Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2018ko maiatzaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2781

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena; honen bidez, egutegi komun bat ezartzen da, non jasotzen baitira 2018-2019ko ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen duten hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan izena emateko eskaerak aurkezteko,onartzeko eta matrikulatzeko epeak eta, zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onartzeaz gain, irakaskuntza horiek ematen dituzten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak ere onartzen baitira.

Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuak ikasleak onartzeko eta eskolaratzeko prozedura arautzen du hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), baita Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Dekretu horren 10. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura komuna izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietarako, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.

Agindu horietan ezarriko dira eskaerak aurkezteko eta horiek ebazteko epeak. Halaber, agindu horietan zehaztuko da interesdun bakoitzak, dagokion kasuan, aurkeztu beharreko dokumentazioa, hala badagokio, eskaerarekin batera, onarpen prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.

Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 28. artikuluan jasotzen denez –otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan emandako idazkeran–, hezkuntza-arloko eskumena duen sailburuak egin behar du ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa egin ahal izateko urteko onarpen-egutegia, aplika daitekeen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Gainera, ezartzen du hark ezarri behar dituela, beste elementu batzuen artean, onarpen-datak, ikastetxe batean eskaintzen diren plazak eskaerak baino gutxiago direnerako irizpideak eta sarbide desberdinetarako gorde behar diren plazen ehunekoa, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolakuntza orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 47. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorrita.

Hala ere, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan egindako aldaketak arestian aipatutako uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuari eragin dio, hain zuzen ere, lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasketetara sartzeko bideei dagokienez. Izan ere, egun, ez dago bide horiek arautzen dituen araudirik, aipatutako dekretua oinarrizkoa baita eta ez baita legegintzara egokitu. Dena den, bertan ageri diren manuak agindu honetan azaldutako prozesurako aplikatu behar dira.

Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, agindu honek honako hauetan araututako alderdiak aplikatzen ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretua eta urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretua.

Bestalde, ikasketa ofizialen izaera dela-eta, itunduak ez diren zentro pribatuetan informazioa emateko obligazio jakin batzuk ezarri dira xedapen gehigarri bakarrean.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio eremua, zikloak eta ikastetxeetako plazak

1.– Agindu hau 2018-2019ko ikasturterako ikasleak onartzeko prozeduran eta matrikulan aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, hurrengo atalean adierazitako hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ziklo eta modalitateetan ikasteko.

Hezkuntza-itunaren bitartez finantzatzen ez diren ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen kasuan, xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa aplikatuko da.

2.– Hauek dira agindu honetan eskaintza osoko modalitate presentzialean (ikasturte osoa) aipatzen diren irakaskuntzak:

a) Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak.

b) Erdi-mailako zikloak.

c) Goi-mailako zikloak.

d) Lanbide-heziketako bigarren titulu bat lortzeko arauz ezarritako ikastaro osagarriak, hirugarren ikasturtean. Zehazki, 2018-2019ko ikasturterako, honako hauek:

● Eraikuntza Proiektuetako goi-mailako teknikaria (azaroaren 29ko 244/2011 Dekretua, martxoaren 15eko 46/2016 Dekretuak emandako idazkeran).

● Obra Zibileko Proiektuetako goi-mailako teknikaria (otsailaren 28ko 29/2012 Dekretua, martxoaren 15eko 46/2016 Dekretuak emandako idazkeran).

3.– Agindu honetan, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren (UHEI) eskaintza partzialeko (modulukako matrikula) urrutiko telematikako modalitatean irakaskuntza hauek (erdi-presentziala) daude aipatuta:

a) Erdi-mailako zikloak.

b) Goi-mailako zikloak.

4.– Ez zaie agindu hau aplikatuko eskaintza partzialeko irakaskuntza presentzialei.

2. artikulua.– Egutegia.

1.– Irakaskuntza presentzialean, 3.1 artikuluak eskaera egiteko obligaziotik eta onarpen-prozeduran parte hartzetik salbuesten dituen ikasleek ekainaren 12tik uztailaren 3ra bitartean egingo dute matrikula, biak barne, ikastetxeko idazkaritzaren ordutegian.

2.– Gainerako kasuetan, onarpen-prozeduraren eta matrikularen datak eta epeak taula honetan daude adierazita modalitate bakoitzerako (presentziala eta erdi-presentziala) eta aldi bakoitzerako:

(Ikus .PDF)

3.– Urrutiko irakaskuntzaren kasuan, ohiko aldia amaitzen denean itxarote-zerrenda desagertu bada eta oraindik libre dauden plazak badaude, ezohiko aldia irekiko da.

Era berean, urrutiko irakaskuntzan onartutako ikasleek matrikula formalizatu beharko dute aurreko taulan adierazitako datetan. Prezio publikoa ordaindu beharko dute, I. eranskineko hamalaugarren jarraibidean ezarritakoari jarraituz.

4.– Aurreko taulan ageri diren onarpen-epeak bukatutakoan, plaza libreak geratzen badira, ikastetxeek matrikulatu nahi diren eta irakaskuntzara sarbidea izateko baldintzak betetzen dituzten pertsonak matrikulatu ahalko dituzte, 2018ko urriaren 15eko 24:00ak arte. Data horretatik aurrera, ikastetxeek ezingo dute inor matrikulatu.

5.– Onarpen epeetatik kanpo eta 4. atalean adierazitako dataren aurretik matrikulazioak egiten badituzte, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrespena dagokion berariazko informatika-aplikazioan.

3. artikulua.– Eskabidea aurkeztetik eta onarpen-prozeduran parte hartzetik salbuetsitako ikasleak.

1.– Irakaskuntza presentzialean, pertsona hauek ez dute eskabiderik aurkeztu behar, ez onarpen-prozeduran parte hartu behar, gehieneko deialdi-kopurua agortu ez badute eta gehieneko egonaldia gainditu ez badute, betiere.

a) Ikastetxe, ziklo, kurtso eta hizkuntza-eredu berean matrikulatzen direnak, aurreko ikasturtean ikasi zuten kurtso berean (errepikatzaileak).

b) 1. kurtsotik 2. kurtsora igarotzen direnak.

Kasu hauetan, 2.1 artikuluan zehazten den epean formalizatu beharko du matrikula ikasleak, eta, hala egin ezean, plaza erreserbatzeko eskubidea galduko du.

Horretarako, atal honetan aipatzen diren ikasleen matrikulazioa bermatu beharko dute, beharrezkotzat jotzen duten plaza kopurua erreserbatuta, ikastetxeek maila, hizkuntza-eredu eta heziketa-ziklo bakoitzean.

2.– Ziklo bateko 1. kurtsoa ikastetxe batean gainditu baina ziklo bereko 2. kurtsoa egiteko beste ikastetxe batean matrikulatu nahi dutenek ez dute parte hartuko agindu honen I. eranskineko seigarren eta zazpigarren oinarrietan aurreikusitako plazen esleipen-prozeduran. Espediente akademikoa ikasketak jarraitu nahi dituen ikastetxera lekualdatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute. Agindu honen 2.2 artikuluan aurreikusitako matrikulatze-prozedura eta -epea amaituta, plaza libreak gelditzen badira soilik egin ahal izango da lekualdatze- eta matrikula-onarpena.

Prozedura bera jarraituko dute ziklo batean lehenengo kurtsoa gainditu eta aurretik gainditutako lehenengo kurtso hori komunean duen beste titulazio bateko bigarren kurtsoan matrikulatu nahi dutenek.

3.– 2. apartatu honetan aurreikusitako kasuetan, aurreko kurtsoko espediente akademikoko batez besteko nota onenarekin egingo da onarpena.

4. artikulua.– Hezkuntza-eskaintza.

1.– Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren mende dauden ikastetxe publikoetan eskaintzen diren heziketa-zikloak sail horrek agindu honetan adierazitako ikasturterako planifikatutakoak izango dira.

2.– Zentro pribatu itunduetan eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren mende ez dauden ikastetxe publikoetan eskaintzen diren heziketa-zikloak ikastetxeek beraiek zehaztutakoak izango dira, sail eskudun horrek planifikatuta badaude, betiere. Ikastetxe pribatu eta itundu batean zikloak eskaintzeak eta horietan ikasleak matrikulatzeak ez du esan nahi berez ziklo horiek hezkuntza-itunaren bitartez finantzatuko direnik.

5. artikulua.– Eskaintzen den eskola-plaza kopurua zehaztea, ezintasunen bat duten pertsonentzat edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat erreserbatzea eta kupoka banatzea.

1.– Hezkuntza-administrazioaren organo eskudunak maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean matrikulatu daitekeen talde kopuruaren berri emango dio hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren mende dagoen ikastetxe publiko bakoitzari.

Gehieneko muga bat ezartzen da matrikulatzen diren moduluen iraupenaren guztizko baturarako: ikasle berriak 700 ordutarako matrikulatu ahalko dira gehienez, eta berriak ez diren ikasleak 1.000 ordutarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 11ko Aginduaren 3.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz. Agindu horrek urrutiko heziketa telematikoaren modalitatean lanbide-heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua arautzen ditu. Hala ere, ezarritako gehieneko muga horiek % 5ean gainditu ahal izango dituzte dagokion zikloa bukatzeko behar duten ikasleek.

2.– Irakaskuntza presentzialaren kasuan, zentro publikoen zuzendaritzek edo zentro pribatu eta itunduen tituludunak diren pertsona fisiko eta juridikoek zehaztuko dute eskaintzen den plaza kopurua, baimendutako gehienezko plaza kopuruari ikasturtea gainditu ez duten agindu honen 3.1 artikuluan aipatutako ikasleentzat erreserbatutako eskola-plaza kopurua kenduz.

3.– Heziketa-ziklo bakoitzean eskaintzen den guztizko plaza-kopuruaren % 5 erreserbatu beharko da eskaera egiten den datan % 33 edo gehiagoko ezintasuna duten pertsonentzat, eta beste % 5 eskaera egiten den datan goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat, Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan eta 203/2010 Dekretuan adierazitakoari jarraituz.

4.– Gainerako plazen esleipenean, aintzat hartuko dira agindu honen I. eranskinaren zazpigarren jarraibidearen 4. eta 5. apartatuetan sarbide desberdinetarako aurreikusitako kuotak.

5.– Artikulu honetan aipatutako ehunekoak eta kuotak aplikatzean, emaitza dezimala bada, goragoko zenbaki osora borobilduko da hamartarrik handiena duena, eta gainerako ehuneko eta kuoten dezimalak, aldiz, beheragoko zenbaki osora.

6. artikulua.– Onarpen-prozesuari buruzko informazioa.

Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo legezko tutoreei eta ikasleei eurei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:

● Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

● Eskabideak formalizatzeko epeak.

● Prozesuaren egutegia, eta, horren barnean, besteak beste, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak, erreklamazioak aurkezteko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.

● Eskabideak aurkezteko epean, ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko dituen egutegia eta ordutegia.

7. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan euskara eta gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da, eta erabiltzen duten hizkuntza berean erantzungo zaie.

2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek euren jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta, oro har, testu idatzietan.

8. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Bat etorriz Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin, ikasleak onartzeko prozedura honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileen erabilera- eta argitaratze-baimena izango dutenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Lanbide-heziketako ikasleen kudeaketa gradu, modalitate eta erregimen desberdinetan» izango da, eta haren helburua prozedura hau kudeatzea izango da, eta baita prozeduraren garapenari buruz informatzea ere.

Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

9. artikulua.– Jarraibideak onestea.

I. eranskinean, ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko bildu diren jarraibideak onesten dira, eta, II. eranskinean, ikastetxeek hezkuntzaren arloan eskuduna den sailaren aplikazio informatikoa erabiltzeko bildutako jarraibideak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Itundu gabeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen obligazioak.

Hezkuntza-itunetik kanpo hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eskaintzen duten zentro pribatuen kasuan, II. eranskineko II.2 jarraibidean adierazitakoa betetzeko eta baimendutako irakaskuntzen eskolatzea kontrolatzeko, eskainitako zikloei eta plazei buruzko datuak eta egindako matrikulei buruzkoak agindu honetako II. eranskinean aipatutako aplikazio informatikoan sartu beharko dira, eranskin horretako II.1etik II.6ra bitarteko eta II.20 jarraibideetan adierazitakoari jarraituz, horietan adierazitako epeetan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
IKASTETXEEK HEZKUNTZAREN ARLOAN ESKUDUNA DEN SAILAREN APLIKAZIO INFORMATIKOA ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK.
PROZEDURA INFORMATIKOAREN IZAERA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Lehenengoa.– Nahitaezkotasuna.

1.– Prozedura informatiko zehatz baten bidez onartuko dira ikasleak. Hezkuntzaren arloan eskuduna den sailak horretarako diseinatutako prozedura informatikoa erabiliko litzateke; dena dela, eskabideak antolatzeko eta plazak esleitzeko, I. eranskinean adierazitakoari jarraituz eta ikastetxeak adierazitako moduan jardungo da.

2.– Aplikazio hori erabili beharko dute ikastetxe publiko guztiek eta itundutako ikastetxe pribatu guztiek, jarraibide hauetan ezarritako baldintzetan.

3.– Hezkuntza arloan itundu gabeko ikasketak eskaintzen dituzten itundu gabeko ikastetxe pribatuek aplikazio informatikoa erabili beharko dute II. eranskin honetako hemeretzigarren jarraibidean adierazitako moduan.

Bigarrena.– Datuen iturri ofizial bakarra.

Ikastetxeek aplikazio informatiko horretan sartutako datuek osatuko dute hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa zikloetako ikasleei buruzko informazio-iturri ofizial bakarra. Ikasleei buruzko agiri edota ziurtagiri ofizialak egiteko –hala nola aktak, titulu ofizialak eta antzeko dokumentuak–, aplikazio horretan jasotako datuak soilik erabiliko dira.

IKASTETXE, HEZIKETA-ZIKLO, ESKOLEN TXANDA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEAN ESKAINTZEN DIREN PLAZAK ZEHAZTEA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Hirugarrena.– Eskaintzen diren heziketa-zikloei buruzko datuak sartzea.

1.– Jarraibide hauek onesten dituen aginduaren 4. artikuluan adierazitakoa aintzat hartuta, itundutako ikastetxe pribatuek eskaintzen dituzten oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketako ziklo guztiak sartu beharko dituzte aplikazio informatikoan, bakoitzari dagokion hizkuntza-eredua eta txanda adieraziz. Hezkuntza-administrazioak sartuko ditu ikastetxe publikoen eskaintzari buruzko datuak.

Bi kasuetan, datu horiek sartzeko epea maiatzaren 25eko 24:00etan bukatuko da. Momentu horretatik aurrera, ikastetxeek ezin izango dituzte sartutako datuak aldatu.

2.– Jarraian, aplikazio informatikoak emango dion akta inprimatuko dute itundutako ikastetxe pribatuek. Bertan, ikastetxeak ikasturte honetarako eskainitako heziketa-ziklo guztiak jasoko dira, eskainitako hizkuntza-ereduak eta txandak adierazita. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu beharko du eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako Atalera bidali beharko du.

Laugarrena.– Akatsak konpontzea.

Maiatzaren 25era bitartean ikastetxe publiko edo pribatu itundu batek aplikazio informatikoan ikastetxeak eskaintzen dituen zikloei buruzko datuetan akatsen bat hautematen badu, dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan lanbide-heziketaren arduraduna den pertsonari jakinarazi beharko zaio. Pertsona horrek erreklamazioa egiazkoa dela egiaztatu ondoren, akatsa konponduko du eta horren berri emango dio ikastetxeari.

Bosgarrena.– Lurralde-ordezkaritzak egindako aldaketak.

1.– Maiatzaren 30erako Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan lanbide-heziketaz arduratzen diren pertsonek bakoitzaren lurralde historikoko ikastetxe guztiek sartutako datuak egiaztatu beharko dituzte eta ikastetxeak baimendutakoarekin bat ez datozen datuak zuzendu beharko dituzte. Ostean, aldaketa horien berri eman beharko diote dagokion ikastetxeari.

2.– Ekainaren 1eko 14:00ak baino lehenago, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan lanbide-heziketaz arduratzen diren pertsonek egiaztatuta izan beharko dituzte fase horretan sartutako datu guztiak. Momentu horretatik aurrera ezin izango dira eskaintzaren datuak aldatu.

Seigarrena.– Eskainitako plazei buruzko datuak sartzea.

1.– Irakaskuntza presentzialaren kasuan, honela banatuko dira zikloen eta hizkuntza-ereduen arabera eskainitako plazak.

● Gehienezko talde kopuruaren araberakoa izango da hasiera batean ikastetxeak ziklo bakoitzean onar dezakeen gehienezko plaza kopurua.

● Zentro publiko edo pribatu itundu bakoitzari dagokio ziklo bakoitzean talde eta hizkuntza-eredu guztiak aintzat hartuta guztizko plaza kopuruaren banaketa aplikazio informatikoan sartzea. Horretarako, kontuan hartu beharko dira bakoitzerako dagoen eskaria eta momentu horretan zentroan 1. zikloan matrikulatuta dauden eta errepikatu egingo duten ikasleen plazak, ikasle horiek zentro horretan bertan eta ziklo eta hizkuntza-eredu berean errepikatuko dutela aurreikusten bada.

2.– Urrutiko irakaskuntzaren kasuan, jarraibide hauek onetsi dituen aginduaren 5. artikuluan adierazitakoa bete beharko da.

3.– Eskaintza ziklo eta hizkuntza-eredu desberdinen artean banatzeari buruzko datuak eta horietako bakoitzerako dagoen plaza kopuruari buruzkoak 2018ko ekainaren 22ko 24:00ak baino lehenago sartu beharko dira aplikazio informatikoan.

ONARPEN-ESKAERAK
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Zazpigarrena.– Eskaeraren datuak sartzea.

1.– Eskabidea online egiten duen eskatzaileak edo eskabidearen xede den ikastetxeak honako datuak sartu beharko ditu aplikazio informatikoan:

● Eskatzailearen datu pertsonalak.

● Ikastetxerako eskatzen den plaza kopurua, eskatu diren ordenaren arabera antolatuta.

2.– Ikastetxeak I.eranskinean adierazitako moduan erabiliko ditu datuak.

Zortzigarrena.– Eskabideak grabatzeko epemuga.

1.– Irakaskuntza presentzialaren kasuan ekainaren 15eko 24:00ak baino lehenago eta urrutiko irakaskuntzaren kasuan ekainaren 8a baino lehenago, ikastetxeak fase horretako datuak sartuta izan beharko ditu. Dena den, uztailaren 2ko 12:00ak arte sartu ahal izango dira espediente akademikoari buruzko datuak. Une horretatik aurrera, ikastetxeak ezin izango ditu datu horiek aldatu.

2.– Halaber, aplikazio informatikoak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Bertan, ikastetxean aurkeztutako eskabideen zerrenda agertuko da. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako Atalera bidaliko du.

ESKAINTZA EGOKITZEA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Bederatzigarrena.– Eskaintza eskaerara egokitzea.

1.– Ekainaren 18tik aurrera, aplikazio informatikoari esker, ikastetxe bakoitzak une oro jakin ahal izango du maila, ziklo eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazetarako zein eskari dagoen, eta eskari horren banaketa ikastetxe bakoitzak eranskin honetan ageri den prozedurari jarraituz zehaztutako eskaintzaren banaketarekin alderatu ahal izango du.

2.– Datu horiei esker, ikastetxeak eskaintzen den plaza kopurua aldatu ahal izango du posible den guztietan, benetan dagoen eskaerara egokitzeko.

3.– Arestian adierazi dugun legez, aldaketa horiek ekainaren 22ko 24:00ak arte egin ahal izango dira irakaskuntza presentzialaren kasuan, eta ekainaren 8ko 24:00ak arte urrutiko irakaskuntzaren kasuan.

4.– Momentu horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskariaren datuetan aldaketak egiteko epea bukatu ostean, maila bakoitzerako aurkeztutako eskabide guztiak onar daitezkeen edo ez zehaztuko du aplikazio informatikoak. Onartu ahal badira, ez da beharrezkoa izango eskabideak ezarritako lehentasunen eta hurrenkeraren arabera antolatzea.

PLAZEN ESLEIPENA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Hamargarrena.– Plazen esleipena.

Irakaskuntza presentzialean 2018ko uztailaren 5a baino lehen eta urrutiko irakaskuntzan ekainaren 27a baino lehen, hezkuntza-administrazioak plazak behin-behinean esleitzeko prozesuari ekingo dio. Aplikazio informatikoak gauzatuko du prozesu hori, sartutako datu guztiak kontuan hartuz eta indarrean dagoen araudian ezarritako guztia betez.

ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak.

Aplikazio informatikoak ikastetxe, ziklo, eredu eta txanda batean plaza bat esleituko die eskatzaileei, araudi honetan ezarritako irizpideei jarraituz.

Plazak esleitu ondoren, ikastetxe bakoitzak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu:

a) Ikastetxeak onartutakoen zerrenda, ordena alfabetikoan (lehenengo abizena, bigarren abizena eta izena), lehentasunezko irizpideak, hurrenkera eta berdinketa hausteko zenbakia adieraziz.

b) Ikastetxeak baztertutakoen zerrenda, ordena alfabetikoan (lehenengo abizena, bigarren abizena eta izena), lehentasunezko irizpideak, hurrenkera eta berdinketa hausteko zenbakia adieraziz. Horrez gain, eskatzaile bakoitzak plaza zein ikastetxe, ziklo, eredu eta txandatan lortu duen adierazi beharko da edo kasua bada, plazarik lortu ez duela.

Era berean, hezkuntza-administrazioak eskatzaile bakoitzari aukera emango dio une oro jakiteko zein den eskaeraren egoera, sarbide banakatu bat emango baitio «Ikasgunea» deritzon atariaren bitartez; horretarako posta elektroniko pertsonala eta pasahitza beharko dira.

c) Irakaskuntza presentzialaren kasuan, ikastetxeek 2018ko uztailaren 5ean argitaratu beharko dituzte behin-behineko zerrenda horiek guztiak, agindu honetako 2. artikuluan ezarritakoa betetzeko. Urrutiko irakaskuntzaren kasuan, 2018ko uztailaren 2an argitaratuko dira behin-behineko zerrendak.

Hamabigarrena.– Erreklamazioak aurkeztea.

Pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean, ikastetxeak pertsona horri dagokion «Erreklamazioak» pantailara joko du eta erreklamazioaren xede diren baremoaren atalak, erreklamazioa aurkeztu duen pertsonak emandako arrazoiak eta aurkeztutako dokumentuak sartuko ditu bertan. Ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia inprimatu beharko du eta zigilatu ondoren, erreklamazioa egin duen pertsonari eman beharko dio.

Hamahirugarrena.– Erreklamazioak ebaztea.

1.– 2018ko uztailaren 10a baino lehen irakaskuntza presentzialean eta uztailaren 5a baino lehen urrutiko irakaskuntzan, ikastetxeak aplikazio informatikoan sartu beharko ditu aurkeztutako erreklamazioak aztertu ostean egindako zuzenketak.

Horretarako, aplikazio informatikoan erreklamazioa aurkeztu duen pertsonari dagokion «Erreklamazioen ebazpena» pantailara jo beharko du. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, osorik edo partez. Horretarako, aplikazio informatikoko eremu egokiak markatu beharko ditu eta erreklamazioan onartutako datuak aldatu beharko ditu, bidezkoa bada.

2.– Erreklamazio bat osorik edo partez onartzen bada, dagozkion datuak aldatuko dira.

Hamalaugarrena.– Onartutako eta baztertutakoen behin betiko zerrendak.

1.– Aplikazio informatikoak onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrendak emango dizkio ikastetxeari. Zerrenda horiek modu berean antolatuta egongo dira eta behin-behineko zerrenden pareko zehaztapenak bilduko dituzte.

2.– Irakaskuntza presentzialaren kasuan, ikastetxeek behin betiko zerrenda horiek guztiak argitaratu beharko dituzte 2018ko uztailaren 12an, jarraibide hauek onetsi dituen agindu honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Urrutiko irakaskuntzaren kasuan, 2018ko uztailaren 5ean argitaratuko dira behin betiko zerrendak.

MATRIKULA FORMALIZATZEA ETA GERATZEN DIREN PLAZAK ESLEITZEA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA)

Hamabosgarrena.– Irakaskuntza presentzialean matrikulatzeko sistema informatikoa.

Lanbide-heziketarako dagoen aplikazio informatikoaren bitartez egin beharko dira matrikula guztiak. Matrikulatutako pertsonaren datu guztiak eta matrikularen berrespena sartu beharko dira aplikazio horretan.

ESTATISTIKA-DATUAK BALIDATZEA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Hamaseigarrena.– Estatistika-datuak balidatzeko datak.

1.– Ikastetxe publiko eta pribatu itunduek matrikulatzeko ohiko aldiari dagozkion estatistika-datuak balidatu beharko dituzte aplikazio informatikoan, uztailaren 19tik 26ra bitartean, biak barne.

2.– Irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek jakinarazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.

IKASLEEI BURUZKO DATUAK GRABATZEKO EGUTEGIA
(IRAKASKUNTZA PRESENTZIALA ETA URRUTIKO IRAKASKUNTZA)

Hamazazpigarrena.– Ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, ohiko aldian.

Zentroek ikasleen eskabideei eta matrikulazioari buruzko datuak grabatu beharko dituzte, honako egutegia errespetatuz:

a) Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan eta erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetan onartzeko aurkeztutako eskabide guztien datuak grabatzea: 2018ko ekainaren 22ra arte, egun hori barne.

b) Ohiko matrikula-aldian edozein mailatan matrikulatutako pertsona guztien matrikularen berrespena grabatzea (ikasle berriak, maila errepikatzen duten ikasleak eta maila batetik bestera igarotzen diren ikasleak barne): 2018ko uztailaren 18ra arte, egun hori barne.

c) Uztailaren 18aren ondoren behin betiko matrikulatutako pertsona guztien matrikularen berrespena grabatzea: 2018ko uztailaren 26ra arte, egun hori barne.

Hemezortzigarrena.– Ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, ezohiko aldian.

Ezarritako epeetatik kanpoko matrikularik egiten bada, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte matrikulatutako ikasleen datu guztiak eta matrikularen berrespena dagokion aplikazio informatikoan.

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetako eta erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesua 2018ko urriaren 15a baino lehen burutu behar da.

Hemeretzigarrena.– Itunduta ez dauden ikastetxe pribatuetan.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako itundu gabeko zikloren bat eskaintzen duten zentro pribatuek bertan eta ziklo horietako mailaren batean matrikulatutako ikasleen datuak sartu beharko dituzte aplikazio informatikoan. Datu horiek sartzeko epea 2018ko urriaren 15ean amaituko da.

Hogeigarrena.– Datuak grabatzeko prozesua amaitzea.

Oinarrizko heziketa-zikloetako ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesua 2018ko urriaren 15a baino lehen burutu behar da.

III. ERANSKINA
AURKIBIDEA

Agindua

1. artikulua.– Aplikazio-eremua, zikloak eta ikastetxeetako plazak.

2. artikulua.– Egutegia.

3. artikulua.– Eskabidea aurkeztetik eta onarpen-prozeduran parte hartzetik salbuetsitako ikasleak.

4. artikulua.– Hezkuntza-eskaintza.

5. artikulua.– Eskaintzen den eskola-plaza kopurua zehaztea, ezintasunen bat duten pertsonentzat edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat erreserbatzea eta kupoka banatzea.

6. artikulua.– Onarpen-prozesuari buruzko informazioa.

7. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.

8. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

9. artikulua.– Jarraibideak onestea.

Xedapen gehigarria–. Itundu gabeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen obligazioak.

Azken Xedapenetatik Lehenengoa.– Ondorioak.

Azken Xedapenetatik Bigarrena.– Errekurtsoak.

I. ERANSKINA

IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OROKORRAK

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

Bigarrena.– Heziketa-zikloetan sartzeko baldintzak eta bideak.

Hirugarrena.– Eskabidea aurkeztea eta jarraibideak.

Laugarrena.– Onartzeko eskabideak aurkezteko modua eta epea.

Bosgarrena.– Eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Seigarrena.– Onarpen-prozedura eta plazen esleipena.

Zazpigarrena.– Lehentasunezko ordena, esleitutako ehunekoa eta hurrenkera.

Zortzigarrena.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Bigarren Hezkuntzako graduatuaren batez besteko nota kalkulatzea.

Bederatzigarrena.– Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

Hamargarrena.– Eskabidearen datuak aldatzea.

Hamaikagarrena.– Onartzeko eskudunak diren organoak.

Hamabigarrena.– Baztertutako eskabideen eta onartutako ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratzea.

Hamahirugarrena.– Erreklamazioak.

Hamalaugarrena.– Matrikula formalizatzea eta matrikularen prezioa ordaintzea.

Hamabosgarrena.– Matrikula berrestea eta matrikulatutako pertsonak egindako gainerako eskabideak ezeztatzea.

Hamaseigarrena.– Ikasleen onarpena bermatzeko batzordeak.

Hamazazpigarrena.– Ikasleak eskatuta matrikula ezeztatzea eta deialdiari uko egitea.

Hemezortzigarrena.– Baldintzak objektiboki ez betetzeagatik matrikula ukatzea edo ofizioz ezeztatzea.

Hemeretzigarrena.– Ezohiko aldia urrutiko ikasketen kasuan.

Hogeigarrena.– Lanbide-heziketako titulu batetik sartzeko lehentasunak.

● I. taula (Oinarrizko Lanbide Heziketako titulutik erdi-mailako titulura).

● II. taula (erdi-mailako titulutik goi-mailako titulura).

II. ERANSKINA

IKASTETXEEK HEZKUNTZAREN ARLOAN ESKUDUNA DEN SAILAREN APLIKAZIO INFORMATIKOA ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK

● PROZEDURA INFORMATIKOAREN IZAERA (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Lehenengoa.– Nahitaezkotasuna.

Bigarrena.– Datuen iturri ofizial bakarra.

● IKASTETXE, HEZIKETA-ZIKLO, ESKOLEN TXANDA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEAN ESKAINTZEN DIREN PLAZAK ZEHAZTEA (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Hirugarrena.– Eskaintzen diren heziketa-zikloei buruzko datuak sartzea.

Laugarrena.– Akatsak konpontzea.

Bosgarrena.– Lurralde-ordezkaritzak egindako aldaketak.

Seigarrena.– Eskainitako plazei buruzko datuak sartzea.

● ONARPEN-ESKAERAK (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Zazpigarrena.– Eskaeraren datuak sartzea.

Zortzigarrena.– Eskabideak grabatzeko epemuga.

● ESKAINTZA EGOKITZEA (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Bederatzigarrena.– Eskaintza eskaerara egokitzea.

● PLAZEN ESLEIPENA (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Hamargarrena.– Plazen esleipena.

● ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak.

Hamabigarrena.– Erreklamazioak aurkeztea.

Hamahirugarrena.– Erreklamazioak ebaztea.

Hamalaugarrena.– Onartutako eta baztertutakoen behin betiko zerrendak.

● MATRIKULA FORMALIZATZEA ETA GERATZEN DIREN PLAZAK ESLEITZEA.

Hamabosgarrena.– Irakaskuntza presentzialean matrikulatzeko sistema informatikoa.

● ESTATISTIKA-DATUAK BALIDATZEA (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Hamaseigarrena.– Estatistika-datuak balidatzeko datak.

● IKASLEEI BURUZKO DATUAK GRABATZEKO EGUTEGIA (irakaskuntza presentziala eta urrutiko irakaskuntza).

Hamazazpigarrena.– Ikastetxe publiko eta pribatuetan, ohiko aldian.

Hemezortzigarrena.– Ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, ezohiko aldian.

Hemeretzigarrena.– Itunduta ez dauden ikastetxe pribatuetan.

Hogeigarrena.– Datuak grabatzeko prozesua amaitzea.


Azterketa dokumentala