Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2018ko maiatzaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2363

AGINDUA, 2018ko apirilaren 23koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira C1 eta C2 azpitaldeetako eta E taldeko lanpostuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordeak, betetzeko lehiaketa orokorraren deialdia eta oinarriak.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketako eta izendapen askeko sistemen bidez beteko dira, lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera. 47. artikuluak eta hurrengoek arautzen dute lanpostu hutsak lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.

Halaber, urriaren 13ko 190/2004 Dekretuan, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartu zen. Dekretu horren II. kapituluan garatzen da lanpostuak lehiaketaren bidez betetzeko prozedurari buruz legeak ezartzen duena.

Deialdi honen xedea da C1 eta C2 azpitaldeetako eta E taldeko lanpostu hutsak betetzea. Lanpostu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioentzat dira, aurrekontuetan diruz hornituta daude, eta lehiaketa bidez bete behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua aldatzen duen martxoaren 27ko 41/2018 Dekretuaren bidez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko kidego, aukera edo eskalak multzokatzen dituzten titulu-taldeak egokituko dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginean (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aurreikusita dauden kidego eta eskalen sailkapen-taldeetara. Ondorioz, C taldea eta C1 azpitaldea baliokideak dira; D taldea eta C2 azpitaldea ere bai; eta E taldea bere horretan mantentzen da.

Nahitaezko txostenak eginda, eta honako hauen arabera: Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 6.1.e) artikulua eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikulua; hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– II. eranskinean azaltzen diren lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorraren deialdia egitea.

Bigarrena.– Lehiaketa hori arautuko duten oinarriak onartzea (I. eranskinean agertzen dira).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 23a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

I. ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden C1 eta C2 azpitaldeetako eta E taldeko lanpostuak betetzeko lehiaketa orokorra arautuko duten oinarriak.

1.– Helburua.

Lehiaketa orokorraren xedea izango da karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden eta II. eranskinean ageri diren lanpostuak betetzea.

2.– Parte hartzeko baldintzak.

2.1.– Administrazio Orokorreko karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute lehiaketa honetan, betiere deialdian jasotako lanpostuen betekizunak betetzen badituzte, zeinak oinarri hauetan ageri baitira.

2.2.– Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko betekizunei eusten ez dieten parte-hartzaileak ezin izango dira esleipendun izan ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten lanpostuei dagokienez.

2.3.– Karrerako funtzionarioek soilik parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, lehiaketa bidez hartu duten lanpostuaren jabetzatik bi urte igaro badira. Aurreko denbora-muga ez da ezarriko langileak lehiaketa bidez lortutako lanpostuaren atxikipena galdu duenean.

2.4.– Honako hauek ezingo dute lehiaketa honetan parte hartu:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.5.– Diziplinazko espediente baten ondorioz lekuz aldatu diren langileek ezin dute eskatu herri berean lanpostua oraindik zehapena betetzen ari badira.

2.6.– Lehiaketa honetan parte hartu beharko dute:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostu batean behin-behineko atxikipena duten karrerako funtzionarioek.

b) Erakunde publikoetara lekualdatu ostean behin-behineko lanpostu bati atxikita dauden langileek.

2.7.– Behin-behineko destinoa duten karrerako funtzionarioak, lehiaketan destinorik lortzen ez badute eta ondorioz lekuz aldatu behar badira, behin-behinean atxikiko zaizkio beste lanpostu bati. Lehenik eta behin, lehiaketan parte hartu duten baina destinorik lortu ez duten funtzionarioak atxikiko dira.

3.– Baloratzeko merezimenduak.

Lanpostua betetzeko betekizuntzat eskatzen dena ez da baloratuko merezimendu gisa.

Merezimendu hauek baloratuko dira lehiaketan:

– Administrazio publikoetan duen lan-esperientzia.

– Tituluak.

– Egin dituen hobekuntza-ikastaroak.

– Euskara-maila.

– Gradu pertsonal finkatua.

– Antzinatasuna.

– Ingeles- eta frantses-maila (C1, C1/C2, C2 azpitaldeetako eta C2 azpitaldeko/E taldeko lanpostuetarako baino ez).

4.– Beharrezko gutxieneko puntuazioa eta lor daitekeen gehieneko puntuazioa.

Honako hauetarako, lor daitekeen gehieneko puntuazioa 212 puntukoa da: C1, C1/C2, C2 azpitaldeak eta C2 azpitaldea/E taldea. Lanpostua esleitzeko, 11 puntu lortu behar dira.

E talderako, 191 puntu lor daitezke gehienez. Lanpostua esleitzeko, 9 puntu lortu behar dira.

5.– Merezimenduak baloratzeko irizpide orokorrak.

Merezimenduak baloratzeko, bi irizpide hartuko dira kontuan: merezimenduak duen baliozkotasun formala eta lanpostuarekiko lotura-maila.

5.1.– Lanpostuarekiko lotura-maila: baloratu beharreko merezimenduaren edukiaren eta lortu nahi den lanpostuak dituen zereginen artean loturaren bat dagoenean baloratuko dira merezimenduak. Lotura egongo da baldin eta egiaztatu den merezimenduaren eta lortu nahi den lanpostuaren jakintza-arlo eta -esparruen artean harremana badago. Ez dira baloratuko lortu nahi den lanpostuarekin loturarik ez duten merezimenduak.

5.2.– Merezimenduaren baliozkotasun formalaren maila.

Hauek dira baliozkotasun formalaren maila zehazten duten faktoreak.

a) Titulu batena: graduondokoen kreditu- edo ordu-kopurua.

b) Ikastaro batena: ikastaroa eman duen erakundearen prestigioa, eta espresuki egiaztatzea ebaluazio-proba gainditu dela edo ikastaroa aprobetxatu dela.

5.3.– Bi irizpide horiek –lotura eta baliozkotasun formala– ezartzen bazaizkie aurreko ataleko merezimenduei, honako koefiziente hau aplikatuko da merezimendu jakin bat baloratzean. Baremoa hau da: Handia (1), Tartekoa (0,75), Txikia (0,25) edo ezin da baloratu (0). Koefizientea 7. eta 8. oinarrien baremoetan kategoria bakoitzari esleitutako gehieneko balioarekin biderkatuko da.

5.4.– Balorazio-irizpideak eta merezimendu bakoitzari aplikatutakoa lehiaketa bakoitzaren balorazio-batzordeak argitaratuko ditu, iragarki-tauletan.

5.5.– Soilik baloratuko dira ziurtagirietan egiaztapen-lanak egiteko funtsezkotzat jotzen diren alderdi guztiak (9. oinarria) jasotzen dituzten merezimenduak.

6.– Merezimenduak baloratzeko berariazko irizpideak.

6.1.– Administrazio publikoei atxikitako lanpostuetan duen lan-esperientzia.

6.1.1.– Beste zerbitzu batzuekin batera aldi berean egindako zerbitzuak ez dira inola ere kontuan hartuko. Horri dagokionez, ez dira zenbatuko egitekoak behin-behinean esleituta emandako zerbitzuak.

6.1.2.– Zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko edo senideak zaintzeko eszedentzian emandako aldiak, azken 10 urteotan denbora luzeagoz bete duten funtzionario-lanpostuan baloratuko dira. Funtzionario-lanposturik izan ez dutenei titular gisa erreserbatuta duten lanpostuaren arabera egingo zaie balorazioa. Lanpostu baten titularrak ez badira, aldiz, bete duten azken lanpostuaren egitekoen arabera egingo da balorazioa.

6.1.3.– Betetzen duten lanpostuko lan-esperientzia moduan hartuko dira hauetan emandako aldiak: prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak, euskararen ikaskuntza, norberaren gauzetarako baimenak, aldi baterako ezintasuna edo antzeko egoerak.

6.1.4.– Beste administrazio publiko batzuetan lan egin dutenei zerbitzuen ziurtagirien eta betetako lanpostuaren/lanpostuen monografien arabera egingo zaie balorazioa. Baina monografiarik ez badute, lan-esperientzia frogatzeko agirian jasotzen diren zereginak gauzatzeko ezagutzak eta trebetasunak baloratuko zaizkie.

6.1.5.– Goragoko talde bateko edo norberari dagokion taldeko beste kidego bateko lanpostuetan zerbitzu-eginkizunetan emandako aldiak titulartasuneko lanpostuan zenbatuko dira. Lanpostu baten titularrak ez badira, aldiz, norberari dagokion kidegoan bete duten azken lanpostuaren egitekoen arabera egingo da balorazioa.

6.1.6.– Goi-kargudunaren idazkari lanpostu baten (520010) titular gisa eginiko aldiak administrari orokorraren lanpostuan (520040) zenbatuko dira.

6.2.– Tituluak.

6.2.1.– Titulu-talde desberdinetako kidego edo eskaletako lehiakideek dotazio bera eskatzen badute, beheko taldeko langileei ez zaizkie merezimendu moduan baloratuko goragoko kidego edo eskalan sartzeko eskatzen diren titulu ofizialak.

6.2.2.– Irakaskuntza akademiko berdinetako ziklo desberdinak gainditu dituztela frogatzen duten langileei soilik baloratuko zaie frogatutako zikloetatik gorengoari dagokion titulua.

6.2.3.– Ez da merezimendu moduan baloratuko lanpostuan eskatzen den goi-mailako titulua lortzeko behar den titulua.

Administrazio honen iritziz dagoeneko baloratu diren edo betekizun gisa eskatzen diren beste titulu batzuekiko baliokideak diren tituluak ez dira baloratuko.

6.2.4. Indarreko araudian titulu akademiko ofizial bati erreferentzia espresua egiten ez dioten lanbide-titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko, hala nola SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (lehengo Enpleguko Institutu Nazionala) eta Lanbide bezalako enplegu-zerbitzu autonomikoek eginiko profesionaltasun-ziurtagiriak.

6.2.5.– Graduondoko titulu moduan baloratu ahal izango dira baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak:

a) Master ofizialaren maila izatea, eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan jasota egotea.

b) Unibertsitateko graduondoko berezko titulua izatea, 450 ordukoa edo denbora luzeagokoa, edo gutxieneko iraupena bermatzen duen kreditu kopurua izatea.

c) Goi-mailako irakaskuntza programa baten agiria edo diploma edukitzea, graduondoko unibertsitate irakaskuntzaren parekoa eta ospe handiko erakunde akademiko edo profesional batek (atzerrikoa ere izan daiteke) emandakoa. Graduondoko irakaskuntza mota hau 450 ordukoa edo gehiagokoa izan behar da gutxienez.

6.3.– Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroen balorazioa.

6.3.1.– Hobetzeko ikastaroak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, unibertsitateek edo administrazio publikoek antolatutakoak eta homologatutakoak izan behar dira; bestela, trebakuntza, giza baliabideen garapena, lanbide-prestakuntza edo ikerketa esparruetan ospe handiko erakundeek eman behar izan dituzte.

6.3.2.– Azken 10 urteotan egindako ikastaroak bakarrik baloratuko dira; baina salbuespen moduan 150 ordukoak edo hortik gorakoak ere onartuko dira, noiz egin diren kontuan hartu gabe baloratuko baitira.

6.3.3.– Iraupena kreditutan ematen bada, kreditu bakoitzak 10 orduko baliokidetza izango du, beste zehaztasunik ematen ez bada behintzat. ECTS kreditu bakoitzak, ordea, 25 orduko baliokidetza izango du.

6.3.4.– Bulegotikako eta Interneteko programei buruzko ikastaroak ez dira baloratuko.

C1 eta C2 azpitaldeetan, ikastaro hauek baloratuko dira, merezimenduak baloratzeko irizpide orokor eta espezifikoen arabera: Word aurreratua, Excel aurreratua eta Access aurreratua eta oinarrizkoa.

E taldean, Word oinarrizkoa eta Excel oinarrizkoa baloratu ahal izango dira, merezimenduak baloratzeko irizpide orokor eta espezifikoen arabera.

6.3.5.– Softwarearen Europako Institutuak Informazioaren Teknologiei lotuta ematen dituen erabiltzaileen ziurtagiriak (IT Txartela) prestakuntza ikastaro moduan hartuko dira lehiaketa honetan. IT Txartel hauek IVAPek ezarritako orduen arabera baloratuko dira, hau da, ziurtagiri horiek ebaluatzeko tresnak diren eta ikastaroen aprobetxamendua ziurtatzeko betekizunetako bat diren ikastaroetan ezarri dituen orduen arabera. Dagoeneko baloratuta dauden ikastaroetako IT Txartelak ez dira baloratuko.

6.3.6.– Gai berari buruzko ikastaroak edo ikastaro beraren edizio ezberdinak behin bakarrik baloratuko dira; arlo horretan ordu-kopuru handiena duena aukeratuko da horretarako.

6.3.7.– Konpetentzia-unitateen egiaztapen partzialak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ez dira prestakuntza-ikastaro gisa baloratuko.

Halere, profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-unitateak eta prestakuntza-moduluak baloratu ahal izango dira, betiere prestakuntza-ikastaro ziurtatuen bidez lortu badira, dagozkien orduekin.

6.3.8.– Hizkuntzen ikastaroak ez dira baloratuko.

6.4.– Euskara.

Euskara baloratu ahal izateko, eskaturiko lanpostuak ezin du eduki derrigortasun-data iraungirik lanpostu-zerrendan.

6.5.– Antzinatasuna.

Ondorio horietarako, karrerako funtzionario izan baino lehen eman diren eta aitortuta dauden zerbitzuak ere baloratuko dira. Lehenago alegatu diren zerbitzuekin batera egindako beste batzuk ez dira zenbatuko.

7.– Merezimenduen baremoa C1, C1/C2, C2 azpitaldeetako eta C2 azpitaldeko/E taldeko lanpostuetarako.

Gehienez ere, 212 puntu lor daitezke; prozesua gainditzeko, 11 puntu lortu beharko dira, gutxienez.

7.1.– Esperientzia.

Azken 10 urteotako lan-esperientzia baloratuko da, gehienez 60 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:

– Lortu nahi denaren lanpostu berdinean duen lan-esperientzia: 0,6 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen jakintza-arloari –lanpostuaren monografian adierazitakoari– atxikita dauden lanpostuetan duen lan-esperientzia: 0,3 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen kidego edo eskalaren batean duen lan-esperientzia: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen taldean duen lan-esperientzia: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

7.2.– Titulu akademikoak.

Unibertsitateen edo ospe handiko instituzioen titulu ofizialak edo berezko tituluak baloratuko dira, bete nahi den lanpostuaren zereginekiko lotura kontuan hartuta, eta gehienez 40 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:

a) Lanbide-heziketako teknikariaren tituluak: gehienez ere 20 puntu titulu bakoitzeko.

b) Lanbide-heziketako goi-mailako teknikariaren tituluak: gehienez ere 30 puntu titulu bakoitzeko.

c) Doktoregoa, graduondokoa, gradua, lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza, diplomatura, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa: gehienez ere 10 puntu titulu bakoitzeko.

Maila ezberdinetako zenbait titulu aurkezten badira eta titulu horiek gai berari buruzkoak badira edo heziketa-ziklo ezberdinetako parte badira, titulu bakarra hartuko da kontuan.

7.3.– Hobekuntza-ikastaroak.

Deitutako lanpostuari lotutako gaien inguruko hobekuntza-ikastaroak gaindituta dituztenei ikastaro horiek gehienez 60 punturekin baloratuko zaizkie. Hauxe da erabiliko den baremoa:

a) 10 eta 19 ordu arteko ikastaroak: gehienez 1,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

b) 20 eta 39 ordu arteko ikastaroak: gehienez 3 puntu ikastaro bakoitzeko.

c) 40 eta 79 ordu arteko ikastaroak: gehienez 7,5 puntu ikastaro bakoitzeko.

d) 80 eta 149 ordu arteko ikastaroak: gehienez 12 puntu ikastaro bakoitzeko.

e) 150 eta 299 ordu arteko ikastaroak: gehienez 15 puntu ikastaro bakoitzeko.

f) 300 orduko edo gehiagoko ikastaroak: gehienez 18 puntu ikastaro bakoitzeko.

7.4.– Euskara.

Euskara merezimendu gisa baloratuko da, gehienez ere 22 punturekin. Puntuazio honen arabera:

a) 3. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 12 puntu.

– 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 16 puntu.

– 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 22 puntu.

b) 2. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 12 puntu.

2., 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 16 puntu.

c) 1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

– 1., 2., 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 12 puntu.

7.5.– Gradu pertsonal finkatua.

Parte hartzen den kidegoan edo eskalan gradu pertsonal finkatua duenari gehienez 10 puntu emango zaizkio, banaketa honen arabera:

a) Eskatutako lanpostuaren lanpostu-mailako osagarriaren maila bereko edo handiagoko gradu pertsonala duenari: 10 puntu.

b) Eskatutako lanpostuaren lanpostu-mailako osagarriaren maila baino gradu pertsonal txikiagoa duenari: 7,5 puntu.

7.6.– Antzinatasuna.

Administrazio publikoetan lan egindako hilabete oso bakoitzeko 0,084 puntu zenbatuko dira, eta gehienez 10 puntu lortu ahal izango dira.

7.7.– Hizkuntzen ezagutza.

Ingeles- eta frantses-ezagutzak baloratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetako tituluen eta hizkuntza-egiaztagirien baliokidetasunari buruzko ekainaren 30eko 117/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hizkuntza horien ezagutzagatik gehienez 10 puntu emango dira. Hauxe da erabiliko den baremoa:

a) B1 mailaren baliokideak diren tituluak eta ziurtagiriak:

– Ingelesa: 8 puntu.

– Frantsesa: 4 puntu.

b) B2, C1 eta C2 mailaren titulu eta ziurtagiri baliokideak:

– Ingelesa: 10 puntu.

– Frantsesa: 6 puntu.

8.– E taldeko lanpostuetarako merezimenduen baremoa.

Gehienez ere, 191 puntu lor daitezke; prozesua gainditzeko, 9 puntu lortu beharko dira, gutxienez.

8.1.– Esperientzia.

Azken 10 urteotako lan-esperientzia baloratuko da, gehienez 56 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:

– Lortu nahi denaren lanpostu berdinean duen lan-esperientzia: 0,56 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen jakintza-arloari –lanpostuaren monografian adierazitakoari– atxikita dauden lanpostuetan duen lan-esperientzia: 0,28 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen kidego edo eskalaren batean duen lan-esperientzia: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.

– Lortu nahi den lanpostua atxikita dagoen taldean duen lan-esperientzia: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

8.2.– Tituluak.

Titulu akademiko ofizialak baloratuko dira, bete nahi den lanpostuaren zereginekiko lotura kontuan hartuta, eta gehienez 37 punturekin. Hauxe da erabiliko den baremoa:

a) Lanbide-heziketako teknikariaren tituluak: gehienez ere 18 puntu titulu bakoitzeko.

b) Lanbide-heziketako goi-mailako teknikariaren tituluak: gehienez ere 28 puntu titulu bakoitzeko.

8.3.– Hobekuntza-ikastaroak.

Deitutako lanpostuari lotutako gaien inguruko hobekuntza-ikastaroak gaindituta dituztenei ikastaro horiek gehienez 56 punturekin baloratuko zaizkie. Hauxe da erabiliko den baremoa:

a) 10 eta 19 ordu arteko ikastaroak: gehienez puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

b) 20 eta 39 ordu arteko ikastaroak: gehienez 3 puntu ikastaro bakoitzeko.

c) 40 eta 79 ordu arteko ikastaroak: gehienez 7 puntu ikastaro bakoitzeko.

d) 80 eta 149 ordu arteko ikastaroak: gehienez 11 puntu ikastaro bakoitzeko.

e) 150 eta 299 ordu arteko ikastaroak: gehienez 14 puntu ikastaro bakoitzeko.

f) 300 orduko edo gehiagoko ikastaroak: gehienez 17 puntu ikastaro bakoitzeko.

8.4.– Euskara.

Euskara merezimendu gisa baloratuko da, gehienez ere 14 punturekin. Puntuazio honen arabera:

a) 2. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

– 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 10 puntu.

2., 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 14 puntu.

b) 1. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetan:

– 1., 2., 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeagatik: 14 puntu.

8.5.– Gradu pertsonal finkatua.

Parte hartzen den kidegoan edo eskalan gradu pertsonal finkatua duenari gehienez 10 puntu emango zaizkio, banaketa honen arabera:

a) Eskatutako lanpostuaren lanpostu-mailako osagarriaren maila bereko edo handiagoko gradu pertsonala duenari: 10 puntu.

b) Eskatutako lanpostuaren lanpostu-mailako osagarriaren maila baino gradu pertsonal txikiagoa duenari: 7 puntu.

8.6.– Antzinatasuna.

Administrazio publikoetan lan egindako hilabete oso bakoitzeko 0,15 puntu zenbatuko dira, eta gehienez 18 puntu lortu ahal izango dira.

9.– Merezimenduak eta betekizunak alegatzea eta egiaztatzea.

9.1.– Irizpide orokorrak.

9.1.1.– Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu behar dira baloratu nahi diren betekizun eta merezimendu guztiak. Prozedura honen ondorioetarako soilik, ofizioz baloratuko dira langileen erregistroan azaltzen diren merezimenduak, eta alegatutako merezimendutzat hartuko dira.

9.1.2.– Parte hartzen duten langileek soilik egiaztatu behar dituzte, eskabideak aurkezteko epearen barruan, Langileen Erregistroan jasotzen ez diren betekizunak eta merezimenduak. Erregistroan dauden betekizunak eta merezimenduak Intranetean kontsulta daitezke.

9.2.– Lan-esperientzia.

9.2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako lan-esperientzia ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.

9.2.2.– Beste administrazio publiko batzuetako lan-esperientzia alegatu egin behar da, eta administrazio horietako langileen arloko organo eskudunek egiaztatu beharko dute. Aurreko egiaztapena egiteko, III. eranskineko eredua bete behar da; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.

9.2.3.– Aurreko paragrafoaren ondorioetarako, ez dira administrazio publikoetan emandako zerbitzutzat hartuko sozietate publikoetan edo fundazio publikoetan emandakoak.

9.3.– Titulu akademikoak.

9.3.1.– Langileen Erregistroan jasotzen ez diren tituluak horien kopia konpultsatua aurkeztuz egiaztatu behar dira; baina titulua eskura ez dagoenean, tituluaren ordezko ziurtagiriaren edo titulua jaulkitzeko tasak ordaindu izanaren frogagiriaren kopia konpultsatua aurkeztuko dira.

9.3.2.– Titulu ofizialak eta atzerriko tituluak homologatzeko ziurtagiriak Hezkuntza Ministerioak edo unibertsitateetako errektoreek jaulki behar dituzte.

9.3.3.– Unibertsitateetako graduondoko berezko tituluak egiaztatzeko, unibertsitateko errektoreak jaulkitako diplomak aurkeztu beharko dira. Horietan, gainera, esanbidez jaso behar da zenbat ordu edo kreditu egin diren.

9.3.4.– Goi-mailako gainerako irakaskuntza-programak egiaztatzeko, dagokion erakundeak jaulkitako diplomak aurkeztu beharko dira; eta denetan jaso behar da ikasketa-planak zenbat ordu edo kreditu izan dituen.

9.3.5.– Araututako lanbide baten lanbide-prestakuntza aitortzen duen egiaztagutuna aurkeztu ahal izango da, Europar Batasunaren xedapenen babesean, dagokion titulu akademikoaren egiaztagiriaren ordez.

9.4.– Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak.

9.4.1.– Langileen Erregistroan jasotzen ez diren ikastaroak egiaztatzeko kopia konpultsatua aurkeztu behar da, edo ikastaro horiek antolatu edo deitu dituen organoaren nahiz erakundearen ziurtagiria. Baina hauek jaso behar dira bertan:

a) Izenburua.

b) Hasiera eta amaiera datak, eta iraupena (orduak).

c) Ziurtagiria egin duen erakundea.

9.5.– Euskara.

Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak edo ziurtagiriak bakarrik egiaztatu beharko dira. Euskara-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasunak ezartzeko, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan (euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena) araututakoa aplikatuko da.

Euskara betekizun nahiz merezimendu moduan egiazta daiteke, eta, horretarako, erakunde ofizial batek jaulkitako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

9.6.– Hizkuntzak.

Langileen Erregistroan jasota ez dauden tituluak edo ziurtagiriak bakarrik egiaztatu beharko dira.

9.7.– Gradu pertsonala.

9.7.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako gradu pertsonala ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.

9.7.2.– Baina administrazio honek aitortu ez duena eta, beraz, Langileen Erregistroan jasotzen ez dena egiaztatu egin behar da. Horretarako, jatorriko administrazioan langileen arloan eskumena duten organoen ziurtagiria aurkeztu behar da. Aurreko egiaztapena egiteko, III. eranskineko eredua bete behar da; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.

9.8.– Antzinatasuna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aitortutako antzinatasuna ofizioz sartuko da; beraz, ez da alegatu edo egiaztatu beharrik izango.

Beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuen antzinatasuna, Langileen Erregistroan jasota ez badago, jatorriko administrazioan langileen arloan eskumena duten organoen ziurtagiri bidez egiaztatuko da. Aurreko egiaztapena egiteko, III. eranskineko eredua bete behar da; bestela, ereduko alderdi guztiak jasotzen dituen beste edozein erabili ahal izango da.

9.9.– Merezimenduen eta betekizunen zuzenketa.

Interesdunei eskatu ahal izango zaie zerbait argitzeko edo dokumentazio osagarria aurkezteko, baldin eta betekizun bat behar bezala egiaztatzeko edo alegatu diren merezimenduak baloratzeko beharrezkotzat jotzen bada. Horrelakoetan, hautagaiari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean aurkezteko eskatu zaion informazioa.

9.10.– Erreferentzia data.

Merezimenduak baloratzeko erreferentzia gisa hartuko da oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren eguna.

10.– Balorazio-batzordea.

10.1.– Osaera.

Balorazio-batzordeak kide-kopuru bakoitia izango du, gutxienez bost. Balorazio-batzordearen zereginak izango dira betekizunak egiaztatzea, merezimenduak baloratzea, puntuazio onenak lortu dituzten hautagaiei esleipena egiteko proposamena luzatzea lehiaketa deitu duen organoari (egoki bada), eta, oro har, oinarri hauek betetzen direla bermatzea.

Balorazio-batzordean, emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izango da, neurri hori egokia ez dela behar bezala justifikatu ezean. Ordezkaritza orekatua izango da, lau kide baino gehiago dituzten organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Balorazio-batzordeak lehiaketa deitu duen agintariari eska diezaioke aholkulari-lanetarako adituak izendatzeko. Aholkulari horiek, hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ezingo dute botorik eman.

10.2.– Prestakuntza.

Balorazio-batzordeetako kideak karrerako funtzionarioak izango dira, eta deitutako lanpostuen titulu-talde bereko edo goragoko talderen bateko kidego edo eskaletakoak izango dira.

10.3.– Jarduera.

Balorazio-batzordeak erabateko independentzia izango du, diskrezionaltasun teknikoz eta objektibotasunez lan egingo du, eta egiten dituen proposamenak lotesleak izango dira Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarentzat.

Jarduteko duten diskrezionaltasun teknikoa gorabehera, ebazpenak arrazoitu egin beharko dituzte, eta arauak eta oinarriak bete beharko dituzte.

Batzordeen jarduna honako hauetan ezarritakoak arautuko du: oinarri hauek; urriaren 13ko 190/2004 Dekretua, euskal herri administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko dena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Hautaketa-prozesu orotan bete behar diren berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak eraginkorragoak izan daitezen (Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 25. artikuluaren arabera), balorazio-batzordearen eztabaidak isilpean gordeko dira. Era berean, hartzen diren erabakiak ere isilpean gorde beharko dira harik eta prozedura egokiaren bidez argitara eman arte. Batzordeak aurkezten diren pertsonen anonimotasuna bermatu behar du probak egitean eta zuzentzean.

Balorazio-batzordeak aurkezten den edozein zalantza ebatzi ahal izango du, eta, oinarri hauetan ezartzen ez den guztian, lehiaketa behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartuko ditu.

Balorazio-batzordeko kideei eta aholkulariei ordaindu beharreko konpentsazio ekonomikoek (halakorik ordaindu behar denean) otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa, bete beharko dute (zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko dekretua hirugarrenez aldatu duen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuaren arabera).

10.4.– Izendapena.

Batzordea osatzen duten kideak hauexek dira:

Batzordeburua:

Titularra: Cecilia Anitua Trevijano.

Ordezkoa: Mikel Gorriti Bontigui.

Bokala:

Titularra: Manuel Lareo Veiga.

Ordezkoa: Aintzane Pomposo Vez.

Bokala:

Titularra: M.ª Arritokieta Zubia Antia.

Ordezkoa: José Luis Arruti del Rey.

Bokala:

Titularra: Francisco Javier Legorburu Faus.

Ordezkoa: Xabier Amatria Cuesta.

Idazkaria:

Titularra: M.ª Isabel Monléon Fernández.

Ordezkoa: Itziar Liceaga Romero.

11.– Lehiaketa nola egingo den.

11.1.– Eskabideak aurkeztea.

11.1.1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

11.1.2. – Parte hartu nahi dutenek eskabidea Intranet bidez egin beharko dute, lehiaketarako gaitutako atalean dagoen eredua betez. Eskabideak era horretan aurkezten dituztenei jaso izanaren agiri bat emango zaie, eta, hor, interesdunek egoera egiaztatu beharko dute. Bakarrik onartuko dira egoeran «itxita» daramaten eskabideak.

11.1.3.– Salbuespenez, egoera aktiboan ez dauden edo lanpostuan aldi baterako ez dauden langileek deialdi honetako IV. eranskin modura datorren eredua aurkeztu ahal izango dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako erregistroetako edozeinetan, eta eskabidea Funtzio Publikoko zuzendariari bidali beharko diote.

11.1.4.– Eskabide baldintzatuak. Baliteke, familiako elkarbizitza-arrazoiak direla eta, lehiaketa honetan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten bi pertsonak lanpostua herri berean edo hurbileko herrietan lortu nahi izatea; halakoetan, eskabideetan, baldintza modura lanpostua biek hala biek lortu beharra adierazi dezakete, eta, hala ez bada, dena delako herriko lanpostuetarako eskabide biak indarrik gabe geratuko dira.

11.1.5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, ez da onartuko eskabideak ezertan aldatzerik. Baina, esleipenen behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak egiteko epearen barruan, lehiatzaileek, hala nahi badute, lehiaketan atzera egiteko eta ez parte hartzeko aukera ere izango dute.

11.1.6.– Deialdiko nahi adina lanpostu huts eska daitezke, lehentasun-hurrenkeran, lanpostu horietan jarduteko bete beharreko baldintzak betez gero.

11.1.7.– Kidego diferenteetan eskainitako lanpostuetan parte hartzen dutenek lanpostu horiek guztiak ordenatu beharko dituzte, lehentasunaren hurrenkeran. Horretarako, merezimenduen balorazioa behin betiko argitaratu ondoren, Funtzio Publikoko sailburuordearen ebazpen baten bidez, bost egun balioduneko epea irekiko da interesdunek lanpostu guztiak lehentasun-hurrenkeraren arabera erregistra ditzaten.

11.1.8.– Lanpostua betetzeko baldintzak egiaztatzeko agiriak eta aurkeztu nahi diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak eskabidearekin batera aurkeztu behar dira, 9. oinarrian zehazturik datorren moduan. Eskabide elektronikoa egiten bada, eskabideak aurkezteko epe bera egongo da merezimenduak edo betekizunak egiaztatzeko.

11.2.– Dotazio bakoitzerako onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Funtzio Publikoko Zuzendaritzako administrazio-zerbitzuek balorazio-batzordeko buruari bidaliko dizkiote aurkeztutako eskabideak, erantsitako agiriekin batera. Funtzio Publikoko Zuzendaritzak batzordearen zereginak erraztuko ditu; horretarako, betekizunak betetzen direla eta agiri egokiak aurkeztu direla egiaztatuko du aldez aurretik.

Nolanahi ere, balorazio-batzordeak betekizunak betetzeari buruzko egiaztapena berretsiko du, dotazio bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda egingo du eta zerrenda hori 12. oinarrian azaltzen diren lekuetan argitaratzea erabakiko du; halaber, 5 egun balioduneko epea emango du interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten.

11.3.– Erreklamazioak aztertzea eta dotazio bakoitzerako onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda argitaratzea.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, balorazio-batzordeak horiek ebatzi, dotazio bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu eta horiek 12. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea xedatuko du.

11.4.– Merezimenduak baloratzea eta fase hori gainditu duten parte-hartzaileen behin-behineko emaitzak argitaratzea.

Dotazio bakoitzean onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda taxutu eta gero, balorazio-batzordeak merezimenduen balorazioa egin, oinarrietan ezarritako gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu dutenen zerrenda taxutu, eta zerrenda hori 12. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

11.5.– Erreklamazioak aztertzea eta behin betiko emaitzak taxutu eta argitaratzea.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, balorazio-batzordeak erreklamazio horiek ebatzi, merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda eta oinarritan ezarritako gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu duten parte-hartzaileen behin betiko zerrenda taxutu, eta horiek 12. oinarrian azaldutako lekuetan argitaratzea xedatuko du.

11.6.– Lanpostuak esleitzea eta esleipenen behin-behineko zerrenda argitaratzea. Atzera egiteko epea.

11.6.1.– Halaber, esleipenen behin-behineko proposamena 12. oinarrian adierazitako lekuetan argitaratzea erabakiko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da interesdunek erreklamazioak aurkez ditzaten. Epe horren beraren barruan, parte-hartzaileek atzera egin ahal izango dute lehiaketan parte hartzeko eskaeran.

11.6.2.– Esleipen-proposamenean hauek hartuko dira kontuan: lehiaketara atera diren lanpostuak, balorazioaren emaitza eta eskabidean aurkeztu den hurrenkera-ordena. Eskabidean ezarritako hurrenkera-ordenaren ondorioa hau da: pertsona bati lanpostu bakar bat esleitu ahal izango zaio, hainbat kidegotarako parte hartzen badu ere.

Nolanahi ere, langileek, aurrez betetzen zuten lanpostua utzi egin behar izan badute, edukia aldatzeagatik lanpostua kendu dietelako edo lanpostutik mugiarazi dituztelako, lehentasuna izango dute lehiaketa honetan, behingoagatik bakarrik, udalerri berean sortutako lanpostu hutsak betetzeko, kendutako lanpostuaren lanpostu mailako osagarri berdina edo baxuagoa badute.

Lehiaketa osoaren puntuazioan berdinketarik egonez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira berdinketa argitzeko:

– Emakumeei emango zaie lehentasuna, dena delako kidego, aukera edo eskala eta kokapen-mailan emakumeak % 40 baino gutxiago direnean. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak betetzen baditu, horregatik sexuagatiko diskriminaziorik ez dagoela; kasurako, laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide denean.

– Merezimenduetan lortutako puntuazioa, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkeraren arabera.

– Antzinatasuna, lehian dagoen kidegoan edo eskalan karrerako funtzionario izanik lan egindako denbora.

– Antzinatasuna, karrerako funtzionario gisa lan egindako denbora.

– Antzinatasuna, azken behin betiko lanpostuan lan egindako denbora, eta Administrazioan lan egindako denbora.

11.7.– Atzera egiteak eta erreklamazioak aztertzea. Esleipen-proposamena.

Erreklamazioak eta atzera egiteko eskaerak aurkezteko epea amaitzean, balorazio-batzordeak horiek ebatziko ditu, esleipenen behin betiko proposamena prestatuko du, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari helaraziko dio.

11.8.– Lehiaketaren behin betiko ebazpena argitaratzea.

Behin betiko esleipen-proposamena jasotzen duenean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak onetsi egingo du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindu. Agindu horren kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke, agindua argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

12.– Argitaratzeko lekua.

12.1.– Lehiaketan parte hartzen dutenentzako informazio garrantzitsu guztia, eta, zehazki, onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko eta behin betiko zerrendak, merezimenduen balorazioaren behin-behineko eta behin betiko zerrendak, merezimenduen zuzenketa, erreklamazioak eta esleipenen behin-behineko eta behin betiko zerrendak helbide hauetan argitaratuko dira:

Intranet: Langilearen ataria.

Internet: www.euskadi.eus/concurso

Oinarri hauetan ezarritako epeak zenbatzeko, argitalpen horrek bakarrik balioko du, 11.1 eta 11.8 oinarrietan aurreikusitakoan izan ezik. Horrenbestez, ez da beharrezkoa izango bestelako iragarki-ohol edo hedabidetan argitaratzea.

12.2.– Deialdia, halaber, harpidetza pertsonalizatuaren bidez zabalduko da; hala, lehiaketaren fase bakoitzari buruzko informazio zehatza posta elektronikoz jaso ahal izango da. Zerbitzu hau erabiltzeko, helbide elektronikoa eduki behar da, besterik ez, eta «Langilearen ataria» edo «Jakina» guneetan eska daiteke, edo, bestela, mezu elektroniko bat bidaliz helbide honetara: provision-seleccion@euskadi.eus

13.– Destinoak esleitzea. Lanpostua uztea eta lanpostuaz jabetzea.

13.1.– Esleipendunek lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko dute, eta horrenbestez, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko dute, horrelakorik izanez gero, ez badute beste lanposturik lortu lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez, gerora agertutako ezintasunagatik, zerbitzu aktiboaz bestelako egoera batera igarotzeagatik edo deialdia egin duen organoak bidezkotzat jotzen dituen aparteko arrazoiengatik.

13.2.– Antolaketa errazteko, esleipen-ebazpenean argi adieraziko da esleipena lortu duten langileek zein egun jakinetan utzi beharko duten lehengo lanpostua eta berria hartu.

13.3.– Lehiaketa honetan lanpostu-erreserba dakarten egoeraren batean daudela parte hartu duten langileek aurrerantzean ere administrazio egoera berean jarraituko dute, destinoa lortzen badute, kasu batean izan ezik: bueltatzea espresuki eskatzen badute, aurreko atalean azaldutako bost egun balioduneko epean.

13.4.– Esleitutako destinoa borondatezkoa dela ulertuko da, eta, beraz, ez du eskubiderik emango inolako arrazoirengatik kalte-ordainak jasotzeko.

14.– Lehiaketaren kudeaketan datu pertsonalak babestea.

Lehiaketa kudeatzerakoan, datu pertsonalak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren fitxategian tratatuko dira; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila bera da fitxategiaren ardura duen administrazio-organoa, eta aukera ematen du datuok eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko edo horien aurka egiteko, haren Funtzio Publikoko Zuzendaritzara jota.

Parte hartzeko eskabide-orriek horren berri emateko informazio-klausula bat ekarriko dute, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko administrazio-langileek, balorazio-batzordeko kideek eta, baldin balego, batzordeari laguntzeko langile espezializatuek sekretuan gorde beharko dituzte lehiaketa kudeatzerakoan eskuratzen dituzten datu pertsonal guztiak.

Balorazio-batzordeak aginduta, 12. oinarrian aipatutako lekuetan argitaratuko dira honako hauek: onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda, onartutako eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrenda, gutxieneko puntuazioa gainditu duten hautagaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda eta esleipenen behin-behineko zerrenda. Horietan guztietan, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira: publikotasun-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez. Datuok bere horretan utzi beharko dira harik eta esleipen-prozesua amaitzen den arte eta erreklamazio edo errekurtsoak gauzatzeko beharrezko aparteko denbora guztian.

Zerrenda horiek klausula bat edukiko dute ohartarazteko zerrendotan datu pertsonalak ageri direla, datuak babesteko gaur egungo legedia betetzen dutela eta datuon helburu bakarra dela lehiaketaren fase zehatz horri publikotasuna ematea eta, hala egokitzen denean, parte-hartzaileei jakinaraztea. Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute adierazteko datuok ez direla edonork hartu edo erabiltzeko, eta ezin izango direla erreproduzitu –ez osorik ez zatika–, transmititu, edo edonolako errekuperazio-sistema erabilita erregistratu, eraginpeko hautagaiek berek horretarako baimenik eman gabe.

Lehiaketan jarritako lanpostuen behin betiko esleipenen zerrenda onartzeko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, ahalik eta datu pertsonal gutxien azaldu beharko dira, publikotasun-printzipioa betetzeko beharrezkoak besterik ez.

II. ERANSKINA
ESKAINITAKO LANPOSTU ZERRENDA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BESTE ADMINISTRAZIO PUBLIKO BATZUETAN LORTUTAKO MEREZIMENDUEN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
EGOERA AKTIBOAN EZ DAUDEN EDO LANPOSTUAN ALDI BATERAKO EZ DAUDEN LANGILEENTZAKO ESKABIDE EREDUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala