Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2018ko ekainaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2946

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 25ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez natura-ondarea babesteari buruzko ezaguera sortzeko proiektuak egiten dituzten erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezarri eta horiek emateko deialdia egiten baita 2018. urterako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 11.1.a) artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena dauka ingurumen eta ekologia gaietan Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta oinarrizko legeria hori Autonomia Erkidegoaren lurraldean betearazteko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu Lehendakariaren 24/2016 Dekretuaren 9. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Dekretua, 2016ko azaroaren 26koa).

Habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauak biodibertsitatearen kontserbazioko helburuak betetzeko ikerkuntza eta lan zientifikoak sustatzeko beharra adierazten du, bai habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeko bai berauen kontserbazio egoera zaintzeko ere. Antzeko helburuak ditu Hegazti basatiak babesteari buruzko 2009/147/EEE Zuzentarauak.

Ildo berean, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legeak ezartzen du administrazio publikoek dibertsitate biologikoarekin eta aipatu Legearen helburuekin lotutako ikerkuntza programak garatzea sustatuko dutela.

«EBko Biodibertsitate Estrategia 2020ra arte: gure bizi-asegurua eta kapital naturala» [COM (2011) 244 azkena] izeneko estrategiak adierazten duenez, biodibertsitatearen gaineko ezagutza da politikak egiteko abiapuntua, betiere informazio eta datu zientifiko eguneratuak oinarri. Hori horrela, estrategiak informazioarekin eta jarraipenarekin lotutako arloak hobetzeko neurri zehatzak aurreikusten ditu.

Maila autonomikoan, 2016an onartutako 2030erako Euskadiko Biodibertsitate Estrategiak naturaren ezagutza eta kultura sustatzea ezartzen du bere lau helburuetako bat bezala, ekintza nagusietako bat bezala Euskadiko Naturari Buruzko Informazio Sistema sustatzea eta sendotzea ezarriz.

Bere aldetik, 2014an onartutako 2020rako Geodibertsitate Estrategiak honako ekintza hau aurreikusten du: indarreko Euskadiko Administrazio Orokorraren diru-laguntza lerroen artean geodibertsitatearen eta ondare geologikoaren azterketa sartzea.

Helburu horiek guztiak betetzeko asmoz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak honako diru-laguntza lerroa sustatzen du.

Laguntza hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 ekitaldietarako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dago, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegorako 2018ko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean bada behar beste kreditu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso hauek gauzatu ahal izan ditzan; horrenbestez, deialdi berri bat planteatzen da honako laguntza programa honen bidez 2018an.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak emandako eskumenen arabera, eta Euskadiko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Lehiaren prozeduraren bitartez diru-laguntzak ematea arautzeko helburua du agindu honek; laguntza horiek jaso ahalko dituzte 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko apirilaren 30era bitartean natura-ondarearen gaineko ezagutza hobetzeko, eta, hortaz, bere kontserbazioa sustatzeko azterlanak eta ikerketa-lanak egiten dituzten erakunde publikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte, betiere.

Erakunde bakoitzak xede eta helburu desberdinak dituzten bi proiektu egiteko diru-laguntza jaso ahalko du, gehienez ere.

2. artikulua.– Proiektuek jorratutako gaiak.

Diruz lagungarriak izateko, proiektuen xedea natura-ondarea babesteari aplikatutako azterlan eta ikerketa-lanak egitea izan beharko da; zehazki, gai hauei buruzkoak izan beharko dute:

a) Natura 2000 Sarea.

– Natura 2000 Sareko espazioak (Kontserbazio Bereziko Eremuak eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak) izendatzeko dekretuetan zein bertako kontserbazio neurriak onartzeko dekretuetan aurreikusitako azterketak eta lanak.

b) Natura 2000 Saretik kanpoko Batasuneko intereseko edo eskualde mailako intereseko habitat naturalen eta erdinaturalen gaineko azterketak eta lanak, betiere, habitaton kontserbazio egoera hobetzeko baliagarriak direnak.

c) Mehatxatutako basoko fauna eta flora espezieak, bai maila autonomikoan bai Batasun mailan, betiere, erreferentzia gisa mehatxatutako espezieen katalogoak hartuta.

– Gutxi aztertuta dauden edo euren gaineko informazioa dagoeneko zaharkituta dagoen taxonen gaineko datu primarioak (banaketa) lortzeko azterketak. Informazio kartografikoa eman beharko da.

– Katalogatutako basoko fauna eta flora espezieen banaketari, kalteberatasunari edo/eta arrisku-mailari buruzko azterketak.

d) Natura-ondareko beste elementu batzuk.

– Natura 2000 Sarearen koherentzia eta konektibitate ekologikoa lurralde guztian hobetzeko osagaiei buruzko azterketak eta lanak: natura-ondarearen eta paisaiaren elementuak, eta ibaien atalak (zatiketa, dinamika, analisia eta leheneratzea).

– Hezeguneei eta beste ekosistema urtar batzuei buruzko azterketak eta lanak: ekosistema urtarrak kudeatzeko oinarriak, Natura 2000 Sareari eta Uraren Esparru Zuzentarauari lotutako kontserbazio-irizpideei men eginez.

– Espezie exotiko inbaditzaileen datu primarioak (banaketa) lortzeko azterketak. Informazio kartografikoa eman beharko da.

– Espezie exotiko inbaditzaileen kudeaketarako proposamenak.

– Natura-ondareko datu-bilketako metodologiak eta harmonizazioa: biodibertsitatea eta geodibertsitatea.

– Ekosistemen eta prozesu geologikoen funtzionamenduaren ulermen eta hedapena errazten duten azterketa proiektuak (ereduen sorkuntza, joeren analisia, adierazleak...).

– Ekosistemak, habitatak, espezieak edo interes geologikoko lekuak tokiko eskalan leheneratzeko jarraibideak eta irizpideak.

– Natura-ondarea kontserbatzeko beharrezkoak diren paisaia dibertsifikatzeko kultura-osagai tradizionalak.

– Natura-guneen, landa-eremuen eta hiri-eremuen paisaiaren kalitatea aztertu, balioetsi eta hobetzeko jarraibideak.

– Klima-aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko biodibertsitatean eta geodibertsitatean dituen ondorioei edota biodibertsitateko osagaiek klima-aldaketara moldatzeko dituzten estrategiei buruzko azterlanak.

– Jarduera antropogenikoen eragina natura-ingurunearen eta kultura-ondarearen kontserbazioan edo degradazioan (dibertimenduzkoak aisialdikoak, turistikoak eta beste).

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Aurreko artikuluetan ezarritako helburuetarako, ehun eta hirurogei mila (160.000) euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018rako aurrekontu orokorren kontura.

4. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin. Ondorengo paragrafoan xedatutakoa salbuespena izango da.

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko aurrekontuaren kontura eta xede berarekin emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin.

3.– Nolanahi ere, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du eragin proiektua gainfinantzatuta egotea. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan ahalko dute elkarte edo bestelako erakunde pribatuek, baldin eta horien egitekoa natura babestearekin eta ikertzearekin edota natura-ondarearekin lotuta badago, edo natura-ingurunean lotutako esperientzietan ibilbide egiaztagarria badute eta beren ekintza-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa bada. Orobat, erakunde horiek legez eratuta eta dagokien erregistroetan inskribatuta egon beharko dute, urte bateko antzinatasunarekin, gutxienez, agindu hau argitaratzen den eguna aintzat hartuta.

2.– Elkarteek edo bestelako erakundeek natura-ondarea babestearekin edo ikertzearekin lotutako esperientzietan duten ibilbidea egiaztatzeko, abian den urteko jardunen memoria aurkeztu beharko dute, erakundeak onartu baditu; hala eta guztiz ere, Sailak beharrezko agiri osagarriak eskatu ahalko ditu, egoki iritziz gero.

3.– Diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetze-aldian badaude.

4.– Dagokion zigorrak ezartzen duen aldian, ezingo dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden erakunde eskatzaileek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexuaren ziozko edozein bereizkerian erortzeagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

5.– Laguntzen deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzerik ez dute izango ingurumen-legedia ez betetzetik eratorritako hutsegite larri edo oso larriengatik zigortutako erakundeek, beharrezko zuzenketa-neurriak egikaritu eta dagokion zehapena ase arte.

6.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6. apartatura bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

7.– Eskaera egin duen erakundea boluntariotzako erakunde bat baldin bada, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta egon beharko da, hala xedatzen baitu irailaren 1eko 169/2000 Dekretuak, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituenak.

8.– Eskaera egin duen erakundea fundazio bat edo onura publikoko elkarte bat bada, indarreko legedian ezarritako baldintzak bete beharko ditu (Fundazioen Babeslaritzan edo Elkarteen Erregistro Orokorrean aurkeztutako azken kontu-ematearen egiaztapen dokumentala). Fundazioen kasuan, gainera, euren estatutuak EAEko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legean aurreikusitakora egokitu beharko dituzte.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagungarriak izango dira proiektuak gauzatzearekin zuzenean lotutako gastu guztiak, jarraian zerrendatutako gastuak izan ezik; izan ere, azken horiek adierazten den ehunekoei dagozkien laguntzak soilik jaso ahalko dituzte:

a) Langile-gastuak: erakunde onuraduneko langileek sortutakoak soilik jotzen dira halakotzat, langileak plantillakoak nahiz proiektua gauzatzeko berariaz kontratutakoak izan; gastuok, betiere, nomina bidez justifikatu beharko dira. Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 45era arte lagundu ahal izango dira diruz. Proiektuaren koordinazio eta zuzendaritzako gastuak ezingo dira emandako diru-laguntzaren % 10 baino handiagoak izan.

b) Inbertsioak: informatika-ekipamenduak edo beste aktibo finko batzuk erosteari dagozkien gastuak joko dira halakotzat. Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 25era arte lagundu ahal izango dira diruz.

c) Gastu orokorrak: halakotzat hartuko dira erakundearen egiturak proiektua gauzatzeko eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, etab.). Gastu horiek proiektuaren gastu osoaren % 5era arte lagundu ahal izango dira diruz. Gastu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa.

2.– Beste gastu batzuk: halakotzat joko dira dietei eta lekualdatzeei dagozkienak, bai eta, beren izaera dela eta, a), b) eta c) ataletan justifikatu ezin diren gastuak.

3.– Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk ez dira diruz laguntzeko modukoak izango, baldin eta berreskuratu edo konpentsa badaitezke.

4.– Edonola ere, proiektua gauzatzeko aldian egindako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

5.– 13. artikuluan deskribatutako ebaluazio-organoari dagokio erabakitzea zer gastu jo daitezkeen diruz lagungarritzat aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Norgehiagoka bidezko diru-laguntzatzat hartuko dira laguntzak, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoak, 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6. artikuluan ezarritakoarekin bat onartutako aurrekontuaren % 80 izango da, eta, proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 20.000 euroko kopurua.

3.– Erakunde bakoitzak bi proiektu aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta proiektu bakoitzak xede eta helburu desberdinak izango ditu. Bi proiektuak lagundu ahal izango dira diruz.

4.– Erakunde batek deialdi honen arabera diruz lagundu daitezkeen bi proiektu baino gehiagorentzat eskatu badu diru-laguntza, erakunde ebaluatzaileak puntuazio handiena lortu duten bi proiektuei emango die dagokien diru-laguntza.

8. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Bestetik, eskaera eginez, baimena ematen zaio organo kudeatzaileari Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean informazioa eska dezan, eta, horrela, eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen jakiteko. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu ahal izango du; baina, kasu horretan, eskabidearekin batera, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko.

2.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, bazter utzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dauzkan egiaztatze-, kontrol- edo ikuskatze-ahalmenak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan xedatzen duenez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Jakinaraztea ea eskatu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik eta, kasua bada, ea eskuratu den.

b) Pertsona edo erakunde eskatzailea administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez dagoela.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 51.1.bis artikuluan xedatzen duenaren arabera, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu ahal izango du honako baldintza hauek betetzen dituela:

a) Diruz laguntzeko modukoa ez den gastua estaltzeko behar adinako finantza-gaitasuna duela.

b) Ez jasotzea helburu bererako diru-laguntzarik Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.

c) Erakunde eskatzailea boluntariotzako erakunde bat den kasuetan, Boluntariotza Erakundeen Errolda Orokorrean izena emanda egotearen ziurtagiria, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan horren inguruan ezarritakoaren arabera.

d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.

1.– Eskabideak 45 eguneko epean aurkeztu ahal izango dira, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2018/generacion conocimiento/y22-izapide/es).

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkezten bada, ordezkaritza justifikatu beharko da, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak http://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbide elektronikoan egin eta jakinaraziko dira.

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

6.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla eta horren helburua izango dela diru-laguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari jarraian adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

1.– «Proiektuaren txosten teknikoa» inprimaki normalizatua, 14. artikuluko balorazio irizpideak behar bezala aplikatu ahal izateko behar besteko zehaztasun mailarekin beteta.

2.– Diru-laguntza deialdiaren aurreko urteko jardueren memoria. Erakundeak onartutako jarduerak izan beharko dira.

3.– «Aurrekontua» inprimaki normalizatua; agiri horretan behar adineko xehetasunez adierazi beharko da jardueraren guztizko aurrekontua, partidatan zatikatua, bai eta jarduera gauzatzeko egutegia ere.

4.– Erakunde onuraduna boluntariotzako erakunde bat baldin bada, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta ote dagoen egiaztatuko da, hala xedatzen baitu irailaren 1eko 169/2000 Dekretuak, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituenak. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen den. Egiaztapen hori egitea ezinezkoa balitz, interesdunari berari eskatuko zaio baldintza hori betetzen duela agiri bidez egiazta dezan.

5.– Eskaera egin duen erakundea fundazio bat edo onura publikoko elkarte bat bada, organo kudeatzaileak berak automatikoki egingo du Fundazioen Babeslaritzan edo Elkarteen Erregistro Orokorrean aurkeztutako azken kontu-ematearen egiaztapen dokumentala, baita, fundazioen kasuan, bere estatutuak indarrean dagoen fundazioen gaineko legeriara egokituta daudela ere. Egiaztapen horiek egitea ezinezkoa balitz, interesdunari berari eskatuko zaio baldintzok betetzen dituela agiri bidez egiazta dezan.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskaeran akatsen edo hutsegiteren bat dagoela atzematen badu Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko. Hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela joko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren.

12. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezturiko eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, Balorazio Batzordea osatuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, presidente lanak beteko dituena.

b) Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako bi teknikari, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak izendatuko dituenak. Zerbitzuan antzinakotasun handiena duen pertsonak beteko ditu idazkari lanak.

c) Proposamenak ebaluatzeko, natura-ondarearen kontserbazioan diharduten beste teknikari edota aditu batzuen iritzia jaso ahal izango da.

2.– Behin eskabideak ebaluatu ondoren, Balorazio Batzordeak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein proiektuk jaso dezaketen diru-laguntza, bai eta azken horien zenbatekoak ere, betiere agindu honen 14. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera. Era berean, Balorazio Batzordearen ustez baztertu beharko liratekeen proiektuak eta horren zergatia adieraziko ditu.

14. artikulua.– Balioespen-irizpideak eta esleipen-prozedura.

1.– Natura-ondareari buruzko ikerketa aplikatuko azterketak eta lanak baremo honen arabera balioetsiko dira:

a) Azterketak eta lanak zer neurritan doitzen diren agindu honen 2. artikuluan zerrendatutako gaietara; 30 puntu lortu ahalko dira, gehienez, honela zatikatuta:

– 2.a) artikuluko gaiak, 30 puntura arte.

– 2.b) artikuluko gaiak, 20 puntura arte.

– 2.c) artikuluko gaiak, 20 puntura arte.

– 2.d) artikuluko gaiak, 10 puntura arte.

b) Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemako parametroen arabera baloratuko den azterketa edo proiektu proposamenaren kalitatea (http://www.euskadi.eus/informacion/como-aportar-informacion-al-sistema-de-informacion-de-la-naturaleza-de-euskadi/web01-a2ingdib/es/), betiere 3. artikuluan jasotako ildoak kontuan izanik (35 puntura arte).

c) Lanean parte hartzen duten erakunde eta pertsonek zer-nolako gaitasuna, esperientzia eta curriculuma duten agindu honen 2. artikuluan zerrendatzen diren jardueren antzekoetan (20 puntura arte).

d) Proiektuak deialdi honetan diru-laguntza jaso dezaketen beste proiektu batzuekin duen koordinazio-maila, edo horiekin koordinatzeko gaitasuna; edo aurreko faseetan egin diren azterlan eta proiektuak garatzeko gaitasuna (15 puntura arte).

2.– Euskaraz egiten diren proiektuei edota irabazi-asmorik gabeko erakundeek aurkeztutakoei 10 puntu gehitu ahalko zaizkie, gehienez; 5 puntu baldintza bakoitzeko.

3.– Artikulu honetako 2. atalean aurreikusitako puntu osagarriak erantsi aurretik berrogeita hamar (50) puntu baino gutxiago eskuratzen dituzten eskaerek ezingo dute diru-laguntzarik jaso.

4.– Diru-laguntza lehiaketa bidez esleituko da: prozedura horren arabera, puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera aztertuko dira eskaerak, deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen badituzte eta deialdian ezarritako mugekin, betiere, aurrekontu-zuzkidura xahutu arte.

5.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda eta diruz lagunduko diren proiektuen eta, orobat, emandako zenbatekoen zerrenda jasotzeaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jasoko da, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko, betiere, balioztatzean 50 puntu edo gehiago jaso badute. Erakunde horiei dagokienez, ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, proiektuak adieraziko dira, eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehieneko zenbatekoa azalduko da; nolanahi ere, zenbateko hori ez da sekula ere izango aurrekontuetan onartutakoa baino handiagoa.

15. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ingurumen sailburuordeak emango du ebazpena, eta banan-banan emango zaie horren berri erakunde interesdunei, lau hilabeteko epean, gehienez ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

2.– Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

3.– Lehen paragrafoak aipatzen duen ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena espresuki ematen bada, jakinarazpena eman eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, eta, bestela, balizko egintza eman eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita (berari dagokion araudi espezifikoaren arabera), betiere urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Ebazpen horren bidez eman edo, hala balegokio, ukatu edo kanporatuko dira agindu honetan ezarritako laguntzak. Ematen baldin badira, honako hauek adieraziko ditu: onuraduna zein den; emandako laguntza zenbatekoa den; eta diru-laguntza zein proiekturi eman zaion, diruz lagundutako jardunaren zenbateko osoa zehaztuta. Jardunak baztertzen badira, horren zergatia adieraziko da.

5.– Ebazpena jakinarazpen telematikoz adieraziko zaie interesdunei, hala xedatzen baitu Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak V. Tituluan, eta jakinarazpen hori egindakotzat joko da pertsona edo erakunde interesdunak, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak jakinarazpena jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Horrela, jakinarazitako egintza jaso izana elektronikoki izenpetu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kasuan-kasuan ezarri beharreko epeak. Halaber, 21/2012 Dekretuan aipatutako helbide elektronikoan egintza jakinarazten den egunetik aurrera hamar egun naturaleko epean, pertsona edo erakunde interesduna, edo, hala badagokio, horren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona, jakinarazpenaren edukian sartzen ez bada, jakinarazpena errefusatu egin duela ulertuko da, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, non eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzailearen eskariz, ez den egiaztatzen oztopo tekniko edo materialak direla-eta ezinezkoa izan dela edukian sartzea. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.

16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak zatituta ordainduko dira, zehazki, bi ordainketa eginez. Honela egingo dira ordainketak:

a) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50, 17.a) artikuluan adierazitako epean, berariaz uko egin ez zaionean.

b) Gainontzeko zenbatekoa 2019an ordainduko da, behin erakunde onuradunak Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokion agiriak aurkeztu eta gero bai diruz lagundutako jarduerak egin dituela bai jardueron kostuak egiaztatzeko, betiere honako artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

3.– Pertsona onuradunek, honako hau aurkeztu beharko dute 2019ko ekainaren 30a baino lehen https://euskadi.net/nirekudeaketak tresnaren bitartez:

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatu direla azaltzen duen deskripzio-memoria. Han zehaztuko da zein diren jardueraren ezaugarri nagusiak eta zenbateraino bete diren jardunaren helburuak.

b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.

c) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, betiere zehaztuz, hala badagokio, beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla helburu bererako; horrez gain, eta hala badagokio, adieraziko da eskabidea aurkeztu den diruz laguntzeko moduko programetan BEZa diruz lagundu daitekeen ala ez.

d) «Proiektuaren laburpen fitxa» inprimakia.

4.– Diru-laguntza hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren lanen ondoriozko dokumentuak, materialak eta datu-baseak emateko unean, «Ingurumenari buruzko informazioa tratatzeari eta entregatzeari buruzko argibideak» eta «Informazio geografikoa entregatzeko jarraibideak» agirietan ezarritakoa kontuan hartu beharko da. Agiri horiek biak Euskadi.eus atarian daude eskuragarri.

5.– Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzetan eta egiaztapenetan eta dokumentazioan oinarrituz, diru-laguntzaren likidazioa egingo du, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak emandako ebazpen baten bidez.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza eta, horrekin batera, agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako jarduketak 2019ko apirilaren 30a baino lehen amaitzea.

c) Proiektuarekin lotutako argitalpen, liburuxka eta, oro har, publizitate orotan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak diruz lagundu duela, hala xedatzen baitu Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudiak, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasota dagoena. Dekretu horrek arautzen du Eusko Jaurlaritzako erakunde-nortasunaren eskuliburua (https://www.euskadi.eus/r48-contsepr/eu/contenidos/informacion/v2_simbolos/eu_simboide/index.shtml).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, baita publizitatean ere. Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean eta, zehazki, diruz lagundutako ibilgailu edo ekipamenduetan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren logotipoak agertu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/r48-contsepr/eu/contenidos/informacion/v2_simbolos/eu_simboide/index.shtml), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.

d) Proiektuen emaitzak Eusko Jaurlaritzaren euskarri elektronikoen bitartez hedatzea. Hori dela eta, ingurumen informazioaren tratamendu eta entregari buruzko jarraibideen arabera aurkeztu beharko dira agiri guztiak, honako estekan zehaztu bezala: http://www.euskadi.eus/informazioa/nola-bidali-informazioa-euskadiko-naturari-buruzko-informazio-sisteman-sartzeko/web01-s2ing/eu/. Informazioan sortutako agiriez gain, erakunde onuradunek proiektuaren laburpen bat ere aurkeztu beharko dute, «Proiektuaren laburpen fitxa» inprimakian zehaztu bezala.

e) Azterlan eta argitalpenek berdintasun- eta genero-ikuspuntuak barneratu beharko dituzte, eta, jardueretarako publizitatea edo material didaktikoak baliatzen badituzte, ez dute hizkuntza edo irudi sexistarik erabiliko hedapen-euskarrietan, hala agintzen baitu Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3. artikuluan. Zuzenean sortzen dituzten dokumentuetan ere hizkuntzak inklusiboa izan beharko du.

f) Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari lagatzea, dohainik eta ez modu esklusiboan, aurkeztutako dokumentuetan biltzen den informazio teknikoa eta grafikoa, administrazio horrek erabiltzeko eta haren informazio-sistemetan sartzeko, baita informazio hori hedatzeko eta/edo argitaratzeko bibliografia-arloko, ikus-entzunezkoen arloko, informatika-arloko edo teknikaren erabilerak ahalbidetzen duen edozein baliabide eta formatutan. Nolanahi ere, egile-eskubideak beti errespetatuko dira, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak, Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onartzen duenak, xedatutakoaren arabera. Era berean, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak erregularizatu, argitu eta harmonizatu beharko dira, eta une oro bete beharko da uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumen-gaiei buruzko informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta auzitegietara joateko eskubideak arautzen dituenak, xedatzen duena (lege horrek 2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak biltzen ditu).

Erakundearen ustez, emandako informazioaren zati bat uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, Ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenak, bere 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenekin bat badator, dokumentazioa bi bertsiotan aurkeztuko da: alde batetik, bertsio osoa, salbuespenekin bat etor daitezkeen zatiak adierazita; eta, bestetik, bertsio laburtua, zati horiek kenduta. Azken bertsio hori izango da jendaurrean jarriko dena.

g) Emaitzak hedatu edo esperientziak trukatze aldera Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldietan parte hartzea, horrelakorik erabakitzen bada.

h) Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzari dagokionez, organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jardunak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jardun guztiak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi berezian ezarritako guztiak onartzea ere.

i) Diru-laguntza bere helbururako erabiltzea.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta aldatzen badira diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak dagokion ordainketa-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren kopurua doitu egingo da, edota, hala dagokionean, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko eskatuko da, bai eta berandutze-interesak ere.

Diru-laguntza jaso duen jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak ageri direnean eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea baino gutxienez hilabete lehenago, diru-laguntza jaso duen jarduera amaitzeko aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du.

19 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Onuradunak jasotako diru-laguntza eskatu eta eman zeneko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntza eskatu zeneko jarduera egiten ez badu, interesdun zeneko helburu zehatzetarako izan dela justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, agindu honetan edo emakida-erabakian ezarritako betekizunak betetzen ez baditu, arau horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako xedapenak ezarriko dira, eta, ondorioz, itzuli egin beharko ditu bai emandako eta jasotako diru-kopuruak, edota haien zati bati, bai kopuruoi legez ezar dakizkiekeen interesak.

2.– Halaber, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honen 4. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte eta galerengatiko kalte-ordainak edota, kasua bada, erantzukizun penala eskatzeko ere.

3.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien legezko ondorioetarako.

20. artikulua.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako diru-laguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa; eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, zeinaren bidez azken horren Araudia onartzen den.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 25a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala