Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2018ko maiatzaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2865

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Bilboko udalerrian (Bizkaia) haur-eskola pribatu bat ireki eta jardunean jartzeko.

Aztertuta geratu da 2007 Potxolines SL entitatearen ordezkariak hasarazitako espedientea, non Bilboko udalerrian (Bizkaia) haur-eskola pribatu bat irekitzeko eta jardunean jartzeko baimena eskatzen baita.

Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeak horri buruzko txostena eman dute.

Arau hauek ikusi dira: Araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzko apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (apirilaren 9ko BOE); apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duen otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua (martxoaren 12ko BOE); 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan) indarrean iraunarazten dituen azaroaren 16ko 215/2010 Dekretua (azaroaren 19ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematen da 2018-2019 ikasturtetik aurrera jarraian zehazten den haur-eskola pribatua irekitzeko eta jardunean jartzeko:

Kode-zenbakia: 48019511.

Izen generikoa: Haur-eskola pribatua.

Izen espezifikoa: «Potxolines».

Titularra: 2007 Potxolines SL.

Helbidea: Eskurtze kalea 24, behea.

Udalerria: Bilbao.

Lurralde historikoa: Bizkaia.

Baimentzen den irakaskuntza: Haur Hezkuntzako 1. zikloa.

Ikastetxearen edukiera: 3 unitate, honelako edukiera dutenak:

● Urtebetetik beherako haurrentzako unitate bat, 8 ikaspostuko edukieraduna.

● Urtebetetik bi urtera bitarteko haurrentzako unitate bat, 13 ikaspostuko edukieraduna.

● Bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzako unitate bat, 15 ikaspostuko edukieraduna.

2. artikulua.– Indarrean dauden arauak betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateak emango dituzten irakasleen titulazio akademikoari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek betetzea.

4. artikulua.– Indarrean dagoen legeria betetzera behartuta dago ikastetxea, eta agindu honetan adierazitako daturen bat aldatu behar bada, dagokion berrikusketa eskatzera.

5. artikulua.– Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 23. artikuluaren arabera, emandako baimena baliogabetu egingo da, ikastetxeak baimena emateko indarreko araudian ezarritako gutxieneko baldintzaren bat betetzen ez duenean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimena emateak ez du dakar berez hezkuntza-itunen araubidearen edo diru-laguntza deialdien bitartez laguntzarik lortzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala