Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2018ko martxoaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1601

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 16koa, Finantza Politikako zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita enpresa txiki eta ertainei, banako enpresaburuei eta profesional autonomoei 2018. urtean finantza-laguntza emateko programa garatzeko dekretu-proiektua.

Ogasun eta Ekonomia Sailak egin du aipatu dekretu-proiektua, zeina hauek oinarri hartuta izapidetu behar baita: Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Lege horren 8.1 artikuluaren arabera, entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek. Halaber, eta, xedapenen izaera aintzat hartuta, komenigarria baldin bada, jendaurrean jarri beharko dira.

Dekretu-proiektu honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Eta, horretarako, irizten da komenigarri dela arauaren hartzaile potentzialen iritzia biltzea.

8/2003 Legearen 8.4 artikuluaren arabera, nahikoa izango da hogei egun balioduneko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakiak –xedapen orokorrak izapidetzeko jarraibideak onartzekoak– lehenengo paragrafoaren 8. apartatuan xedatzen du ezen, 8/2003 Legea betetzeko, beharrezkoa bada jendaurrean jartzeko izapidea betetzea, xedapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela, eta baita Jaurlaritzaren helbide elektronikoan ere.

Ondorioz, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen dekretu-proiektua, hogei egun baliodunez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzako helbide elektronikoan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Aurreko puntuan aipatutako dekretu-proiektuari buruzko espedientea pertsona fisiko eta juridiko guztiek –publiko nahiz pribatu izan– kontsultatu ahal izango dute, baldin eta uste bada kaltetua gerta litekeen interes legitimoren bat dutela. Espedientea Ogasun eta Ekonomia Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) egongo da eskuragarri, lehenago aipatutako epean. Esandako epean eta tokietan, halaber, egoki iritzitako alegazio, agiri eta justifikazioak ere aurkeztu ahal izango dira.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 16a.

Finantza Politikako zuzendaria,

FRANCISCO JAVIER ARNAEZ ARRECIGOR.


Azterketa dokumentala