Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2018ko apirilaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1765

41/2018 DEKRETUA, martxoaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailetako eta Erakunde Autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen Dekretua aldatzen duena.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, 105/2007 Dekretuak funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz sortuak.

Lanpostuen zerrendak Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Aldaketa hau indarrean dagoen lanpostu-zerrendaren edukia egokitzeko da; egokitzapen hori egiteko, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 76. artikuluan adierazitako eskakizunak beteko dira (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan onartua), karrerako funtzionarioen lanbide-sailkapenari dagokionez, eta hirugarren xedapen iragankorrean eta seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari loturik.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 27an egindako bilkuran proposamen hori aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldaketa onartzea funtzionarioei gordetako lanpostuen zerrendan; aldaketa horretan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko kidego, aukera edo eskalak multzokatzen dituzten titulu-taldeak egokituko dira Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginean xedatutakoa kontuan hartuta (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan onartuta), aldaketa hauek eginez:

(Ikus .PDF)

Bigarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lanpostu-zerrendak E taldeari eutsiko dio Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategineko seigarren xedapen gehigarrian aipatzen den lanbide-talderako.

Hirugarren artikulua.– Lanpostu-zerrendaren aldaketa honek ez die eragingo ondorio ekonomiko edo administratiborik lanpostu egokituetako funtzionario titularrei edo okupatzaileei.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko kidego, aukera edo eskalak multzokatzen dituzten titulu-taldeei egindako erreferentziak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean eta haren garapen-araudietako multzoei eginak, hartu beharko dira kidegoak eta eskalak sailkatzeko taldeetako azpitaldeei egindakotzat, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera (urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan onartuta) eta dekretu honen 1. artikuluan adierazi bezala.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko martxoaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala