Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2018ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
2949

EBAZPENA, 2018ko maiatzaren 28koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baitira profesionalen lau espezializazio-beka, 2018rako, garapenerako lankidetzaren arloan.

Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuak (2017ko martxoaren 24ko EHAA, 59. zk.) arautzen ditu Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak.

Dekretu horren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2018ko bekak iragarri behar dira.

Deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuen, 2018ko otsailaren 14an egindako bilkuran.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka ematea 2018an, garapenerako lankidetzaren arloan.

2.– Hauek izango dira beka bakoitzaren espezializazio- eta prestakuntza-eremuak:

a) Generoa eta garapena.

b) Lankidetza Afrikarekin.

c) Gizarte-ekintza.

d) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa eta beken zenbatekoa.

1.– Gehienez 80.000,00 eurokoa da iragarritako beka-programen zuzkidura ekonomikoa.

2.– Beka gisa, onuradun bakoitzak hogei mila (20.000,00) euro jasoko du (zenbateko gordina), zenbateko horrek barne hartuko du Gizarte Segurantzari egindako kotizazioengatik, bekaren onuradun gisa, ordaintzea dagokion zatia. Zenbateko hori hilero ordainduko da, honela:

– Espezializazio- eta prestakuntza-aldiaren lehenengo lau hileetan bi mila (2.000,00) euro jasoko dute hilero.

– Hurrengo zortzi hileetan, espezializazio- eta prestakuntza-aldia amaitu arte, mila eta bostehun (1.500,00) euro jasoko dute hilero, hargatik eragotzi gabe artikulu honen 3. zenbakian xedatutakoa.

3.– Bekaren banakako dotazioko hogei mila (20.000,00) euroetatik bi mila (2.000,00) euro gorde beharko dituzte beka horren onuradunek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziakoak ez diren eremuetatik kanpo burutu behar diren espezializazio- eta prestakuntza-jardueretarako; jarduera horiek martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 14.2.c) artikuluan aipatzen den planean barne hartuak dira.

4.– Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari eta Gizarte Segurantzari dagokion araudiaren mende egongo dira jasotako zenbatekoak, hala dagokionean. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bere gain hartuko du beken onuradunei eragiten dien Gizarte Segurantzari buruzko araudi espezifikoa aplikatuta dagozkion zenbatekoak ordaintzea.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Halaber, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Diru-laguntzak eta bekak atala), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (Deialdiak atala).

2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.

3.– Behar bezala betetako inprimaki normalizatua erabiliz egingo da eskabidea; egoitza elektronikoan eta aurreko zenbakian adierazitako web-orrian dago eskuragarri inprimaki hori.

4.– Eskabidea egin osteko izapideak helbide honetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus

5.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat barne hartuko du, zeinetan bekaren eskatzaileak betebehar hauek egiaztatuko baititu:

a) Erakunde eskatzailea ez egotea oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitakoak.

b) Eskatzailea ez izatea laguntza eta diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, eta ez legez debekatuta izatea halakorik eskuratzea (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zehazpen eta debekuak).

c) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

d) Adieraztea egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen direla diru-laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

5. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 9 artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:

– Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeko lehendakari izango da.

– Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna; batzordeko lehendakariorde izango da.

– Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa; batzordeko idazkari izango da.

– Marlen Eizagirre Marañon andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Balorazio-irizpideak martxoaren 4ko 62/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira.

2.– Profil akademiko-profesionalerako egokitzapena 25 punturekin baloratuko da gehienez: espezializazio- eta prestakuntza-eremu hauetan izandako ibilbidea, esperientzia, prestakuntza eta argitalpenak hartuko dira aintzat:

a) Generoa eta garapena.

b) Lankidetza Afrikarekin.

c) Gizarte-ekintza.

d) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza.

3.– Atzerriko hizkuntzei dagokienez, ingelesa, frantsesa edo portugesa baloratuko dira. Honela:

B1: 5 puntu.

B2: 10 puntu.

C1 edo goragoko maila: 15 puntu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatutako diru-laguntzak honako xedapen hauen menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 62/2017 Dekretua, otsailaren 27koa, zeinaren bidez arautzen baitira Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak (dekretu hura uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 28a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala