Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2018ko apirilaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1829

AGINDUA, 2018ko martxoaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan doktorego industrialak egiteko eta ikertzaileak hartzeko laguntzak 2018ko ekitaldirako arautzen eta horretarako deialdia egiten duena. Bikaintek programa.

Transferentzien Batzorde Mistoaren 2008ko abenduaren 11ko Osoko Bilkurak ikerketa eta garapen zientifiko eta teknikoko nahiz berrikuntzako funtzioak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko Erabakia hartu zuen.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana –Euskadiko ZTBP 2020–, espezializazio adimendunean oinarritua, Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteetan I+G+b politikak garatzeko duen programazio-tresna da.

Talentu ikertzaileari dagokionez, Planak lan-ildo hauek ditu, besteak beste:

– Ikertzaileak enpresa-egituran sartzea.

– Ezagutzaren transferentzia bultzatzea Zientzia Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileen eta enpresen artean.

– Zientziaren eta teknologiaren eremuan generoen arteko desoreka murriztea, aukeren, eskubideen eta erantzukizunen berdintasuna sustatuz.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) enpresetara giza kapital ikertzailea sar dadin sustatzeko tresna gisa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak Berrikertu programa izan du, gaur arte; horren bidez, diru-laguntzak eman ditu, bai doktoretituludun ikertzaileak bai titulu hori ez zutenak kontratatzeko.

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea arautu eta eguneratzen duen tresnak (109/2015 Dekretua, ekainaren 23koa) Sareko eragileen mota bakoitzerako Adierazleen Aginte taulak definitzen ditu, eta eragile mota bakoitzak egiaztapenaren unean bete behar dituen baldintzak eta 2020. urtean bete beharko dituenak zehazten ditu.

Baldintza horien artean dago langileen gutxieneko kopuru batek doktore-titulua izatea, Zentro Teknologikoen, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen eta Enpresetako I+G Unitateen kategorietako eragileetan.

Horren ildotik, orain proposatzen den arauak jarduketa hauek jasotzen ditu:

– Doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatzeko laguntzak.

– Doktorego-ikasketak egingo dituzten pertsonak enpresetan edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile jakinetan kontratatzeko laguntzak.

Doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatzeko laguntza-lerroak gaur arte indarrean egon den Berrikertu programaren filosofia berberarekin jarraitzen du, enpresa-sektorean beren jarduketak garatuko dituzten eta doktore-titulua duten pertsonak kontratatzeko baterako finantzaketa ematen baitu. Horren ildotik, doktore-prestakuntzan beren trebetasunak bereziki garatuak dituzten pertsonak enpresa-ehunean sartzen laguntzen du lerro honek, eta, horrela, enpresen talentu- eta lehiakortasun-maila gehitzen laguntzen du.

Beste laguntza-lerro batek, doktorego-ikasketak ZTBESko enpresetan edo eragile jakinetan doktorego-ikasketak egingo dituzten pertsonak kontratatzekoak, talentua atxikitzea eta doktoregoko ikasleak EAEko I+Gko proiektuak enpresa-ingurumenetan garatzeko baldintzetan jartzea du helburu. Aldi berean, EAEko industria-ehunaren lehiakortasuna eta nazioartekotze-gaitasuna gehitzen laguntzen du.

Deialdiak Ikertzailearen Gutun Europarrean eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodean jasotzen diren printzipioak zainduko ditu, Ikerketaren Europar Espaziorako ezarrita baitaude.

Bi lerroetan Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko da (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra).

Jarduketa hau Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusten da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ZATI OROKORRA

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea 2018. ekitaldirako laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea da, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden edo ekoizpen-instalazio bat duten enpresetan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileetan industria-doktoregoak egin ditzaten eta enpresek doktore titulua duten ikertzaileak har ditzaten, karrera profesionalen hasieratik haien laneratzea sustatzeko eta, talentua bereganatzearen bitartez, EAEko ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna gehitzeko.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Jarduketa hauetarako laguntzak deitzen dira:

a) Doktore-titulua duten pertsonen kontratazioa, entitate onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuetan lan egiteko.

b) Industria-doktoregaiak prestatzea, prestakuntzan dauden ikertzaileen lan-kontratuak batera finantzatuz, 2020ko ZTBParen espezializazioko arloen barruan industria-ikerketako proiektu batean parte har dezaten, zeina haien doktorego-tesiaren esparrua izango baita.

3. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasunprintzipioei jarraituz emango dira.

Diru-laguntza emateko prozedura norgehiagoka izango da bi laguntza-lerroetarako; honela, eskabideei ebaluazio-irizpideak aplikatuta, lortutako puntuazioen araberako zerrenda bana egingo da, eta laguntzak hurrenkerari jarraituz esleituko dira horretara bideratutako funtsak agortu arte, betiere kontuan izanik diru-laguntza lortzeko gainditu beharko direla 22. eta 34. artikuluetan ezartzen diren gutxieneko puntuazioak.

4. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra). Laguntzak Erregelamendu horren 25. artikuluan aurreikusten dira.

5. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honako hauek definitu dira:

ZTBESko eragileak: 109/2015 Dekretua, 2015eko ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa.

Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak (IKZ): Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan horrela definitutakoak, eskabidearen aurkezpen-datan zentro horien erregistroan inskribatuta badaude.

Zentro teknologikoak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan horrela definitutakoak, eskabidearen aurkezpen-datan zentro horien erregistroan inskribatuta badaude.

Jabetza industrialaren eskubideak: arau hauetan xedatutakoak: 24/2015 Legea, uztailaren 24koa, Patenteei buruzkoa eta hori betearazteko Erregelamendua onartzen duen 316/2017 Errege Dekretua, martxoaren 31koa; 174/2001 Legea, abenduaren 7koa, Markei buruzkoa; 20/2003 Legea, uztailaren 7koa, Diseinu Industrialaren Babes Juridikoari buruzkoa; 11/1988 Legea, maiatzaren 3koa, Produktu Erdieroaleen Topografien Babes Juridikoari buruzkoa; eta, horrela badagokio, 55/2002 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoa.

Jabetza intelektualaren eskubideak: Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoak.

Krisialdian dauden enpresak: Europako Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioaren 2.2 apartatuan horrela definitutakoak (Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideen gaineko Komunikazioa). Komunikazio hori Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean (C249) argitaratu zen, 2014ko uztailaren 31n.

Laguntzaren intentsitatea: Laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira. Laguntzaren intentsitate gordina onuradun bakoitzaren arabera kalkulatuko da.

I+G proiektuak: Agindu honen ondorioetarako, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuen Laguntzei buruzko Esparru Komunitarioan (2014 / C 198/ 01) definitzen denaren arabera, I+G proiektuak izango dira ikerketa eta garapeneko kategoria bat edo batzuk hartzen dituzten jarduerak (haiek ere Esparruan definituak) garatzeko proiektuak; Oinarrizko Ikerketa, Ikerketa Industriala eta Garapen Esperimentala garatzekoak, besteak beste.

Ikerketa industrialeko proiektuak: honetara bideratutako proiektuak: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea (RVCTI) garapen- eta berrikuntzaerakundeen multzo bat da. Sarean lan eginez I+G+b orekatuko jardueren mix bat garatzen dute, ikerkuntza espezializatu eta bikaina egiten dute, eta horrek eragina du Euskadiko aberastasunean eta ongizatean.

Enpresetako I+G unitateak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan horrela definitutakoak, eskabidearen aurkezpen-datan unitate horien erregistroan inskribatuta badaude.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 1. artikuluan azaldutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoak (6.550.000 euro) horretara bideratutako kredituetatik hartuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak 2018ko ekitaldirako onartzen dituen Legean (abenduaren 22ko 5/2017 Legean) jasota baitaude.

2.– Entitate onuradunek garatutako I+Gko proiektuetan jarduteko doktore-tituludunak kontratatzeko lerrorako, 2018ko ekitaldirako ordainketa-kreditua 660.000 eurokoada, eta konpromiso-kredituak: 1.020.000 euro 2019an eta 360.000 euro 2020an.

3.– Industriako doktoregaien prestakuntzarako lerrorako, 2018ko ekitaldirako ordainketakreditua 990.000 eurokoada, eta konpromiso-kredituak: 1.105.000 euro 2019an; 1.290.000 euro 2020an eta 1.125.000 euro 2021ean.

4.– Eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko kontsignazio hori, edo kontsignazio hori eguneratzen denean ateratzen dena, betiere indarrean dagoen legerian kredituak lortzeko edo aurrekontuak aldatzeko aurreikusten den erregimenari jarraikiz eta horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Hori gertatzen bada, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

5.– Laguntzak esleitu ondoren ez bada agortzen 2. artikuluan definitutako laguntzalerroetakoren batean esleitutako zenbatekoa, soberakina beste lerro bat finantzatzeko erabili ahal izango da.

7. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Laguntza hauen onuradun entitate hauek izan daitezke:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden edo ekoizpen-instalazio bat duten enpresak, ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan baztertutako sektoreetan dihardutenak izan ezik, ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluko 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarritako salbuespenekin.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren eragileak, ikerkuntza kooperatiboko zentroen, teknologia-zentroen eta enpresetako I+G unitateen kategorietan daudenak eta eskaera egiteko unean egiaztatu direnak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Ekoizpen-zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, non garatuko baita dirulaguntza jasoko duen jarduera.

2.– Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean edukitzea, baita diru-laguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak ere.

3.– Jabetza industrialari eta intelektualari buruzko araudia betetzea.

4.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

5.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, ez eta krisialdian dauden enpresak ere, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioarekin bat eginez (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

6.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten entitateak, abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

7.– Laguntza hauen onuradun izateko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

9. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat joko da.

2.– Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

3.– Hautatutako ikertzaileekin dagokion lan-kontratua sinatzea, indarrean dagoen lanarloko legeriaren arabera eta jarduketa bakoitzerako zehazten den kontratuiraupenarekin eta ordainsariarekin, halakorik zehazten bada.

4.– Prestakuntzan dauden ikertzaile kontratatuei beharrezkoa den laguntza ematea eta instalazioen, ekipoen eta baliabide materialen, prestakuntzakoen edo beren jarduera modu egokian behar duten bestelakoen erabilera ahalbidetzea.

5.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein inguruabar (objektiboa nahiz subjektiboa) aldatu bada, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari jakinaraztea.

6.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari.

7.– Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari jakinaraztea agindu honen ondorioz emandako laguntzen kargura finantzatutako kontratuen betearazpenean gertatzen diren uko egiteak, etenaldiak eta gainerako gorabeherak, gertatu eta hamar egun balioduneko gehieneko epearen barruan.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan ezarritako obligazio guztiak betetzea.

9.– Behin betiko fakturak gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea horiek, hamar urteko gutxieneko aldian.

10.– Entitate onuradunek programa, jarduera, inbertsio edo diruz lagun daitezkeen edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egin beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.

11.– Bere egitea, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik diru-laguntzak jasotzen dituztenei Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) ezartzen dizkien betebeharrak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.

12.– Laguntza hauen babespean kontratatutako pertsonen parte hartzearekin garatzen diren proiektu eta gainerako jardueretan indarreko legerian xedatutakoa betetzen dela zaintzea, bioetikari, animaliekin esperimentatzeari, biosegurtasunari, segurtasun biologikoari, ingurumenaren babesari, natura-ondareari eta bodibertsitateari eta datuak babesteari dagokienez.

13.– Bere gain hartu beharko dute Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen martxoaren 11ko Gomendioan xedatutakoa (L75 EBAO, 2005eko martxoaren 22koa).

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunak eta laguntzak metatzea.

1.– Agindu honen xede diren laguntzen kargura finantzatutako kontratuak ez dira bateragarriak izango kontratatutako langileen beste lan-kontratu baten indarraldiarekin.

2.– Entitate onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izango diru-laguntza emateko xedearen kostua gainditzeko adinakoa, ez bakarka ez beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoei gehituta; izan ere, gainfinantzaketa badago edo Agindu honen 20. eta 31. artikuluetan aurreikusitako laguntzamugak gainditzen badira, soberakinari dagokion zenbatekoa kendu egingo da, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

11. artikulua.– Laguntzak ebaluatzeko eta kudeatzeko organoa.

1.– Horretarako sortutako ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere.

2.– Ebaluazio Organoa honako hauek osatuko dute: Josu Madariaga Garamendi jauna, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, lehendakari-lanetan arituko da; eta, bere ordezko, Aitor Urzelai Inza jauna, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria. Kideak izango dira, bestetik, Natividad Niño Bartolomé andrea (ordezko, Adolfo Sedano Ortiz jauna), eta Joseba Beldarrain Agirre jauna, Ebaluazio Organoko idazkari-lanetan, (ordezko, Xabier Domínguez López De Lacalle jauna).

3.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lanak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak izendatzen dituen langile teknikoek egingo dituzte. Bere eginkizunak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen badu, gai zehatz bakoitzean aditua den pertsonalaren lankidetza eduki ahal izango du.

4.– Ebaluazio-organoak aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, agindu honetan ezarritako betekizunak aintzat hartuta. Ondoren, txosten teknikoa egingo du, eta, txosten horretan, eskaeraren azterketaren emaitza zehaztuko du eta hautatutako eskaerak proposatuko ditu, bai eta ukatu egin direnak ere. Txostenak erreserbako eskabideen zerrenda bat jaso ahal izango du laguntza-lerro bakoitzerako, ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera handienetik txikienera ordenatuta.

5.– Ebaluazio-organoaren osaera baliozkoa izango da bilerak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko, eta, funtzionamenduari dagokionez, arau honetan aurreikusita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Diru-laguntza hauen organo kudeatzailea Teknologia eta Estrategiako zuzendaria izango da.

12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2018ko apirilaren 13ko 09:00etan hasiko da eta 2018ko ekainaren 13ko 12:00etan amaituko da.

2.– Eskabideen aurkezpena, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

3.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/

4.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/contenidos/recurso_tecnico/acceso_teletramitacion/es_def/nb29WebProfesional.html?idioma=eu&seccion=AF&servicio=I

5.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskaera, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura onartua daramala, eta arau honen 21. eta 33. artikuluetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte diru-laguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, diru-laguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

7.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

8.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio) hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

9.– Nolanahi ere, laguntza hauen organo kudeatzaileak (Teknologia eta Estrategiako zuzendaria) beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.

10.– Diru-laguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio Teknologia eta Estrategiako zuzendariari zuzenean eskura ditzan zergabetebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

13. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpena.

1.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeari dagokio hautatutako eskaerak, egintza bakar batean, ebaztea.

2.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenak hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Diru-laguntza ematen zaien eskabideen zerrenda. Zerrenda horretan, eskaera bakoitzerako, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, diruz laguntzen den kontratuaren epea, eskatutako kostu finantzagarria, proposatutako diru-laguntzaren zenbateko globala, eta kontratatutako pertsonen identitatea.

b) 60 puntu baino gehiago lortu arren, finantzaketa-aukerarik gabe geratu diren eta, beraz, ordezko entitate gisa geratzen diren eskabideen zerrenda.

c) Diru-laguntza ukatzen zaien eskabideen zerrenda, ukatze horren arrazoiekin batera.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete erakunde interesdunek organo eskudunaren aurrean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, jendeak oro har horren berri izan dezan. Ebazpenari eranskin bat gehituko zaio, justifikazio-fasea amaitu arte egin behar diren urratsak eta fase horretan aurkeztu behar den dokumentazioa adierazita.

6.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren erakundeei ez zaie laguntzarik emango, ezta emandakoa ordainduko ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bazaie eta oraindik amaitu gabe badago.

14. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein Administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak gauzatu behar dira. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.

3.– Diru-laguntza hauen babespean eginiko kontratuen etenaldiek diru-laguntzen baldintzak aldarazi ditzakete, beste ebazpen baten bidez. Etenaldian onuradunak sortuko dituen kontratazioaren ondoriozko gastuak (kostu gordina eta gizarte-segurantzako enpresa-kuota) ez dira diruz lagungarritzat hartuko.

Kasu horien barruan jaso ahalko dira gutxienez hiru hilabeteko aldi baterako ezintasun-egoerengatik gertatutakoak (amatasuna, aitatasuna, edoskitzea, arriskuko haurdunaldia, adopzioa, etab.).

4.– Agindu honen babespean sinatutako kontratuak hasiera batean ezarritako epeak igaro baino lehen amaituz gero, emandako laguntzen doikuntza egin ahal izango da, eta, horrela badagokio, laguntza horien zati proportzionala itzularazi, dagozkion berandutze interesekin batera.

5.– Aldaketek ez dute inolaz ere handituko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunak Agindu honetan edo Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 37. eta hurrengo artikuluetan ezarritakoa edo betekizun eta betebeharretako edozein betetzen ez badu, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, organo eskudunak, interesduna entzun ondoren, ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du, eta, administrazio-ebazpen bidez, laguntza errebokatzea erabakiko du, baita, horrela badagokio, jasotako laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzultzeko obligazioa ere, dagozkion gainerako egintzak baztertu gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ireki eta ebatziko ditu ezbetetzeei buruzko espedienteak.

3.– Ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzeak (jarraipen eta kontrol baliabideen bidez zehaztuko da hori), diru-laguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta, horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta diru-laguntzaren onuradun izaera bera ere galduko dira.

b) Laguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.

Gai horri dagokionez, industria-doktoregoetarako laguntzen kasuan, laguntzako 36 hilabeteri dagokien jarraipen-txostenaren balorazioa txarra bada, hirugarren urteari dagokion laguntza itzuli beharko da, eta laugarrena kobratzeko eskubidea galduko da. Amaierako txostenaren balorazioa txarra bada, laugarren urteari dagokion laguntza itzuli beharko da.

c) Laguntzak justifikatzeko dokumentazioa ez aurkezteak jaso eta justifikatu ez diren laguntzen itzulketa eragingo du, eta, horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galduko da.

4.– Agindu honen xede diren laguntzen onuradun diren erakundeek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritako arau-hausteen eta zehapenen araubidea bete beharko dute.

II. KAPITULUA
DOKTOREAK KONTRATATZEKO LERROARI BURUZKO BERARIAZKO XEDAPENAK.

16. artikulua.– Jarduketaren helburua.

1.– Jarduketa honen helburua laguntzak ematea da, Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan entitate onuradunek garatzen dituzten industria-ikerketako proiektuetan diharduten doktore-tituludunak kontratatzeko, dela proiektu horiek abian jartzeko, dela jadanik hasitakoak indartzeko, bai banaka, kontratatutako doktoreen aldetik, bai I+Gko departamentu baten barruan, entitate onuraduneko beste langileekin batera.

2.– Enpresan garatzen ari diren I+Gko proiektuen edo jardueren gehikuntza nabarmen bat egiteko aplikatu beharko dira laguntzak, eta eskabidean laguntzaren beharra eta sustapeneragina justifikatu beharko dira.

17. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jardueraren baldintzak.

1.– Erakundearen memorian, erakunde eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute, batetik, egingo dituzten I+Gko jarduerak garatzeko langile ikertzaileak kontratatzeko beharra, eta, bestetik, laguntzaren sustapen-eragina.

2.– Kontratazioak 2018. urtean egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpeninstalazio batean, non garatuko baitira ikerketa-jarduerak.

3.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute entitate onuradunek ikertzaileekin formalizatzen dituzten 12 edo 24 hilabeteko etengabeko kontratuek, laguntzaren hasiera-datatik zenbatzen hasita.

4.– 12 hilabeteko laguntza jaso ahal izango dute, halaber, Berrikertu 2017-2018 programan lehen aldiz beraien kontratuak diruz lagunduta izan duten pertsonek, betiere horretarako eskabidea aurkezten bada.

5.– Kontratuak indarreko legeriaren arabera egin beharko dira.

6.– Kontratazioa kalitate-baldintzetan egin beharko da, kontratatutako pertsonaren profilarekin bat datorren ordainsaria bermatzeko. Zentzu horretan, urteko gutxieneko kostu hauek ezartzen dira (ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kostua): 40.000 euro.

7.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko Berrikertu edo Ikertu programetako 2 ekitalditan dirulaguntza jaso duten kontratuak izan dituzten ikertzaileekin egindako kontratuek.

8.– Deialdi berean, entitate onuradunek doktore tituludun 2 pertsona kontratatzeko diru-laguntzak lor ditzakete, gehienez ere.

18. artikulua.– Kontratatuek bete beharreko baldintzak.

Kontratatuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Doktore-graduaren jabe izatea eskabidea aurkezten den unean.

b) Eskabidea aurkezteko datan eta kontratazioaren aurreko 12 hilabeteetan lanharremanik ez izatea laguntza eskatzen duen entitatearekin, ezta harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batekin ere.

c) Laguntza eskatzen duen entitatean edo harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batean kapital-partaidetzarik ez izatea, baldin eta entitatearen zuzeneko edo zeharkako benetako kontrol-gaitasuna ematen badu.

d) Entitate baten eskabideak hautagai gisa ez agertzea.

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat hartuko da doktorea kontratatzeko kostua: soldataordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, urteko kuota hobaridunak kenduta, halakorik bada.

20. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzen gehieneko intentsitatea, diruz laguntzeko moduko proiektuko kostuen ehuneko gisa, % 50ekoa izango da.

2.– Diru-laguntzaren urteko gehieneko zenbatekoa ez da 30.000 euro baino gehiagokoa izango.

3.– Laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren sartzen bada doktorea lantokian, benetan sartzen denetik hasiko da laguntzaren epea kontatzen. Sartzeko data horrek 23.1 artikuluan kontratuak aurkezteko ezarritako epearen barruan egon beharko du.

4.– Eskabidea aurkeztu ondoren eta laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi aurretik kontratatzen bada doktorea, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen laguntzaren epea.

5.– Laguntzak ez dira bateragarriak izango pertsona kontratatuak beste lan-kontratu bat indarrean edukitzearekin.

21. artikulua.– Eskabideen edukia.

Entitate eskatzaileek formatu elektronikoan bete beharko dute eskabide normalizatua, eduki hauekin:

1.– Entitate eskatzaileari buruzko agiriak:

a) Erakundea identifikatzeko datuak.

b) Entitatearen memoria. Jardueraren deskribapen laburra, ekoizpen-sektorea, I+Gren arloko aurrekariak, arlo horretan azken urteetan eginiko jarduerak, negozio-bolumena, lortutako emaitzak eta dituen baliabide fisikoak eta giza baliabideak, haien kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta.

c) Kontratatutako pertsonak lan egingo duen proiektuaren memoria. Memoriaren edukiak honako hauek jaso behar ditu:

– Arlo zientifikoan, gaur-egungo egoera aurreratuenaren azalpena, eta proiektuaren TRLaren azalpena.

– Metodología: proiektuaren deskribapena eta egituraketa; hurbilketa tekniko-zientifiko arrazoitua; proiektuaren lehentasunen argitasuna; planteatzen den kudeaketa-eskemaren egokitasuna; proiektuaren garapenerako erabiliko diren baliabideen egokitasuna; aurrekontuen egituraketa eta gardentasuna.

– Gehigarri zientifiko-teknikoa, gaur-egungo zientziaren aurrerapena kontuan izanda (proiektuarekin zein berrikuntza atali eta erronka teknologikori egiten zaion aurre); patente edo jakintza babesteko zein beste eredu aurreikusten da.

– Teknologi-arrisku neurtua: erronka zientifiko-teknologikoak gainditzeko gaitasuna eta, baita, proiektuan aurreikusten diren emaitzak lortzekoa.

– Balizko emaitza ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak, eta horiek zer nolako eragina daukaten enpresaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko.

– Beharraren justifikazioa eta laguntzaren sustapen-eragina, irizpide hauetako batean edo batzuetan oinarrituta defendatu beharko dena: proiektuaren bolumenaren gehikuntza, haren aplikazio-eremuarena, proiektuan inbertitutako guztizko zenbatekoarena edo betearazpenerritmoarena, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamenduko 6. artikuluan xedatutakoaren ildotik.

d) Kontratatutako langilea txertatuko den I+G lantaldearen edo ikerketa-taldearen osaera eta kurrikuluma.

e) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (sailari horiek eskatzeko baimena ematen ez badio soilik).

f) Beste instituzio publiko edo pribatuei proiektu bererako eskatutako edo haietatik jasotako diru-laguntzen zerrenda.

2.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak:

a) NANaren edo, hala badagokio, egoiliar-txartelaren fotokopia.

b) Doktore-tituluaren kopia, edo eskabidea aurkezten den datan doktore-graduaren jabe izatearen ziurtagiri akademikoarena.

c) Curriculum Vitae-a, garatu beharreko I+G proiektuaren inguruko meritu garrantzitsuenak jasotzen dituena: laneko esperientzia profesionala, betiere, proiektuaren arloko gaietan, proiektuarekin zerikusia duten argitalpenak, etab.

d) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

e) Diruz lagundu beharreko lan-kontratuaren kopia, lanpostuaren kokapena, kontratuaren xedea eta eginkizunak eta alderdi ekonomikoak eta denborazkoak argi adierazita.

f) Desgaitasun-ziurtagiria, horrela badagokio (% 33 edo gehiagokoa).

3.– Erakundearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

a) Ordainduta dituela diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

b) Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

c) Diru-laguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako presuntzioa ezar daitekeen enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

d) Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintzadelituak.

e) Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

f) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

h) Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

i) Lana eta familia bateragarri egiteko planak edo berdintasunerako planak izatea, edo Emakundek aukera-berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa aitortu izana.

j) Proposatutako ikertzaileak kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez duela izan lan-arloko kontratu-loturarik entitate eskatzailearekin edo akzioen edo sozietateen bidez horiekiko lotura daukaten beste batzuekin, 17.4 artikuluko egoera salbu.

k) Proposatutako ikertzaileak ez daukala partaidetzarik –zuzeneko edo zeharkako kontrola ahalbidetzen dionik– haien kapitalean edota akzioen edo sozietateen bidez haiekiko lotura duten beste batzuen kapitalean. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 1.2.c) artikulua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.

l) Ez dagoela Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean; ez dagoela xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero; eta ez dela krisialdian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioaren arabera (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

m) Entitatea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

n) Ez duela beste laguntzarik, diru-laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik jaso laguntzaren xedea finantzatzen duenik eta kapitulu honetan aurreikusten diren laguntzen bateragarritasunean eragin lezakeenik.

4.– Eskabideak aurkeztu ahal izango dira 2017-2018 ekitaldirako Berrikertu Programari buruzko 2017ko abenduaren 5eko Aginduan xedatutakoaren babespean lehen aldiz diruz lagunduta kontratatu ziren doktoreak hamabi hilabetez kontratatzeko. Eskabide horiek gainerako eskabideekin batera ebaluatu beharko dira, hurrengo artikuluan ezartzen diren ebaluazio-irizpideak aplikatuz. Aurkezpena Agindu honen 12. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da, eta ez da aurkeztu beharko jadanik sailaren esku dagoen dokumentazioa, baldin eta indarrean badago.

22. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko irizpideak.

1.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa 11. artikuluan ezarritako ebaluazio-organoak egingo du, irizpide hauek jarraituz:

a) Proposatutako I+G proiektuaren meritu zientifiko-teknologikoa: gaiari buruzko azken ezagutza; proposamenaren berritasuna; erronka teknologikoa; etab. Puntuazioa: 0 puntutik 35era bitarte.

b) Hautagaiaren curriculumaren merituak eta egokitasuna gauzatu behar dituen zereginetarako, lanbide-esperientziaren eta prestakuntzaren arabera. Puntuazioa: 0 puntutik 30era bitarte.

c) Proiektuak, aurreikusitakoaren arabera, entitate eskatzaileen lehiakortasunean izango duen eragina. Halaber, baloratuko da I+G+b-ko jarduera-mailaren gehikuntzan izango duen sustapen-eragina, ikerketaren emaitzak prozesu, produktu eta zerbitzu berrietan aplikatzeko aukera eta horiek merkaturatzeko potentzialtasuna, beste eragile kualitatibo eta/edo kuantitatibo batzuez gainera. Puntuazioa: 0 puntutik 15era bitarte.

d) Proiektua ZTBP Euskadi 2020an zehaztutako lehentasun estrategikoekin edo abagunearloekin bat etortzea. Puntuazioa: 0 puntutik 10era bitarte.

ZTBP Euskadi 2020an lehentasun estrategiko hauek definitu dira:

– Fabrikazio aurreratua. Sektoreak: garraioa, metala, ekipamendu-ondasunak eta makina-erreminta.

– Energia: sorkuntza, garraioa, biltegiratzea, banaketa. Energia alternatiboak.

– Biozientziak eta osasuna.

ZTBP Euskadi 2020an aukera-arlo hauek definitu dira:

– Nekazaritzako elikagaien industria.

– Lurralde-plangintza eta hiri-berroneratzea.

– Aisialdia, entretenimendua eta kultura.

– Ekosistemen inguruko jarduerak.

e) Entitate eskatzaileak azken urteotan gauzatutako I+G jardueretan dituen aurrekariak eta jarduera horietara bideratutako giza ahalmenak eta ahalmen teknikoak. Puntuazioa: 0 puntutik 10era bitarte.

2.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa eginda, Ebaluazio Organoak proposamen bat egingo du, lortutako puntuazioen arabera ordenatuta; 60 puntura iristen ez diren eskabideak baztertuko ditu, eta laguntzen esleipena proposatuko du, funtsak agortu arte.

3.– Bi lanpostu gordeko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko, betiere, 60 puntu lortu badituzte beraien eskaerek.

4.– Puntuazio berdina lortzen duten eskabideen kasuan, berdinketa ebazteko, artikulu honetako lehen apartatuan jasotzen diren irizpideen balorazioan puntuaziorik handiena duen eskabidearen alde erabakiko da, irizpide horiek aipatzen diren hurrenkeraren arabera. Berdinketak bere horretan irauten badu, kontratatu beharreko pertsonaren genero-irizpidea aplikatuko da, emakume baten kontratazioa proposatzen duen eskabidearen alde.

23. artikulua.– Kontratuak aurkeztea.

1.– Entitate onuradunek 15 egun balioduneko epea izango dute doktoreekin formalizatutako lan-kontratuak aurkezteko, 13. artikuluan aipatzen den laguntza emateko Ebazpenaren jakinarazpenetik aurrera. Aipaturiko lan-kontratua aurkeztu gabe iraungitzen bada epe hori, eskatzaileak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

2.– Kontratuak honako hauek aipatu beharko ditu:

a) Doktorea bere lanpostuan hasten den benetako data eta kontratuaren iraupena.

b) Lanbide-kategoria eta urteko ordainsari gordina, zeinak eskabide-inprimakian jasotakoaren berdina edo handiagoa izan beharko baitu, laguntza zenbatzen hasten den unetik aurrera.

c) Kontratuaren baterako finantzaketa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aldetik.

24. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Kontratuak honela ordainduko dira:

a) 12 hilabeteko kontratuak: onartutako diru-laguntzaren % 50 kontratua aurkeztu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 50a kontratua amaitzean.

b) 24 hilabeteko kontratuak: onartutako diru-laguntzaren % 25 kontratua aurkeztu ondoren ordainduko da, % 50 lehen urtea amaitzean, eta gainerako % 25a kontratua amaitzean.

2.– Dagozkion ordainketak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez egingo dira, urte bakoitza amaitu eta hurrengo hilabetean ondorengo justifikazio-agiriak aurkeztu ondoren, betiere entitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura digitalarekin:

– Ordainketa-eskabidea.

– Jarraipen zientifiko-teknikoko urteko txostena, laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzekoa. Txosten hori isilpekoa izango da, eta hilabeteko epean aurkeztuko da, laguntza jaso zuen kontratua amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta hauek jasoko ditu: kontratatutako pertsonek gauzatutako jarduerak, haiek kontratatuta entitateak lortutako onurak eta egin ohi zirenez gainera gauzatu diren I+G jarduera gehigarriak. Horrela badagokio, sortu diren patenteak eta egin diren argitalpenak aipatuko dira.

Jarraipeneko txosten zientifiko-teknikoen ebaluazioaren emaitza erabakigarria izango da kontratuen finantzaketak aurrera jarraitzeko.

– Diru-laguntza jaso duen jarduketari lotuta sortu diren gastuen eta egin diren ordainketen ziurtapena. Egiaztagiriak onuradunen esku geratuko dira, egiaztapen eta kontroleko organoen eskura betiere.

– Horrela badagokio, jasotako beste sarreren edo laguntzen zerrenda zehatza, zenbatekoak eta jatorriak adierazita.

– Kontratatutako langilearen azken 10T agiria, enpresaren ordezkariak sinatuta.

– Kontratatutako langilearen azken bi nomina eguneratuak eta horien ordainketa-ziurtagiriak.

– Gizarte Segurantzako azken bi TC-2 agiriak eta horien ordainketa-ziurtagiriak.

3.– Laguntza ematen duen ebazpenean aurreikusitako epea agortu baino lehen amaitzen bada kontratua, diru-laguntza doitu egingo da, eta, horrela badagokio, itzulketa egingo zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Oro har, aplikatu gabeko soberakina zein den zehazteko irizpidea laguntza jaso duen kontratutik bete gabe geratu den denboraren proportzioa izango da.

4.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.

5.– Entitate onuradunak, Programa kudeatzen duen Zuzendaritzaren eskariz, haren esku jarriko du beharrezkoa den dokumentazio guztia, aurkeztu dituen datuak egiazkoak direla eta diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko.

III. KAPITULUA
«DOKTOREGO INDUSTRIALEN» LERRORAKO BERARIAZKO XEDAPENAK

25. artikulua.– Jarduketaren helburua.

Jarduketa honen helburua industria-doktoregaiak prestatzeko laguntzak ematea da, prestakuntzan dauden ikertzaileen lan-kontratuak batera finantzatuz, enpresarentzat interesgarria den industria-ikerketako proiektu batean parte har dezaten, zeina haien doktorego-tesiaren esparrua izango baita. Azken helburua ikertzaileak haien lanbide-karreren hasieratik EAEko enpresetan sar daitezen sustatzea da, ikertzaile horien lan-aukerak gehitzen laguntzeko eta talentua EAEko industrian sartzeko, haren lehiakortasuna gehitze aldera.

26. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jardueraren betekizunak.

1.– Prestakuntzan dauden ikertzaileak doktorego-ikasketetan matrikulatuta egon beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko zein pribatu bateko zentro batean, eta enpresa batean edo enpresa baten eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragile baten arteko lankidetzan gauzatu beharko du industria-ikerketako proiektua, Teknologia Zentroen, Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen eta enpresetako I+G Unitateen kategorietan. Eragile horrek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko 2015eko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera egiaztatuta egon behar du.

2.– Diru-laguntza jasotzen duten kontratuek lau urteko iraupena izango dute, prestakuntzan dagoen ikertzaile kontratatua entitate kontratatzailean lanean hasten denetik zenbatzen hasita. Data hori ez da inoiz izango eskabidea aurkezten den eguna baino lehenagokoa. Prestakuntzan dagoen ikertzailea laguntza ematen duen ebazpena argitaratu aurretik kontratatzen bada, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasiko da laguntzaren epea kontatzen.

3.– Prestakuntzan dauden ikertzaileek jasoko duten ordainsaria kontratu bakoitzean zehaztuko da, eta, gutxienez, urtean 22.000 euro gordinekoa izango da.

Industria-proiektu bat garatzea izango da haien lana, zeinaren emaitza enpresa interesdunarentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiei buruzko doktorego-tesi bat izango baita, enpresak garatzen duen ikerketa-lerro baten barruan, betiere proposatutako jarduerak berriak badira edo I+Gko jarduera arrunten parte gisa enpresak aurrera eramango ez lukeen ikerketa baten edo ikerketa-lerro baten hedakuntza edo betearazpena badakarte.

4.– Oro har, laguntzako lehen hiru urteetan lortu beharko dute doktore-gradua. Doktoregradua lortzen dutenetik aurrera, doktorego ondoko hobekuntza-aldi bat garatzeko aukera emango dien ikerketa-jarduerak egingo ditu ikertzaileak, enpresak proposatutako industria-ikerketako proiektuaren barruan. Salbuespen-gisa, doktoregradua laguntzako laugarren urtean lortu ahal izango da, betiere doktoregotesiaren eboluzioak hori ziurtatzen badu. Ondorio horietarako, doktoregogradua doktorego-tesia defendatu eta onartzeko ekitaldiaren datan lortu dela ulertuko da.

5.– Diruz lagunduko diren kontratuek euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lanpostuetarako izan beharko dute.

27. artikulua.– Prestakuntzan dauden ikertzaileen betekizunak, eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntzan dauden ikertzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Eskabideari dagokion ikasturterako doktorego-programa batean onartua izateko eskabidea aurkeztu izana eta, kontratua formalizatzeko unean, programa horretan matrikulatuta edo onartuta egotea, 35. artikuluaren arabera.

– Unibertsitateari lotutako tesi-zuzendari bat edukitzeaz gainera, enpresak edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak izendatutako proiektu-arduradun bat izango du doktoregaiak.

– Eskabidea aurkezteko datan lan-harremanik ez izatea laguntza eskatzen duen entitatearekin, ezta harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batekin ere.

– Laguntza eskatzen duen entitatean edo harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batean kapital-partaidetzarik ez izatea, baldin eta entitatearen zuzeneko edo zeharkako benetako kontrol-gaitasuna ematen badu.

– Entitate bat baino gehiagoren eskabidean hautagai gisa ez agertzea.

– Doktore-tituluaren jabe ez izatea, ez Espainiako ez atzerriko ezein unibertsitateren eskutik.

– Doktorego-tesi edo antzekoren bat garatzearen bitartez doktorego-aurreko prestakuntza helburu zuen ezein laguntza jaso ez izana 12 hilabete edo gehiagoko epe batean.

2.– Prestakuntzan dauden ikertzaileek eskubide hauek izango dituzte:

– Beraien ikerketako prestakuntza-jardueratik eratortzen diren jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren eskubideak, eta egiten duten ekarpenaren arabera, gai horretan uneanunean indarrean dauden arauetan xedatutakoari jarraikiz.

– Kontratazio-zentroak aitortzen dizkien eta xedapen honetan ezarritakoarekin bateraezinak ez diren eskubide guztiak.

3.– Prestakuntzan dauden ikertzaileek betebehar hauek izango dituzte:

– Kontratatzen dituen zentroan ezarritako datetan hastea, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik 15 egun balioduneko gehieneko epean.

– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatzea, 32. artikuluan ezarritakoa baztertu gabe.

– Doktorego-araudietan aurreikusitako epeetan lortzea doktoregoa. Horrela ez bada, agindu honetako obligazioak bete ez direla deklaratzeko espedientea hasiko da, horrela badagokio.

– Laguntza baliatu bitartean egiten diren argitalpen guztietan, doktorego-tesia barne, azaltzea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Doktorego Industrialen Programaren onuradun dela.

28. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honetan jasotzen diren diru-laguntzen onuradun izan ahalko dira agindu honen 7. artikuluan aurreikusitakoak, hau betetzen badute:

a) Prestakuntzan dauden eta enpresan garatu beharreko industria-ikerketako proiektu batean parte hartzen duten ikertzaileak kontratatzen dituzten enpresak. Kontratatutako pertsonek proiektuaren ezagutza-arloan matrikulatuta egon beharko dute, EAEko unibertsitate publiko edo pribatu bateko doktorego-ikaskuntzetan.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kide diren eragileak, ikerkuntza kooperatiboko zentroen, teknologia-zentroen eta enpresetako I+G unitateen kategorietakoak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera egiaztatuak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

– prestakuntzan dauden ikertzaileak kontratatzea, enpresa batentzat interesgarria den industria-ikerketako proiektu batean parte har dezaten, Ikertzaile horiek proiektuaren ezagutza-arloko doktorego-ikaskuntzetan matrikulatuta egon behar dute, enpresarekin industria-ikerketako proiektu bat garatzeko, prestakuntzan dagoen ikertzailearen kontratazio-kostuen % 30eko gutxieneko kopuruko hitzarmena sinatuta daukan EAEko unibertsitate-zentro publiko edo pribatu batean, eta

– enpresa horrekin lankidetzarako kontratu bat izanpetu izana, industria-ikerketako proiektua garatzeko. Kontratu horren kopurua, gutxienez, prestakuntzan dagoen ikertzailearen kontratuaren kostuen % 30ekoa izango da.

2.– Deialdi bakoitzean entitate eskatzaile batek bi doktorego-tesirako laguntza jaso ahal izango du gehienez, bai enpresak zuzenean aurkeztutako eskabideak bai ZTBESn integratutako eragileetako batekin lankidetzan garatutakoak kontuan harturik. Bestalde, ZTBESn integratutako eragile bakoitzak plantillan dituen doktoreen % 10 adina tesi egiteko laguntza jaso ahal izango du.

29. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.

Agindu honen 8. eta 9. artikuluetan ezarritako baldintza eta obligazioez gain, entitate onuradunek eginbehar hauek izango dituzte:

a) Prestakuntzan dagoen ikertzailearen arduradun bat izendatzea, entitateko plantillako kideen artean.

b) Proposatutako ikertzaileak garatu beharreko I+G jardueren garapen egokia zaintzea, doktorego-tesia lor dezan.

c) Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea kontratatutako ikertzailearen doktorego-tesia defendatu eta onartzeko egintzaren data, hogei eguneko epean gehienez, egintzaren egunetik zenbatzen hasita, laguntza ematen den epearen barruan gertatzen bada. Kontratatutako ikertzaileak doktorego-tesia defendatu eta onartzeko egintzaren dataren berri eman beharko dio entitate onuradunari.

d) Entitate onuradunak eta entitate horretan prestakuntzan dagoen ikertzailearen arduradunak, konpromisoa hartzen dute doktorego-tesiaren esparruan garatutako ikerketaren emaitzak argitaratzen laguntzeko, baita hori defendatzeko ekitaldi akademikoa errazteko ere. Hala eta guztiz ere, laguntzaren epean sor litezkeen jabetza industrialeko eskubideei eta jabetza intelektuala osatzen duten ondare-izaerako eskubideei dagokienez, gaiari buruz indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

30. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz laguntzeko moduko gastuak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira, eta honako hauek izango dira:

a) Pertsonaleko zuzeneko kostuak (ikertzailearen kontratuaren kostua: soldata eta gizartesegurantza).

b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68 artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostutzat.

c) Ikerketa-jarduera dela-eta ikertzaileek I+Gko beste entitate batzuetara egiten dituzten bidaietatik eta egonaldietatik eratorritako ustiapen-gastuak. Gastu justifikagarriak kontzeptu hauek jaso ahal izango ditu: ostatu- eta mantenu-gastuak eta EAEtik helmugara garraio publikoan bidaiatzeko gastuak.

Egonaldiak I+Gko entitate publiko zein pribatuetan egin ahal izango dira, Espainiako zein atzerriko enpresak barne, baina ez doktorego-tesia garatzen ari den edo, lankidetzako proiektuen kasuan, lankidetza ematen ari den entitatean edo entitateetan.

Mantenu-gastu gisa, egunean 36 euroko zenbatekoa onartuko da, oro har, egonaldiko eguneko.

Aurreko a), b) eta c) ataletan aipatu diren diruz laguntzeko moduko gastuak interpretatzeko, aintzat hartuko da Kategorien araberako Salbuespenen 651/2014 Erregelamenduko 2. eta 25. artikuluetan ezarritakoa.

31. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– 651/2014 zenbakiko Salbuespen Erregelamendu Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, laguntzen gehieneko intentsitatea diru-laguntza jaso dezaketen kostuen % 50ekoa izango da, urtean 26.000 euroko gehieneko mugarekin.

2.– Egonaldietarako laguntzari dagokionez, gehienez 6.000 euroko laguntza baimenduko da kontratatutako ikertzaile bakoitzeko, prestakuntza-aldi osoan egiten diren egonaldiak finantzatzeko, pertsona horiek ikerketa-proiektuaren eta/edo doktorego-tesiaren garapena sustatzea ahalbidetzen duten prestakuntza-jarduerak egin ditzaten.

32. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

Finantzatutako kontratuak ez dira bateragarriak izango prestakuntzan dagoen ikertzaile kontratatuaren beste edozein lan-kontraturekin, ezta soldata-izaerako edozein kopuru jasotzearekin ere, horrek laguntzaren ikerketa-jarduera kaltetzen badu edo haren ordutegi berean egiten bada; halaber, ez da bateragarria izango antzeko helburua duten beste laguntza batzuk jasotzearekin.

33. artikulua.– Eskabideen edukia.

Entitate eskatzaileek formatu elektronikoan bete beharko dute eskabide normalizatua, zeinak eduki hauek izango baititu:

1.– Entitate eskatzaileari buruzko agiriak:

a) Erakundea identifikatzeko datuak.

b) Entitatearen memoria: jardueraren deskribapen laburra, ekoizpen-sektorea, I+Gren arloko aurrekariak, arlo horretan azken urteetan eginiko jarduerak, negozio-bolumena, lortutako emaitzak eta dituen baliabide fisikoak eta giza baliabideak, kategoria teknikoak eta sexua zehaztuta.

c) Prestakuntzan dagoen ikertzaile proposatuaren parte hartzearekin gauzatuko den I+G proiektuaren memoria. Memorian sartu beharrekoak hauexek dira:

– Arlo zientifikoan, gaiari buruzko azken ezagutza, eta proiektuaren TRLaren azalpena.

– Metodología: proiektuaren deskribapena eta egituraketa; hurbilketa tekniko-zientifiko arrazoitua; proiektuaren lehentasunen argitasuna; planteatzen den kudeaketa-eskemaren egokitasuna; proiektuaren garapenerako erabiliko diren baliabideen egokitasuna; aurrekontuen egituraketa eta gardentasuna.

– Gehigarri zientifiko-teknikoa, gaur-egungo zientziaren aurrerapena kontuan izanda (proiektuarekin zein berrikuntza atali eta erronka teknologikori egiten zaion aurre); patente edo jakintza babesteko zein beste eredu aurreikusten da.

– Teknologi-arrisku neurtua: erronka zientifiko-teknologikoak gainditzeko gaitasuna eta, baita, proiektuan aurreikusten diren emaitzak lortzekoa.

– Balizko emaitza ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak, eta horiek zer nolako eragina daukaten enpresaren lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko.

– Beharraren justifikazioa eta laguntzaren sustapen-eragina, irizpide hauetako batean edo batzuetan oinarrituta defendatu beharko dena: proiektuaren bolumenaren gehikuntza, haren aplikazio-eremuarena, proiektuan inbertitutako guztizko zenbatekoarena edo betearazpenerritmoarena, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamenduko 6. artikuluan xedatutakoaren ildotik.

d) Lanpostuaren deskribapena eta lan-kontratuaren baldintzak, aurreikusitako urteko ordainsari gordina eta enpresaren Gizarte Segurantzako kuota barne.

e) Enpresaren eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen arteko lankidetza-kontratuaren kopia, halakorik badago.

f) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiri ofizialak (sailari horiek eskatzeko baimena eman ez badio).

2.– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigoraraudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:

– Ordainduta dituela diru-laguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

– Diru-laguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

– Diru-laguntzak jasotzeko debekurik jaso ez duela, halaber, honako enpresa hauei dagokienez: eraldatze, bategite edo ondorengotza bitartez, debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorena direlako presuntzioa ezar daitekeen enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla-eta.

– Erakunde eskatzailea ez dela izan kondenatua laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintzadelituak.

– Erakundeak ez duela eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, prozeduraren batean kaudimengabetzat ez dela jo, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez dagoela edota ez dutela desgaitu Konkurtsoari buruzko Legearen (uztailaren 9ko 22/2003) arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu ez bada.

– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez duela eragin.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren Lege Organikoan (ekainaren 19ko 5/1985) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

– Lana eta familia bateragarri egiteko planak edo berdintasunerako planak izatea, edo Emakundek aukera-berdintasuneko erakunde laguntzaile gisa aitortu izana.

– Proposatutako ikertzaileak kontratua formalizatu aurreko 12 hilabeteetan ez duela izan lan-arloko kontratu-loturarik entitate eskatzailearekin edo akzioen edo sozietateen bidez horiekiko lotura daukaten beste batzuekin.

– Proposatutako ikertzaileak ez daukala partaidetzarik –zuzeneko edo zeharkako kontrola ahalbidetzen dion partaidetzarik– haien kapitalean edota akzioen edo sozietateen bidez haiekiko lotura duten beste batzuen kapitalean. Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 1.2.c) artikulua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarria.

– Ez dagoela Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat edo merkatu erkidearekin bateraezintzat jo eta gero xedatzeke dagoen berreskuratzeko agindu baten eraginpean daudenak, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioaren arabera (C249 EBAO, 2014-07-31koa).

– Entitatea ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

– Ez duela beste laguntzarik, diru-laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik jaso laguntzaren xedea finantzatzen duenik eta kapitulu honetan aurreikusten diren laguntzen bateragarritasunean eragin lezakeenik.

3.– Kontratatutako langileari buruzko agiriak:

a) NANaren edo, hala badagokio, egoiliar-txartelaren fotokopia.

b) Titulazio unibertsitariori dagokion ziurtagiri akademikoa, lortutako kalifikazioak eta kalifikazio horiei dagozkien datak jasotzen duena. Espedienteak 1etik 10era bitarteko batez besteko nota adierazi behar du.

Ikasketak atzerrian egin badira, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztuko da, baita ziurtagiri horren zinpeko itzulpena ere, baldin eta ziurtagiria EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den ikasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, ANECA/Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, eta adierazi zein den espediente akademikoaren batez besteko kalifikazioa Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan.

c) Curriculum Vitae-a, erakunde kontratugileak proposatutako lanpostuarekin lotutako merezimendu garrantzitsuenak azpimarratuta, lan-arloari nahiz arlo zientifikoari dagokionez; eskabidearen unean, eguneratuta egon beharko du. Ikerketa-esperientzia egiaztatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira.

d) Proiektuari lotutako doktorego-tesiaren memoria: prestakuntzan dagoen ikertzaileak garatu behar dituen jardueren deskribapenean laguntzarako aurreikusitako lau urteak jaso behar dira.

e) Laguntzak irauten duen epean egitea aurreikusten diren egonaldiei buruzko azalpenmemoriak eta aurrekontuak, zein urtetan egingo diren adierazita.

f) Lan-bizitzaren ziurtagiria, eguneratuta.

g) Desgaitasun-ziurtagiria, hala badagokio (% 33 edo gehiagokoa).

4.– Kontratatutako pertsonaren erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:

a) Doktore-tituluaren jabe ez dela, ez Espainiako ez atzerriko ezein unibertsitateren eskutik.

b) Doktorego-tesi edo antzekoren bat garatzearen bitartez doktorego-aurreko prestakuntza helburu zuen ezein laguntza jaso ez duela 12 hilabete edo gehiagoko epe batean.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidearen urtean EAEko fakultate batean doktorego-ikastaro batean matrikula formalizatzeko duen asmoari buruz.

34. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko irizpideak.

1.– Eskabideen ebaluazioa 11. artikuluan ezarritako ebaluazio-organoak egingo du, irizpide hauek jarraituz:

a) Proposatutako I+G proiektuaren meritu zientifiko-teknologikoa: gaiari buruzko azken ezagutza; proposamenaren berritasuna; erronka teknologikoa; etab. Puntuazioa: 0 puntutik 35era bitarte.

b) Hautagaiaren curriculumeko merituak eta horren egokitasuna gauzatu behar dituen zereginetarako, lanbide-esperientziaren eta prestakuntzaren arabera. Puntuazioa: 0 puntutik 30era bitarte.

c) Proiektuak, aurreikusitakoaren arabera, entitate eskatzaileen lehiakortasunean izango duen eragina. Halaber, baloratuko da I+G+b-ko jarduera-mailaren gehikuntzan izango duen sustapen-eragina, ikerketaren emaitzak prozesu, produktu eta zerbitzu berrietan aplikatzeko aukera eta horiek merkaturatzeko potentzialtasuna, beste eragile kualitatibo eta/edo kuantitatibo batzuez gainera. Puntuazioa: 0 puntutik 15era bitarte.

d) Proiektua ZTBP Euskadi 2020an zehaztutako lehentasun estrategikoekin edo aukeraarloekin bat etortzea. Puntuazioa: 0 puntutik 10era bitarte.

– ZTBP Euskadi 2020an lehentasun estrategiko hauek definitu dira:

– Fabrikazio aurreratua. Sektoreak: garraioa, metala, ekipamendu-ondasunak eta makina-erreminta.

– Energia: sorkuntza, garraioa, biltegiratzea, banaketa. Energia alternatiboak.

– Biozientziak eta osasuna.

ZTBP Euskadi 2020an abagune-arlo hauek definitu dira:

– Nekazaritzako elikagaien industria.

– Lurralde-plangintza eta hiri-berroneratzea.

– Aisialdia, entretenimendua eta kultura.

– Ekosistemen inguruko jarduerak.

e) Entitate eskatzaileak azken urteotan gauzatutako I+G jardueretan dituen aurrekariak eta jarduera horietara bideratutako giza ahalmenak eta ahalmen teknikoak. Puntuazioa: 0 puntutik 10era bitarte.

2.– Irizpide horiek aplikatuta eta baloratuta, eskabideen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Horren ondoren, laguntzak esleitu egingo dira, aipatutako ordena jarraituz funts guztiak agortu arte, betiere kontuan harturik laguntza eskuratzeko gutxienez 60 puntu lortu behar direla.

3.– Bi lanpostu gordeko dira % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko.

4.– Puntuazio berdina lortzen duten eskabideen kasuan, berdinketa ebazteko, artikulu honetako lehen apartatuan jasotzen diren irizpideen balorazioan puntuaziorik handiena duen eskabidearen alde erabakiko da, irizpide horiek aipatzen diren hurrenkeraren arabera. Berdinketak bere horretan irauten badu, kontratatu beharreko pertsonaren genero-irizpidea aplikatuko da, emakume baten kontratazioa proposatzen duen eskabidearen alde.

35. artikulua.– Kontratuak aurkeztea eta prestakuntzan dauden ikertzaileak lanean hastea.

1.– Entitate onuradunek 15 egun balioduneko epea izango dute, laguntza emateko Ebazpenaren jakinarazpenetik aurrera, prestakuntzan dauden ikertzaileekin formalizatutako lan-kontratuak laguntza ematen duen organoan aurkezteko. Kontratuarekin batera, aurkeztu beharko da eskabideari dagokion urterako doktorego-programa batean matrikula formalizatu izanaren edo doktorego-programa batean onartua izanaren egiaztagiria, doktorego-programaren ardura duen unitateak edo, halakorik ez bada, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emandakoa.

2.– Kontratuak lau urte iraun beharko du gutxienez, laguntza kontatzen hasten den egunetik, 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta lanaldi osokoa izan beharko du. Urteko ordainsari gordina 26.3 artikuluan aipatutakoa adinakoa edo handiagoa izango da. Kontratuan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren industria-doktoratuentzako laguntzen baterako finantzaketa aipatu beharko da.

3.– Deialdi honen babespean kontratatzen diren ikertzaileek 20 egun balioduneko gehieneko epean hasi beharko dute dagokien zentroan, laguntza ematen duen Ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita, eta betiere enpresarekin adostuta. Hasteko data zehatza kontratuetan islatu beharko da, baina horrek ez du eraginik izango haiek formalizatzeko eta organo eskudunari aurkezteko epean.

36. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Justifikazioa bi hilabeteko gehieneko epean aurkeztu beharko zaio laguntza ematen duen organoari, urtealdi bakoitzaren exekuzio-epea amaitzen den datatik zenbatzen hasita, eta dokumentazio hau eduki beharko du:

1.– Jarduketa zientifiko-teknikokoari buruzko memoria, laguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzekoa. Hauek jaso beharko ditu:

a) Ikerketa-plana.

b) Kontratatutako pertsonak ebaluazio-aldian egin dituen ikerketa-jardueren eta lortutako emaitzen dokumentua.

c) Bilatzen ziren emaitzak lortu diren.

d) Lanaren emaitzak argitaratu egin badira, argitalpen horiek aipatuko dira.

2.– Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:

a) Lan-kontratu eguneratuaren kopia.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, proiektu-arduradunak eta kontratatu den pertsonak sinatuta. Bertan, hau zehaztu beharko da:

– Ikertzaileak jasotzen duen ordainsaria, kostu gordina eta enpresaren kargurako gizarte-aseguruak banakatuta.

– Gutxieneko kontratu-loturaren konpromisoa enpresaren eta kontratatutako langilearen artean.

– Laguntza jaso duen jarduera finantzatzeko jaso diren beste laguntzak edo diru-sarrerak, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.

c) Kontratatutakoaren azken 10T agiria.

d) Kontratatutako langilearen azken bi nominak, eguneratuta.

e) Gizarte Segurantzako azken bi TC-2 agiriak.

f) Egonaldiei lotuta egin diren bidaia- eta ostatu-gastuen egiaztagiriak.

Erakunde onuradunak Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren esku jarriko du datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia, laguntzak ordaindu aurretik eta dokumentazio hori eskatu eta gero.

37. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Laguntzaren urtealdi bakoitzari dagokion zenbatekoa aurretiaz ordainduko da, oso-osorik.

2.– Lehen ordainketa, laguntzaren lehen urtealdiari dagokiona, diru-laguntza jasotzen duten kontratuak aurkezten direnean izapidetuko da. Bigarren ordainketa, bigarren urtealdiari dagokiona, lehen urtealdiaren justifikazio partziala jaso eta aztertu ondoren izapidetuko da. Hirugarren ordainketa, hirugarren urtealdiari dagokiona, bigarren urtealdiaren justifikazio partziala jaso eta aztertu ondoren izapidetuko da. Laugarren ordainketa, laugarren urtealdiari dagokiona, aurreko urtealdia amaitzean izapidetuko da, eta hogeita hamasei hilabeteko jarraipen zientifiko-teknikoari buruzko txostenaren aurkezpenaren eta balorazio positiboaren baldintzapean egongo da.

3.– Eskabidean jasotzen den doktorego-programan matrikula urtero formalizatu izanaren egiaztagiria ezinbesteko baldintza izango da kontratuak jarraitzeko eta dagokion urteko laguntza ordaintzeko.

4.– Ezin izango da diru-laguntzaren ordainketarik egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu egunean bere zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean zordun bada.

5.– Aurreko apartatuetan aipatutako baldintzak ez betetzeak diru-laguntza eta dagozkion berandutze-interesak itzultzeko obligazioa eragin ahal izango du, baita laguntza kobratzeko eskubidea galtzea ere.

6.– Laguntza ematean aurreikusitako epea agortu baino lehen kontratua amaitzen bada, diru-laguntza doitu egingo da, eta, horrela badagokio, itzulketa egingo zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Oro har, aplikatu gabeko soberakina zein den zehazteko irizpidea laguntza jaso duen kontratutik bete gabe geratu den denboraren proportzioa izango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 21a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala