Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2018ko apirilaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2184

55/2018 DEKRETUA, apirilaren 17koa, zeinaren bidez indargabetzen baita behi-okela edo abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzeko aukerako sistema ezartzeko Euskal Autonomia Erkidegorako arauak eman dituen Dekretua.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 17ko 1760/2000 (EE) Erregelamenduaren II. atalean etiketatzeko aukerako sistemari buruzko arauak ezarri ziren, zeinetan jasotzen baitzen estatu kideko eskumendun agintaritzak baimendu edo onartu egin behar zituela etiketan nahitaezkoak ez ziren aipamenak jasotzen zituzten baldintza-agiriak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1760/2000 (EE) Erregelamendua, behi-espezieko animaliak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duena eta behikia nahiz behikiz egindako produktuak etiketatzeari buruzkoa eta Kontseiluaren 820/97 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena). Baimentzeko edo onartzeko prozedura horrek karga administratibo handia eragin du, bai eta kostu ekonomiko handiak ere administrazioentzat. Eta karga eta kostu horiek ez dira inolaz ere proportzionalak prozedura horrek planteatzen zituen onurei dagokienez. Hori dela eta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 653/2014 (EE) Erregelamenduak –behi-aziendaren identifikazio elektronikoari eta behi-aziendaren okelaren etiketatzeari dagokionez 1760/2000 (EE) Erregelamendua aldatzen duenak– indargabetu egin du etiketetako aukerako aipamenetarako baldintza-agiriei buruz ezarritako guztia.

Hala ere, indargabetu arren, behi-aziendaren okela merkaturatzen duten organizazioak eta eragile ekonomikoak aukerako aipamen horiek eskaintzen jarraitu ahal izango dute beren produktuetan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren maiatzaren 15eko 653/2014 (EE) Erregelamenduak 1.17) artikuluan ezartzen duenez, aipamen horiek «objektiboak, eskumendun agintariek egiaztatzeko modukoak eta kontsumitzaileentzako ulergarriak izan behar dute».

Behi-aziendaren okelaren aukerako etiketatzerako baldintza-agiriak izateko derrigortasuna kentzen duen erregelamendu berria estatu kideetan zuzenean aplikatzekoa da indarrean sartzen denetik. Dena dela, zuzenean aplikatzekoa izanda ere, segurtasun juridikoa bermatzeko xedez, gomendagarria da behar diren testu juridikoak indargabetzea edo egokitzea.

Horrela, Estatuak indargabetu egin ditu baldintza-pleguak onartzeko derrigortasunari buruzko artikuluak (Europako Erkidegoaren erregelamenduak aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen abenduaren 12ko 1698/2003 Errege Dekretuaren 6., 7., 8. eta 9. artikuluak eta xedapen iragankor bakarra) azaroaren 25eko 543/2016 Errege Dekretuaren bidez (errege-dekretu horrek honako hau aldatzen du: 1698/2003 Errege Dekretua, abenduaren 12koa, Behi-aziendaren haragia etiketatzeko sistemari buruzko Europako Erkidegoaren erregelamenduak aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena).

Euskal Autonomia Erkidegoan, azaroaren 21eko 235/2000 Dekretuaren bidez, behi-aziendaren okelaren aukerako etiketatzerako baldintza-agiriak onartu eta baimentzeko prozedura arautu zen, erregelamendua Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko egiturara egokituz (235/2000 Dekretua, zeinaren bitartez behi-okela edo abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzeko aukerako sistema ezartzeko arauak eman baitira Euskal Autonomia Erkidegorako). Beraz, indargabetu egin behar da dekretu hori; izan ere, Europako araudian izandako aldaketa hori zuzenean eta nahitaez aplikatzekoa da.

Dekretu hau egiteko, sektoreko erakunderik adierazgarrienak kontsultatu dira, eta nahitaezko txosten guztiak ere baliatu dira, baita Emakunderena ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 18-22 artikuluetan ezarritako eran.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Indargabetuta geratzen da azaroaren 21eko 235/2000 Dekretua, zeinaren bitartez behi-okela edo abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzeko aukerako sistema ezartzeko arauak eman baitira Euskal Autonomia Erkidegorako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Baliorik gabe geratzen dira azaroaren 21eko 235/2000 Dekretuaren babespean emandako egintzak (235/2000 Dekretua, zeinaren bitartez behi-okela edo abelgorrien haragia eta haren ondoriozko produktuak etiketatzeko aukerako sistema ezartzeko arauak eman baitira Euskal Autonomia Erkidegorako), eragile ekonomikoen, elkarteen, kontrol erakunde independenteen eta onetsitako baldintza-pleguen erregistroari buruzkoak (elikagaien kalitatearen arloan eskumena duen zuzendaritzaren menpe dago erregistro hori).

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko apirilaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala