Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2018ko martxoaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1172

EBAZPENA, 2018ko urtarrilaren 25ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez laborategi batzuk izendatzen diren 2016ko irailaren 16ko Aginduan aipatzen diren kontrol ofizialetarako laginen analisiak egiteko –2016ko irailaren 16ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten den–.

2017/625/EB Erregelamenduak, Europako Parlamentu eta Kontseiluarenak, 2017ko martxoaren 15ekoak, elikagai eta pentsuei buruzko legediaren eta animalien osasun eta ongizateari, landare-osasunari eta produktu fitosanitarioei buruzko arauen aplikazioa bermatzeko egiten diren kontrolen eta bestelako jarduera ofizialen ingurukoak, zeinaren bidez aldatzen diren 999/2001/EB, 396/2005/EB, 1069/2009/EB, 1107/2009/EB, 1151/2012/EB, 652/2014/EB, 2016/429/EB eta 2016/2031/EB erregelamenduak, Europako Parlamentuarenak eta Kontseiluarenak, 1/2005/EB eta 1099/2009/EB erregelamenduak, Kontseiluarenak, eta 98/58/EB, 1999/74/EB, 2007/43/EB, 2008/119/EB eta 2008/120/EB zuzentarauak, Kontseiluarenak, eta zeinaren bidez indargabetzen diren 854/2004/EB eta 882/2004/EB erregelamenduak, Europako Parlamentuarenak eta Kontseiluarenak, 89/608/EEE, 89/662/EEE, 90/425/EEE, 91/ 496/EEE, 96/23/EB, 96/93/EB eta 97/78/EB zuzentarauak, Kontseiluarenak, eta 92/438/EEE Erabakia, Kontseiluarena (kontrol ofizialei buruzko erregelamendua), arauak betetzen diren egiaztatzeko kontrol ofizialak egiteko arau orokorrak finkatzea du helburu. Nagusiki, kontrol horiek pertsonei edo animaliei zuzenean edo ingurumenaren bidez eragiten dieten arriskuak prebenitu, deuseztatu edo maila onargarrietara murriztera bideratuta daude, baita pentsuen eta elikagaien salerosketan jarduera ekitatiboak bermatzera eta kontsumitzaileen interesak babestera ere, pentsuen eta elikagaien etiketak eta kontsumitzailearentzako bestelako informazio-modalitateak barne hartuta.

Kontrol horiek agintaritza eskudunek egin behar dituzte, aldizka, aurretik jakinarazi gabe, pentsuen edo elikagaien, animalien eta animalia-jatorriko produktuen ekoizpeneko, eraldaketako, banaketako eta erabilerako edozein fasetan, 2017/625/EB Erregelamenduko 9. artikuluan xedatutakoari jarraituz –2017/625/EB Erregelamendua, 2017ko martxoaren 15ekoa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena–.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 16ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onartu zen. Aipatutako aginduko ebazpenen ataleko laugarren zenbakiaren arabera, laborategi berriak izendatzeko, edo dagoeneko izendatuta dauden laborategiei kontrol edo analitika berriak esleitzeko, edo, hala badagokio, izendapen horiek baliogabetzeko, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako titularraren ebazpen bat beharko da. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira, eta Estatuko Administrazio Orokorrari horien berri eman beharko zaio.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean aipatutako laborategiak kontrol ofizialen testuinguruan jasotako laginen analisiak, entseguak eta diagnostikoak egiteko laborategi ofizial izendatzea, Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2017ko martxoaren 15eko 2017/625/EB Erregelamenduko 37. artikuluan eta EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko irailaren 16ko Aginduko ebazpenen ataleko laugarren zenbakian xedatutakoari jarraituz.

Bigarrena.– Izendapen horrek I. eranskinean adierazitako irismena dauka eta laborategiak aurkeztutako Egiaztapenerako Eranskin Tekniko osoan jasota dago.

Hirugarrena.– Izendatutako laborategiek honako konpromiso hauek hartzen dituzte:

a) Egiaztapenerako Eranskin Teknikoan adierazitako teknikei, matrizeei eta analitoei eustea eta nekazaritza eta abeltzaintzako eskumena duen zuzendaritzari eranskin tekniko horretan egiten duten edozein aldaketaren berri ematea.

b) Laborategiaren eta agintaritza eskudunaren artean, eta laborategiaren eta Erreferentziazko Laborategi Nazionalaren artean (ELN) –halakorik badago–, koordinazio eta elkarlan efizientea eta eraginkorra bermatzeko beharrezko mekanismoak izatea.

c) ELNk –edo halakorik ez badago, Europar Batasuneko Erreferentziazko Laborategiak, EB-EL– antolatzen dituen laborategien arteko konparazio-entseguetan (gaitasun-entseguak) parte hartzea, izendapenaren xede izan diren entsegu-prozedurekin, beren gaitasun teknikoa frogatzeko.

d) Laborategi pribatuen kasuan, erantzukizun zibil profesionaleko asegurua edo bestelako berme baliokide bat izatea, zerbitzua ematean hartzailearen edo hirugarren baten osasunean edo segurtasunean, edo hartzailearen segurtasun finantzarioan eragin ditzaketen kalteak estaltzeko.

e) Organo eskudunari laborategiek finkatutako baldintza galdagarriak betetzen dituzten eta zer jarduera egin dituzten ikusteko eskatzen dituen datuak eta dokumentuak ematea.

f) Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzari kontrol ofizialetan edo bestelako jarduera ofizialetan hartutako laginekin egindako analisi, entsegu edo diagnostikoen emaitzak jakinaraztea, berehala, gizakien osasunerako, animalien osasunerako edo landare-osasunerako arriskuren bat adierazten badute, edo, OMGei eta produktu fitosanitarioei dagokienez, ingurumenerako arriskua, edo urraketaren baten probabilitatea adierazten badute.

g) Inpartzialtasuna eta interes-gatazkarik eza ziurtatzea laborategi ofizial gisa dagozkien eginkizunak betetzeari dagokionez.

h) Gardentasun- eta konfidentzialtasun-printzipioak bermatzeko beharrezko mekanismoak edukitzea, 2017/625/EB Erregelamenduan adierazitakoaren arabera –2017/625/EB Erregelamendua, Europako Legebiltzarrarena eta Kontseiluarena, 2017ko martxoaren 15ekoa–.

Laugarrena.– Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak laborategiari izendapena osoki edo partzialki kenduko dio, neurri zuzentzaile egokiak hartzen ez baditu honako egoeretatik edozein agerian uzten duen auditoria edo ikuskaritza baten emaitzaren aurrean:

a) Izendatua izateko finkatutako baldintzaren bat betetzeari uztea.

b) Ebazpen honen ebazpenen ataleko 3. zenbakian adierazitako konpromisoak ez betetzea.

c) Laborategien arteko konparazio-probetan eskatutako mailara ez iristea.

d) Laborategiak kontrol ofizialak egiteko laborategi izendapena baliogabetzeko eskatzea.

Bosgarrena.– 2016ko irailaren 16ko Aginduko ebazpenen ataleko 4. zenbakiko 3. puntuan xedatutakoari jarraituz –2016ko irailaren 16ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, EAEko Nekazaritza Elikagaien Katearen Kontrol Ofizialerako Plana onesten duena–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidali behar da, argitaratu dadin, eta gai honi lotutako arloan eskumena duen Estatuko Administrazio Orokorreko ministerioari jakinarazi behar zaio.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 25a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

IKERNE ZULUAGA ZAMALLOA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala