Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2018ko martxoaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1559

AGINDUA, 2018ko martxoaren 14koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bidez, 2018. urtean Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako gastu espezifiko bakoitzeko gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak eta laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak finkatzen dira; eta, horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko, udal eta mankomunitate bakoitzarentzat 2018. urterako aurrekontu-mugak finkatzen dira.

Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak honako baliabide hauek arautzen ditu: bazterkeria-arriskua prebenitzekoak, bazterkeria pertsonala nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeriako egoerak arintzekoak, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikorik ez dutenen gizarteratzea erraztekoak. Horien artean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) daude.

«Larrialdirako laguntza» kontzeptuaren funtsa, hain zuzen ere, une jakin batean (denbora-epea) eta norberaren borondateaz besteko edo aparteko arrazoiak eraginda sortutako baliabide ekonomikorik gabeko edo gutxiko egoera artatzeko premia larria da. Egoera horiek estaldura baten beharra dute, herrialdean dagoen ongizate-mailarekin eta EAEko diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazio-estaldurak ezartzen dituen gehieneko mugetan ezarritakoarekin bat datorren bizimodua eramateko.

Ezusteko gertaera batek edo aldizkako prestazio ekonomikoen ondoriozko baliabide ekonomiko urriek sortutako larrialdiko egoera ekonomikoak estaltzean datza. Egoera horiek une jakin batean gerta daitezke edo une ezberdinetan, pertsonaren bizitzako denboraldi luzeetan. GLLak premiazko gabezia eta gabetasunak biltzen dituzten egoerak saihesteko baliabide aringarri modura erabiltzen dira.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 49. artikuluan ezartzen dira gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoa zehazteko kontuan hartu beharreko irizpideak. Zehazki, 1. paragrafoan dago jasota inoiz ere gainditu ezin izango den kopuruetariko bat, hau da, aurreikusten den gastu berezi bakoitzeko araudi bidez gehienez finkatutako diru-kopurua. Legean jasotzen den aurreikuspen horretan oinarrituz, gizarte larrialdietarako laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuak 9. artikuluan xedatzen du urtero ezarriko direla gizarte-larrialdietarako laguntza gisa urte bakoitzean gehienez emango diren diru-kopuruak, agindu bidez ezarri ere.

Laguntza horiek, edozein kasutan ere, oinarrizko gizarte zerbitzuek benetako premia-egoera dagoela eta helburu horretarako kontsignatutako kreditua ere badagoela konprobatu eta gero emango dira, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 50.1 artikuluak xedatzen duenari jarraituz.

Ildo horretan, abenduaren 22ko 5/2017 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, dioenaren arabera, bada laguntza horietara zuzendutako ordainketa-kreditu bat, 23.000.000 eurokoa, eta Agindu honetan horiek esleitzen da.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 88.d) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen eginkizuna da laguntza horiek onartu, ukatu eta ordaintzea, eta horretarako aurretik jakin beharra daukate baimendutako gastuaren urteko muga, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzean horretara bideratutako osoko aurrekontu-xedapenen barruan.

Gizarte larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretu arautzaileak ezartzen du programari esleitutako urteko baliabideak udalei banatzeko eta transferitzeko prozedura. Baliabideen banaketa printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan urtero esleituko dira GLLen zenbatekoak finantzatzeko beharko diren baliabide ekonomikoak.

b) Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak aztertu ondoren, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren sailak zehaztuko ditu, urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan gizarte larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua erkidego barruko lurralde historikoen eta udalerrien artean nola banatuko den zehazteko irizpideak; batik bat, beharren adierazleei begira zehaztu beharko ditu.

c) Aipatu irizpide horiek aplikatuta, gaian eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailak ezarriko du udal bakoitzari dagokion aurrekontu-muga, eta urtero muga horiek ezarriz ematen duen Agindua EHAAen argitaratuko da.

d) Eusko Jaurlaritzan gizarte zerbitzuetako eskumena daukan sailak, aipatutako irizpide horiek aplikatuta eta udal bakoitzari dagokion aurrekontuaren muga zehaztu ondoren, udal bakoitzari transferituko dio dagokion izendapena. Transferentziak hiru hilez behin egingo dira.

Prozedura hori aplikatuz, banaketarako irizpideak eta aurrekontuen gehieneko zenbatekoak ezarri dituzten Aginduak argitaratu ditu Sail honek urtero. Horretaz gain, esleitutako kredituak birdoitzen zituzten eta aurrekontu-muga berriak ezartzen zituzten aginduak eman dira ekitaldiaren amaieran.

Gizarte larrialdietarako laguntzetara zuzenduak diren diru-baliabideak Eusko Jaurlaritzak banatuko dizkie udalei, non eta horiek, urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretuak erantsitako bigarren xedapen gehigarriak dioenari jarraituz, ez badute horretarako beste prozeduraren bat adostu beren foru aldundiekin edo mankomunitateen bitartez. Dekretu horrek aldatu egiten du gizarte larrialdietarako laguntzen Dekretua, eta udalaz gaindiko erakunde kudeatzaileen parte hartzea aurreikusten du, GLLak kudeatzen dituzten mankomunitate eta foru aldundiei laguntzak zuzenean ordaintzeko aukera onartzen dielarik, udalek, dela mankomunitateen bidez dela Aldundiaren prestazio eskuordetuez baliatuta, kudeaketa partekatuko formularen alde egiten duten kasuetan.

Bukatzeko, gizarte larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuak ahalmena ematen dio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari Dekretua garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da gizarte larrialdietarako laguntzetan (GLL) bildutako gastu espezifiko bakoitzari 2018ko ekitaldian orokorrean eman beharreko gehieneko zenbatekoak finkatzea, eta laguntza horiek emateko esleitutako kredituak hainbat udalerriren artean banatzeko irizpideak ezartzea. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari urte honetan dagokion aurrekontu-muga zehazten da.

2. artikulua.– Urteko gehieneko diru-zenbatekoak.

1.– 2018. urtean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gehieneko zenbatekoak, Bizikidetza Unitate (hemendik aurrera, BU) bakoitzeko eta aurreko artikuluan aipatzen diren gastu espezifiko bakoitzerako, honako hauek dira:

a) Alokairu gastuengatik:

a.1.– Maizter bakar bat duten etxebizitzen kasuan, edo, BU eskatzaile bakarra izanik, maizter bat baino gehiagoko edo azpierrentan emandako etxebizitzen kasuan, hileroko gehieneko kopurua 250 euro izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70 gainditu.

a.2.– Etxebizitzan maizter bat baino gehiago badago edo azpierrentak egin badira, ez dira bi eskaera baino gehiago onartuko, indarrean den araudiak xedatzen duenarekin bat etorriz, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitaterentzat ezarritako muga hileko 125 euro izango da, baina biak batuta ezingo dute etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80 gainditu.

a.3.– Etxebizitzan ostatu- edo apopilotza-kontraturik egonez gero, kontratu mota hori duen eskatzaile kopuruaren muga bi izango da, aurrekoarekin koherente izanik, eta laguntzaren muga hileko 125 euro izango da.

a.4.– Legez eratutako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetan bizi direnen kasuan, muga 250 euro izango da hileko. Kasu horretan, BUren muga ez da bi izango, establezimenduan legez onartutako gehieneko gela kopuruaren araberakoa izango da.

b) Gizarte larrialdiko egoera baino lehenagoko etxebizitza edo bizitokia erosteko kredituen interesen eta amortizazioaren gastuengatik, 250 euro gehienez hilero, ezingo delarik da kredituaren hileroko interesen edo amortizazioaren zenbatekoaren % 70 gainditu.

c) Energia-gastuengatik, argindar-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eraginak, gehienez 900 euro urtero. Bi BU baldin badira, urtero 450 euro bakoitzari.

d) «Linea zuriko» etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtero. Bi BU baldin badira, urtero 925 euro bakoitzari.

e) Etxebizitza konpontzeko, egokitzeko eta/edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro. Bi BU baldin badira, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.

f) Ohiko etxebizitza edo bizilekua izan eta mantentzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuengatik, 900 euro gehienez urtean. Bi BU baldin badira, urtero 450 euro bakoitzari. Kontzeptu honetan sartzen dira uraren, zaborraren eta estolderiaren gastuak eta hiri- zein landa-eremuko ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak, jabekideen erkidegoaren kuotatik eratorritako gastuak, bai eta etxebizitzaren segurtasunarekin lotutakoak ere.

g) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuak, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek ez badituzte gastu horiek estaltzen, urtero gehienez 1.850 euro.

h) Aurretiaz egindako zorpetze-gastuengatik, 3.000 euro gehienez urtean. Bi BU baldin badira, urtero 1.500 euro bakoitzari.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa alde batera utzi gabe, a), b), c), d), e), f) eta g) idatzi-zatietan aipatutako kontzepturen batengatik lehendik sortu zorrengatiko gastuak direla-eta urtean gehienez ezar daitezkeen diru-kopuruak ezin izango dira, kasu bakoitzean, aipatu idatzi-zatietan kontzeptu horietarako aurreikusitako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

2.– Dena dela, artikulu honetako 1. paragrafoko a), b), c), d), e) eta f) idatzi-zatietan aipatzen diren kontzeptuei dagozkien GLLak ez dira bateragarriak Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (aurrerantzean, EPO) jasotzearekin, eta ezta Etxebizitzarako Laguntza Ekonomikoarekin ere (aurrerantzean, ELE). Azken hau Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak aurreikusita duen etxebizitza bat izateko eskubide subjektiboa asetzera zuzendua da.

1. paragrafoko a) idatzi-zatian adierazitako gastuetarako jasotzen den GLLa, halaber, ez da bateragarria Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (aurrerantzean, DBE) jasotzearekin, edozein modalitateetan izanik ere.

3.– Eskabide bakoitzean emango den diru-zenbatekoa ehuneko bat aplikatuta kalkulatuko da, honako hauek aintzat hartuta: eskatzailearen nahiz haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen diru-sarrerak, eta unitatea osatzen duen kide kopurua. Ehuneko hori, artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehieneko zenbatekoaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren zenbatekoaren gainean, baldin eta zenbateko hori kontzeptuko gehieneko kopuruaren txikiagoa bada, betiere Gizarte larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuko 10.2 artikuluan xedatzen denari jarraituz. Kalkulua egiteko behar diren bi taulak I. eranskinean daude: oro har herritarrei dagokiena, bata, eta pentsiodunei aplikatzekoa, bestea.

4.– Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa udal eskudunak murriztu beharko du, dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; halakoetan, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztu beharko da.

3. artikulua.– Eskaera-pilaketa, eta GLLak eska ditzaketen BUen gehieneko kopurua.

Etxebizitza batean, gehienez, bi Bizikidetza Unitatek eskatu ahal izango dituzte Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioak (GLLak barne). Hortaz, zenbaketa hori egiteko, sistemaren edozein prestazio kobratzeko sortu diren BUak hartuko dira kontuan: DBE, EPO edo GLLak berak, baina lehentasuna izango du zuzenbideko prestazioak –alegia, DBE eta EPO– jasotzeak.

GLLren bi eskaera baino gehiago pilatuz gero, eskaeraren antzinatasunaren arabera artatuko dira, dagozkien gizarte zerbitzuek txosten sozialaren bidez bestelako irizpiderik finkatu ezean.

4. artikulua.– Kredituak banatzeko irizpideak.

1.– Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ematera bideratutako kredituak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean banatzeko irizpideak, nagusiki, premia-adierazleei jarraituz finkatuko dira. Hala, 2018. urtean honako parametro hauen arabera ezarriko dira irizpideok:

– Udalerrian, 2017ko abenduaren 31n, zenbat unitatek jasotzen zuten Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta.

– Udalerrian, 2017ko abenduaren 31n, zenbat ziren diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo bestelako prestaziorik jaso ez eta Lanbiden izena emanda zeudenak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, 400 biztanletik beherako udalerri guztiei Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren programa gauzatzeko gutxieneko diru-zenbateko bat bermatuko zaie, horrelako udalerrien multzoari dagokion batez besteko zenbatekoaren parekoa.

5. artikulua.– Aurrekontu-mugak.

4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatuta, ezarri da 2018an Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzak Gizarte Larrialdietarako Laguntza programa gauzatzeko zenbat diru erabil dezakeen aurrekontuetan. Agindu honen II. eranskinean ageri dira zenbatekook.

6. artikulua.– Banaketa udalaz gaindiko beste erakunde batzuen bidez egitea.

Gizarte larrialdietarako laguntzen diru-baliabideak foru aldundien bitartez edo partzuergo eta mankomunitateekin partekatutako kudeaketa-formulaz hala nola bestelako formulen bitartez jasotzeko akordioa duten udalek horren berri eman beharko diote Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, udal bakoitzari esleitutako zenbatekoak udalaz gaindiko erakunde horiei transferitzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituen Dekretuaren 33. artikuluan aipatzen diren datuen bidalketa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistemaren funtzionamendua araututa ez dagoen bitartean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan egingo da. Agindu horren bidez, argitara eman zen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskabide-eredu berria, eta prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua arautu zen (2004ko azaroaren 17ko EHAA, 220. zk.). Bestela, datuak bidali daitezke aipatu aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bitartez, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten duen moduan, eta, betiere, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan ezartzen diren baldintzak betez.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 14a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala