Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2018ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1060

AGINDUA, 2018ko otsailaren 20koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez hasierako onarpena ematen baitzaio Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikuspenari buruzko dokumentuari.

2015eko uztailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko prozedura abiatzea erabaki zuen, otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartuak. Erabaki horren bidez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari berrikuspena zuzentzeko eta prestatzeko ardura ematen zaio. 2015eko azarora arteko epea izango du oinarrizko dokumentua prestatzeko; horren ondoren, parte-hartze planaren aurrerapena eta prestakuntza-lana egin behar dira, plan hori berrikuspen-prozesuan sartuko baita. Bestalde, aurrerapena egiteko epea 2016ko azaroan bukatuko da.

Uztailaren 27ko erabakia Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren uztailaren 29ko 36/2015 Ebazpenean argitaratu zen, 2015eko abuztuaren 20ko EHAAn, eta zabalkunde handieneko egunkarietan (El Correo, El Diario Vasco eta Berria).

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.1 artikuluarekin bat etorriz, aipatutako erabakia 2015eko irailaren 2an jakinarazi zitzaien udalei (EUDELen bidez), foru-aldundiei eta Estatuko Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari.

4/1990 Legearen 10.2 eta 3 artikuluari jarraikiz, 2016ko uztailaren 5ean lurralde-eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako Sailei, foru-aldundiei eta udalei (EUDELen bidez) eskatu zitzaien beren aurreikuspenak eta erabakiak jakinaraz zitzaten, bai eta nahi beste datu, informazio eta iradokizun ere. Horretarako, hiru hilabeteko epea izan zuten.

Berrikuspen-prozesu horren barruan, erakundeek parte hartzeko prozesu garrantzitsu bat gertatu da, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordean eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako Aholku Batzordean horretarako sortutako lantalde teknikoetan; gizarte aroan ere parte hartu da, bai sare sozialetan, bai aurrez aurre, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo funtzional guztietan sozialki parte hartzeko ikastaroak eginez.

4/1990 Legearen 10.4 artikuluan aurreikusitako epeak bukaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak otsailaren 15ean eta Lurralde Politikako Aholku Batzordeak 2017ko otsailaren 22an txostena eman zuten aurrerapen-dokumentuari buruz.

Bestalde, 2016ko azaroaren 29an, hasierako onarpena eman aurreko derrigorrezko txostenak eskatu ziren, lege aplikagarrietan ezarritakoak, besteak beste gai hauei buruzkoak: urak, telekomunikazioak, defentsa, trenbideen sektorea, zarata, zortasun aeronautikoak, errepideak, kostaldeak, portuak eta Euskadiko Garraio Agintaritza. Txosten horien ondorioz, zenbait aldaketa egin dira hasierako onarpena eman nahi zaion dokumentuan.

Ingurumen-izapidetzeari dagokionez, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2017ko maiatzaren 15eko Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez adierazten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen ingurumen-azterlan estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua. Era berean, adierazi behar da 2018ko urtarrilaren 29an eman dela generoaren eraginari buruzko txosten bat, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18. artikulutik 22. artikulura bitartean xedatutakoa betetzeko, bai eta generoaren eragina aurrez ebaluatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagerrarazteari eta berdintasuna sustatzeari buruzko neurriak betetzeko ere, Gobernu Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21eko saioan onetsiak. Txosten hori, EKOS Estudios Ambientales SLUk prestatutako ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, jendaurrean jarriko da, eta eraginpeko interesdunei eta lurralde-administrazio publiko interesdunei kontsulta egingo zaie, gutxienez 45 eguneko epean.

Azkenik, maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.6 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak prestatutako berrikuspen-dokumentuari buruz, 2017ko azaroaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako Aholku Batzordeak emango du berriro txostena, eta 2018ko urtarrilaren 31n, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak.

Hortaz, lehen aipatutako aurrekariak ikusita eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.6. artikuluan jasotako eskumena baliatuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Hasierako onarpena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikuspenaren dokumentuari. Gidalerro horiek otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Bigarrena.– Berrikuspenaren dokumentua jendaurrean jartzea, partikularrek eta elkarte interesdunek egoki iritzitako alegazioak egin ditzaten, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Jendaurreko sasoiak dirauen bitartean, lurralde-administrazio publiko interesdunei entzunaldia egiteko sasoia hasten da, bi hilabeteko epean egin ditzaten nahi beste ohar eta iradokizun, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Laugarrena.– Berrikuspen-dokumentuaren Ingurumen Azterlan Estrategikoa jendaurrean jartzea eta eraginpeko administrazio publikoei eta lehenago kontsultatu zaien interesdunei kontsulta egitea, 45 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Epe horietan, berrikuspen-dokumentu hori guztien eskura egongo da, aztertua izan dadin, batetik,www.ingurumena.net web-orria, bestetik, Irekia komunikazio-kanalean (www.irekia.euskadi.net), eta azkenik, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan:

Eusko Jaurlaritza.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza.

Donostia kalea 1, 2. solairua.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Agindu hau ezin da errekurritu, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen Berrikuspena onartzeko prozeduraren barruko izapide bat baita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 20a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala