Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2018ko apirilaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1977

EBAZPENA, 2018ko martxoaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita 28. Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruz (HBPB). Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutakoa da plan hori, eta Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela baten antolamenduari dagokio.

AURREKARIAK

Vitoria-Gasteizko Udalak, 2017ko azaroaren 23an, eskaera bat aurkeztu zuen 28. Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari (HBPB; aurrerantzean, Planari) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko, Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela baten antolamenduari dagokionez. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko urtarrilaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak abian jarri zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, eta egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari –biak Eusko Jaurlaritzakoak–, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzari eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari jakinarazi zitzaion prozeduraren hasieraren berri.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, txostenak aurkeztu dituzte Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak –biak Eusko Jaurlaritzakoak–, eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ebazpen honetan aztergai den Vitoria-Gasteizko udalerriko Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela bat antolatzeko 28. Hiri Berrikuntzako Plan Berezia ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskineko kasuen barruan –ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, lekuaren kudeaketarekin loturarik izan gabe.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatu 6.2 artikuluan, honako hauek zehazten dira, besteak beste: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Aztertuta geratu dira Vitoria-Gasteizko udalerriko Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela bat antolatzeko 28. Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea 28. Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruz (HBPB). Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutakoa da plan hori, eta Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela baten antolamenduari dagokio. Jarraian zehazten dira txostenaren nondik norakoak:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua hiri-partzela bat da, 19.162 m2-koa. Udal-jabetzakoa da, eta Forondako Atea eta Artapadura kaleen arteko bidegurutzearen hego-ekialdean dago. Bizitegirako partzela du kalifikazio globala, eta, kalifikazio xehatua, aldiz, hirugarren sektorekoa: merkataritza eta merkatuak, bulegoak, bankuak, hotelak eta egoitza komunitarioak. Aparkaleku publiko gisa erabiltzen da behin-behinean, eta, halaber, salmenta ibiltariko merkatu bat egiten da han astero.

Planaren helburua da bidezidor bat eraikitzea oinez eta bizikletaz ibiltzeko, 100 m luze izango dena, eremuaren iparraldean dagoenari jarraipena emateko. Bidezidorrak egungo partzela zeharkatuko du, eta bi partzela txikitan zatituko. Bi horien artean banatzen da, hain zuzen ere, partzela bakarreko eraikigarritasuna.

Planak ez du aldatzen eremuaren azalera, ez eta eraikigarritasuna ere, baina 1.092,39 m2 eransten dio espazio libreen tokiko sistemaren dotazioari.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Lehendik ezarritako antolamendu xehatua aldatzen du Planak, eta espazio libreen eremu berri bat zedarritzen du, oinez eta bizikletaz ibiltzeko bidezidor bat egitea ahalbidetzeko, 100 m luze izango dena. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan. Planak soilik aldatzen ditu indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk; beraz, ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren helburua oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna sustatzea da. Hori dela eta, helburua egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk. Planaren eremuan ez dago ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta natura-balioengatik edo ingurumen-arriskuengatik garrantzizkoak diren elementuak ere. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria komunitario edo nazionala txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Aparkaleku handi batek betetzen du eremu osoa, eta, iparraldean, karabanak aparkatzeko alde bat dago. Ingurunea erabat urbanizatuta dago. Ez dago natura-espazio nabarmenik eraginpeko eremuaren inguruan, ez ezta eralda daitekeen ingurumen-balio edo -kalteberatasun handiko eremurik ere, eta ez du ingurumen-arriskurik, Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeenik.

Adierazitako jarduketak kontuan hartuta, aurreikusita dago Plana garatzeak ingurumenean izango duen eragina positiboa izango dela, edo eragina ez dela adierazgarria izango: eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira bidezidorra egiteko lanetan, eta, neurri txikiagoan, giza habitataren kalitatea murriztuko da, lur-mugimenduetan eta makineriaren joan-etorrietan zarata, hautsa eta abar areagotuta sortutako eragozpenengatik.

Zaratari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren ondorioen arabera, ez dira betetzen kalitate akustikoaren helburuak Forondako Atetik gertuen dagoen oinezkoentzako zatian. Hala ere, ezin da jarduketarik egin zarata-igorpenaren edo -zabalkundearen gainean; gainera, horrek ez du oztopatuko erabilera-aldaketa gauzatzea, ez baita eraikinik egingo. Hirugarren sektoreko partzeletan, aldiz, bete egiten dira kalitate akustikoaren helburuak. Azterlan horrek gomendatzen duenez, eremuaren diseinuan, komeni da hesi-efektua izango duten elementuak txertatzea, edo soinu naturalak sortzen dituztenak, hala nola zuhaitzak, zuhaixka ugari edo ur-elementuak, pasealekuko soinu-giroa hobetuko dutenak, eta hala jaso da Planaren ordenantzan.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, bai eta ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz ere. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa bete behar da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira (112/2012 Dekretua, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duena).

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztu beharra dago ez dela aurreikusten Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela baten antolamenduari buruzko 28. Hiri Berrikuntzako Plan Bereziak ingurumenean eragin esanguratsurik izango duenik, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko hau 4 urtean egongo da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, onartu gabe baldin dago Vitoria-Gasteizko Lakua-Arriaga auzoko hirugarren sektoreko partzela baten antolamenduari buruzko 28. Hiri Berrikuntzako Plan Berezia (HBPB), txostenak berezko duen efektua galduko du, betiere Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan xedatutako ondorioetarako. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Laugarrena.– Ebazpen hau Gasteizko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala