Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2018ko apirilaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1834

EBAZPENA, 2018ko otsailaren 1ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Donostian (Gipuzkoa) sustatzen duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioari (biometanizazioko eta zepak tratatzeko planta) ingurumen-baimen integratua ematen diona.

AURREKARIAK

2017ko maiatzaren 22an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, Donostiako (Gipuzkoa) hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako (biometanizazioko eta zepak tratatzeko planta).

Era berean, jarduera hirigintzarekin bateragarria zela egiaztatzen zuen Donostiako Udalaren txostena aurkeztu zuen, 2017ko otsailaren 22koa.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko uztailaren 6ko eta irailaren 1eko Ebazpenen bidez erabaki zen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko abuztuaren 11n eta irailaren 13an.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu zen.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2017ko urriaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien hauei: Donostiako Udalari, Gipuzkoako Urei, Ura-Uraren Euskal Agentziari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Segurtasun Sailei. Hala, espedientean ageri den emaitza eskuratu zen.

2018ko urtarrilaren 31n, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esku utzi zen espediente osoa, eta egindako proposamenaren adostasuna jaso zen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea hau da: atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horiez gain, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen isurketen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honen oinarrizko helburua hainbat baldintza ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren kasuan, baimen hauek ematen dira: hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko baimena, ibilgura eta atmosferara isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortzeari eta lurzoruko eta lurpeko uretako kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorriz.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko Legearen (otsailaren 27ko 3/1998) 39. artikuluak xedatzen duenez, lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko behar dien neurri guztiak hartzea sustatuko da. Adierazitako aginduak aplikatuz, aipatutako 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapide guztiak sartu dira Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarekin lotutako ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran.

Azkenik, instalazioak isur ditzakeen substantzia kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko instalazioari ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazteko, ebazpen hau egitean kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak. Bereziki, Europako Batzordearen BREF dokumentuaren edukia hartu da kontuan (Integrated Pollution Prevention and Control. Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries, 2006ko abuztua).

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertutakoan ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuan (apirilaren 11ko 77/2017) xedatutakoaren arabera.

Honako hauek ikusi dira: ingurumen-organo honen 2018ko urtarrilaren 31ko Ebazpen-proposamena; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurumena babestekoa; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina –abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–; urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakin eta lurzoru kutsatuena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (helbide soziala Ibaiondo industrialdea, 27, 3 –Orbegozo eraikina– 20120 Hernani, Gipuzkoa, eta IFK: G-20960183) ingurumen-baimen integratua ematea hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalaziorako (biometanizazioko eta zepak tratatzeko planta). Esandako instalazioaren koordenatuak UTM X: 578299,27 eta Y: 4789932,26 dira, Eskuzaitzeta 20000 Donostia helbidean, eta 16-I-01-000000000395 kodea esleitu zaio. Hala, Ebazpen honen bigarren zenbakian ezarritako baldintzak ezarriko zaizkio.

Instalazioan gauzatuko diren jarduerak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean daude jasota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoan; hain zuzen ere 1. eranskineko 5.4.a eta 5.4.c kategorian:

«5.4.– Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko edo balorizatu eta ezabatzeko instalazioak eguneko 75 tonatik gorako gaitasunarekin, baldin eta jarraian zerrendatuko diren jardueretako bat edo gehiago biltzen badituzte, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikagarri zaizkion arauak ezartzen dituen Lege Dekretuan (abenduaren 28ko 11/1995) bildutakoak izan ezik:

a) Tratamendu biologikoa.

b) Errausketaren edo baterako errausketaren aurreko tratamendua.

c) Zepa eta errautsen tratamendua.

d) Hondakin metalikoen birringailuetan tratatzea, hondakin elektrikoak eta elektronikoak barnean hartuta, baita balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta horien osagarriak ere.

Instalazioan egiten den hondakinak tratatzeko jarduera bakarra digestio anaerobikoa denean, jarduera horren gaitasun-atalasea eguneko 100 tonakoa izango da».

Baimen honek Gipuzkoako Ingurumen Gunearen 2. faserako (GIG2) baldintzak ezartzen ditu. Hain zuzen ere, balorizazio energetikoko zepak heltzeko plantak eta biometanizazio-plantak osatua da:

– Biohondakinaren biometanizazio-prozesua (digestio anaerobioa), urteko 40.000 t diseinatzeko gaitasuna duena (I. fasea), etorkizunean 20.000 tona osagarri gaineratzeko aukerarekin, harik eta urteko 60.000 tonara iritsi arte (I+II faseak), baimen honek xede duen GIG2 ezartzea, aldi berean, bi fasetan egitea baitago aurreikusita.

– Gipuzkoako Ingurumen Gunean sortutako zepen heltze-trataeraren prozesua, 1 fasea (aurrerantzean, GIG1), urteko 52.000 t-ko diseinuko gaitasunarekin.

GIG2 Eskuzaitzeta industrialdean kokatuko da (D lurzatia), Zubietako administrazio-esparruan, Donostiako udal-mugartearen hego-mendebaldean, Lasarte-Oriako eta Usurbilgo hiriguneetatik gertu.

Instalazio horrek, aurre-trataera mekaniko-biologikoko plantak eta balorizazio energetikoko plantak osatutako 1. fasearekin (GIG1) batera, Gipuzkoako Ingurumen Gunea osatuko du.

Lurzatiaren azalera 31.988 m2 da, eta etorkizuneko industrialdearen ekialdeko muturrean dago, azpiestazio elektrikoaren alboan (W lurzatia), hain justu, etorkizuneko GIG1 instalazioen sarbide-tunelari eta haren sarrera- eta irteera-kontrolari atxikita.

Biohondakinaren biometanizazio-prozesua.

Biohondakinak jasotzea: pisatu ostean, kamioiek jasotze-zulo batean deskargatuko dituzte; deskargatzeko aurrenabe estali batetik igaroko dira, ateak automatikoki ixten direla eta aspirazio kanalizatua duela, usaina kentzeko sisteman tratatzeko, beste sekzio batzuetan ateratako airearekin batera.

Biohondakinaren aurre-trataera biomekanikoa: biohondakina zulotik hartuko da, eta aurre-trataerako lerro mekanikoaren elikatze-toberan utziko, baztertzeko zatiak ateratzeko eta biohondakinak osteko digestio anaerobiorako egokitzeko.

Hamarratzak lehendabiziko errotako elikatze-sekzioan utziko ditu hondakinak, abiadura apaleko errotazio-birringailu batean. Elikatutako materiala, neurria murrizteko lehendabiziko fase horren ostean, zinta garraiatzaile baten bidez errotazio-bahe batera bideratuko da; 40 mm-ko sareta-neurria izango du bahe horrek. Granulometria horretatik behera dagoen materiala, frakzio fina, zinta garraiatzaile batekin bereizgailu magnetiko batera eramango da, eta, azkenik, digestio anaerobioko ataleko dosifikatze-unitateraino iritsiko da.

Bestalde, 40 mm baino frakzio handiagoak zinta garraiatzaile bidez eramango dira, bereizgailu magnetiko batean zehar, harik eta bigarren birringailu batera iritsi arte; haren ostean, aipatu dugun lehendabiziko errota/birringailuetara joango dira.

Digestio anaerobioa: biohondakina, aurre-trataerako etapatik igaro ostean, digestoretik datorren materia organikoarekin nahastuko da, eta inokulu gisa funtzionatuko du, digestio anaerobioko prozesua optimizatzeko helburuarekin. Hala, lurrun saturatu kopuru txiki bat injektatuko du presio apalean, tenperatura 48-55 ºC-ra igotzeko; ondorioz, prozesua baldintza termofilikoetan gertatuko da, eta nahasketa digestorearen goiko alderantz ponpatuko du.

Digestoreak forma zilindriko bertikala eta irteera zein sabai konikoa izango ditu, eta 3.200 m3-ko bolumena, gutxi gorabehera.

Artzitze-masa grabitatez mugituko da digestorearen goiko zatitik beherantz. Digestua irteera konikotik barrena irtengo da, eta haren frakzio bat elikadura-ponparantz berrabiatuko da, inokulu gisa baliatzeko.

Digestorean sortutako biogasa baldintza arruntetan jariatuko da, presio-aldearen bidez, digestoretik gasometrorantz. Hortik, biogasa kogenerazio-motorretara bidaliko da. Biogasean H2S edukia murrizteko, kloruro ferrikoa gehitu da elikatze-ponpan. Biogas-produkzioak kontsumoa gainditzen duenean, edo larrialdi-kasuetan, horretarako prestatutako zuzi batera bidaliko da.

Sortutako digestua torlojuen bidez garraiatuko da deshidratazio-unitateraino, eta, bertan, digestuak % 30 eta 35 bitarteko solidoen edukia lortuko du guztira, gutxi gorabehera.

Biohondakinak 25 egun inguru emango ditu digestorean.

Gasaren trataera eta kogenerazioa: sortutako biogasa mintz-gasometro batean biltegiratuko da aldi batez, biogas-fluxu uniformea bermatu ahal izateko energia elektrikoa sortzeko motorrez osatutako kogenerazio-plantara. Gasometroak 540 m3 inguru biogas biltegiratzeko gaitasuna izango du gutxienez.

Gasometroa esfera moztu itxurarekin konfiguratuko da, eta kanpotik babestuta egongo da, bai eguzki-erradiazioetatik, bai onddoen zein bakterioen erasoetatik, beste mintz sintetiko baten bidez. Bi mintz horien artean, aire-kamera bat izango da, gasometroaren barruko kapa bariazio klimatikoetatik babesteko.

Instalazio hori osatzeko, kontrol-ekipo bat izango da betetze-zundekin, baita hainbat alarma ere.

Era berean, segurtasun-zuzi bat ere izango du instalazioak, soberan dagoen biogasa deuseztatzeko, ezohiko eta larrialdietako egoeretarako pentsatuta.

Kogenerazio-motorrek digestio anaerobioko prozesuan sortutako biogasa erabiliko dute erregai gisa, eta biogasaren energia termikoa energia mekaniko eta termiko bilakatuko dute.

Energia mekanikoa, modulu bakoitzaren alternadorean, energia elektriko bilakatuko da.

Kogenerazio-instalazioak bi (2) modulu-talde izango ditu, bakoitza 800 kW-koa (I+II fasean, berriz, 800 kW-ko hiru [3] talde izango ditu).

Motorrek isuritako ihes-gasak (konbustio-keak) presio apaleko lurruna sortzeko baliatuko dira (bero-trukea); lurrun hori digestio anaerobioko korrontearen elikatze freskoko (bio-hondakina) aurrez berotzeko baliatuko da, eta, hala, instalazioa optimizatu egingo da energiaren aldetik.

Biogas-motorrak martxan ez dituzten kasuetan, ezohiko jardunetik kanpoko larrialdi-kasuetan eta instalazioa abiarazteko eragiketetan, lurrun-generadore bat dago aurreikusita, gasolio-erregailuekin, esandako lurrun-korronte hori produzitzeko.

Digeritutako hondakina deshidratatzea. Ondoren, digestua deshidratatzeko prozesua azalduko dugu.

1.– Digestua deshidratatze-lerrora iritsiko da, digestorearen irteerara lotutako estrakzio-ponpak bultzatuta. Esandako digestu-korronte hori polimeroaren soluzio batekin nahastuko da, osteko deshidratatzeko prozesuan eraginkortasun handiagoa lortzeko; soluzio hori helburu horretarako gaitutako malutatzaile-unitate batean prestatuko da.

2.– Digestua prozesatzeko eskatutako gaitasuna kontuan izanda, bi (2) nahaste-unitate eta bi (2) prentsa instalatuko dira. Nahaste-prozesua batch batean egingo da. Digestuaren korrontea eta polimero-soluzioa paraleloan jardungo duten nahaste-unitateetara elikatuko dira; lortutako nahaste-produktua dosifikatzeko hainbat torlojutara deskargatuko dute, eta ondoren prentsetara bidaliko. Prentsetan, digestu-korrontea deshidratatuko da, harik eta % 30-35 bitarteko materia lehorreko edukia lortu arte, gutxi gorabehera.

3.– Prentsatik ateratako frakzio likidoa (ura) dekantagailu zentrifugo batera ponpatuko da zuzenean, eta, bertan, lohia eta material solidoaren hondarrak bereiziko dira. Zentrifugoaren sarreran, beharrezkoa izanez gero, bigarren malutatzaile-etapa bat ere egin ahal izango da, polimero-soluzio bat erantsita (poliektrolitoa), deshidratatzeko prozesua handitzeko helburuarekin. Horrez gain, ezinbestekoa da apar-kontrakoa dosifikatzeko sistemak izatea (zentrifugoaren sarreran), baita uraren gogortasuna egonkortzekoa ere.

4.– Azkenean lortutako efluente likidoa birika-tankean gordeko da; prentsen eta zentrifugoaren irteeran eskuratutako frakzio solidoa (digestu deshidratatua), berriz, bildu eta siloetara bidaliko da, ondoren kudeatu ahal izateko.

Zepak tratatzeko eta heltzeko prozesua.

Zepa hezeak jasotzea eta lehortzea: guztira 6 mandio izango dira, bakoitza 500,5 m3-ko bolumen unitariokoa, zepak tratatzeko nabean kokatuta. Nabe horren azalera baliagarria 5.800 m2 inguru izango da.

Etapa horren bidez, honako helburu espezifiko hauek lortuko dira:

– Eskoria hezeek eragin ditzaketen itsaspenak eta buxadurak minimizatzea (GIG1eko balorizazio energetikoko plantaren [BEP] deseskoriatzeko/hozteko irteeran) tratamendu mekanikoko osteko ekipoetan, ekipoen efizientzia eta, ondorioz, esperotako errendimenduak handituta;

– GIG1eko balorizazio energetikoko plantan zepak ekoiztearen eta planta horren jardute-baldintzen buffer edo erregulazioa, itoguneak edota jarduerarik gabeko aldiak saihestuta.

Zepen trataera mekanikoa: ferrikoak eta ez-ferrikoak bereiztea, neurrien arabera bahetzea.

Lehortzeko prozesua amaitu ostean, trataera mekanikoa elikatzeari ekingo zaio, kusku biko koilararen bidez. Prozesuaren helburu nagusiak honako hauek dira:

– materiala sailkatzea, hainbat baheketaren bidez;

– material ferrikoak eta ez-ferrikoak berreskuratzea, bereizgailu magnetikoen eta indukziozko bereizgailuen bidez.

Koilarak lehenik eta behin barra-bahe bat elikatuko du; bertan, lehendabiziko sailkapen bat egingo da, eta 300 mm baino gehiago dituzten materialak erretiratuko dira. Material horiek errefortzu-altzairu ez badira, biltegiratu egingo dira, ondoren plantan aurreikusitako birringailu-errotan birrintzeko. Errefortzu-altzairua biltegiratu egingo da, ondoren birziklatzeko.

Bestalde, 300 mm baino gutxiagoko frakzioak, zinta garraiatzailearen bidez, sareta poligonala duen 40 mm-ko trommel batera eramango dira, eta bertan bi frakzio eskuratuko dira: bahetu gabeko 40-300 mm frakzioa, eta bahetutakoa, 40 mm baino txikiagoa. Lehendabizikoa metalak bereizteko eta ondoren birrintzeko prozesu batera bidaliko da, eta prozesua berriro hasiko da ostean. Bigarren frakzioa batez ere mineralez, beiraz, metal ferrikoz eta ez-ferrikoz osatuta egongo da, eta metalak modu elektromagnetikoan bereiziko dira; ondoren, bahetu egingo da, 10 mm baino material handiagoak eta txikiagoak bereizita, eta berriro ere bi korronteei bereizketa metaliko ferrikoa eta Focault korronteena aplikatuko zaie.

Zepak heltzea: trataera mekanikotik datozen zepak, zinta garraiatzaileen bidez, hormigoizko murruak dituzten mandio-gune batera eramango dira (6 mandio, bakoitza 1.160 m3-ko bolumenarekin); bertan, materiala erabat inertizatuko da. Prozesu hori dimentsionatzeko gutxieneko egonaldiaren denbora bi hilabete da; edonola ere, materialaren ezaugarriek zehaztuko dute denbora hori. Tarte horretan, materiala erabat inertizatzea lortuko da, eta, hondakinak kudeatzeko hierarkia aplikatuta, material agregatu gisa, betegarri gisa edota ekoagregakin bezala baliatu ahal izango da ondoren, sektoreko araudiarekin bat.

Hartara, lehortze-sistemaren diseinuaren bidez, trataera mekanikoarekin (bahetzea) eta proposatutako heltze-prozesuarekin, balorizatzeko aukera izango duen material ez-arriskutsu bat lortuko da.

Prozesua amaitu ostean, kargatzeko palak heldutako zepak bidaltzeko kamioiak zamatuko ditu, horretarako aurreikusitako zamaketa-kai baten bidez.

GIG2n guztira instalatu beharreko potentzia 1.935 kW izango da, eta zenbatetsitako kontsumo elektrikoa, berriz, 3.950.000 kWh izango da urtean.

Bestalde, I+II fasean guztira 2.068 kW-ko potentzia instalatua dago aurreikusita orotara, eta zenbatetsitako kontsumo elektrikoa, aldiz, 4.520.000 kWh izango da urtean. Era berean, gas naturala kontsumituko da district heating back-up galdaretan, baita gasolioa ere makina mugikorretan.

Instalazioak guztira 12 foku ditu, eta horietatik 4 mahuka-iragazki gaituko dira zepak tratatzeko jardueran, baita garbiketa kimikoko sistema bat ere (scrubber) NH3 neurri baten deuseztatzeko, baita aurre-hezegailu bat eta bioiragazki bat ere biometanizazio-plantan. Jarduera arruntaz bestelako kasuetarako, abiarazteko, geldialdi programatuetarako edota larrialdietarako –hau da, kogenerazio-motorrek funtzionatu ezin duten kasuetarako–, instalazioak larrialdietarako balbulen sistema bat izango du, biogasa zuzietara bideratzeko.

Euri-ur garbiak aprobetxatzeko, autogarbiketarako kanpo-iragazki bat dago, gutxienez % 90-95eko eraginkortasunarekin, 0,1 eta 1 mm bitarteko iragazketa-graduarekin.

Euri-ur zikinak esekidura-solidoen bereizgailu batera bidaliko dira, baita olio- eta hidrokarburo-bereizgailu koaleszente batera ere. Urak, prozesu horren ostean, Eskuzaitzeta industrialdeko euri-uren sareko biltokira bideratuko dira.

Zepak biltegiratzeko gunean sortutako lixibiatuak bildu eta merkataritza-dekantagailu batera eramango dira, esekidura-solidoak erretiratzeko eta Eskuzaitzetako industriako uren eta ur beltzen sarerako zehaztutako isuri-mugak betetzen direla bermatzeko; horretarako, Añarbeko Uren konexioa dago aurreikusita.

Gainerako urak hauek izango dira:

– biometanizazio-prozesuan sortutako hondakin-urak;

– jasotze-gunean eta biohondakinen biltegian sortutako lixibiatuak;

– usainak kentzeko instalazioko hondakin-urak (scrubber-purgak eta bioiragazkiko lixibiatuak);

– hozte-dorrean sortutako hondakin-urak (purgak), funtzionatuz gero;

– GIG2ko garbiketan eta ureztatzean sortutako urak.

Korronte horien trataera-plantaren tratatzeko batez besteko gaitasuna 90 m3/egun izango da lehen fasean, eta 130 m3/egun I+II fasea ezartzen denean. Modu jarraituan jarduten duen prozesu biologikoa izango da: lehendabiziko etapa nitrifikazioa izango da, eta bigarrena, berriz, desnitrifikazioa. Azkenik, biomasaren eta arazketa-uraren banaketa jarraitua egingo da, ultrairagazketako mintzen sistema baten bidez (MBR siglekin ezagutzen den prozesua).

Sortutako hondakin nagusiak zepa helduak eta digestu deshidratatuak izango dira, biak ere ez-arriskutsuak. Era berean, sortuko dira beste hondakin batzuk ere, hala nola bereizitako metalak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren jardueran, teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, Europako BREF txosten hauetan jasota daudenak:

– Hondakinen Kudeatzaileen Industriarako BREF txostena (2006ko abuztuko Reference Document on Best Available Techniques for the Waste Treatments Industries);

– "Teknika Erabilgarri Onei buruzko erreferentzia-dokumentua, monitorizazioaren printzipio orokorrekin lotuta, 2003ko uztaila";

– "Teknika Erabilgarri Onei buruzko erreferentzia-dokumentua, biltegiratze-isurien printzipio orokorrekin loturik, 2006ko uztaila"».

Bigarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ipintzea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Donostiako udal-mugartean sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera ustiatzeko jarduerari (biometanizazioko eta zepak tratatzeko planta).

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, gutxienez seiehun mila eurokoa (600.000), honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aldaketa horien berri emango du.

C) Babes eta zuzenketa-neurriak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

C.1.– Hondakinak jasotzeko, manipulatzeko, biltegiratzeko eta tratatzeko baldintzak eta kontrolak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakin ez-arriskutsuak balorizatuko ditu, hondakin ez-arriskutsuok kudeatzeari begira (biometanizazioko eta zepak tratatzeko planta).

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak honako apartatu hauetan zehazten dira, zeinetan, era berean, hondakinak behar bezala kudeatzeko zehaztapenak ere jasotzen baitira.

C.1.1.– Hondakin onargarriak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Europako Hondakinen Zerrendako hondakin ez-arriskutsuak tratatu ahal izango ditu, ondoren zehaztutako epigrafearekin. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EE Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EE Zuzentarauan xedatutakoa betetzeko).

Biometanizazio-planta (R12/R3): urtean 40.000 tona tratatzeko gaitasuna I. fasean, eta beste 20.000 tona gehigarri urtean II. fasean.

(Ikus .PDF)

Errausketa-zepak tratatzeko planta (R12/R5): Tratatzeko ahalmena: 52.000 tona/urte.

(Ikus .PDF)

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

Jasotako hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.

Hondakinak beste autonomia erkidego batzuetatik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

C.1.2.– Hondakinen sarreraren kontrola.

Instalaziora balorizatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Kontrol horretan, Ingurumen Sailburuordetzak onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Agiri horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko agiri batean erregistratuta geratuko da.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Dena dela, kudeatu beharreko hondakinak zabaldu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da aldez aurretik Ingurumen Sailburuordetzaren onespena eta ebazpen honen H letran adierazitakoa betetzea.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri bakoitzeko, eragileak hondakin horretarako onarpen-agiria bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz, non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasota egongo baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak onarpenaren agiria bidaliko dio hondakinaren titularrari, non baldintzak eta, hondakina entregatzen ez bada, epemuga ezarriko baitira. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez.

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Baldin eta beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, baitezpadakoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Ekoizleari itzultzen bazaio, kontrol- eta jarraipen-agiriko gorabeheren atalean jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak beste autonomia erkidego batzuetatik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu uneoro.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren HEZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

C.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Plantan, hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da ez dadin gertatu zehaztugabeko edo kontrolik gabeko isuririk, edo, bestela, isuriok ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, garrantzitsua izango da ekipoen estankotasuna ziurtatzea ere.

C.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Balorizatu beharreko hondakinak gordetzeko gehieneko epea bi urtekoa izango da.

b) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta izan litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.

c) Euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan egin beharko da instalazioan onartutako hondakinen biltegiratzea.

d) Hautsezko hondakinak eta ontziratu gabe jasotakoak nabearen barruan multzotan edo/eta gelaxketan gordeko dira, tratamendua egiteko unea iritsi arte.

e) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko ontzi edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin-mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakarten hondakinetarako.

f) Hondakinek desagertu, galdu eta ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Donostiako Udalari.

g) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak C.1.1 atalean adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

C.1.5.– Kudeatutako hondakinen datu-erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, aplikatzekoa den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

– onartutako hondakinen jatorria (sorrera eta prozesua, erakunde sortzailea eta enpresa garraiolaria);

– hondakin horien kantitateak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea;

– hondakin-partida bakoitzaren onarpen- eta jasotze-datak;

– onartu ez diren hondakin sortei buruzko datuak (jatorria, kopurua, enpresa garraiolaria, ez onartzeko arrazoiak eta beste norako bat, ordezko aukera gisa);

– biltegiratutako hondakinak instalazioko zer tokitan dauden;

– hondakin sortak aurretik egokitzeko edo multzokatzeko eragiketak, datak, parametroak eta partida horiei buruzko datuak, hondakinen ondorengo helmuga eta sorta bakoitzari emandako HEZ kodea;

– instalazioko kudeaketa-lanen datak edo azken kudeatzaile baimenduari bidalketa egin zaionekoa eta kudeatzaile horren identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, sortutako Kontrol eta Jarraipen Agiriarenak;

– bereizitako hondakin arriskutsuen mota bakoitzaren izaera eta pisuarekiko zatikia.

Ebazpen honen C.1.2 apartatuan aipatutako kontrolen emaitzak apartatu honetan araututako erregistroan jasoko dira, baita Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak egin ditzakeen kontrasteko kontrolenak ere.

Halaber, birziklatutako agregakin merkaturatuen erregistro bat ere gordeko da (kopurua eta norakoa), harrizkoak ez diren frakzioen kopurua eta norakoa, plantan sortutako baztertuen kopurua eta norakoa, baita zehaztu gabeko produktuaren kopurua eta norakoa ere.

Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko dute eta urtero bidaliko diote Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 41. artikuluarekin bat etorriz.

C.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako edo kanpora esportutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak edota kudeatutakoak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko Erregelamenduan (ekainaren 14ko 1013/2006) ezarritakoa bete beharko da.

C.1.7.– Biometanizazioko plantan tratatutako hondakinak egokiro kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

a) C.1.1 atalean zehaztutako biometanizazioko plantako hondakinak onartu, bildu, ikuskatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak alde batera utzi gabe, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren baimenak ezartzen dituen baldintzak bete beharko ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, honako xedapen hauetan ezarritako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 Erregelamendua (EE), gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak ezartzen dituena; Europako Batzordearen 142/2011 Erregelamendua (EB), 2011ko otsailaren 25ekoa, aurrekoa aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

C.1.8.– Zepak tratatzeko planta tratatutako hondakinak egokiro kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

a) Kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko eta altzairuzko txatarren kasuan, dagozkien adostasun-deklarazioak egin direla egiaztatu beharko da, Europako Kontseiluaren 2011ko martxoaren 31ko 333/2011 (EB) Erregelamenduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Erregelamendu horretan, txatar-mota jakin batzuek hondakin izateari noiz uzten dioten zehazteko irizpideak finkatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren arabera.

b) Bestetik, ingurumen-zainketarako programaren esparruan, eraikuntzako agregakin gisa bideratzen den zepari buruzko informazioa eman beharko da, dagokion araudiaren arabera, eta egiaztatu beharko da produktu gisa kontuan hartzeko ezarritako parametroak betetzen dituela.

c) Era berean, kudeaketa-prozesuaren ondoriozko burdinazko eta altzairuzko txatarren kasuan, 333/2011 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean eta materiala produktu gisa gaitzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, hondakin gisako kudeaketa egiaztatuko da, kudeatzaile baimendu baten dagokion onarpen-dokumentua aurkeztuz.

C.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

C.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

C.2.1.1.– Baldintza orokorrak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren isurketek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan atmosferara botatzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor horretatik salbuetsi daitezke isuri konfinatu gabeak, baldin eta horiek biltzea ez bada teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria, edota egiaztatzen bada ingurunean kalte urria eragiten dutela.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

Proiektuan aipatutako atmosferako kutsaduraren inguruko neurriak beti beteko dira. Bereziki, hautsa isurtzea ekiditeko neurriak, hala nola, agregakin-multzoak ureztatzea eta bideak garbitzea.

Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen Dekretuaren (abenduaren 27ko 278/2011) 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Honako elementu hauek guztiek nahitaez bete beharko dituzte atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

C.2.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren instalazioaren jarduerak, urriaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinaren arabera, honako kodea hauek ditu: B 09 10 06 00 (biogas-produkzioa edo biometanizazio-plantak) eta B 09 10 09 50 (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak gauzatzea, tartean, hondakin ez-metalezkoak edo metalezko hondakin hautsezkoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, material horien gaineko manipulazio-ahalmena >= 500 t/egun izanik, eta hondakin arriskutsuena >= 10 t/egun). Halaber, instalazioak honako foku hauek ditu, atmosfera babesteko indarrean den araudiari jarraikiz:

(Ikus .PDF)

Era berean, digestorean sortutako biogasa erretzeko bi zuzi izango dira, biogasaren kogenerazio-motorrak funtzionatzen ez duen larrialdi-egoeretarako.

Foku ez-sistematikoetakoren bat, batez beste, urtean hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasatuko balitz, ordubete baino gehiagoko iraupen indibiduala izanik, edo, maiztasuna edozein dela ere, isurtzeen iraupen orokorra instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, isurtze-foku gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko programa egokian justifikatu beharko da inguruabar hori.

C.2.1.3.– Isurketaren muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurtzeetan, ez dira gaindituko isurtzeen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

* Irteerako usain-kontzentrazioa 1.000 uoE/Nm3 baino handiagoa denean.

** Kutsatzaile mugatuen kontzentrazioak oxigenoaren % 5eko balioari erreferentzia egiten dio.

Balio horiek honako baldintza hauetarako dira: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, eta gas lehorra.

Isurketa-balioak betetzen direla abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera ebaluatuko da. Mugako isurketa-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, beharrezko zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala jakinaraziko zaizkio ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzea, neurri zuzentzaileak eta haien epeak.

C.2.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Instalazioaren titularrek Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen Dekretuaren (abenduaren 27ko 278/2011) 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren ataleko D.1.1.b azpi-zenbakian ezarritako goreneko kotatik behera. Honako elementu hauek guztiek nahitaez bete beharko dituzte atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

Isurtze barreiatuak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

C.2.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioak isurtzen dituen usainak zehaztu beharko dira. Ikerketa olfatometriko hori egiteko, irizpide hauek jarraitu beharko dira:

– iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-isurketak karakterizatu beharko dira;

– usain-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, usain-isurketaren abiadura eta usainaren emaria zehaztu beharko dira;

– laginketa, usainaren kontzentrazioa, hedatzeko abiadura eta emaria arau honen arabera egingo dira: UNE-EN 13725:2004 «Airearen kalitatea. Usainaren kontzentrazioa olfatometria dinamikoaren bitartez zehaztea»;

– usain-iturri bakoitzean hiru lagin hartuko dira gutxienez;

– UNE-EN 13725:2004 arauaren araberako ziurtagiria duten erakundeek zehaztuko dituzte instalazioko usain-isurketak.

3.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren jarduerarekin lotutako emisioen usainen inpaktua ebaluatzeko, aipatutako ikerketa olfatometrikoa osatzeko usainen hedapenaren modelizazioa ere egin beharko da.

Modelizazio hori egitean eta horren emaitzak eta ondorioak aurkeztean, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratu duen Dispertsio-ereduak egiteko jardunbide egokien Gidan ezarritakoari jarraitu beharko zaio. Emaitzak bidaltzeko, Ebazpen honetako D.5 atalean (Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea) ezarritako baldintzak beteko dira.

Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen isuriak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

C.2.2.– Isurketak egiteko baldintzak.

Atariko fasean (isuriak botatzen hasi aurretik), ez da egongo baimenduta jabari publiko hidraulikora hondakin-urak isurtzea.

Hala, 815/2013 Errege Dekretuaren 12. artikuluak dioenari jarraikiz, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015) 69. artikuluan ezarrita bezala, jardueraren hasiera-data zehaztuta eta baimenean eskatutako baldintzak betetzen dituela jakinarazita.

Jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez, titularrak organo honi eta Konfederazio Hidrografikoari aurretik aipatutako erantzukizunpeko adierazpenaren kopia bana helarazi beharko die, bai eta «Administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzailearen txostena» ere (MAM/985/2006 Aginduaren 13. artikuluan zehaztuta bezala), guztia ere egiaztatzeko arazketa-instalazioak eta gainerako kontrol-elementuak txosten honen oinarriko dokumentazio teknikoari jarraikiz egin zirela eta ziurtatzeko, era berean, gehienezko emariak eta isurketen muga-balioak errespetatzen direla.

Administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzailearen txostenak, halaber, Administrazio Hidraulikoaren erakunde kolaboratzaileetara bideratutako hondakin-uren isuriak ikuskatzeko Protokoloa bete beharko du, hain zuzen ere, Ingurumeneko estatu-idazkariak 2013-10-23ko Instrukzio bidez onartua.

Erreferentzia ditugun isurietarako, protokoloaren honako helburu hauek aplikatuko dira.

– Protokoloaren 1. eranskineko oinarrizko helburu espezifikoak (1.2.1.A atala), kutsatzaileak.

– Protokoloaren 1. eranskineko helburu espezifiko osagarriak (1.2.1.B atala), kutsatzaileak.

– Protokoloaren 5. eranskinerako helburu espezifikoak (V.2.1 atala), proiektu-konfrontazioa, arazteko instalazioak.

Bi baldintza horiek gehienez 2019-12-31ra arte egongo dira indarrean. Eskatzaileak ez balu aurkeztuko esandako adierazpena data hori baino lehen, arro-organismo horrek baliogabe utziko du txostena, eta espedientea artxibatu egingo da.

Isurien aldia (martxan diren arazketa-instalazioak) ez dira hasiko harik eta erantzukizunpeko adierazpena eta Administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzailearen txostena jaso arte, ezta atal honetan adierazitako gainerako eskakizunak aurkeztu arte ere.

C.2.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Biometanizazioa eta zepen trataera.

Jarduera-taldea: Hondakinen kudeaketa.

Mota-taldea-EJSN: 1-7TER-3821.

Hondakin-uren jatorria eta isurketa-puntuaren kokalekua.

N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - biometanizazioa - Donostia.

9. fluxua: Ibilgailuak eta makinak igarotzeko eremu eta bideetako euri-urak.

Hondakin-ur motak: Euri-urak.

Husteko modua: Zuzenekoa.

Ingurune hartzailea: Latxaga erreka.

Arroa: Oria.

Masa: Oria ibaia VI.

Ingurune hartzailearen kategoria: I.

UTM X koordenatuak: 578.422.

(ETRS89) Y: 4.789.937.

Ez da beste isuri gehiago onartuko ibilguan. Jardueran sortutako gainerako hondakin-uren fluxua inguruneko saneamendu-sarera konektatu beharko dira.

C.2.2.2. Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

– 1. isuria:

N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea – biometanizazioa - Donostia

(Ikus .PDF)

– 2. isuria:

• Ur beltzak.

• Biometanizazio-prozesuan sortutako hondakin-urak.

• Jasotze-gunean eta biohondakinen biltegian sortutako lixibiatuak.

• Usainak kentzeko instalazioko hondakin-urak (scrubber-purgak eta bioiragazkiko lixibiatuak).

• Hozte-dorrean sortutako hondakin-urak (purgak), funtzionatuz gero.

• GIG2ko garbiketan eta ureztatzean sortutako urak.

C.2.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

a) 1. isurketa:

Saneamendu-sarera egiten den isurketaren parametroak honako hauek izango dira, bakoitzerako zehazten diren gehieneko balioekin.

(Ikus .PDF)

Gainera, ingurune hartzailearen kalitate-arauak bete behar dira. Bestela, titularrak behar den tratamendu egokia ezarri beharko du, isurketa arauak ez betetzearen arrazoia izan ez dadin.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (irailaren 11ko 817/2015 Errege Dekretuaren IV. eta V. eranskinak).

b) 2. isurketa:

Saneamendu-sarera konektatu ostean, organo honi jakinarazi beharko zaio. Hala izanda, ezingo da inolako isurketa-jarduerarik hasi saneamendu-sarera aldez aurretik konektatu gabe eta organo honen isurketa-baldintzak ezarri aurretik.

C.2.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.

Kutsadura arrastatzeko arriskua duten euri-uretarako 6 zuzenketa-neurriak, arazketa-instalazioetara bideratuak, enpresa eskatzaileak aurkeztutako agiri teknikoetara egokituko dira, eta elementu eta jarduera hauek izango dituzte funtsean:

N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - biometanizazioa - Donostia.

9. fluxua: Ibilgailuak eta makinak igarotzeko eremu eta bideetako euri-urak.

– Solidoen eta hidrokarburoen bereizgailua, kamera bikoitzekoa eta 1. motakoa, plaka koaleszenteak, buxagailu automatikoa eta eurite handietarako by-passa dituena.

– Isurketa kontrolatzeko kutxatila.

Euri-urak iragazteko garbiketako ur zikinak, aprobetxatu aurretik, inguruko hondakin-uren sarera bidaliko dira. Debekatuta egongo da ibilgura isurtzea, dela zuzenean, dela euri-uren saretik barrena.

Hartutako zuzenketa-neurriak nahikoak ez direla ikusiz gero, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Azken isurketak egiteko, kontrol-puntu bat izango da, eta, bertan, Uraren Euskal Agentziak, egoki iritzitakoan, ikuskatu eta laginak hartu ahal izango ditu. Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 252., 333. eta 334. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ahalbidetu egin beharko da, inolako atzerapenik gabe, Administrazioko langileak kontrol-puntu horretara sartzea, baita jabetza pribatuetatik pasatzea ere.

Kontroleko puntu horrek isuriak neurtzeko gailua izango du, ezaugarrien arabera aplikatu beharrekoa, ARM/1312/2009 Aginduaren 7. artikuluan jasotakoaren arabera. Bestalde, euren funtzionamenduak aipatutako Aginduaren 7. eta 8. artikuluetan zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

Sistema horren ordez, kasu honetan, zeharkako estimazioak erabili ahal izango dira, plubiometriaren arabera.

C.2.2.5.– Isurien kontrol-kanona.

Uraren Legearen testu bateginaren 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 291. artikulua (606/2003 Errege/Dekretua) –zeina Estatuaren 2014rako Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 22/2013 Legearen 95. artikuluak aldatu baitzuen– aplikatuz, hau da isurketen kontrolaren kanonaren zenbatekoa:

(IKK): Isurketak kontrolatzeko kanona = V x Pu.

Pu = Pb x Cm.

Cm = C2 x C3 x C4.

Non:

V = Baimendutako isurketaren bolumena (m3 urtean).

Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.

Pb = Oinarrizko prezioa m3-ko isuriaren izaeraren arabera.

Cm = Isurketaren maiorazio edo minorazioko koefizientea.

C2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.

C3 = Isurketaren poluzio-mailaren araberako koefizientea.

C4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren IV. eranskineko oharrean (*****) jasotzen diren definizioen arabera, horren aplikazioan aintzat hartuta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan, 2013ko ekainaren 7koan, ezarritako helburuak.

N02000606 - Kutsatutako eremuaren jariatzea - biometanizazioa - Donostia.

9. fluxua: Ibilgailuak eta makinak igarotzeko eremu eta bideetako euri-urak.

V = 27.378 m3/urte.

C2 = 1,00 Industriala, 1. mota.

C3 = 0,50. Tratamendu egokiarekin.

C4 = 1,00. III. kategoria-eremua.

Cm = 1,00 x 0,50 x 1,00 = 0,500000.

Pb = 0,04207 euro/m Hondakin-ura: Industriala.

22/2013 Legeak ezarritako oinarrizko prezioa (abenduaren 26ko BOE), 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean.

Pu = 0,04207 x 0,500000 = 0,021035 euro/m3

Urteko IKK zenbatekoa: 27.378 x 0,021035 = 575,90 euro/urte.

Isurketen Kontrolaren Kanona autonomia erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (TRLA 113.7 artikulua).

Uraren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, Isurketen Kontrolaren Kanonaren zergaldia urte natural bakoitzarekin dator bat. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan ezarrita gelditu da, eta ez da aldatuko isuria baimentzeko baldintzak edo kalkuluan parte hartzen duten faktoreren bat aldatzen ez diren bitartean.

Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, dena delako urteko ekitaldiko Isurketen Kontrolaren Kanonaren likidazioa dagokion ebazpenean zehaztuko da, baimena indarrean egondako egun kopuruaren arabera, urteko egun kopuru osoarekin alderatuta.

Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 249. artikuluak xedatutako prozeduraren arabera, ebazpen honen bidez jakinarazten zaio titularrari isurketa baimentzeko baldintzak zein diren, Isurketa Kontrolaren Kanonaren (IKK) behin betiko likidazioa barne, eta jakinarazten zaio, orobat, likidazioa ez dela urtero esanbidez adieraziko; aitzitik, aurreko urteari dagokion tasa bidaliko da eta han zehaztuko da zenbat, noiz, non eta nola ordaindu behar den.

C.2.3.– Instalazioetan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira instalazioetan sortutako hondakin guztiak, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helmugarik egokiena zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu beharko da, balorizatzaile baimendu bati emanda. Hau izango da hondakinak ezabatzeko aukera bakarra: aldez aurretik haiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela justifikatzea. Birsortzea/berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraikiz.

Baldin eta aurreikusten bada hondakindegi baimenduan ezabatzea dela hondakinen azken helmuga, orduan, hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak (hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d letra) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurketak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isuriak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinek desagertu, galdu eta ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Donostiako Udalean.

Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan (hondakinen lekualdaketei buruzkoa) ezarritakoa bete beharko da.

C.2.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiago biltegiratu. Salbuespenetan, ingurumen-organoak aldatu ahalko du epe hori, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako salgaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betekizunak.

h) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006) jarraikiz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko Errege Dekretuan otsailaren 20ko 110/2015) xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa) xedatua bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen Errege Dekretuaren (abuztuaren 27ko 1378/1999) baldintzak eta Errege Dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretukoak.

k) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009 (EE) Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, alegia, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzeko, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legearen garapenerako araubideak ez badu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira f) eta g) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta m), n) eta o) letretan aipatutakoak, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

C.2.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) «Digestu deshidratatua» hondakina dagokion balorizazio materialeko prozedura bideratuko da, R3 eragiketarekin.

b) Bigarren ataleko C.2.3 azpiatalean bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, nahasketak izeneko hondakinak ezingo du baliotu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan baliotu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

d) Baldin eta hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

e) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo dokumentu ofizial baliokideak, nahitaezkoak direnean, gutxienez hiru urteko epean.

f) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

h) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

i) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta dagokion urteko Ingurumena zaintzeko programa bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

j) Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko Dekretuan (irailaren 25eko 183/2012) xedatutakoari jarraituz, atal honetako g), h) eta i) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta g) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

C.2.4.– Ontziak merkaturatzea.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta bilgarriak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa, bidaliko du.

Era berean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak urte natural batean merkaturatzen ontziratutako produktuek eta, ondorioz, industria- edo merkataritza-ontziek jarraian adierazten diren kantitateak baino handiagoak diren ontzi-hondakinak sor baditzakete:

– 250 tona, beira soilik bada;

– 50 tona, altzairua soilik bada;

– 30 tona, aluminioa soilik bada;

– 21 tona, plastikoa soilik bada;

– 16 tona, zura soilik bada;

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Prebentziozko enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta prebentziozko enpresa-planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko da urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Bi agiriok dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.

C.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta ekainaren 25eko 4/2015 Legean (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lurzorua babesa bermatzeko dagozkion neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak betetzeko, sustatzaileak 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/

Sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde egiaztatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 1.c letrarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horrek hondeatutako materialen 500 m3 gainditzen dituenean, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, irizpide hauek beteko dira.

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak 10 azpilagin izango ditu gutxienez, hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3-ko, baina hori aldatu ahal izango da espero izatekoa den kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH direlakoetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. zenbakiaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e zenbakiari jarraikiz betiere.

C.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak transmititu ez ditzan kanpoko ingurumenera, betiere horiek aipatu arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

– Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat ezein eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako; balioak eraikinaren garaiera orotan leihoa duten fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkio.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.

Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

– urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak;

– eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulak ezarritako balioak;

– Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.

Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

Gutxienez, sustatzaileak ingurumen-baimen integratuarekin batera aurkeztutako agirietan proposatutako neurriak hartu beharko dira.

D) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

D.1.– Atmosferarako isurtzeak kontrolatzea.

D.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak isurketen kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.

D.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kontrol bakoitza «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 255. artikulua), eta baimendutako parametro guztiei egingo zaie. Baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen direla ulertuko da parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen direnean.

c) Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Autokontrolen parametroak aztertzeko, Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater (APHA, AWWA, WPCF, azken edizioa) edo ASTM Water and Environmental technology agiriko 11. atala (azken edizioa) agirietan jasotako eredu normalizaturen bat erabiliko da. Eredurik egokiena aukeratuko da, parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

Analisien txostenak Kantauri Ekialdeko Arroen bulegora bidaliko dira, Donostiara (Intxaurrondo 70, 1. solairua, 20015) laginak hartu eta hilabeteko (1) epean, baita organo honi ere urtean behin, ingurumen-zaintzako programarekin batera.

Horretaz gain, emaitzak posta elektronikoz bidaliko dira (dkt-gipuzkoa@uragentzia.eus) formatu digitalean –kalkulu-orri eguneratu eta jarraitu batean–, gutxienez honako datu hauek jasota: titularra, laginketa-data, fluxua edo isurketa-puntua, emaria (hala badagokio) eta aztertutako parametro bakoitzaren kontzentrazioa (mg/l).

Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbideratzeei, horien arrazoiei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.

Horretaz gain, urtean benetan isuritakoa kalkulatu eta erregistratu behar da, eta datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren Uraren Euskal Agentziari bidali.

Administrazioak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahal izango dio titularrari.

D.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

D.4.– Zarataren kontrola.

a) Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtean behin, jarduera egiten den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

b) Neurketa bidezko ebaluazioak akustikaren esparruan entsegu-laborategi gisa egiaztatutako ingurumen-lankidetzako erakunde batek egin beharko ditu.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoari egokituko zaizkio.

D.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko emate-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Hala, aipatutako programan zehaztutako aldian egindako kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko dira bakarrik, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, kontrolak urtean behin baino aldizkakotasun handiagoarekin egiten badira, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez dira bidaliko.

Emaitza horiek urtero bidaliko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

D.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak barruan izan beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko C.2.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

E.2.– Jarduera bertan behera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: ekainaren 25eko 4/2015 Legea (lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) eta urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa). Horrenbestez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren atalaren C.2.3 azpiatalean ezarritakoarekin bat etorriz.

E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren (urriaren 18ko 815/2013) 13. artikuluan arautu bezala, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

E.4.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, honako apartatu hauetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jarioak edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosferara eta uretara egindako isurketak prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa eta abar) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren betiere. Komunikazioan alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– gorabehera mota;

– jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak);

– zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak;

– sortutako ondorioak;

– epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik balego.

Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketaren bat egonez gero, SOS Deiak eta Donostiako Udala berehala jakinaren gainean jarri beharko dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– gorabehera mota;

– gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den;

– gorabeheraren iraupena;

– ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta;

– mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak;

– eragindako kalteen zenbatespena;

– hartutako zuzenketa-neurriak;

– anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak;

– prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

j) Aurreko letran ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, hala babes- eta zuzenketa-neurriak nola ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, jardueraren sustatzaileak hala eskatuz gero edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

G) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko, 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakundeentzako bertsioaren bidez egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri); hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/contenidos/faq/aai/es_faq/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legea (uztailaren 1eko 16/2002) garatzen duen Errege Dekretuaren (urriaren 18ko 815/2013) 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen aitorpena eduki beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko Legean (ekainaren 25eko 4/2015) ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, komeni bada isurketen muga-balioak berrikustea, edo beste batzuk ezartzea.

b) Isurketak nabarmen murritz badaitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan izandako aldaketa handien ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta, beste teknika batzuk erabiltzea beharrezkoa bada.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian araututakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isurketei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Laugarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

– Egiaztatzen ez denean, epe barruan, ebazpen honetako bosgarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla (ingurumen-baimen bateratuak ondorioak izateko ezarritakoak, alegia), non eta interesdunak ez duen epe-luzatzea eskatzen, behar bezala justifikatuta;

– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren nortasun juridikoa iraungitzean, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan.

Horrez gain, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.

Bosgarrena.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari eskatzea erantzuteko honako alderdi hauei, martxan ipini eta sei hilabeteren barruan.

– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko dokumentuak. Horiek guztiak eskatzen dira «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: C.2.5 – Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari «058» kodea esleituko zaio.

– Datuetan oinarritutako azterketa olfatometrikoa, C.2.1.5 puntuan aurreikusitakoaren arabera instalazioa martxan ipintzean.

Seigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legegintzako Errege Dekretuaren (abenduaren 16ko 1/2016) 31. artikuluak dioenaren arabera, eta, hala, esandako arauaren 32. artikuluan ezarritako zehapenak sorraraz ditzake.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, Donostiako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 1a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala