Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2018ko maiatzaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2757

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 24koa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena. Honen bidez, Rothenberger SAU enpresak Abadiñoko (Bizkaia) eta Vitoria-Gasteizko (Araba) lantokietarako eta 2017-2019 aldirako duen hitzarmen kolektiboa erregistratzea, argitaratzea eta gordetzea agintzen da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko apirilaren 6an, lehen aipatutako hitzarmenari buruzko nahitaezko dokumentazioa aurkeztu du Negoziazio Batzordearen ordezkariak Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan.

Bigarrena.– Akordioa gordetzeko, erregistratzeko eta argitaratzeko eskaera izapidetu behar duen pertsona izendatu dute akordioaren sinatzaileek.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren (2017ko apirilaren 21eko EHAA) 9.1.i artikuluaren arabera, hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratzeari eta gordetzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuarekin (2011ko otsailaren 15eko EHAA) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuarekin (2010eko ekainaren 12ko BOE) batera, laneko agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 90.3 artikuluetan eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan (2015eko urriaren 24ko BOE) aurreikusten den eskumena erabiltzea.

Bigarrena.– Langileen Estatutuei buruzko Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluetan jasotzen diren betekizunen arabera sinatu da hitzarmena.

Horren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gorde dadila agintzea, aldeei jakinarazita.

Bigarrena.– Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 24a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.

ROTHENBERGER ENPRESAKO 2017-2019RAKO HITZARMENA
ABADIÑOKO ETA VITORIA-GASTEIZKO ZENTROAK
I. KAPITULUA
BALDINTZA OROKORRAK

1. artikulua.– Ezarpen-eremua.

Eremu pertsonala, funtzionala eta lurraldekoa.

Hitzarmen kolektibo honek Rothenberger SAU enpresak Bizkaiko Abadiñon eta Arabako Vitoria-Gasteizen dauzkan lantokietan zerbitzuak ematen dituzten enpresa horren langile guztietan izango du eragina.

Edonola ere, honako langile hauek hitzarmen kolektibo honen ezarpen-eremutik kanpo geratuko dira: lan-arloko legeriak araututako arlotik kanpo dauden langileak (Langileen Estatutuko 1.3.c artikulua) eta goi-zuzendaritzako langileak (abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretuaren bidez araututakoa).

2. artikulua.– Indarraldia, iraupena eta luzapena.

Hitzarmen kolektibo hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean. Ondorio ekonomikoak atzeraeraginezkoak izango dira 2017ko urtarrilaren 1ean, eta 2019ko abenduaren 31ra arte luzatuko dira, kasuan kasuko aldizkari ofizialean zer egunetan argitaratzen den kontuan hartu gabe. Nolanahi ere, 5. artikuluan 2020. eta 2021. urteetarako urteko lanaldiari buruz xedatutakoa hartu beharko da kontuan.

Hitzarmen kolektibo hau 2019ko abenduaren 31n salatuko da modu automatikoan, eta, 2020ko urtarrilean, hurrengo hitzarmen kolektiborako negoziaketei emango zaie hasiera.

Hitzarmen kolektibo honetarako hitzartutako indarraldia amaitutakoan, bere edukiak indarrean jarraituko du aurreraeragin moduan 2022ko abenduaren 31ra arte, gehienez ere.

Gehieneko epe horretan hitzarmen kolektibo hau berritzeko adostasunik lortzen ez bada, indarraldia galduko du erabat, eta, enpresan ezartzeko moduko hitzarmen kolektibo berria onartu arte, une horretan indarrean dagoen Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren Hitzarmen Kolektiboa ezarriko da. Bestela, une horretan inolako hitzarmenik indarrean ez badago, sektore horrek 2010-2011. urteetarako daukan hitzarmen kolektiboa ezarriko da.

3. artikulua.– Osoko lotunea eta ordezko araubidea.

Bi alderdiek berariaz hitzartzen dute hemen zehazten diren arau guztiak ezarriko dituztela indarrean dirauten bitartean.

Hitzarmen honetan araututako gai guztiek osotasun orekatu, organiko eta banaezina eratzen dutenez, klausularen batean aldaketa nabaria egingo balitz, hitzarmena bera oso-osorik berrikusi beharko litzateke.

Hitzarmen kolektibo honetan arautu ez diren gaietan, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2010-2011ko Hitzarmen Kolektiboko indarreko testuan adierazitakoa hartu beharko da kontuan (aurrerantzean, Gipuzkoako Metalgintzarako 2010-2011ko Hitzarmena).

Era berean, hitzarmen honen eraginpean dauden langileei ordezkagarritasunez ezarriko zaizkie Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren Hitzarmen Kolektiboan etorkizunean txertatu daitezkeen gai berriak, betiere, sektore horretan 2010-2011. urteetarako onartutako azkena ordezkatzen bada eta gai horiek Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2010-2011ko Hitzarmen Kolektiboan edota hitzarmen kolektibo honetan araututa edo zehaztuta ez badaude.

Beraz, ez da gai berritzat hartuko Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren etorkizuneko Hitzarmen Kolektiboan gai zehatz baten inguruan egin daitekeen beste arauketa bat, sektore horretako 2010-2011. urteetarako hitzarmen kolektiboan edo hitzarmen kolektibo honetan aurretiaz araututa dagoenean.

Kontratatzeko modalitateei dagokienez, enpresaren jarduera-sektoreko (metalgintzako) ohiko arautegian xedatutakoa hartuko da kontuan.

Hitzarmen kolektibo honek oso-osorik eta ondorio guztietarako ordezkatuko du orain arte indarrean egon den Enpresa Ituna.

4. artikulua.– Lekualdatzeagatiko plusa eta garraio kolektiboko joan-etorriak.

Lekualdatzeagatiko plusa honako langile hauei baino ez zaie ezarriko: Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko antzinako lantokietatik etorritako langileak, 1976ko apirilaren 28an sinatutako itunaren arabera; eta Elorrioko antzinako lantokitik etorritako langileak, 1988ko uztailaren 14an lekualdaketari buruz sinatutako enpresa-itunaren arabera.

Hona hemen 2017. urtean lekualdatzeagatiko plus horretan ezarri beharreko zenbatekoak honako ibilbide hauetako batean benetan egindako joan-etorriko laneguneko, lekualdatutako taldea kontuan hartuta:

– Eibar-Abadiño: 9,76 euro gordin eguneko.

– Elgoibar-Abadiño: 13,32 euro gordin eguneko.

– Elorrio-Abadiño: 4,74 euro gordin eguneko.

– Mutriku-Abadiño: 22,14 euro gordin eguneko.

2018. eta 2019. urteetarako, lekualdatzeagatiko plusen gehikuntza estatuko aurreko urteko benetako KPIkoa + % 1ekoa izango da, hurrenez hurren.

Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko antzinako lantokietatik etorritako langileek, 1976ko apirilaren 28an sinatutako itunaren arabera, eta Elorrioko antzinako lantokitik etorritako langileek, 1988ko uztailaren 14an lekualdaketari buruz sinatutako enpresa-itunaren arabera, garraio kolektiboa erabiltzeko eskubideari eutsiko diote euren udalerritik Abadiñoko lantegira joateko orduan. Garraio kolektiboa erabiltzeko eskubide horri eta bertan gertatu daitezkeen atzerapenei dagokienez, 1976an eta 1988an lekualdatzeagatik sinatutako itun horiek indarrean jarraituko dute, Eibarko, Elgoibarko, Mutrikuko eta Elorrioko lantokietatik etorri diren eta, hurrenez hurrez, itun horien eraginpean dauden langileen lan-harremana amaitu arte.

Hona hemen Mutrikutik datozen langileentzako ordutegiak eta geltokiak: Mutriku, 06:45; Deba, 06:50; Guass, 07:05; Sta. Clara, 07:06; Azitain, 07:12; Urkizu, 07:13; Bolintxo, 07:15; Vivaldi, 07:17; Gasolinera, 07:20; S. Lorenzo: 07:22; eta Bar Paco, 07:25.

Hona hemen arratsaldeko txandarako Guassetik datozen langileentzako ordutegiak eta geltokiak (14:00etarako egon beharko dira lanean): Guass, 13:10; Sta. Clara, 13:12; Azitain, 13:17; Urkizu, 13:19; Bolintxo, 13:20; Vivaldi, 13:22; Gasolinera, 13:25; S Lorenzo, 13:30; eta Bar Paco, 13:35.

Lanpostuko lanaldia oso-osorik bete dadin, beharrezkoa den guztietan berrikusiko dira ordutegi horiek.

II. KAPITULUA
LANALDIA

5. artikulua.– Lanaldia. Lan-ordutegia.

Hona hemen benetan garatutako urteko lanaldiaren iraupena ondoren adierazten diren urteetarako, hitzarmenaren hasierako indarraldia kontuan hartuta:

– 2017ko urteko lanaldia: 1.689 ordu.

– 2018ko urteko lanaldia: 1.681 ordu.

– 2019ko urteko lanaldia: 1.673 ordu.

Benetan garatutako urteko lanaldia 1.665 ordukoa izango da 2020an; eta 1.657 ordukoa, 2021ean.

Abadiñoko lantegiko lanaldi zatitua zatitutzat joko da, jateko egindako eguneko etenaldia 45 minutukoa izan arren.

Bi txandako edo txanda gehiagoko lanaldia lanaldi zatitua bezalakoa izango da urtean benetan lan egindako orduen kopuruari begira. Bi txandako edo txanda gehiagoko lanaldi horretan, lanpostuan eman beharreko 8 orduetan, 15 minutuko atsedenaldia ezarriko da. Gainera, lehen aipatutako eta benetan lan egindako lanaldien barruan egongo denez, ordainpekoa izango da.

Honako hauexek izango dira goizeko, arratsaldeko eta gaueko lan-txanden ordutegiak:

– 06:00etatik 14:00etara, goizeko txandan.

– 14:00etatik 22:00etara, arratsaldeko txandan.

– 22:00etatik 06:00etara, gaueko txandan.

Etengabe benetan lan egindako 6 ordutik gorakoak ez diren eguneko lanaldietan, ez da 15 minutuko eguneko atsedenaldia egiteko eskubiderik egongo.

Enpresako langileek lanpostuko lanaldi osoa beteko dute eguneko lanaldiaren hasieran nahiz amaieran: sarrerak/irteerak, jateko epealdiarekin lotutako sarrerak/irteerak barne. Horren ondorioz, ez da benetan lan egindako denboratzat joko lanerako arropa janzteko eta eranzteko erabilitako denbora, ezta norbere garbitasunerako erabilitako denbora ere.

Lanpostuko lanaldi osoaren betearazpena ezartzean, ekoizpena % 4,40 gehituko da Abadiñoko lantegiko ekoizpen-lanetan (pieza orduko), eta lanpostuan izandako agerpenaren araberakoa izango da. Vitoria-Gasteizko lantegian, lanpostuz lanpostu hitzartuko da zein den ekoizpen-lanetako gehikuntzaren ehunekoa (pieza orduko).

6. artikulua.– Lanaldi malgua edo ordu erabilgarriak.

2017., 2018. eta 2019. urteetarako lan-egutegiaren malgutasuna 10 lanegunera artekoa izango da, eta, urte bakoitzean, dataz aldatu ahal izango dira, ekoizpen-ahalmena merkatuaren eskarira egokitzeko asmoz. Malgutasun hori hitzarmenaren aurreraeraginean ere ezarri beharko da.

Honako baldintza hauen arabera ezarriko da malgutasuna:

a) Langile interesdunei eta langileen legezko ordezkariei 3 egun lehenago jakinarazi beharko zaie (ezinbestean izan ezik), eta hori justifikatzen duten arrazoiei buruzko informazio idatzia eman beharko zaie.

b) Larunbatean egin beharreko lanaldiak 14:00etara arte baino ez du iraungo (arratsaldeko 2ak arte).

c) Malgutasun hori erabiliz gero, egutegian aldatzen diren egunetako lanaldia eguneko 7 ordukoa izango da.

d) Zuzendaritzak egutegian lanegunak diren egun zehatz batzuetan lan egin behar ez dela erabakitzen duenean, zuzendaritzak berak erabakiko du zer egunetan lan egin beharko den egun horiek konpentsatzeko.

e) Zuzendaritzak egutegian lanegunak ez diren egun zehatz batzuetan lan egin beharra dagoela erabakitzen duenean, langileek euren irizpidearen arabera eta hilabete lehenago eskatu beharko dituzte ordainetan hartu ditzaketen egunak. Horretarako, euren saileko edo sekzioko arduradunari egin beharko diote eskaera, behar besteko oniritzia eman dezan.

f) Aurkakoa edo txarrerako ez den guztian, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2010-2011ko Hitzarmen Kolektiboan xedatutakoa hartuko da kontuan.

Egun horiek ezin izango dira hartu norberaren aukerako egunetarako salbuetsitako egunetan.

7. artikulua.– Aparteko orduak.

Zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkariek enpresako aparteko orduak ezinbesteko gutxienekora murrizteko erabakia hartu dute, eta egiten diren aparteko orduak honako irizpide hauen araberakoak izango dira:

a) Artapen-lanetarako egin beharreko aparteko orduak ordu arruntaren balioaren % 150en arabera ordainduko dira, eta langileek ezin izango dute urteko 80 orduko legezko gehienekoa gainditu. Ordu-kopuru hori gaindituz gero, astialdiaren bidez konpentsatuko dira, eta, horretarako, 1,5 ordu emango dira lan egindako orduko.

b) Aparteko ordu moduan garatu behar diren gainerako lanak astialdiaren bidez konpentsatuko dira, eta, horretarako, 1,5 ordu emango dira lan egindako orduko.

c) Ekitaldiaren amaierako premiei aurre egiteko egun horiek lanegun moduan aurreikusten dituen egutegian kontuan hartu ez diren langileek abenduko azken egunetan biltegian egindako orduak salbuetsiko dira. Ordu horiek konpentsatzeko, 1,5 ordu ordainduko dira lan egindako orduko, edo, langile interesdunekin halaxe adostuz gero, aurreragoko egunetan hartzeko aukera ere izango dute, urte bateko aparteko orduak ezin izango direlako hurrengo urteko orduekin konpentsatu.

d) Aparteko orduei buruzko edozein gai jorratzeko, batzorde paritarioa sortuko da lantoki bakoitzean, eta honako hauexek osatuko dute: langileen legezko ordezkaritza-organoetan ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta enpresako bertako ordezkarien kopuru bera. Batez ere, beste sekzio batzuetako langileek egin beharreko ustezko artapen-lanak jorratuko dira batzorde horretan. Batzorde horretan jorratu beharreko kasu guztietan, hartu beharreko edozein erabakiren inguruko adostasuna lortzeko ahalegina egin beharko da.

e) Era berean, erabaki honek ez du inolako eraginik edukiko ezinbestean egin beharreko aparteko orduetan, halakoetan Langileen Estatutuko 35. artikuluan zehaztutakoa ezarriko delako.

III. KAPITULUA
LIZENTZIAK

8. artikulua.– Lizentziak.

Ordaindutako lizentziak Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2010-2011ko Hitzarmen Kolektiboan zehaztutakoak izango dira, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Aiten, aman, neben edo arreben gaixotasun larriagatik: 3 egun natural.

b) Aitona politiko edo amona politikoen gaixotasun larriagatik: 2 egun natural.

c) Aiten, aman, neben edo arreben heriotzagatik: 3 egun natural.

d) Aitona politiko edo amona politikoen heriotzagatik: 2 egun natural.

Senideen gaixotasun larri edo heriotzagatiko lizentzien aurreko kasuetan, soldata osoa ordainduko da (saria barne).

Lizentzia horiek erabiltzeko, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko eskabide-orria eta beharrezko egiaztagiria aurkeztea.

Senide zuzenen gaixotasun larriak bere horretan badirau, ondoz ondoko egunetako lizentzia hartzeko aukera aztertuko da interesdunaren, zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen artean.

IV. KAPITULUA
SOLDATEN BALDINTZAK

9. artikulua.– Soldaten taulak eta soldaten igoera.

I. eranskinean, 2017ko eta 2018ko soldaten taulak agertzen dira. II. eranskinean, jardueren taulak azaltzen dira, lanpostu-kategoriaren/makinaren eta jarduera-mailaren arabera ekoizpen-lanpostuekin lotutako saria kalkulatu ahal izateko.

Sarrerako zenbait kategoria sortuko dira, baina 2018an kontratatzen diren langileentzat baino ez dira izango (kontratu mugagabeen bitartez eta lanaldi osoan txandaka lan egiten duten langileak). Hartara, haien kontratazioa egingo da, eta langile sortu berri horien egokitzapen-epealdia estaliko da, euren eginkizunak eta zerbitzugintza betetzeko besteko esperientzia, jakintzak eta trebetasunak dituzten arte. Honako hauexek izango dira kategoria horiek: peoi espezialista, B mailako espezialista, 3. B mailako ofiziala, 2. B mailako ofiziala, 1. B mailako ofiziala, B mailako administrari laguntzailea, 2. C mailako ofizial administratiboa eta 1. C mailako ofizial administratiboa.

Kategoria horiek bi urteko gehieneko epealdian ezarriko dira, txanda-kontratua sinatzen denetik hasita. Epealdi hori igarotakoan, kasuan kasuko ohiko kategoriara joango dira modu automatikoan.

2017., 2018. eta 2019. urteei begira, hitzarmen honen eraginpean dauden langile guztientzako soldata-igoera estatuko aurreko urteko benetako KPIkoa + % 1ekoa izango da. Igoera hori aipatutako urte bakoitzerako izango da bateragarria.

Soldaten taula erantsietan, 2017ko eta 2018ko soldata-igoera hartzen da kontuan.

2017ko urtarriletik, + % 2ko soldata-igoera ezarri denez, igoera horren eta 2017. urterako hitzartutakoaren (2016ko KPIko + % 1eko igoera) artean dagoen aldea ezarriko da, eta erantsitako tauletan hartu da kontuan. Horrela, 2016. urteko KPI % 1,6koa izan denez, 2017. urterako igoera % 2,6koa izango da, eta erantsitako tauletan bertan hartu da kontuan. Hori dela eta, enpresak 2017ko atzerakin moduan ordainduko ditu 2017ko igoeraren inguruko aldeari dagozkion atzerakinak (hau da, hitzartutako igoeraren (% 2,6) eta ezarritakoaren (% 2) artean dagoen aldearen ondorioz sortutako % 0,6koa izango da).

10. artikulua.– Txandaren plusa.

Honako hauexek dira 2017. urterako txandaren plusak:

– 6,10 euro gordin laneguneko, espezialista eta ofizialentzat.

– 6,71 euro gordin laneguneko, arduradunentzat.

Txandaren plusa hileko epealdietan bermatuko da, hilabete horretan txandaka lan egindako egunen kopurua edozein dela ere.

2018. eta 2019. urteetarako, txandaren plusak 2018an eta 2019an soldatak igotzen diren ehuneko berean gehituko dira, hau da, estatuko aurreko urteko benetako KPI + % 1, hurrenez hurren.

11. artikulua.– Gaueko lanaren plusa.

Gaueko lanaren plusa ordaintzeko erabilitako formula erreferentziatzat hartuta, Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren 2010-2011ko Hitzarmenean zehaztutako indarreko ehunekoa % 20tik % 25era igoko da. Gaueko lanaren plus hori txandaren plusa bezala tratatuko denez, hileko epealdietan ordainduko da, epealdi horretan gauez lan egindako egunen kopurua edozein dela ere.

12. artikulua.– Antzinatasunagatiko saria.

2017. urtean, honako zenbateko hauek kontuan hartuko dira «antzinatasunagatiko sari» moduan:

a) 10 urteko antzinatasuna betetzean: 291,08 euro gordin.

b) 5 urte gehiago igarotzean: 145,55 euro gordin.

c) 25 urteko antzinatasuna betetzean: 575 euro gordin.

Zenbateko horiek behin baino ez dira ordaindu eta ordainduko kasuan kasuko antzinatasuna betetzen den hileko nominan.

2018. eta 2019. urteetan, a) eta b) letretan adierazitako sarien gehikuntza estatuko aurreko urteko benetako KPIkoa izango da.

13. artikulua.– Soldata-kostuen banaketa.

Hilekodunak ez diren langileek egunsari moduan jasotzen duten urteko soldataren kostuak hamabi hilabete naturalekin gehi aparteko bi ordainsariekin bat datozen hamalau zati berdinetan banatuko dira. Sariak eta beste soldata-kontzeptu batzuk, ordea, orain arte bezala banatuko dira.

14. artikulua.– Aurrerakinak.

Hilaren 15ean, 400 euroko aurrerakina ordainduko da nominaren kontura, betiere, langileak aurkakoa adierazten ez badu.

V. KAPITULUA
ONURA SOZIALAK

15. artikulua.– Laguntza familiarra.

Enpresak honako zenbateko hauek laguntza familiar moduan ordainduko ditu urteko hamabi ordainsaritan, enpresako hitzarmen honek indarrean dirauen bitartean:

– Emazte/senarreko: 8,77 euro gordin hileko.

– Seme/alabako: 5,29 euro gordin hileko.

16. artikulua.– Etxebizitza erosteko edo zaharberritzeko laguntzen fondoa.

73.000 eurorainoko fondoa eratuko da, langileei etxebizitza (altzariak barne) erosten edo zaharberritzen laguntzeko.

Zaharberrikuntzarako aurrekontua edo, hala badagokio, salerosketako kontratua aurkeztu ondoren, enpresak eskatzaileari 3.000 euroko gehieneko zenbatekoa emango dio maileguan, eta nominan bertan hilero egindako 75 euroko deskontuaren bidez itzuliko dio (aparteko ordainsariak barne), inolako interesik sortu gabe. Kontratua amaitzen bada, langileak itzuli gabe dagoen zenbateko guztia ordaindu beharko du lan-harremana amaitu baino lehen.

Zerga-irizpidearen arabera langileei legezkoa baino interes txikiagoan ematen zaizkien maileguak gauzen bidezko ordainketatzat hartzen direnez (legezko interesarekin dagoen aldearen zenbatekoagatik), langileek ordaintzen ez dituzten interes horiek enpresak gauzen bidez egindako ordainketa moduan agertuko dira diru-sarreren eta atxikipenen ziurtagirietan (10T modeloan).

17. artikulua.– Istripu eta gaixotasunagatiko bajak.

Enpresak soldata osoa (saria barne) eratu arteko osagarria ordainduko du honako baja hauetan:

a) Laneko istripu edo gaixotasun profesionalagatiko baja, ospitaleratu gabeko «in itinere» istripuetan izan ezik. Era berean, osagarritik kanpo ere geratuko dira segurtasunari buruzko arauak ez betetzeagatik sortu diren istripuak, saileko buruari edo lanpostuko arduradunari idatziz jakinarazi zaienean, ezohiko lanpostura lan egitera joatean edo banakako babeserako ekipamenduak behar bezala ez erabiltzean.

b) Gaixotasun arruntagatiko baja, ospitaleratu beharra dagoenean edo ebakuntza kirurgikoa egin behar denean, betiere, enpresako absentismoa guztira % 7tik gorakoa ez bada.

Absentismo-indize hori hiru hilean behin kontuan hartuko da enpresa osorako.

18. artikulua.– Gabonetako saskia.

Abenduan, «Gabonetako saskia» emango zaie enpresako langile guztiei. 2017. urtean, bere balioa 103,03 eurokoa izango da gutxi gorabehera, eta, 2018an nahiz 2019an, estatuko aurreko urteko benetako KPIko gehikuntza ezarriko da bertan, hurrenez hurren.

19. artikulua.– Ibilgailuaren bermeak.

Bere ibilgailuaz enpresarentzako zerbitzuren bat egiten dagoenean langileak trafikoko istripurik badauka, enpresak ibilgailua konpontzeko gastuak ordainduko ditu aseguruak estaltzen ez dituenean.

Modu berean jokatuko da batzordeak egindako joan-etorrietan, gastuak enpresaren konturakoak direnean.

Enpresako Egutegiko lanegunetan enpresara norberaren ibilgailuan joatea ez da «enpresarentzat egindako zerbitzutzat» hartuko, enpresak berak langileari berariaz eskatu ez badio.

VI. KAPITULUA
SAILKAPEN PROFESIONALA, PRODUKTIBITATEA, KONTRATAZIOA ETA LANERAKO ZEIN BABESERAKO JANTZIAK

20. artikulua.– Lanpostuen balioespena.

Lanpostuak balioesteko orduan, 2002-2004ko Itunean erantsitako eskuliburuan zehaztutako irizpideak eta horrelaxe osatuko den eta erabakiko duen Balioespen Komiteak adierazitakoa hartuko dira kontuan:

– Kalifikazioko teknikaria.

– Lantegiko burua, saileko burua edo haiek izendatutako pertsona.

– Balioetsi beharreko lanpostuko arduraduna, taldeko burua edo haiek izendatutako pertsona.

– Balioetsi beharreko lanpostuko langilea.

– Langileen legezko ordezkaritzako kidea.

Kasuan kasuko balioespenaren emaitza zein den erabakitzeko, honako boto hauek edukiko dituzte komite horretako kideek:

– Balioetsi beharreko lanpostuko langilea: banakako boto bat.

– Langileen legezko ordezkaritzako kidea: banakako boto bat.

– Lantegiko burua edo saileko burua, taldeko arduraduna edo burua eta kalifikazioko teknikaria: 2 boto guztira.

Bozketan berdinketa egoteagatik adostasunik lortzen ez bada, kalifikazioko teknikariaren irizpidea izango da nagusi.

Balioespenean 200 puntu gehiago lortzen direnean, kategoria bat igoko da Abadiñoko lantegian balioetsitako lanpostua.

21. artikulua.– Produktibitatea.

Produktibitateko batzorde paritarioa sortuko da lantoki bakoitzean, eta honako hauexek osatuko dute: langileen legezko ordezkaritza-organoetan ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta enpresako bertako ordezkarien kopuru bera.

Batzorde horretan, lanpostuak aztertu ostean produktibitatea hobetzeko asmoz egindako proposamenak landuko dira, eta, proposamen horiek ezartzeko, ezinbestekoa izango da batzordean bertan erabaki hori gehiengoz hartzea.

Halakorik egon ezean, kasuan kasuko lanpostua kronometratuko da berriro. Berriro kronometratu ondoren ere adostasunik ez badago, derrigorrezko arbitraje-prozedurara jo beharko da PRECOn, eta, une horretan, gaia derrigorrezko arbitrajera eramateko orduan ados daudela adierazi beharko dute alderdiek.

22. artikulua.– Lanerako eta babeserako jantziak.

Enpresak lanerako zein babeserako jantziak emango dizkie langileei, indarreko arautegia kontuan hartuta. Arautegi horren interpretazioan sortu daitezkeen zalantzak enpresako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Komiteetan argituko dira.

23. artikulua.– Txanda-kontratuak.

2017an eta 2018an Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorreko laugarren xedapen iragankorreko 5. apartatuaren aurreikusitako araubidepeko erretiro partzialerako beharrezkoak diren eskakizunak betetzen edo bete dituzten langileek enpresari 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko ondorioak dituen erretiro partziala eskatzen badiote, enpresak txanda-kontratuak gauzatzeko konpromisoa hartzen du, baina, horretarako, ondoren adierazitako espezialitatea eduki beharko du kontuan.

Hartara, hitzarmen hau sinatzen denetik hasita 2018ko abenduaren 31ra arte Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorreko laugarren xedapen iragankorreko 5. apartatuaren eraginpean dauden langile erretiratu partzialak ordezkatzeko asmoz txanda-kontratuaren bidez kontratatutako langileen lanaldia osoa izango da, eta kontratu mugagabea edukiko dute.

Erretiro partzialeko kontratuak honelaxe gauzatuko dira adierazitako baldintzen arabera:

– 2018ko lehenengo seihilekoan, 1953., 1954. eta 1955. urteetan jaiotako langileen erretiro partzialeko kontratuak gauzatuko dira.

– 2018ko bigarren seihilekoan, lehenengo seihilekoan gauzatu ez diren kontratuak dituzten langileen erretiro partzialeko kontratuak gauzatuko dira.

Era berean, enpresako hitzarmen hau sinatu baino lehen izenpetutako aldi baterako txanda-kontratuak dituzten langileei dagokienez, enpresak mugagabe egin beharko ditu haien kontratuak, ordezkatzen dituzten langileen erretiro partzialeko kontratuak amaitzen direnean.

2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko ondorioak dituzten erretiro partzialeko kontratudun langileak aurretiaz erretiratu ahal izango dira 64 urte dituztenean 2018ko abenduaren 31ra arte, 64 urtekoentzako erretiro bereziaren bidez, betiere, legearen arabera hori egiterik badago. Horretarako, hain zuzen ere, hitzarmen hau sinatzean indarrean dagoen arautegia hartuko da kontuan, eta erretiratu partziala ordezkatzen duen txandakako langilearekin sinatutako txanda-kontratua nahikoa izan beharko da 64 urtekoentzako erretiro berezi hori gauzatu ahal izateko.

24. artikulua.– Langileen igoera.

Enpresako zuzendaritzaren eskumena baino ez da izango egon daitezkeen lanpostu hutsak betetzeko langileak hautatzea.

Langile guztiei lanpostu huts horien berri emango zaie, behar besteko eskakizunak betetzen badituzte hautatuak izateko aukera eduki dezaten.

Isilekotasunagatik salbuespenen bat egin behar ez bada, artikulu honek enpresako lanpostu guztietan edukiko du eragina, honako hauexen lanpostuetan izan ezik: presidentea, zuzendariak, saileko buruak edo baliokideak eta saileko arduradunak edo baliokideak.

VII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA

25. artikulua.– Euskararen ikaskuntza.

Euskarako klaseak jaso nahi dituzten langileentzako irakasleen gastuen % 75 ordainduko du enpresak. Diru-laguntza hori jasotzeko, enpresaren izenean doan % 75eko zenbatekoaren faktura aurkeztu beharko dute.

VIII. KAPITULUA
BESTE BATZUK

26. artikulua.– Gatazkak konpontzeko prozedurak.

Bi alderdiek gatazka kolektiboak konpontzeko borondatezko prozedurei buruz 2000ko otsailaren 16an onartutako eta 2000ko apirilaren 4ko EHAAn (66. zenbakia) argitaratutako erabakia hartzen dute euren gain.

Bitartekaritzarako eta arbitrajerako prozedura ezartzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiak hori egiteko ados egotea.

Alderdietako batek ORPRICCEn, CCNCCen edo antzeko organoan zehaztutako arbitraje-prozedurara jo nahi badu, ezinbestekoa izango da bi alderdiak ados egotea.

27. artikulua.– Lan-baldintzak ez ezartzea.

Enpresak Enpresako Hitzarmen honetan eta Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoaren Hitzarmen Kolektiboan hitzartutako lan-baldintzak ezarri beharko ditu derrigorrean, Langileen Estatutuko 82.3 artikuluan zehaztutako gaiak eta bertan xedatutakoa kontuan hartuta.

Nolanahi ere, enpresak apartatu honetan adierazitakoa eta 26. eta 28. artikuluetan xedatutakoa beteko ez balu, neurriak ezdeus izango dira eskubide osoz.

28. artikulua.– Batzorde paritarioa.

Batzorde paritarioa sortuko da, eta honako hauexek osatuko dute: langileen legezko ordezkaritza-organoetan ordezkaritza duen sindikatu bakoitzeko kide bat eta enpresako bertako ordezkarien kopuru bera. Bertan, hain zuzen ere, hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean hitzarmenaren beraren interpretazioari eta ezarpenari buruz sortu daitezkeen desadostasunak izango dituzte eztabaidagai. Eztabaida sortu zenetik hasita hamabost laneguneko epean batzordea batzartu ondoren desadostasunak bere horretan badirau, PRECOra jo ahal izango dute alderdiek.

Bitartekaritzarako eta arbitrajerako prozedura ezartzeko, ezinbestekoa izango da bi alderdiak hori egiteko ados egotea.

Batzorde paritarioan bertan erabakiak hartzeko orduan, alderdi bakoitzaren gehiengoa lortu beharko da: enpresa eta alderdi soziala.

IX. KAPITULUA
BERDINTASUNA ETA BEREIZKERIA-EZA

29. artikulua.– Berdintasuna eta bereizkeria-eza.

Alderdiek badakite adierazpideek ez dutela nahigabe ere ilundu behar emakumeek berdintasunaren arloan eduki beharreko agerpena.

Hori dela eta, hitzarmen hau idaztean uste sendo hori benetan gauzatzen saiatu arren, berariaz adierazten dute izaera, jarduera, eginkizuna edo talde profesionala zehazteko erabilitako adierazpide guztiek bi sexuetako pertsonak hartzen dituztela kontuan.

Alderdiek gizonen eta emakumeen-bereizkeria-ezaren alde lan egiteko borondate apurtezina dute enplegua eskuratzeko aukeraren, sustapenaren, prestakuntzaren eta ordainsarien arloan. Hori dela eta, hori lortzeko beharrezkoak diren neurriak zein jarduketak zehazten dira, eta sexuagatiko lan-bereizkeria ekiditen da une oro.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala