Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2018ko apirilaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1831

44/2018 DEKRETUA, martxoaren 27koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Eskoriatzan, AP-1eko zorroten mailakatua luzatzea, eta, Eskoriatzako Antontxu baserriaren ondoan, zerbitzugunerako edan-uraren eta ur-beltzen kanalizazizoak egiteko proiektua (19-ES-610/2015) burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «AP-1eko zorroten mailakatua luzatzea, eta, Eskoriatzako Antontxu baserriaren ondoan, zerbitzugunerako edan-uraren eta ur-beltzen kanalizazizoak egiteko proiektua (19-ES-610/2015)» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2016ko urriaren 17an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabete bateko epean, prentsan eta 2016ko urriaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (205. zk.). Geroago, 2017ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta lau alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Konponbide egokia ematea AP-1 autobideko toki honetan eraikitako drainaduraren eskasiari, euria barra-barra ari duenean jaisten den puntako emarietarako baldintza eta kapazitate egokiak ez dituela egiaztatu baita; batetik, lurzoruan garrantzizko higadurak sortu dituela eta, bestetik, gainezka egiteko arriskua dagoela, gaur artean Antontxu baserriaren inguruak jasan dituen kalteak areagotzeko arriskuarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2018ko martxoaren 27ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «AP-1eko zorroten mailakatua luzatzea, eta, Eskoriatzako Antontxu baserriaren ondoan, zerbitzugunerako edan-uraren eta ur-beltzen kanalizazizoak egiteko proiektua (19-ES-610/2015)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko martxoaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala