura hori honako arau hauetan jasotakoaren arabera egin da: 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena, 28. artikuluko 8 atala (Hirugarren Arau Komuna); 186/2005 Dekretua, uztailaren 19koa, I. eranskina, Osakidetzako Lanpostu Funtzionalak arautzen dituena; 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, osasun zerbitzuetako estatutupeko pertsonalaren Estatutu Markoa; 7/2007 Legea, apirilaren 12koa, Enplegatu Publikoaren Estatutu Markoarena; eta 255/1997 Dekretua azaroaren 11koa.

Zuzendaritza Medikoaren esanetara ondoko eginkizunez arduratuko da:

– Zerbitzuko helburuak proposatu, adostu eta kudeatzea: asistentzialak, irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketari dagozkionak. Helburu hauen lorpena ebaluatuko da.

– Zerbitzuko jarduera-asistentziala zuzentzea.

– Zerbitzura atxikitako pertsonen eta baliabideen antolaketa eta kudeaketa zuzentzea, helburuak lortze aldera.

– Zerbitzuari dagozkion antolaketa eta asistentzia prozesuak berrikusi eta hobetzea.

– Pazienteen gogobetetasunari begira, hobekuntza-ekintzak aztertu eta proposatzea.

– Zerbitzuko pertsonen gogobetetasun handiagorako ekintzak analizatu eta proposatzea.

– Ospitaleko gainerako unitateetako eta ospitalez kanpoko dispositiboetako harremanak koordinatzea, zerbitzuko estrategia egoki garatzeko.

– Kideen talde-lana erraztu eta bultzatzea.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako bandintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Estatutario, funtzionario edo lan-kontratadun finkoa izatea Osakidetzako edozein zentrotan, edo pertsonal estatutario finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko erakunde Sanitarioetan eta zerbitzu egoeran egotea A1 lanbide kategorian; edo, kategoria berean lanpostua erreserban edukitzeko eskubidea duen egoera administratiboan egotea.

b) Medikuntza lizentziatura edukitzea, Neurologiako Espezialitatean.

c) Gutxieneko 4 urteko lan-esperientzia, Neurologiako espezialitatean.

Bigarrena.– Merezimenduen baremoa (gehienez 66 puntu).

Ebazpen honen eranskinean jasota dagoen baremoaren arabera egingo da.

Fase hauek izango ditu:

I) Kudeaketa Memoria-proiektua eta defentsa (gehienez, 30 puntu).

II) Beste merezimendu batzuk (gehienez, 30 puntu).

III) Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Interesdunek Osakidetza-Euskal Osasun zerbitzuko Donostialdea ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara zuzenduko dute eskabidea (Begiristain Pasealekua, z.g. – 20014 Donostia), Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamabost egun balioduneko epean.

Halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako leku eta moduetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

Interesdunek Osakidetza-Euskal Osasun zerbitzuko Donostialdea ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara zuzenduko dute eskabidea (Begiristain Pasealekua, z.g. – 20014 Donostia), bertan datu pertsonalak idatziko dituzte, eta curriculum vitaea atxikiko dute. Dokumentazioa horrela aurkeztuko dute:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopiak konpultsatua.

b) Funtzionario edo langile estatutario izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua (Lanpostu funtzionalen Dekretuak jasotzen duenaren araberakoa).

d) Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratuta, deialdia EHAAn argitaratu zen eguneko kategoria zein den adierazita.

e) Bete nahi den Zerbitzuko kudeaketari buruzko memoria-proiektua.

f) Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea, CV aplikazio informatikoan behar bezala egiaztatuta dauden guztiak; dena den, izangaiak eskabidean adierazi behar du hori horrela dela.

Laugarrena.– Onartu eta baztertuen zerrenda.

Izena emateko epea amaitzen denean, Donostialdea ESIko zuzendari gerenteak, ebazpen bidez, behin behineko onartuen eta baztertuen zerrenda onartuko du; era berean, dagokionean, baztertu izanaren arrazoiak azalduko ditu. Ebazpena Osakidetzako web gunean argitaratuko da, eta behin betiko bihurtuko da baztertutako izangairik ez baldin badago.

Hamar egun baliodun izango dira, ebazpena argitaratzen den biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.

Baztertzeko arrazoia konpondu litekeen egoera batek sortu badu, interesdunei errekerimendua egingo zaie erreklamazioa aurkezteko epe berean zuzenketa egiteko. Errekerimendu horretan adieraziko zaie adierazitako akats horien zuzenketa egiten ez bada, prozesutik kanpo gertuko direla.

Aipaturiko epe iraganda, behin betiko zerrenda argitaratuko da Donostialdea ESIko zuzendari gerentearen ebazpenaren bidez. Eta dokumentu hau Osakidetzako web gunean argitaratuko da.

Behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa zuzendu dakioke Osakidetzako zuzendari orokorrari, hilabeteko epean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan jasotzen duenaren arabera (urriaren 2ko BOE, 236 zk.).

Bosgarrena.– Balorazio batzordea.

Izendapena eta eraketa

Izangaien behin betiko ebazpena onartu eta argitaratuta, Donostialdea ESIko zuzendari gerenteak izendatuko ditu ebazpen bidez Balorazio Batzordearen kideak; gutxienez, kudeaketa proiektuak aurkezteko data baino hamar egun lehenago. Ebazpen hori Osakidetzako web orrialdean argitaratuko da, eta gora jotzeko errekurtsoaren bidez erreklamazioa jarri ahalko zaio. Batzordearen eraketa hau izango da:

– Lehendakaria: Zerbitzu erakundeko zuzendari medikoa.

– Zerbitzu erakundeko zuzendariorde medikoa.

– Idazkaria: Erakundeko pertsonaleko zuzendaria.

– Hiru kide. Bat IVAPek izendatua hautagaiei eskatutako titulu eta espezialitatea duena, eta finkoa, estatutupeko, funtzionario edo lan kontratuduna, kategoria berean edo goragokoan.

Batzorderako izendatu den titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, titularrek bete behar dituzten baldintza berberak bete beharko dituzte. Erakundean ordezkapena egiteko behar den lanpostu hori ez baldin badago, edo hutsik baldin badago, Osakidetzako beste zerbitzu erakunde batekoa izendatu ahal izango da.

Batzordeko kideen parte hartzeak izaera indibiduala izango du, eta jardueran independenteak izango dira, diskrezionaltasun teknikoaren babesean jokatuko dute; betiere, zuzenbideak ezartzen dituen mugen baitan.

Parte ez hartzea eta errefusatzea

Batzordekideek parte hartzeari uko egingo diote, eta izendatu dituen arduradunari jakinaraziko diote kasu hauetan: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak jasotzen dituen egoerak (urriaren 2ko BOE, 236 zk.).

Egoera horietan interesatuek errefusatzea eska dezakete edozein momentutan, aipaturiko legearen 24. artikuluan jasotakoaren arabera.

Arauak

Batzordeak autonomia funtzional osoa izango du, prozeduraren legaltasuna zainduko du, eta beronen objetibotasuna ziurtatzeko ardura izango du. Oinarri hauetan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta irizpideak ezarriko ditu oinarrietan jaso ez diren eta gerta daitezkeen egoeretarako.

Batzordeak 40/2015 Legearen 15etik 20ra bitarteko artikuluen arabera jokatuko du.

Akordio guztiak botoen gehiengoaren bidez onartuko dira.

Batzordekide guztiek hitza eta botoa izango dute.

Batzordearen sesioetan akta egingo da. Bertan jasoko dira: izangaien izenak, baremazio irizpideak, merezimenduen atal bakoitzean emandako puntuazioa eta guztira emandako puntuazioa.

Seigarrena.– Lehiaketaren atalak.

Lehiaketak hiru atal izango ditu. Hiru atal hauetan baloratuko da memoria-proiektua eta defentsa, bestelako merezimenduak eta euskararen ezagutza.

1.– Kudeaketa memoria-proiektua eta defentsa.

Izangaiei banaka deituko zaie, gutxienez, hamar egun lehenago, eta adieraziko zaie probaren data, lekua eta ordua.

Era berean, deialdia Osakidetzako web gunean argitaratuko da jakinarazteko.

Izangaiek prestatutako proiektua azalduko dute, eta batzordeko kideek egindako galderei erantzungo diete. Prozesu horrek izaera publikoa izango du.

Batzordekide bakoitzak bakarka baloratuko du proiektua eta honen azalpen publikoa, 1 atal baremoaren 1. atalean jasotakoaren arabera. Beharrezkoa izango da gutxienez 15 puntu lortzea fasea honetan.

2.– Bestelako merezimenduen balorazioa.

Behar den epean, eta behar den moduan aurkezturiko merezimenduak baloratuko dituzte batzordekideek; hauei buruz azalpenak eskatzerik izango dute.

Ez dira baloratuko, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen, behar den moduan aurkeztu eta egiaztatu ez diren merezimenduak.

Balorazioa, Merezimenduen Baremoaren 2. atalean jasotakoaren arabera egingo da.

3.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetza normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen dute arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.

4.– Akta eta izendapen proposamena.

Aktak jasoko du zehaztasunez hautagai bakoitzari baremazioaren atal bakoitzean emandako puntuazioa, eta lortutako azken puntuazio orokorra.

Era berean, jasoko dira azalpen labur baten bidez, balorazioa egiteko aintzat hartu diren irizpideak Memoria-proiektuaren azalpenaren balorazioan, eta nola atal bakoitzari eman zaion puntuazio zehatzean.

Hautagaien artean berdinketarik badago, lehentasuna emango zaie emakumeei, otsailaren 18ko, 4/2005 Legeak (EHAA 42 zk, martxoaren 2koa), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari dagokionak, 20.4 artikuluan jasotakoa aintzat hartuta.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, puntuazio altuena (atal guztietan eta dagokion hurrenkeran) lortu duen hautagaiaren alde ebatziko da:

1.a Kudeaketa Memoria-proiektua eta azalpen publikoa.

2.a Bestelako merezimenduak.

3.a Euskara.

Horrela ere argitzen ez bada, dagokion lanbide kidegoan lan-egun gehien egin duen hautagaiaren alde ebatziko da.

Azkenik, bestelako irizpideren bat behar izango balitz, lehenagoko jaiotze data duenaren alde jokatuko litzateke.

Lanpostua lortzeko puntuazio minimoa 33koa izango da, prozesuan lortu litekeen puntuazioaren erdia, hain zuzen ere. Eta 15, derrigorrez, memoria-proiektua eta honen defentsatik lortutakoak izan beharko dute (atal honetan lortu litekeenaren erdia).

Aktak jasoko du Balorazio Batzordearen puntuazio altuena lortu duen hautagaiaren aldeko proposamena.

Zazpigarrena.– Prozeduraren ebazpena.

Batzordeak Donostialdea ESIko zuzendari gerenteari helaraziko dio izangaiaren izendapenaren proposamena; hain zuzen ere, puntuaziorik altuena jaso duen izangaia proposatuz. Halaber, zuzendari gerenteari helaraziko zaion proposamenak, batzordekide guztien sinadura eta izangaiak atal bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuta jasoko du.

Aipaturiko proposamena Osakidetzako web gunean argitaratuko da.

Donostialdea ESIko Zuzendaritza Gerentziak ebazpena egingo du izangaia izendatzeko; hautagaiak ukoa egingo balu, zerrendan puntuaziorik altuena duen hurrengo izangaia izendatu ahal izango litzateke; betiere, eskatutako gutxieneko puntu kopurua berdindu edo gainditu badu.

Donostialdea ESIak, dagokion prozedura fasean, egoera hauetan deialdia bete gabe utz dezake:

– Izangairik aurkeztu ez bada.

– Izangaiek ez badute baldintzarik betetzen.

– Izangaiek ez badute gutxiengo puntuazioa lortu.

Zuzendaritza Gerentziako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; bai izangairen bat izendatuz, bai bete gabe dagoela, hau da, deialdia hutsik geratzen dela adieraziz. Eta dagokionean interesdunari jakinaraziko zaio.

Honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Osakidetzako zuzendari nagusiari zuzenduta, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluek jasotakoaren arabera, Euskal Herriko aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Zortzigarrena.– Esleipenaren ondorioak.

Zerbitzuburu lanpostuak aldi baterako lau urteko iraupena izango du. Izendapen honek luzapena izango du, ekainaren 26ko 8/1997 Legearen (Euskadiko Antolamendu Sanitarioa) 28. artikuluak (Hirugarren Araua) jasotakoaren arabera (uztailaren 21eko EHAA, 138. zk.).

Lanpostua betetzen duen langileak berau utziko du izendapenaren epea betetzen denean; luzapen egoeraren bat gertatuko balitz, izan ezik. Lehen aipaturiko, 8/1997 Legeak jasotzen duenaren arabera ezarritako kide anitzeko organoaren ebaluazio prozeduraren arabera egingo da luzapena.

Halaber, izendatutakoa lekuz aldatu ahal izango da epea amaitu baino lehen, aurrez kontraesaneko espedientea eginda, eta 8/1997 Legearen 28. artikuluak, 6. atalean (Hirugarren Araua) leku aldatzeak egiteko aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Kargu uzte arruntak edo lanpostutik mugiarazteak beste lanpostu baterako lekualdatzea eragingo du. Egoera honetan interesatuak jatorrizko kategorian zeuzkan baldintza mantenduko dira.

Bederatzigarrena.– Publizitatea.

Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Osakidetzaren web gunean, eta zerbitzu erakundeetako intranetetan.

Hornikuntza prozeduran onartzen diren ebazpenak Osakidetzako web gunean argitaratuko dira.

Aukeratutako izangaiaren izendapenaren ebazpena, edo lanpostua hutsik geratzen dela dioena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzako web gunean argitaratuko da, zazpigarren oinarrian jasotakoaren arabera.

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Osakidetzako zuzendari nagusiari zuzendua. Izapide hau egiteko hilabeteko epea egongo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria edo Estatuko Aldizkari ofizialean argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera.

Donostia, 2018ko martxoaren 12a.

Donostialdea ESIko zuzendari gerentea.
E (1052/2015 Ebazpena, irailaren 3koa).

Pertsonaleko zuzendaria,

ESTHER LITAGO SOLA.

ERANSKINA
BAREMO ETA MEREZIMENDUAK

Merezimenduak hiru faseren arabera baloratuko dira:

1.– Proiektua eta proiektuaren defentsa (gehienez, 30 puntu)

Neurologiako Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko azalpen memoria-proiektua azaltzea publikoki epaimahai kalifikatzailearen aurrean, eta hautagaiari egindako elkarrizketa.

Puntuazioa fase honetan bi ataletan banatzen da:

a) Aurkeztutako kudeaketa memoria-proiektuaren edukien balorazioa (gehienez, 15 puntu)

Kudeaketarako memoria-proiektuak hiru atal hauek behintzat garatu beharko ditu:

a.1.– Antolakuntza eta kudeaketa atala:

Zerbitzuaren organigrama eta funtzioak zehaztuta: burutza lanpostua eta atxikitako gainerako lanpostuak.

Erakunde bereko beste zerbitzu batzuekin duen harremana.

Burutzaren kudeaketa plana: antolakuntza helburuak zehaztu, hobekuntza behar duten arloak detektatu eta beharrezko neurriak zehaztu, hobekuntzak lortzeko. Honekin batera, baliabide materialak ekonomikoak eta atxikitako giza baliabideak kudeatzeko plan edo konpromiso efizientea.

a.2.– Atal asistentziala:

Eskainiko diren zerbitzu asistentzialen deskribapena.

Halaber, helburu eta adierazleak ezarriko dira, eta jarraipen eta ebaluazio jarraitua egiteko sistema bat.

a.3.– Dozentziaren atala:

Dozentziaren planifikazioa egitea zerbitzuan.

b) Balorazio Batzordearen aurrean azalpen publikoa (gehienez 15 puntu)

Memoria-proiektuaren azalpen publikoa ebaluatzeko, kontuan hartuko da, argitasuna eta laburtzeko gaitasuna; halaber, atalik garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna.

Aktan jasota geratuko da Batzordekide bakoitzak hautagai bakoitzari esleitutako baremazioaren arrazoia.

2.– Bestelakoak (gehienez 30 puntu):

Puntuazioa honela banatuko da:

– Lan esperientzia (gehienez, 13 puntu).

• Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzu eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

• Dagokion espezialitatean atalburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

• Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

• Administrazio publiko sanitarioetan zuzendaritzako kide gisa, edo zuzendariorde mediko gisa jardun duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Kontuan hartuko dira, lan-esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetako osasuneko zerbitzu-erakundeetan edo edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako hondarrak. Kontaketarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, kredituko 0,1 puntuazioa emango da.

– Kudeaketaren arloko trebakuntza (gehienez, 3 puntu).

Osasun-kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

20-30 ordu: 0,2000 puntu.

31-50 ordu: 0,3000 puntu.

51-100 ordu: 0,4000 puntu.

101-200 ordu: 0,5000 puntu.

200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta ziurtatutako ikastaroak baloratu egingo dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta ziurtatutako ikastaroak ere; betiere, titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.

– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuaren espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

20-30 ordu: 0,2000 puntu.

31-50 ordu: 0,3000 puntu.

51-100 ordu: 0,4000 puntu.

101-200 ordu: 0,5000 puntu.

200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta ziurtatutako ikastaroak baloratu egingo dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta ziurtatutako ikastaroak ere; betiere, titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa plan baten barrukoak ez badira.

– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu):

Doktorea: 3 puntu.

Cum laude doktorea: 4 puntu.

Gradu ondoko masterra: 2 puntu.

Unibertsitate-aditua edo- espezialista: puntu 1.

Ikertzeko nahikotasuna edo diploma ikasketa aurreratuetan: puntu 1.

Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,1000 puntu.

Ez dira baloratuko doktoretza-ikastaroak, baldin eta hauetako bat lortzeko balio izan badute: doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma.

– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu)

Dagokion espezialitatearekin lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik, eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:

Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,2500 puntu.

Estatuko txosten bakoitzeko: 1,000 puntu.

Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,500 puntu.

Eskualdeko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

Estatuko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.

Nazioarteko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.

Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.

Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): puntu 1.

Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): puntu 1.

Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

Tesina egiteagatik: 1,5000 puntu.

– Irakaskuntzako jarduerak (gehienez, 3 puntu)

Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,0000 puntu.

Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu.

Egoiliarren irakaskuntzarako tutore egiaztatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (ordu bakoitzeko): 0,0500 puntu.

3.– Euskararen ezagutza (gehienez 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetza normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauen arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala