Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2018ko martxoaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1139

25/2018 DEKRETUA, otsailaren 20koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legean bildutako erakunde-egitura garatzen duena.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak, adikzioak ikuspuntu integral eta diziplina anitzeko batetik aztertuta, printzipio nagusitzat dauka osasun-kultura bat bultzatzea, bizi-ohitura osasungarriak sustatuko dituena eta gizarteak adikzioen aurrean duen jarrera eta jokabidea aldatuko duena. Lege horren helburu nagusia da drogak eta adikzioak sor ditzaketen bestelako substantziak kontsumitzeagatik eta jokabide-adikzioengatik arazoak dituzten pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, eta, bereziki defendatzen ditu adingabeak eta gizarte-kolektibo kalteberenak.

Arlo honetako botere publikoek eta gizarte-eragileek, helburu horiek betetzeko, zenbait ekintza burutu beharra daukate, oinarri hartuta erantzukizun publikoa, kooperazioa, koordinazioa, erakundeen arteko lankidetza eta gizartearen erantzukidetasuna. Horretarako, apirilaren 7ko 1/2016 Legearen VI. tituluko bigarren kapituluan, erakunde-egitura bat ezartzen da, eta arlo honetako zenbait organo arautzen ditu, zehazki, koordinazio, zuzendaritza, kontsulta, aholkularitza eta gizarte-partaidetzako organoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, erakunde-egitura honek organo hauek izango ditu: Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea, Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan Laguntza eta Asistentzia emateko Organoa eta Adikzioen Euskal Batzordea. Horretaz gainera, foru- eta toki-administrazioek eskumena izango dute koordinazio, kontsulta, aholkularitza eta gizarte-partaidetzako bestelako organoak sortzeko, adikzioen arloan.

Organo horiek legea efektibotasunez aplikatzeko esleituak dituzten eginkizunak gauzatu ditzaten, erregelamendu bidez garatu beharra dago haien osaerari eta eginkizunei buruz legean ezarritako ildo nagusiak.

Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea kide anitzeko organo bat da, eta EAEko administrazio publiko guztien koordinazioa, lankidetza eta partaidetza bideratuko ditu. Organo hori sortzearen ondorioz, Droga Menpekotasunen Sailen arteko Batzordea desagertzen da (koordinazio-organoa zen, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean baino ez zuen jarduten).

Adikzioen Euskal Batzordea adikzioen aurka diharduten gizarte-sektoreen partaidetzarako organo gorena da, eta lehengo Droga-menpekotasunen Aholku Batzordean du jatorria. Adikzioen arloan aholku emango du, eta lehen zuen osaera beste era batera antolatu da, partaidetza handiagoko organo bat sortze aldera.

Bi organo horiek adikzioen arloko eskumena duen sailari atxikita egongo dira, eta urriaren 1eko 40/2015 Legeari egokituta jardungo dute, funtsean (40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan Laguntza eta Asistentzia emateko Organoa Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza bihurtzen da, Osasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari jarraituz, eta, adikzioen zerbitzuaren bidez, babesa, laguntza eta bultzada emango die Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeari eta Adikzioen Euskal Batzordeari.

Bestalde, Legeak izaera bereizia ematen die ezagutzaren garapenari eta kudeaketari, eta, ildo horretatik, V. tituluak adikzioen arloko informazioa, prestakuntza, ikerketa eta ebaluazioa arautzen ditu, zeharkako jardueratzat hartzen baitira Drogaren aurkako Europar Batasunaren 2013-2020 Estrategian. Alde horretatik, dekretu honen bidez, Adikzioen Behatokia arautzen da, informazio-zerbitzu zentralizatua izan dadin, Laguntza eta Asistentzia emateko Organoaren mende, eta, funtzionalki, Osasunaren Behatokiari lotuta.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, nahitaezko aholku-organoei iritzia eskatuta, Osasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 20ko bilkuran proposamena aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
HELBURUA.

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen helburua apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 72., 73. eta 74. artikuluetan jasotako erakunde-egitura garatzea da (1/2016 Legea, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa). Ildo horretatik, honako organo hauen eginkizunak eta osaera arautzen ditu:

– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea.

– Adikzioen Euskal Batzordea.

– Laguntza eta Asistentzia emateko Organoa.

2.– Dekretu honen helburua da, halaber, Adikzioen Behatokia arautzea. Apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 62.2 artikuluan aipatzen da behatoki hori, eta, organikoki, Laguntza eta Asistentzia Organoaren mende egongo da, eta, funtzionalki, berriz, Osasunaren Behatokiari lotuta.

II. KAPITULUA
ADIKZIOEN ERAKUNDEARTEKO KOORDINAZIO BATZORDEA.

2. artikulua.– Izaera.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 72. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea organo gorena izango da EAEko administrazio publikoen koordinazio, lankidetza eta partaidetza bideratzeko, lege hori ezartzetik eratorritako jardueretan.

3. artikulua.– Atxikipena eta egoitza.

Adikzioen arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea, eta Gasteizen izango du egoitza.

Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein tokitan egin ahal izango ditu bilkurak Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeak, bere lehendakariak hala erabakiz gero.

4. artikulua.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eginkizunak.

Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Apirilaren 7ko 1/2016 Legetik eratorritako araudi eta erregelamenduzko xedapenen inguruan aurretiazko eta nahitaezko txostena egitea adikzioen arloan.

b) Aurretiazko txostena egitea Euskadiko Adikzioen Planari buruz.

c) Euskal administrazio publikoek adikzioen arloan ezartzen dituzten estrategia nagusiak, tresna komunak eta proposamenak eztabaidatzea eta proposatzea.

d) Erakundearteko lankidetzarako eta ordenamendu juridikoan aurreikusitako eskumenak erabiltzeko lankidetza-tresnak izenpetzean aintzat hartu beharreko irizpideak eta horretarako aurrekontu eta kredituak proposatzea.

e) Adikzioetan eragina duten eskumenak dituzten administrazio publikoen koordinazioa, lankidetza eta partaidetza erraztea.

f) Batzordearen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua egitea eta onartzea.

g) Ordenamendu juridikoak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

5. artikulua.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen osaera.

1.– Adikzioen arloko eskumena duen saileko sailburua izango da Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko lehendakaria. Batzordekideak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetako edo arloetako goi-kargudunak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udaletako eta foru-aldundietako goi-kargudun edo hautetsiak, denak ere honako arlo hauetakoak: osasuna, gizarte-politikak, hezkuntza, kultura, gazteria, kirola, justizia, enplegua, kontsumoa, berdintasuna, lana eta merkataritza, jokoa eta adikzioekin zerikusia duten beste zenbait.

Batzordeko idazkaria Laguntza eta Asistentzia Organoko teknikari bat izango da, eta batzordeburuak izendatuko du.

Kide horietako bakoitzeko, ordezko bat izendatuko da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak honako ordezkari hauek izango ditu Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordean:

a) Kide bat, Lehendakaritzaren ordezkaritzan.

b) Kide bat enplegu eta gizarte politiketako arloan eskuduna den Sailaren ordezkaritzan.

c) Kide bat hezkuntzaren arloan eskuduna den Sailaren ordezkaritzan.

d) Kide bat turismo, merkataritza eta kontsumoaren arloan eskuduna den Sailaren ordezkaritzan.

e) Kide bat segurtasunaren arloan eskuduna den Sailaren ordezkaritzan.

f) Kide bat lan eta justizia arloan eskuduna den Sailaren ordezkaritzan.

g) Kide bat kultura eta hizkuntza-politikaren arloan eskuduna den Sailaren ordezkaritzan.

3.– Parekidetasun-irizpideei jarraituz aukeratuko dira bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkariak, bai toki- eta foru-administrazioenak.

4.– Batzordeak hala erabakita, eta aztergaien izaera aintzat hartuta, ordezkatutako administrazioetako maila teknikoko pertsonek ere bilkuretara joatea izango dute, bai eta, ezagutza, esperientzia eta egiaztatutako ospea izateagatik, adikzioen arloan aditu direnek ere. Halakoek hitz egitea izango dute, baina botoa ematerik ez. Behar izanez gero, generoan adituak diren pertsonen laguntza ere izango da.

III. KAPITULUA
ADIKZIOEN EUSKAL BATZORDEA

6. artikulua.– Izaera.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 73. Artikuluan ezarritakoaren arabera, Adikzioen Euskal Batzordea adikzioen aurka diharduten gizarte sektoreen partaidetzarako organo gorena izango da, eta adikzioen arloko aholkua emango du lege-egitasmo, erregelamendu eta planak egiten direnean.

7. artikulua.– Atxikipena eta egoitza.

Adikzioen arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da Adikzioen Euskal Batzordea, eta Gasteizen izango du egoitza.

Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein tokitan egin ahal izango ditu bilkurak Adikzioen Euskal Batzordeak, bere lehendakariak hala erabakiz gero.

8. artikulua.– Adikzioen Euskal Batzordearen eginkizunak.

Adikzioen Euskal Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Egokitzat jotzen dituen txosten, iradokizun, gomendio, azterlan eta proposamenak prestatzea; horretarako, behar duen informazioa eskuratuko du.

b) Euskal administrazio publikoek adikzioen arloan eskatutako gaiei buruzko aholkularitza ematea.

c) Aurretiazko eta nahitaezko txostena egitea Euskadiko Adikzioen Planari buruz.

d) Azterketak egitea eta, hala badagokio, iritzia ematea EAEko administrazio publikoek adikzioen arloan prestatzen dituzten planei eta xedapen orokorren proiektuei buruz.

e) Batzordearen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua egitea.

f) Euskadiko Adikzioen Planaren jarraipenari eta betetze-mailari buruzko argibideak jasotzea.

g) Ordenamendu juridikoak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

9. artikulua.– Osaera.

1.– Adikzioen Euskal Batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Batzordeburua: adikzioen arloko eskumena duen saileko titularra.

b) Idazkaria: Laguntza eta Asistentzia Organoko teknikari bat, batzordeburuak izendatua.

c) Batzordeburuordea: Laguntza eta Asistentzia Organoko titularra.

d) Batzordekideak:

– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordean ordezkaritza duten Eusko Jaurlaritzako sailetatik kide bana.

– Hiru foru-aldundietatik kide bana, eta Eudel Euskal Udalen Elkarteak izendaturiko sei kide.

– Adikzioen arloan ospe eta gaitasun aitortua duten pertsonen artean Laguntza eta Asistentzia Organoak izendaturiko lau kide.

– Eusko Legebiltzarrak izendaturiko bost kide.

– Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza zabalena duten sektorearteko enpresa-erakundeek izendaturiko lau kide, ostalaritza, teknologia berri eta ausazko jokoen arloetako enpresa-erakundeak barne hartuta.

– EAEko gizarte ekonomiako enpresa-elkarteen ordezkaritza, txandaka.

– Ordezkaritzarik handiena duten erakunde eta konfederazio sindikalek izendatutako kide bana.

– Eusko Jaurlaritzan segurtasun-, higiene-, ingurumen- eta laneko osasun-arloko politikak kudeatzeaz arduratzen diren organoetako kide bana.

– Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluak izendaturiko kide bat.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak izendaturiko kide bat.

– Euskadiko Eskola Kontseiluak izendaturiko kide bat.

– Drogaren Aurkako Euskadiko Fiskaltza Bereziaren titularra.

– Elkargo profesional hauetatik kide bana: medikuntza; farmazia; psikologia; abokatutza; gizarte-langileak; gizarte-hezitzaileak; erizaintzako diplomadunak; filosofia eta letretako doktore edo lizentziadunak, eta kazetariak. Aipatutako kolektiboak elkargo profesionaletan antolatuta ez badaude, sektorean sektoreko elkarte profesionalak egingo du izendapena.

– Sei kide, adikzioen arloan eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen portaeren arloan diharduten elkarte, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeen ordezkaritzan, entitate horien proposamenez eta batzordeburuak izendatuak.

– Gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzeko politikak gauzatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren organoak izendatutako kide bat.

– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako kide bat, txandaka izendatua bi urterako.

– Euskal Autonomia Erkidego osoan diharduten kontsumitzaileen elkarte edo federazioek izendaturiko kide bat.

– Droga-kontsumitzaileen elkarteen ordezkari bat, eta substantziarik gabeko adikzioak dituzten pertsonen elkarteen beste ordezkari bat.

– Euskal Osasun Zerbitzuaren ordezkari bat.

– EAEn editatutako gizarte-komunikabideen ordezkari bat.

Kide horietako bakoitzeko, ordezko bat izendatuko da.

2.– Batzordeak hala erabakita, eta aztergaien izaera aintzat hartuta, bilkuretara joatea izango dute ordezkatutako administrazioetako maila teknikoko pertsonek, gizarte-sektoreak ordezkatzen dituzten erakundeen ordezkariek, bai eta, ezagutza, esperientzia eta egiaztatutako ospea izateagatik, adikzioen arloan aditu direnek ere. Halakoek hitz egitea izango dute, baina botoa ematerik ez. Behar izanez gero, generoan adituak diren pertsonen laguntza ere izango da.

10. artikulua.– Kideak hautatzea eta izendatzea.

1.– Honela izendatuko dira kideak:

a) Jaurlaritzako sailak ordezkatzen dituzten kideak dagozkien sailburuek izendatuko dituzte.

b) Foru aldundiak ordezkatzen dituzten kideak dagozkien erakundeetako funtzionamendu-arauei jarraikiz izendatuko dira.

c) Aurreko artikuluan zehazten ez bada nola izendatuko diren gainerako erakunde eta antolakundeak ordezkatuko dituzten kideak, erakunde eta antolakunde horiek berek izendatuko dituzte.

d) Kideak izendatzeko epea hogei egunekoa izango da, eta, denak izendatzen ez badira ere, organoa eratu eta jardunean hasiko da. Izendatzeko eskaera jasotzen denetik aurrera zenbatuko da epea.

2.– Behin kideak hautatuta, Batzordeburuak izendatuko ditu.

11. artikulua.– Batzordeak eta lantaldeak.

Batzordeburuak, Adikzioen Euskal Batzordearen erabakiz, batzorde edo lantaldeak eratu ahal izango ditu, zenbait gai edo arlo interesgarri aztertzeko.

IV. KAPITULUA
ADIKZIOEN ERAKUNDEARTEKO KOORDINAZIO BATZORDEAREN ETA ADIKZIOEN EUSKAL BATZORDEAREN FUNTZIONAMENDUA

12. artikulua.– Karguen indarraldia.

1.– Lau urteko eperako izendatuko dira Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko zein Adikzioen Euskal Batzordeko bokalak, eta berritu ahal izango dira izendapenak, non eta erakundeak berak edo izendapena egin duenak ez dituen berariaz kargutik kentzen; halakorik gertatuz gero, ordezkoak beteko du kargua agintaldia bukatu arte.

2.– Honako arrazoi hauengatik utzi beharko dute kargua Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko zein Adikzioen Euskal Batzordeko bokalek:

a) Kargutik kentzea edo izendapena baliogabetzea, izendapena egin zuen pertsonak edo erakundeak hala erabakita.

b) Kargu edo lanpostu jakin bat betetzen zuelako izendatua izan baldin bada, kargu edo lanpostu hori galtzen duenean.

c) Uko egitea.

d) Heriotza.

d) Gerora sortutako legezko ezintasuna.

e) Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasunez gabetzea edo galarazpena dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzea.

13. artikulua.– Batzordeburua.

1.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko zein Adikzioen Euskal Batzordeko buruek eginkizun hauek izango dituzte:

a) Erakundea ordezkatzea.

b) Erakundearen jarduerak zuzentzea.

c) Bileren gai-zerrenda zehaztea.

d) Bilkuretara dei egitea.

e) Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu.

f) Berdinketak ebaztea, kalitatezko botoa baliatuz, erabakiak hartze aldera.

g) Sinadurarekin legitimatzea organoaren aktak eta ziurtagiriak, erabakiak, irizpenak, txostenak eta gomendioak.

h) Dekretu hau bete dadila begiratzea, eta interpretazio-zalantzak argitzea. Egiaztatzea, orobat, legeria betetzen dela.

i) Organo horietako buruari berez dagokion beste edozein eginkizun.

2.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko zein Adikzioen Euskal Batzordeko burua gaixorik edo absente badago, Laguntza eta Asistentzia organoko titularrak ordezkatuko du.

14. artikulua.– Idazkaria.

Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko zein Adikzioen Euskal Batzordeko idazkariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Bilkuretarako deialdia egitea, eta gai-zerrenda prestatzea, batzordeburuak aginduta.

b) Bilkuren akta idaztea, eta hartutako erabakien ziurtagiriak egitea.

c) Dokumentazioa eta bileretako gai-zerrendako aztergaien dokumentazioa zaintzea.

d) Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeari edo Adikzioen Euskal Batzordeari aurkeztu nahi zaizkion gai, txosten, proposamen edo dokumentu guztiak jasotzea, antolatzea eta prestatzea.

e) Organo horien jardueren legezkotasun formala zein materiala zaintzea.

f) Idazkaritzari berez dagokion beste edozein eginkizun.

15. artikulua.– Batzordekideak.

Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeko zein Adikzioen Euskal Batzordeko kideek eginkizun hauek izango dituzte:

a) Bilkuretarako deialdia jasotzea, gai-ordena barne duela.

b) Deialdia jasotakoan, bilkuretara joatea, bertako eztabaida, azterlan eta proposamenetan parte hartzea, eta aztergaien gainean galderak eta eskeak egitea.

c) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea. Administrazio publikoen zerbitzuko agintari edo langile izateagatik kide anitzeko organoetako berezko kide direnak ezingo dira abstenitu bozketetan.

d) Akten ziurtagiriak eskatzea, idazkariaren bidez.

e) Kideei berez dagokien beste edozein eginkizun.

16. artikulua.– Bilkurak.

1.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen bilkurak zein Adikzioen Euskal Batzordearenak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke.

2.– Gutxienez, urtean behin egingo da ohiko bilkura.

3.– Halaber, ezohiko bilkurak honako kasu hauetan egingo dira:

a) Batzordeburuaren eskariz.

b) Gutxienez, kideen heren baten eskariz.

4.– Ezohiko bilkura egiteko epea 20 egun naturalekoa izango da gehienez, eskaera erregistratzen den egunetik hasita.

17. artikulua.– Quoruma.

1.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordearen bilkurak balio osoz eratzeko, lehenengo deialdian, batzordeburuak, idazkariak -edo haien ordezkoek- eta, gutxienez, kideen erdiek bertaratu beharko dute, modu presentzialean zein urrutitik.

Quorum hori erdiesten ez bada, bigarren deialdian eratuko dira bilkurok, lehenengo deialdian baino ordu erdi geroago.

2.– Bigarren deialdian, nahikoa izango da han izatea batzordeburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta kideen heren bat, modu presentzialean zein urrutitik.

3.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordearen bilkuretan, botoa beste kide bati delegatzeko figura onartuko da salbuespenez, betiere delegatze hori espresuki egiten bada balorazio jakin baterako, eta hala adierazten bada egiaztagiri batean.

18. artikulua.– Antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua.

Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeak eta Adikzioen Euskal Batzordeak antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko barne-erregelamendua prestatu ahal izango dute dekretu honen esparruan.

19. artikulua.– Ordezko erregimena.

Dekretu honetan eta, hala badagokio, antolamenduko eta funtzionamenduko barne-erregelamenduan ezarrita ez dagoenerako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitakoaren bidez arautuko dira Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea eta Adikzioen Euskal Batzordea.

20. artikulua.– Funtzionamendu-gastuak.

Adikzioen arloko eskumena duen sailaren aurrekontu-kredituen kontura ordainduko dira Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordearen funtzionamendu-gastuak.

21. artikulua.– Dietak eta kalte-ordainak.

Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen edo Adikzioen Euskal Batzordearen bilkuretara bertaratzeak dirua jasotzeko eskubidea emango du, dieta eta kalte-ordainen kontzeptupean, betiere otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta indarrean dauden gainerako arauetan xedatutakoari jarraituz.

22. artikulua.– Ordezkaritza orekatua eta koofizialtasuna.

1.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeak eta Adikzioen Euskal Batzordeak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jasotako irizpideei jarraikiz.

2.– Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordearen eta Adikzioen Euskal Batzordeko kideek euskara eta gaztelania erabili ahalko dituzte beren eginkizunak betetzean. Era berean, Batzordeak hala erabakitzen badu, euskaraz egin ahal izango dira deialdiak, aktak, gai-zerrendak eta oro har pertsona horien artean banatzen diren dokumentu guztiak. Edozein modutan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da beti.

V. KAPITULUA
LAGUNTZA- ETA ASISTENTZIA-ORGANOA

23. artikulua.– Izena eta atxikipena.

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 73. artikuluan aipatzen den Laguntza eta Asistentzia Organoa (1/2016 Legea, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa), hala ezartzen baita egitura funtzional eta organikoa erregulatzen duen arauan, eta adikzioen zerbitzuaren bidez beteko ditu bere eginkizunak.

24. artikulua.– Laguntza eta Asistentzia Organoaren eginkizunak.

1.– Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan Laguntzeko eta Asistentzia emateko Organoak eginkizun hauek izango ditu:

a) EAEk adikzioen arloan izan beharreko politika integrala zehaztea, eta erakundeen artean nahiz sailen artean arlo horretan garatzen diren jarduerei bultzada ematea, arloko sektoreekin lankidetzan, jarduteko eta proposamenak egiteko ekimenak bultzatuz honako hauei zuzenduta, bereziki: Eusko Jaurlaritzari, Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeari eta Adikzioen Euskal Batzordeari.

b) Familiaren, komunitatearen, hezkuntzaren edo lanaren eremuan droga-mendekotasunak eta portaera-adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatu eta mantentzea.

c) Euskadiko Adikzioen Planari buruzko proposamena egitea, eta planaren betetzen-mailari buruzko urteroko memoria eta planaren ebaluazioren amaierako memoria prestatzea. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren sailek plana aplikatzeko egiten dituzten jarduerak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea.

d) Apirilaren 7ko 1/2016 Legea garatu eta aplikatzeko araudi-proposamenak egitea, bai eta oro har adikzioei buruzko araudi-proposamenak ere.

e) Behar diren aurrekontu eta kredituen inguruko proposamenak egitea, Eusko Jaurlaritzako sailek, erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta haien mende dauden enpresa publikoek apirilaren 7ko 1/2016 Legean ezartzen diren konpromisoei aurre egin diezaieten.

f) Adikzioek sortutako arazoen eraginez dauden beharrak eta eskaerak balioestea, bai eta arazo horietarako eskuragarri dauden baliabideak balioestea ere.

g) Foru- eta toki-erakundeei aholkularitza ematea adikzio-gaietan.

h) Laguntza teknikoa ematea Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordeari, eta hartutako erabakiak martxan jartzea. Era berean, Adikzioen Euskal Batzordeari laguntza eta bultzada ematea.

i) Lau ordezkari proposatzea, adikzioen arloan ospe eta gaitasun aitortua duten pertsonen artean, Adikzioen Euskal Batzordean jardun dezaten, eta proposatzea, orobat, organo horretan idazkari jardungo duen teknikari bat.

j) Adikzioen Behatokiaren zuzendaritza eta kudeaketa.

k) Alerta goiztiarreko sistema sustatu eta koordinatzea, Adikzioen Behatokiaren bidez.

l) Adikzioen alorreko sarien eta aintzatespenen kudeaketa. Horretarako osatuko diren epaimahaiak paritarioak izango dira.

m) Adikzioen alorrean publizitate debekatua erabiltzea ekiditeko behar diren jarduerak gauzatzea, auziak bide judizialera jo aurretik ebaztea sustatuz.

n) Gizarte-erakundeek, hedabideek eta, oro har, herritarrek droga-mendekotasunen arloko prebentzioan, laguntzan eta gizarteratzean parte har dezaten sustatzea.

o) Adikzioen arloan, irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenak sustatu eta bultzatzea, garapenerako laguntzak kudeatuz eta arlo horretako jarduerak eginez.

p) Arau-hauste oso astunak egiteagatik zehapen-espedienteak hasteko eta ebazteko proposamenak egitea, apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 95.2.c) artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

q) Arau-hauste astunak egiteagatik zehapen-espedienteak hasteko eta ebazteko proposamenak egitea, apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 95.2.b) artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.

r) Ordenamendu juridikoak adikzioen arloan esleitzen dion beste edozein eginkizun.

2.– Laguntza eta Asistentzia Organoak, eginkizun horiek egoki betetzeko, adikzio eta droga-mendekotasunen gainean beharrezko jotzen duen informazio oro eskatuko die Eusko Jaurlaritzari eta gainerako botere publikoei, eta, horretarako, komunikazio- eta lankidetza-mekanismo egokiak ezarriko ditu.

VI. KAPITULUA
ADIKZIOEN BEHATOKIA

25. artikulua.– Izaera juridikoa eta atxikipena.

Adikzioen Behatokia informazioa zentralizatzeko zerbitzu espezifiko bat da, eta Eusko Jaurlaritzan adikzioen arloko eskumena duen sailari atxikita egongo da, Laguntza eta Asistentzia Organoaren bidez, hala ezarrita baitago Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 62. artikuluan.

26. artikulua.– Helburua.

Adikzioen Behatokiaren helburu orokorra da komunitateari ikuspegi oso eta etengabea ematea adikzioen fenomenoak EAEn duen egoeraz eta bilakaeraz. Hartara, aukera egongo da administrazio desberdinek EAEn arlo horretan burututako jarduerak ebaluatzeko, bai eta izan daitezkeen joerak aurreikusteko ere.

27. artikulua.– Eremu materiala.

Adikzioen Behatokiaren eremu materiala adikzioena izango da, eta, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 2. artikuluari jarraituz, eremu horretan honako hauek sartzen dira:

a) Substantziekiko adikzioak.

b) Substantziarik gabeko adikzioak edo jokabide-adikzioak.

c) Aurrekoen aurrekari diren arrisku-faktoreak, hala kontsumoetan nola jokabideetan, bai eta adikziorik gabeko bizimodu bat izateko babes-faktoreak ere.

28. artikulua.– Eginkizunak.

1/2016 Legean eta EAEko Adikzioen Planean ezarritako lehentasunen esparruan, Adikzioen Behatokiak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aldian aldiko inkestak eta azterlan epidemiologikoak, ekonomikoak eta sozialak egingo ditu, adikzioen eragina, prebalentzia eta problematika ezagutzeko.

b) Ikerketa-, prestakuntza- eta azterketa-ildoak sustatuko ditu, adikzioak osasunaren gizarte-determinatzaileen eta osasun arloko desberdintasunen esparruan aztertzeko; zehazki, adikzioek emakumeengan eragiten dituzten arazoak eta horien prebalentzia eta intzidentzia ezagutzeko ikerketa-ildoak sustatuko ditu.

c) EAEko zaintza- eta alerta-sistema koordinatzea legez kanpoko eta kontrolatu gabeko substantziei dagokienez.

d) Ikerketa klinikoko ildoak sustatuko ditu, batetik, komorbilitatearen fenomenoarekin lotuta, eta, bestetik, estupefaziente gisa sailkatutako farmako berriak ebidentzia zientifikoan oinarrituta erabiltzearekin lotuta. Horrez gainera, substantzia psikoaktibo berrien fenomenoa ere aztertuko du.

e) Substantziarik gabeko adikzioen edo jokabide-adikzioen inguruan, nazioartean egiten ari diren ikerketetan parte hartuko du, gai hauetan:

e.1.– Adikzio gisa sailkatzeko ebidentzia zientifiko nahikorik ez izan arren, adikzio-eredu bat ekar dezaketen portaera neurrigabeen kontzeptualizazioa.

e.2.– Diagnostikoak egiteko tresnak baliozkotzea.

f) Aldian-aldian, adikzioen esparruan dagoen dokumentazioa eguneratuko du, uneko ebidentzia zientifikoak aintzat hartuta. Halaber, edozein erakunde publikok zein pribatuk, profesionalek eta interesa duten guztiek dokumentu horiek aztertzeko eta ikertzeko aukera izango dutela eta zabalduko direla bermatuko du.

g) Komunikabideetan adikzioei buruz ematen den informazioaren tratamendua hobetzeko ekimenak proposatzea.

h) Gisa bereko beste behatoki eta erakunde batzuekin lankidetzan eta harremanetan lan egitea, adikzioen arloan diharduten zerbitzuek eta eragileek erabilitako adierazleak eta informazio-sistema hobetzeko proposamenak eginez.

i) Profesionalen topaketak sustatzea eta proposatzea, nola autonomia eta estatu mailan hala nazioartean, arlo horretako esperientziak, ikerketak eta lanak trukatzea errazteko.

j) Adikzioen arloko programa publikoak ebaluatzeko irizpideak definitzea, eta kalitatea ebaluatzeko eta etengabe hobetzeko burutzen diren jardunak koordinatzea, emaitzen konparagarritasuna bermatzen duten ebaluazio-tresnen erabilera errazteko.

k) Administrazio publikoetako eta osasun-zerbitzuetako profesionalak adikzioen arloan sentsibilizatzea, prestakuntza-programak sustatuz, jarduera profesionalean dihardutenean ezagutza eta tresna egokiak izan ditzaten, eta adikzioen arloan ikerketa-ekimen espezifikoak sustatuz.

29. artikulua.– Eginkizunak betetzea.

Laguntza eta Asistentzia Organoari atxikitako langileek beteko dituzte aurreko artikuluan aipatutako eginkizunak (1/2016 Legearen 73. artikuluan aurreikusita dago organo hori). Horretarako, EAEko Aurrekontu Orokorretan Laguntza eta Asistentzia Organoarentzat bideratutako aurrekontua izango dute eskura.

Laguntza eta Asistentzia Organoan erabilgarri dauden baliabide material eta giza baliabideak izango ditu eskura Behatokiak. Gainera, beste behatoki batzuekin koordinatuta jardun ahal izango du, lanabes eta tresnak elkarrekin aprobetxatu ahal izateko: datu-bankuak, inkestak, dokumentu-funtsak, aplikazio informatikoak eta beste.

Eginkizun horiek betetzerakoan, 1/2016 Legearen 77. eta 79. artikuluetan adierazten diren gizarte-ekimeneko lankidetza-tresnak erabili ahal izango dituzte. Beharrezkoa bada, halaber, adituen laguntza puntuala eskatu ahal izango dute, eta batzorde edo lantaldeak eratu, gai espezifikoak aztertzeko. Behar izanez gero, generoan adituak diren pertsonen laguntza ere izango da.

Betiere, eskuratutako datuen konfidentzialtasuna bermatu beharko da. Adikzioen Behatokiak, orobat, genero-ikuspegia zainduko du bere jarduera guztietan, gizon eta emakumeen arteko desabantailak edo desberdintasunak deuseztatu asmo duen ikuspegia den aldetik.

30. artikulua.– Txostenak, produktuak eta zerbitzuak.

Adikzioen Behatokiak txosten, produktu eta zerbitzu hauek garatuko ditu, gutxienez:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen eta Droga-mendekotasunen Dokumentazio Zentroa:

– Drogei eta droga-mendekotasunei buruzko EAEko datu-bankua, datu hauek bilduko dituena: Euskal Estatistika Erakundeak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta adikzioen arloan eskumena duen sailaren Estatistika Organo Bereziak emandako estatistiketatik ateratako datuak, eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuek emandakoak.

– Literatura espezializatuaren, legeriaren eta prentsan agertutako berrien inguruko dokumentuekin osatutako datu-baseak.

– EAEn adikzioen arloan dauden programen eta zentroen inguruko direktorioa.

b) Aldizkako argitalpenak:

– Aldizkako buletin elektronikoa.

– Gizarte sareetako profilak, etengabe eguneratuak.

– Adikzioei buruzko dokumentazio-buletinak (monografikoak).

c) Txosten, azterlan eta ikerketa monografikoak, 27. artikuluan aipatutako ardatz tematikoetako edozeini buruzkoak.

d) Adikzioen gaineko prestakuntza- eta zabalkunde-ekitaldiak (kongresuak, jardunaldiak, mintegiak eta eztabaidak) antolatzea eta/edo halakoetan parte hartzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordean duen ordezkaritza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Adikzioen Erakundearteko Koordinazioan duen ordezkaritza –5.2 artikuluan zehaztuta ageri da– berez aldatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzearen arloan aplikatzekoa den araudira egokitu dadin.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Erregelamendu bidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio adikzioen arloko eskumena duen sailburuari, dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar adina xedapen emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala