Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2018ko ekainaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2969

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 9koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2018rako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak.

Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, ez soilik epe laburrera erantzuteko, baizik, nagusiki, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko, ikerketa-lanak azpi-sektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.

Horrela dago jasota, baita ere, I+G+B jarduerak sustatuz nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan.

Jakintza da –ikerketaren bidez, garapen teknologikoaren bidez eta prozesu, produktu eta merkatuen berrikuntzaren bidez eskuratzen dena– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreen lehiakortasuna hobetzeko hartutako estrategiaren giltzarrietako bat.

Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan (EB) –horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz–, III. kapituluaren IV. sekzioan, ikerketa eta garapenerako proiektuen laguntzak arautzen dira, zeinek barne hartzen baitituzte oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko eta bideragarritasun-azterlaneko proiektuak (25. artikulua) eta prozesuak eta antolaketa berritzeko laguntzak (29. artikulua).

Agindu honen xedea da laguntzak iragartzea «oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko» eta «bideragarritasun-azterlaneko» proiektuen gastu eta inbertsioetarako, eta «antolaketaren arloko berrikuntzako» jarduera eta proiektuetarako.

Landa-garapenerako politikaren arabera, bateragarriak dira Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia izan dadin bi politiken artean, eta Tratatuan lehiakortasunaren alorrean xedatzen diren arauak hertsiki bete daitezen.

Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen du zer baldintza eta betekizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek diruz lagun ditzaten (estatu-laguntza izan daitezen) Europar Batasunaren baimenik eduki beharrik izan gabe.

Hau da, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu-kideek, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduak (EB) xedatzen du, 1. artikuluaren 2. paragrafoan, nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreak ikertzeko eta garatzeko laguntzak Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren baldintzetan eta horren arabera eman ahal izango direla.

Hain zuzen ere, erregelamendu horren IV. sekzioko 25. eta 29. artikuluetan xedatuaren barruan sartzen dira agindu honetako laguntzak.

2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean adierazitakoarekin bat etorriz.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak ezertan eragotzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2018rako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak. Agindu honen eranskinean jasotzen dira oinarriok.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 9a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko laguntzen araubidea jasotzea.

2.– Arau honetan erregulatzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen helburua da efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta lankidetza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan.

3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2017 EE Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu komunarekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala jakinarazi behar zaizkio Europako Batzordeari, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunetan.

4.– Inbertsioak eta gastuak urterokoak nahiz hainbat urtetakoak izan daitezke, aurrekontuan erabiltzeko moduan dagoenaren, aurkeztutako proiektuak gauzatzeko epearen eta ordainketak egingo diren unearen arabera.

2. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– Enpresa-talde berritzaileak: egitura edo talde antolatuak, alderdi independentez osatuak (esate baterako, enpresa berritzaile sortu berriak eta enpresa txiki, ertain eta handiak, bai eta ikerketa eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta horiekin guztiekin lotutako beste eragile ekonomiko batzuk ere). Egitura edo talde hauen helburua da jarduera berritzaileak sustatzea, instalazioen erabilera partekatua eta ezagutza teoriko eta praktikoen trukea bultzatuz, bai eta ezagutzen transferentziarako, sareak sortzeko, informazioaren zabalkunderako eta enpresen eta taldeko beste erakunde batzuen arteko lankidetzarako laguntza emanez ere.

2.– Teknologia-zentroak: pertsona juridikoak (publikoak zein pribatuak), zeinek estatutuetan xedetzat baitute teknologiaren hobekuntzaren eta kudeaketaren bitartez enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.

3.– Nekazaritzako produktuak merkaturatzea: salmentarako produktuak edukitzea edo erakustea, salmentarako eskaintza, merkaturako entregatzea edo merkatuan jartzeko edozein modu, lehen sektoreko ekoizleek bitartekariei edo eraldatzaileei egindako lehenengo salmenta edo lehen salmenta horretarako produktu bat prestatzeko jarduerak izan ezik; lehen sektoreko ekoizleek azken kontsumitzaileei egindako salmenta merkaturatzea dela ulertuko da baldin eta horretarako gordetako instalazio independentetan egiten bada.

4.– Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainontzeko laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.

5.– Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere. Garapen esperimentalean sartu ahal izango da prototipoak sortzea, demostrazioa, proiektu pilotuak prestatzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen entseguak egin eta baliozkotzea, funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, baldin eta helburu nagusia bada hobekuntza teknikoak ematea behar beste finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei. Orobat, merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta haien fabrikazioa garestiegia denean demostrazio- eta balioztatze-helburuetarako bakarrik. Garapen esperimentalak ez ditu barne hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.

6.– Enpresa: jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen edozein entitate kontsideratuko da, bere forma juridikoa edozein izanda ere. Bereziki, enpresatzat hartuko dira, gizabanako edo familia bezala, eskuz egindako edo beste edozein jarduera gauzatzen duten entitateak, erregularki jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten pertsonen elkarteak eta asoziazioak ere enpresatzat hartuko dira

7.– Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoan jasotzen diren egoeretako batean gutxienez dagoen enpresa.

8.– Bideragarritasun teknikoko azterlanak: proiektu baten potentzialaren ebaluazioa eta ikerketa, erabakiak objektiboki eta arrazionalki hartzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin.

9.– Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.

10.– Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek ere sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

11.– Berrikuntza: produktu berri bat edo asko hobeturiko bat -ondasun zein zerbitzu-, prozesu bat, merkaturatze-metodo berri bat edo antolaketa-metodo bat ezartzea da, enpresako barne-jardunbideetan, lantokiaren antolaketan edo kanpo-harremanetan.

12.– Antolaketaren arloko berrikuntza: antolaketa-metodo berri bat aplikatzea salerosketari, lantokiaren antolamenduari edo enpresak kanpokoekin dauzkan harremanei. Hauek ez dira berrikuntzatzat joko: salerosketako aldaketak; lantokiaren antolamenduko aldaketak; enpresak aurretik erabilitako antolaketa-metodoetan oinarritutako kanpo-harremanak; kudeaketa-estrategiako aldaketak; bateratze eta eskuratzeak; prozesu bat bertan behera uztea; kapitala ordeztu edo handitzea hutsa; faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako eraldaketak; pertsonalizazioa (customisation); sasoiaren araberako edo bestelako aldizkako aldaketak; produktu berrien edo asko hobeturikoen salerosketa.

13.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak: helburu nagusitzat hau duen erakunde oro (esate baterako, unibertsitateak edo ikerketa-zentroak, teknologia transferitzeko erakundeak, berrikuntzarako bitartekariak edo ikerketara bideratutako lankidetza-erakunde erreal edo birtualak), haien nortasun juridikoa (zuzenbide publiko edo pribatukoak) edo finantzatzeko modua edozein dela ere: oinarrizko ikerketan, ikerketa industrialean edo garapen esperimentalean jardutea, edo jarduera horien emaitzak jakitera ematea, dela irakaskuntzaren bidez, argitara emanez edo ezagutzen transferentzia eginez. Halako erakunde batek jarduera ekonomikoak ere egiten dituenean, aparte kontabilizatu beharko dira jarduera horien finantziazioa, kostuak eta sarrerak; erakunde horietan eraginik izan dezaketen enpresek, esate baterako, akziodun edota kide gisa, ez dute lehentasunezko sarbiderik izango erakundeak lortutako emaitzetara.

14.– Nekazaritzako produktua: Tratatuaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako arrantza- eta akuikultura-produktuak izan ezik.

15.– Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena, Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuak, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.

16.– Arrantzako produktuak: arrantzako jardueretatik lortutako organismo akuatikoak edo horietatik eratorritako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EE) Erregelamenduaren I; b) eranskinean zerrendatzen diren eran.

17.– Akuikulturako produktuak, organismo akuatikoak, bizitza-zikloaren fase guztietan, akuikulturako jardueretatik lortuak edo horietatik eratorritako produktuak, eranskinean zerrendatzen diren eran.

18.– Itzulketa: jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.

19.– Nekazaritza-sektorea: nekazaritza-ekoizpen primarioan zein eraldaketan eta merkaturatzean jarduten duten enpresa guztiak.

20.– Arrantza-sektorea eta akuikultura-sektorea: ekonomiaren sektore bat da, arrantza- eta akuikultura-produktuak ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena.

21.– Nekazaritzako produktuak eraldatzea: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketaren emaitza, emaitza nekazaritza-produktu bat denean, animalia- edo landare-produktu bat lehenbiziko salmentarako prestatzeko egin behar diren nekazaritza-jarduerak izan ezik.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Laguntza hauek emango dira agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:

1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzak.

Laguntza-lerro honek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluan xedatutakoa beteko du, sektore hauei dagokienez: nekazaritza -nekazaritza-ekoizpen primarioa barnean dela-, basogintza eta arrantza- eta akuikultura-produktuak.

2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzak.

Laguntza-lerro honek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluan xedatutakoa beteko du, sektore hauei dagokienez: nekazaritza -nekazaritza-ekoizpen primarioa barnean dela-, basogintza eta arrantza- eta akuikultura-produktuak.

3.– Antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzak.

Laguntza-lerro honek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 29. artikuluan xedatutakoa beteko du, sektore hauei dagokienez: basogintza eta nekazaritza, nekazaritza-ekoizpen primarioa kanpoan dela.

4. oinarria.– Onuradunak.

1.– Hauek izan ahalko dira oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako eta I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzen onuradun:

A.– Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:

1) Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

2) Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

B.– Elkarteak eta fundazioak.

C.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Talde horietan parte hartzen duen enpresa oro joko da onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Talde horien eskabideetan berariaz adierazi behar dira taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko ze konpromiso hartzen duen, baita bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa ere, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Taldeak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

D.– Zentro teknologikoak.

E.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.

2.– Hauek izan ahalko dira antolaketaren arloko berrikuntzako laguntzen onuradun:

A.– Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:

1) Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

2) Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak. Enpresa handiak enpresa txiki edo ertain batekin lankidetzan jardun beharko du, laguntza eskatzen den jarduera horretantxe, eta enpresa txiki edo ertainak diruz lagundutako kostuen % 30 gutxienez hartu beharko du bere gain finantzarioki.

B.– Elkarteak eta fundazioak.

C.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Talde horien eskabideetan berariaz adierazi behar dira taldeko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko ze konpromiso hartzen duen, baita bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa ere, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Taldeak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak hauek izango dira:

A.– Langileen gastuak, ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen gastuak, betiere dagokion proiektuan aritzen diren neurrian.

B.– Tresna eta materialen kostuak, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Tresnak ez badira soil-soilik ikerketa-proiekturako erabiltzen beren erabilera-epe guztian, ikerketa-proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.

C.– Eraikin eta lursailen kostuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren neurrian eta hark dirauen bitartean. Eraikinen kasuan, ikerketa-proiektuak dirauen bitarteko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Lursailen kasuan, bene-benetan eragin diren eskualdatze komertzialaren kostuak edo kapital-kostuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.

D.– Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere.

E.– Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.

2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak azterlan-kostuak izango dira.

3.– Antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak hauek izango dira:

A.– Langile-gastuak.

B.– Tresna eta materialen kostuak, eraikuntza- eta lursail-kostuak, behar den neurrian eta proiekturako erabiltzen den aldian.

C.– Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada.

D.– Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.

4.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu; horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23 (EB) eta 2014/24 (EB) Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora, kontratu txikirako, gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna eman aurretik, salbu haien ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan horiek egiten, alokatzen edo hornitzen dituzten erakunde-kopuru nahikoa ez badago edo gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua -zeinak justifikazioan, edo, kasua bada, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko baitira- efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko abantailatsuen alde egiten ez bada.

6. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2018ko ekitaldirako, 1.600.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 1.000.000 euro 2018rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 600.000 euro, berriz, 2019rako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:

A.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako 1.408.000 euro erabiliko dira. 880.000 euro 2018. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 528.000 euro, 2019. urterako konpromiso-kredituari.

B.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako, 32.000 euro erabiliko dira. 20.000 euro 2018. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 12.000 euro, 2019. urterako konpromiso-kredituari.

C.– Antolaketaren arloko berrikuntzarako, 160.000 euro erabiliko dira. 100.000 euro 2018. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 60.000 euro, 2019. urterako konpromiso-kredituari.

2.– Aurrekontu-ekitaldi honetan ematen den laguntza, guztira, artikulu honetako aurreko paragrafoan hura finantzatzeko xedatzen den guztizko zenbatekoaren parekoa izango da gehienez.

3.– Ekitaldi honetako ordainketa-kredituei egotziko zaizkie laguntzak, edo, hainbat urtetako proiektuei dagokienez, zatikako ordainketei aurre egiteko konpromiso-kredituei; betiere, 2018ko ekitaldian aurrekontua ixteko aplikatu beharreko araudia betez.

7. oinarria.– Betekizun orokorrak.

Agindu honetan deitzen den edozein laguntzaren onuradun izateko, oinarrian ezarritako betekizunak bete beharko dira. Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzekoan) jasotzen diren betekizunak jasotzen dira oinarrian, eta honako hauek dira:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela izan eskabidea aurkeztu baino lehenago egindakoak. Baldin eta enpresak proiektua ekitaldi honetan hasi badu baina agindu honetan ezarritako epea baino lehen, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatua betetzen duen eskabide bat aurkeztua izan beharko du, behar bezala betea.

3.– Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak egunean edukitzea. Onuradun bihurtzeko eta emandako diru-laguntza likidatu arte onuradun izateko eskatzen da betekizun hori, eta, hortaz, betetzen ote den egiaztatuko da esleipena eta ordainketak egitean.

4.– Diru-laguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridikoa ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

5.– Inbertsioak ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa).

6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

7.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

8.– EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

9.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

10.– Konkurtso-deklaraziorik ez eskatzea, edozein prozeduratan ez jotzea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta ez egotea (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu), epailearen esku-hartzearen menpe ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.

11.– Ebazpen irmoaren bidez diru-laguntzak jasotzeko aukera kenduta ez edukitzea, edo prebarikazioagatiko, funtzionario-eroskeriagatiko, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatiko, influentzia-trafikoagatiko, iruzurrengatiko eta legez kanpo ordainarazteagatiko edo hirigintza-delituengatiko zigorrik jaso ez izana.

12.– Administrazioarekin egindako edozein kontraturen deuseztapen irmoa eragin ez izana, zerbaiten errudun izendatu izanagatik.

13.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea sartuta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ageri diren kasuetan, eta Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan erregulatzen diren hautazko karguak ez izatea, lege horietan ezarritako terminoetan.

14.– Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

15.– Elkarteen kasuan, horiek Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.2 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.

16.– Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 4. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Onartuko dira oinarri honen 1. paragrafoan ezarritako epea baino lehenago aurkeztutako eskabideak, baldin eta Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa betetzen badute, betiere. Oinarri honen 4. paragrafoan eskatutako agiriekin osatu beharko dira eskabide horiek, 1. paragrafoan ezarritako epean.

3.– Web-helbide honetan egongo da eskuragai laguntza-eskabidea: http://www.euskadi.eus, eta agindu honen eranskin gisa ere argitaratuko da.

Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren 2. zenbakian xedatutako gutxieneko betekizunak ditu eskabideak, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari helaraziko zaio; Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko da (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatzen den edozein tokitan, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).

Http://www.euskadi.eus helbidetik jaitsi ondoren, paperean bete beharko da, eta sinatuta eta zigilatuta bidali Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.

4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren kopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta.

b) Hauek biltzen dituen memoria:

– Egin beharreko ekintzen eta atazen azalpen zehatza.

– Aurrekontu xehatua.

– Proiektua gauzatzeko epea.

– Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.

– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.

– Laguntza eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+Bren aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbiaren balorazioa, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako ematen duen laguntzaren balorazioa, I+G+Bri dagokionez.

c) Agindu honetan eskatzen diren betekizunak betetzen dituzula, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla, 7. oinarrian (4. paragrafotik 15. paragrafora) ezartzen diren betekizunak betetzen dituzula, hori egiaztatzen duen dokumentazioa daukazula eta, eskatzen zaizunean, Administrazioaren esku jarriko duzula adierazteko erantzukizun-adierazpena.

d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.

e) Laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, eskatzaileak dagokion foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituela ziurtatzen duten agiriak. Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

6.– Oinarri honetako 3. eta 9. paragrafoetan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

7.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean) xedatutakoa betez.

8.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

9.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A.– Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

B.– Pertsona juridikoentzat: Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren kopia.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

10.– Edonola ere, Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Agindu honen 4. oinarriaren 1. paragrafoaren C letran eta 2. paragrafoaren F letran zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira oinarri honen 3. apartatuan adierazitako agiri horiek.

9. oinarria.– Azpikontratazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko kontratua diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.

2.– Baldin eta hirugarrenei kontratatutako jardueraren zenbatekoa diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20 baino handiagoa bada (diru-laguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik), idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratu horren zenbatekoa murriztu eta 2. paragrafoko betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.

4.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrean.

5.– Aurreko atalean jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 15. oinarriaren 7. paragrafoan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:

A.– 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

B.– Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

C.– Bitartekari edo aholkulariak, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

D.– Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisiko edo juridikoak, hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

2) Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren aldez aurretiko baimena lortu izana. Azpikontratatu ahal izateko eskaera Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren aurrean aurkeztuko da, azpikontratazioa egin aurretik. Eskaerarekin batera, lotutako pertsonarekin azpikontratazioa egitea aholkatzen duten arrazoiak justifikatzeko memoria erantsiko da. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, eskaera egin zenetik gehienez ere hilabeteko epean, ebazpena emango du, eskatutako baimena emateko edo ukatzeko.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

E.– Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

10. oinarria.– Balorazio-irizpide orokorrak.

Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:

1.– Proiektuak dakarren berrikuntza-maila: 20 puntu, gehienez.

2.– Elkarlanean ari diren bi enpresak edo gehiagok elkarrekin egitekoak diren jarduerak; kasu horretan, enpresek ez dute beren izaera juridikoa galdu behar, eta bakoitzak laguntza-eskatzaile eta jasotzaile izan behar du: 10 puntu, gehienez.

3.– Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitate egiaztatua; memoria horretan argi eta garbi azalduko dira helburuak, espero diren emaitzak, egutegia, egin beharreko zereginak, erantzukizunen banaketa, aurrekontua hainbanatzeko metodoak eta abar: 10 puntu, gehienez.

4.– Sektorean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak prestatutako jarduketa-planekin bat datozen jarduerak: 10 puntu, gehienez.

5.– Proiektua egin ahal izateko, enpresak kapital publiko edo pribatuko organismoren bat kontratatu izana, eta organismo horren jarduera nagusia nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetako ikerketa izatea, eta ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako erakundea izatea: 10 puntu, gehienez.

6.– Ekintzaile gazteek (40 urtetik beherakoek) egindako proiektuak, baldin eta nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetan enpresa berriak sortzeko badira edo lehendik diren proiektuei belaunaldi-segida emateko badira: 10 puntu, gehienez.

7.– Ekoizpenaren sektorearen eta nekazaritzako elikagaien kateko goragoko mailetako enpresen artean integrazio-prozesuak bultzatzea, proiektua elkarrekin aurkeztuz: 10 puntu, gehienez.

8.– Eraldaketa-prozesuetan eta -teknologietan ingurumen-hobekuntzak (bilgarriak birziklatzea, hondakinak kanporatu eta tratatzea, etab.) ingurumen-arloko hobekuntzak sustatzen dituzten proiektuak izatea: 10 puntu, gehienez.

11. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira laguntzen zenbatekoak, laguntza-moten arabera:

A.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzak:

1) Oinarrizko ikerketarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 100eraino.

2) Ikerketa industrialerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 50; kopuru hori % 60raino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.

3) Garapen esperimentalerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 25; kopuru hori % 35eraino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.

B.– I+G+B proiektuekin zerikusia duten bideragarritasun teknikoko azterlanei, diruz laguntzeko moduko kostuen % 50eko laguntza emango zaie, gehienez:

1) Enpresa ertainen kasuan, aipatu ehunekoa % 10 handituko da.

2) Enpresa txikien kasuan, aipatu ehunekoa % 20 handituko da.

C.– Antolaketaren alorreko berrikuntza-proiektuetarako laguntzak:

1) Diruz laguntzeko kostuen % 15 gehienez, enpresa handientzat.

2) % 50 gehienez enpresa txiki eta ertainen kasuan.

2.– Laguntza jaso ahal izateko, 40 puntu lortu beharko dira gutxienez.

3.– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:

a) Puntu gehien lortu duten proiektuei laguntzaren % 100 emango zaie aurreko paragrafoan ezarritako diruz laguntzeko moduko kostuen gehieneko ehunekoaren gain.

b) 1-5 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 95 emango zaie.

c) 6-10 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 90 emango zaie.

d) 11-15 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 85 emango zaie.

e) 16-20 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 80 emango zaie.

f) 21-25 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 75 emango zaie.

g) 26-30 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 70 emango zaie.

h) 31-35 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 65 emango zaie.

i) 36-40 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 60 emango zaie.

j) 41-45 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 55 emango zaie.

k) 46-50 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 50 emango zaie.

l) 51-55 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 45 emango zaie.

m) 56-60 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 40 emango zaie.

n) 61 puntu gutxiagotik aurrera, ez da laguntzarik emango.

12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Balorazio Batzordea Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako hiru pertsonak osatuko dute. Horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, zeina batzordeko lehendakaria izango baita. Beste biak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzetako teknikarien artean aukeratuko dira, eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari kategoria daukan pertsona bat izango da.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Zerbitzu zuzendariak emandako ebazpen baten bidez.

4.– Balorazio-batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak baloratuko ditu, eta baloratuko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.

c) Baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion proposatzea.

5.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

6.– Balorazio Batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

13. oinarria.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira.

2.– Laguntza-lerro bakoitzean, aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta agindu honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie. Aurreko araua aplikatuta, eta laguntza-lerro bakoitzerako, aurkeztutako proiektuen zerrenda bat egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatu ordenari jarraikiz eta agindu honen 11. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Puntuazio berdina lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio berrikuntza-mailari buruzko 1. balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Berdinketak jarraitzen badu, hurrenkera hau hartuko da kontuan:

A.– Puntuazio altuena 5. irizpidean: azpikontratazioa ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako erakundearekin.

B.– Puntuazio altuena 7. irizpidean: integrazio-prozesuak bultzatzea.

4.– Funtsen muga kontuan hartuta, ildo bakoitzeko azken laguntzarako proposatu den kopuruak erabilgarri dagoen kopurua gainditzen badu, kopuru horretan esleituko da laguntza, baldin eta diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70 edo hortik gorakoa bada. Erabilgarri dagoen kopurua diruz lagundu daitekeen gastuaren % 70etik beherakoa bada, ez da laguntza emango, eta 2. artikuluan jasotzen diren gainerako ildoetara bideratuta dauden funtsak areagotuko dira kopuru horrekin. Ordena honetan egingo da banaketa: lehenengo, 3. oinarriaren 1. zenbakian jasotzen den ildoa; bigarrenik, 3. oinarriaren 2. zenbakian jasotzen den ildoa, eta, azkenik, 3. oinarriaren 3. zenbakian jasotzen den ildoa, guztiz agortu arte.

14. artikulua.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A.– Baietsitako eskabideei buruz:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa, urteka banatuta.

4) Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.

B.– Ezetsitako eskabideei buruz:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da diru-laguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Era berean, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Diru-laguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak; hauek dira horiek guztiak:

1) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.

2) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

4) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoarekin ondasun inbentariagarriak erosten, birgaitzen eta hobetzen badira, diru-laguntza emateko xede zehatzera bideratu beharko dira ondasunak; erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunak badira, horiek gauzatu eta hurrengo 5 urteetan gutxienez, eta, gainerako ondasunak badira, 2 urtez gutxienez.

5) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

6) Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

7) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe agindu honen 7. oinarriaren 6. zenbakian xedatzen dena.

8) Diru-laguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

9) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

10) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

11) Jasotako funtsen erabilera frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

16. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko eta antolaketaren arloko berrikuntzako proiektuen laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 2018ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako inbertsioak edo gastuak urtebetean gauzatuko dira. 2018ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

3.– Urteko proiektuak egiteko epea 2018ko abenduaren 31n amaituko da, baina horrek ez du kentzen luzapena emateko aukera egotea, 19. oinarriaren 4. zenbakian xedatutakoarekin bat. Beranduenez, 2019ko abenduaren 31n amaitu ahalko dira luzatutako urteko proiektuak.

4.– Hainbat urterako proiektuak egiteko gehieneko epea 2019ko abenduaren 31n amaituko da, baina horrek ez du kentzen luzapena emateko aukera egotea, 19. oinarriaren 4. zenbakian xedatutakoarekin bat. Beranduenez, 2020ko abenduaren 31n amaitu ahalko dira luzatutako proiektuak.

17. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikulua betez, emandako laguntzaren xede den inbertsio-proiektua edo gastua egin dela justifikatzeko, bai eta onuradun izateko eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean aurkeztu beharko da dokumentazio hau:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

b) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere, eta dagokien ordainketa-frogagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Diru-laguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla ofizioz egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, automatikoki. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen den agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.

4.– Aurreko paragrafoetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Inbertsioak edo gastuak egiteko ezarritako epea, edo, hala badagokio, azken luzapena amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren azken eguna izango da, gehienez ere, laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia izango dela bermatzeko, gastua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko gehieneko epea.

18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

A.– Inbertsioa edo gastua justifikatu eta gero, aurreko oinarriko dokumentuak aurkeztuko dira. Proiektuak inbertsioa ere baldin badakar berarekin, ordainketak egiteko, justifikazioa beharko da aurretik, egindako inbertsioen ziurtapena prestatu ondoren (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek prestatua). Ziurtapena egiteko bi hilabete daude gehienez, inbertsioa osorik edo partez gauzatu dela komunikatzen denetik eta 17. oinarriaren 1. paragrafoko a) atalean aipatzen den memoria aurkezten denetik.

B.– Urte bakoitzean, ordainketak kontura egin daitezke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskatu egin behar dute aurretik. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urte bakoitzeko. Konturako ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 17. oinarriaren 1. zenbakian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira. Proiektuak hainbat urtetan gauzatzekoak badira, ekitaldi bakoitzean egingo da urte bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen ordainketa, Euskadiko aurrekontu-araubidearen alorrean indarrean dauden eta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei aplika dakiekeen aurrekontu-araubidea arautzen duten legezko xedapenen testu bateginaren 111. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren arabera.

2.– Zehapen-prozeduraren batean edo diru-laguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala badagokio, diru-laguntza hauek onuradunei ordaintzeko, diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

3.– Inbertsioak ez badira ezarritako epeetan egiten, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira epean aurkezten, onuradunek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala dagokionean, agindu honen 21. oinarrian aurreikusitako itzulera-prozedura jarriko da abian.

4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

19. oinarria.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea gorde behar izango dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Aurkeztu eta diru-laguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.

Aurkeztu eta diru-laguntza eman zaion proiektuan aldaketa funtsezkoak egiten badira, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da.

Honako hauek hartuko dira aldaketa funtsezkotzat:

1) Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2) Proiektua gauzatzeko egutegia aldatzea.

3) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.

4) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

5) Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik bateren bat ordeztu edo kentzea.

Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako diru-laguntza handituko.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza emateko ebazpena aldatzeko.

3.– Baldin eta egindako inbertsioaren edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta diru-laguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio diru-laguntzaren ehunekoa.

4.– Onuradunak aldez aurretik eta idatziz eskatzen eta arrazoitzen badu -laguntza emateko ebazpenaren arabera emandako laguntzaren xede den proiektu-gauzatzea bukatu behar den eguna baino 30 egun lehenago, beranduenez, aurkeztu beharko luke eskaera-, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, ebazpen baten bidez, non zehaztuko baita gehienez ere zenbat luza daitekeen, hasieran onartutako diru-laguntzari eutsita. Ebazpenean, luzapenaren gehieneko iraupena finkatuko da. Alde horretatik, proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango agindu honen 16. oinarriak xedatzen duena baino luzeagoa.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunek laguntzei uko egin ahal izango diete, laguntza onartu ondoren ere -agindu honen 13.3 artikuluan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek-, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Diru-laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

22. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere diru-laguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

2.– Aurreko paragrafoak xedatzen duena gorabehera, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.

23. oinarria.– Datuen babesa.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala