Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2018ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1058

AGINDUA, 2018ko otsailaren 21ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako 2018ko deialdia egiten da.

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan bilduta dauden aurreikuspenak bete eta garatuko dira 2018an. Orokorrean hartuta, Agindu honetan ez dira errepikatuko adierazitako Dekretuko edukiak, baina diru-laguntzen deialdi horretara aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu beharko dituzte eduki horiek.

Dekretu horren arabera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen babesean, esku-hartze sozialaren jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitate guztien autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babesteko eta sustatzeko jarduerak dira.

Aipatutako Dekretuaren arabera, halaber, sustatze-lan horretan Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bere berariazko erantzukizuneko ikuspegiak eta zeharkako politikak hartu behar ditu kontuan batez ere, hala nola gizarteratzearekin, familiarekin, haurrekin eta nerabeekin, immigrazioarekin, dibertsitate eta askatasun afektibo eta sexualarekin lotuta daudenak, baita desgaitasunarekin eta mendekotasunarekin, adinekoekin eta, bereziki, genero-berdintasunarekin lotuta daudenak ere.

Agindu hau 2018 urterako diru-laguntzen plan estrategikoaren barruan sartzen da. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 15eko Aginduz onartu zen plana, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 8.1 artikuluan jasotako aurreikuspenak betetzeko.

Dekretu horretan aurreikusten diren diru-laguntza lineen artean honako hauek garatzen dira Agindu honetan:

1.– Esku-hartze sozialeko jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.

2.– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

3.– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean, 18.0.1.04.21.0000.4.454.99.31230.001/S, 18.0.1.04.21.0000.4.454.99.31230.004/S eta 18.0.1.04.21.0000.4.454.99.31230.003/N aurrekontu-partidetan aurrekontu-kreditu nahikoa dago EAEko hirugarren sektore sozialeko jarduerak sustatzeko diru-laguntzen deialdirako.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan ezarritakoa betetzeko, erakunde interesdunak laguntza-programa honek eskatzen duen izapidetze oro modu telematikoz egitera derrigortuta daude.

Horregatik guztiagatik,

EBATZI DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea esku-hartze sozialeko eremuan gauzatzen diren jarduerak gauzatzeko diru-laguntzetarako 2018ko deialdia egitea da. Jarduera horiek pertsonen, familien eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestera eta sustatzera bideratuta daude, bereziki honako gai hauetan biltzen badira edo horiei buruzkoak badira:

a) gizarte-zerbitzuak.

b) gizarteratzea.

c) familien laguntza, sustapena eta babesa.

d) haurrak eta nerabeak zaintzea eta babestea.

e) etorkinen gizarteratzea eta, orokorrean, kulturartekotasuna, salbu eta gai juridikoetan babesari dagokionez.

f) adinekoak zaintzea eta babestea.

g) mendekotasun-egoeran, eta, orokorrean, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea eta babestea.

h) askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, laguntza jasotzen duten jarduerek egokitu beharko dute esku-hartze sozialaren eremuarekin zerikusia duten arauetan eta plangintza estrategikoan jasotako printzipio eta jarraibideetara, batez ere honako hauetan jasotzen direnetara:

a) 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

b) 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa.

c) 13/2008 legea, abenduaren 12koa, Familiei laguntzekoa.

d) 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babestekoa.

e) 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntariotzari buruzkoa.

3.– Kanpoan geratuko dira honako helburu hauek dituzten jarduerak:

a) Emakumeen aurkako indarkeriaren eremuan sentsibilizazio eta prebentziorako garatutako jarduerak, hauei zuzendutako berariazko laguntzak egoteagatik. Diruz lagundu ahal izango dira emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei zuzendutako esku-hartze soziala xede nagusitzat duten jarduerak.

b) Erakunde eskatzailea hobetzea, soilik edo nagusiki erakunde eskatzaileari zuzendutako jardueren bitartez, hala nola bere langileen edo boluntarioen prestakuntzaren bitartez, edo erakundeen kudeaketari eta ildo estrategikoei buruzko hausnarketa-prozesuen bitartez. 12. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

4.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio diru-laguntza hiru lerro hauetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.

5.– Jarduerak gauzatzeko epea 2018ko ekitaldia da.

2. artikulua.– Laguntzen izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko telematikoak erabili beharko dituzte prozedura horren izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko, honako arau hauetan ezartzen denarekin bat: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa; 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duena; eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

2.– Modu elektronikoan izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude:

– Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/pertsonekin-familiekin-taldeekin-eta-komunitateekin-gauzatu-behar-diren-esku-hartze-sozialeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/esku-hartze-sozialean-ekintza-boluntarioa-eta-parte-hartze-asoziatiboa-indartzeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/jakintzaren-kudeaketa-jarduerak-gauzatu-behar-diren-esku-hartze-sozialeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

3.– Espedientera sartzea eta ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Eskaera edo izapideak banakako agiri elektroniko baten bitartez eginez gero, erakundearen legezko ordezkaritza duen pertsonarena izan ala ez, Ordezkarien erregistro elektronikoan erakundearen ordezkari moduan izena emanda egotea ezinbestekoa da:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/eu_egoitza/egoitza_representantes.html

5.– Erakunde interesdunei jakinarazpenak bide elektronikoz egingo zaizkio. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

6.– Interesdunak jakinarazpenaren edukian sartzen denean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena eskura jarri eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat, eta, beraz, prozedurak jarraitu egingo du.

7.– Aurrekoari kalterik egin gabe, organo kudeatzaileak interesdunei egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkiete, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

3. artikulua.– Epea, eskaeren aurkezpena eta egiaztagirien ekarpena eta dokumentazioa.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean, honako helbide hauetan:

– Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/pertsonekin-familiekin-taldeekin-eta-komunitateekin-gauzatu-behar-diren-esku-hartze-sozialeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/esku-hartze-sozialean-ekintza-boluntarioa-eta-parte-hartze-asoziatiboa-indartzeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/jakintzaren-kudeaketa-jarduerak-gauzatu-behar-diren-esku-hartze-sozialeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

3.– Eskabide-eredua agindu honen I. eranskinean agertzen da.

4.– Erakunde eskatzaileek haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardueretan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzako ordainketak eta zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluan agindutakoaren arabera, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eta hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

6.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, eskaeran bildutako erantzukizun-deklarazio baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla, eta, hala badagokio, lortu egin direla.

b) Erakunde eskatzailea edozein itzultze- edo zehapen-prozeduratan dagoen ala ez, eta prozedura hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo horren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan abiarazi den.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela administrazio- edo zigor-arloan zigortuta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin edo horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren eraginpean ez dagoela.

7.– Erakunde eskatzaileak bermatuko du betetzen dela Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. zenbakian xedatua, haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzeko uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarria. Hau da, adingabekoekin ohiko harremana duten langile kontratatu edo boluntario guztiek izango dute Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.

8.– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egia direla eskaeran bildutako datuak, eta laguntza hori eskatzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

9.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, honako helbide honetan agertzen den formularioa bete beharko du:

http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

4. artikulua.– Agiriak.

Diru-laguntzarako eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakundearen gastuen eta diru-sarreren balantzea 2017koa.

b) Entitate eskatzailea Gizarte Segurantzaren sisteman erregistratuta ez badago, entitatea Gizarte Segurantzarekiko edo Gizarte Segurantzaren ordezko sistemekiko betebeharretan egunean dagoela jasotzen duen erantzukizun-deklarazioa.

5. artikulua.– Eskabidea hobetzea.

Eskaera kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak beharrezko irizten dion informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera balioestearren.

6. artikulua.– Diru-laguntza lineen lekualdaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren garapenean deitutako laguntzen esparruan, berariazko koordinazio-mekanismoak antolatuko dira eskabideak oker aurkeztu diren kasuetarako, eskabidearen xedeak diru-laguntzarenarekin bat egiten ez duelako.

Ildo horretatik, eskaera aurkeztu zaion laguntzen linearen erakunde kudeatzailearen iritziz laguntza horren xedea ez badator bat linea horrekin, baina eskaeraren xedea administrazio-erabakiaren aurreko fasean dagoen Agindu honetan aurreikusitako laguntzen beste lineari egokitzen dela baderitzo, eskaera xede duen horretara gehien egokitzen den laguntzen linean sartzea erabaki ahal izango du. Eskaera hasiera batean aurkeztu zen lineako Zuzendaritza kudeatzaileak eskaera lekualdatuko du hori egokitzen den laguntzen linearen Zuzendaritza kudeatzailera.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako lekualdaketaren berri emango zaio erakunde eskatzaileari, hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta, egokitzat hartzen dituen alegazioak egiteko aukera izan dezan. Epe hori igaro bada, eta erakunde eskatzaileak aurka egin ez badu, linearen lekualdaketa onartutzat hartuko da.

7. artikulua.– Diruz lagunduko ez diren gastuak.

Orokorki, ez dira diruz lagunduko janari eta edari gastuak, jai, gertakari eta edozein motatako aurkezpenetan, eta ezta edozein ospakizun edo otordu bazkide, langile edota boluntarioentzat ere.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta frogagiriak aurkezteko modua eta epea.

1.– Emandako diru-laguntza bi zatitan burutuko da. Lehenengoa aurrerapen gisakoa izango da, emandako diru-laguntza zenbatekoaren % 70aren baliokidea izango da eta abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 12.a artikuluan ezarritako epea igarota emango da, tartean uko-egiterik ez badago. Bigarrena, 2018an, diruz lagundutako jarduera bukatu ondoren eta artikulu honetan eskatutako laguntzaren kitapenaren kopuruari dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Frogagiriak aurkezteko epea 2019ko otsailaren 28an amaituko da.

3.– Erakunde onuradunek behar bezala eta guztiz beteta aurkeztu beharko dituzte agindu honetako II-A eranskina (jardueraren memoria) eta II-B eranskina (jardueraren memoria ekonomikoa). Inprimaki horiek Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude:

– Pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin gauzatu behar diren esku-hartze sozialeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/pertsonekin-familiekin-taldeekin-eta-komunitateekin-gauzatu-behar-diren-esku-hartze-sozialeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

– Esku-hartze sozialean ekintza boluntarioa eta partaidetza asoziatiboa indartzeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/esku-hartze-sozialean-ekintza-boluntarioa-eta-parte-hartze-asoziatiboa-indartzeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak:

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/jakintzaren-kudeaketa-jarduerak-gauzatu-behar-diren-esku-hartze-sozialeko-jardueretarako-diru-laguntzak-2018ko-deialdia/web01-a2gizar/eu/

II-B eranskinean justifikazioko kontua jasotzen da; hau da, gastua –Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoaren parekoa– egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat (dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion ehunekoa jasota).

4.– II-A eranskina, II-B eranskina eta gehitzen zaien dokumentazioa elektronikoki jaso beharko dira kasuan kasuko espedientean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5.– Emandako laguntzaren kontura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak egikaritzeari lotuta egongo dira nahitaez. Gastu horiek justifikatzeko ondoren azalduko ditugun dokumentuak hartuko dira baliozkotzat, eta dokumentu horiek dagokien datatik aurrera gutxienez bost urtez gorde eta eskura eduki beharko ditu erakundeak. Aipatutako dokumentuak honako hauek dira:

a) Erakunde onuradunaren izenean emandako faktura bidez justifikatuak. Baliagarria izateko, faktura orok 2018koa beharko du izan.

Arauarekiko salbuespenak –fakturatzetik salbuetsitako eragiketak; hartzailearen identifikazio-datuak fakturan biltzea nahitaezkoa ez izatea; jasanarazitako zerga-kuota eta aplikaturiko zerga-tasa fakturan berariaz adieraztea ez betetzea; fakturak txartel zenbakituen txeketegiekin edo, halakorik ez bada, makina erregistratzaileek emandako txartelekin ordeztea; eta abar– fakturazio-betebeharrak arautzen dituzten foru-dekretuetan bildutakoak dira, edo, halakorik ezean, azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan.

b) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatuak, betiere finantza-erakundeek igorri eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

c) Langileei dagozkien gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien originalen bitartez egiaztatzen direnak.

d) Enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egindako eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaindu behar ez duten noizbehinkako lanen kasuan, gastuaren erakunde onuradun igorlearen ordezkariak sinatutako idazki bidez justifikatuko dira gastuak. Honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez idazki horrek: igorlearen eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren eta haren zenbateko osoaren deskribapena; hartzailearen «jaso izana» eta sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekiko atxikipena –PFEZ–.

e) Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diru-laguntza jaso dezakeen gastutzat har daiteke Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen xede diren eta boluntarioen laguntza duten jardueren esparruan. Finantzatu behar diren boluntarioen asegurua bi polizek osatu beharko dute, bata istripu-poliza izango da, eta bestea erantzukizun zibileko poliza; azkenekoaren kasuan, aseguratutako 300.506,05 euroko gutxieneko zenbatekoa izango du ezbeharragatiko eta aseguruaren urteko kuota bakoitzeko polizari atxikitako pertsona bakoitzeko. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, justifikazio-kontuan aseguru-entitateak edo aseguru-hartzaileak emandako ziurtagiria aipatuko da. Kontu horretan erakundeak bere boluntarioen alde kontratatu dituen aseguru-polizen estaldurei buruzko datuak egiaztatuko dira gutxienez, eta aseguratutako pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa zehaztuko dira.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko emandako maileguaren zenbatekoa eta xedea justifikatzen duen banku-dokumentua, eta baita lehen ordainketaren datara arte abonatutako interesak ere, baldin eta diru-laguntza hauek arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.

6.– Diru-laguntza behar bezala aplikatu ote den egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuaren egiaztagiriak, lagin adierazgarriaren oinarriaren gainean, laguntza eman eta ondorengo bost urtetan egiaztatuko dira, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituen gainerako ikuskapenak, jarraipena eta kontrola alde batera utzi gabe.

9. artikulua.– Eskaeren balioespena.

1.– 50 puntu edo gehiagoko puntuazioa lortzen duten jarduerak soilik lagundu ahalko dira diruz.

2.– Laguntzaren zenbatekoa abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan xehatutako bi distribuzio-faseen arabera zehaztu beharko balitz, ondoko formula erabiliko da fase aldakorrari dagokion zenbatekoa zehazteko:

S = GSZ x (P-20)/100

Izanik:

S = Fase honetan jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa.

GZS = Gehieneko Zenbateko Subentzionagarria.

P = Balorazio Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

II. KAPITULUA
PERTSONEKIN, FAMILIEKIN, TALDEEKIN ETA KOMUNITATEEKIN GAUZATU BEHAR DIREN ESKU-HARTZE SOZIALEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

10. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.2 artikuluaren arabera, diru-laguntza linea horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantzaketa: esku-hartze sozialerako jarduerek pertsona, familia, talde eta komunitateekin, hau da, pertsonen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa sustatu eta babesteko jarduerek, eta batez ere esperimentazioa edo berrikuntza dakarten jarduerek.

11. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak.

1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 3.743.480 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2018rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan; zenbateko horretan, 2.620.436 euro 2018rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.123.044 euro, berriz, 2019. urterako konpromiso-kredituari.

2.– Diru-laguntza linea horretan, ezin izango da 210.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Honako hauek hartzen dira zeharkako kostutzat: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne, baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egiteko.

4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Diru-laguntza linea horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraiki, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraiki, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna, ebaluagarritasuna eta izaera berritzailea barne: 20 puntu gehienez.

b) Jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera esku-hartze minoritario batekoa izatea edota egoera horren garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua barne: 15 puntu gehienez.

c) Familia- eta komunitate-ikuspegia aplikatzeko merezimendu bereziak, familia- eta komunitate-harremanen mesedetan izatea, familia- eta lan-bizitza bateragarri egitea, gurasotasun positiboa, etxeko eta komunitateko zaintza-eredu berriak eta esku-hartzeko hartzaileen parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 10 puntu gehienez.

d) Esku-hartze sozialaren eremuaren eta beste eremu batzuen (hezkuntza- eta osasun-arloko esku-hartzea edo enpleguari buruzko esku-hartzea) arteko koordinazioa: 10 puntu gehienez.

e) Lurraldez gaindiko jardueraren eremua edo eskala, eta horrela hartzen da kontuan lurralde historiko guztietako pertsonek jardueretan benetan parte hartzea edota erkidegoaren esparruan lankidetza-jarduerak egitea premiak, jardunbide egokiak edo proiektuaren xede den gaian egoki diren beste alderdiak identifikatzeko. Halabeharrez jardueretan lurralde historiko bateko baino gehiagoko lagunek parte hartzeak ez dio lurraldez gaindiko izaera ematen: 10 puntu gehienez.

f) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, baita ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntu gehienez.

g) Jarduera Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 5 puntu gehienez.

h) Jardueraren eta prestazioen, zerbitzuen, jardunen eta aribideko politika publikoen artean ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia esku-hartze sozialaren esparruan: 5 puntu gehienez.

i) Jarduera egitea, hainbat erakunderen edo hainbat erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin: 5 puntu gehienez.

j) Jardueran honako hauek sartzea: ekintza boluntarioaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa; baita erakundeak onura publikokoa edo interes sozialekoa izatearen deklarazioa bere esku izatea ere: 5 puntu gehienez.

k) Merezimendu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntu gehienez.

l) Jardueraren edo erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen ekimenaren ehunekoa: 5 puntu gehienez.

Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

III. KAPITULUA
ESKU-HARTZE SOZIALEAN EKINTZA BOLUNTARIOA ETA PARTAIDETZA ASOZIATIBOA INDARTZEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

13. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.3 artikuluaren arabera, diru-laguntza linea horretan honako jarduera hauek jaso ahal izango dute finantzaketa: esku-hartze sozialaren eremuan ekintza boluntarioa areagotzera, partaidetza asoziatiboa garatzera, eta, bereziki, esku-hartze soziala gauzatzen duten erakundeak, sareak edo nagusiki autonomia-eremuko federazioak eraikitzera eta hobetzera bideratutako jarduerek.

14. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak

1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 599.000 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2018rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan; zenbateko horretan, 419.300 euro 2018rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 179.700 euro, berriz, 2019. urterako konpromiso-kredituari.

2.– Diru-laguntza lerro horretan, ezin izango da 35.000 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 15 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Honako hauek hartzen dira zeharkako kostutzat: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei buruzkoak barne, baina gastu horiek jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin zaizkion arren, nahitaezkoak dira diruz lagundutako jarduera egiteko.

4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Diru-laguntza linea horretan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekiko koherentziari jarraiki, eta bertan jasotako gainerako orientazioekiko koherentziari jarraiki, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barnean hartuz: 25 puntu gehienez.

b) Jarduerak erantzuna eman nahi dion egoera esku-hartze minoritario batekoa izatea edota egoera horren garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradun kopurua barne: 15 puntu gehienez.

c) Jarduera hainbat erakunderen edo hainbat erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin gauzatzea, baita irabazi-asmorik gabeko erakundeak autonomia-eremuko erakundeen, sareen edo federazioen dinamika aktiboetan kokatzen laguntzea eta politika publikoen adierazpena, betearazpena eta ebaluazioa esku-hartze sozialaren eremuan kokatzen laguntzea ere: 10 puntu.

d) Jardueran honako hauek sartzea: ekintza boluntarioaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa eta pertsona hartzaileek esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea; baita erakundea onura publikokoa edo interes sozialekoa izatearen deklarazioa bere esku izatea ere: 10 puntu.

e) Lurraldez gaindiko jardueraren eremua edo eskala, eta horrela hartzen da kontuan lurralde historiko ezberdinetako pertsonek jardueretan benetan parte hartzea edota erkidegoaren esparruan lankidetza-jarduerak egitea premiak, jardunbide egokiak edo proiektuaren xede den gaian egoki diren beste alderdiak identifikatzeko. Halabeharrez jardueretan lurralde historiko bateko baino gehiagoko lagunek parte hartzeak ez dio lurraldez gaindiko izaera ematen: 15 puntu gehienez.

f) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, baita ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntu gehienez.

g) Jarduera Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) kokatzea eta jarduera horren zentzua: 5 puntu gehienez.

h) Jardueraren eta prestazioen, zerbitzuen, jardunen eta aribideko politika publikoen artean ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia esku-hartze sozialaren esparruan: 5 puntu gehienez.

i) Merezimendu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntu gehienez.

j) Jardueraren edo erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen ekimenaren ehunekoa: 5 puntu gehienez.

Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 12,5 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

IV. KAPITULUA
ESKU-HARTZE SOZIALERAKO JAKINTZA KUDEATZEKO JARDUERETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

16. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea 2018. urterako diru-laguntza batzuetarako deialdia egitea da. Diru-laguntzak esku-hartze sozialerako jakintza baliagarria sortu eta lortzeko jardueretarako izango dira; besteak beste, honako hauek egiteko: prestakuntza-programak, ikerketa-proiektuak, argitalpenak egin eta zabaltzea, dokumentazioarekin zerikusia duten jarduerak, eta ekitaldi teknikoak, hala nola ikastaroak eta mintegiak.

17. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak.

1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 450.000,00 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2018rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan; zenbateko horretan, 315.000 euro 2018rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 135.000,00 euro, berriz, 2019. urterako konpromiso-kredituari.

2.– Diru-laguntza lerro horretan, ezin izango da 22.200 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.

3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Zeharkako kostutzat hartzen dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne, baldin eta, jarduera jakin bati zuzenean egotzi ahal izan ez arren, beharrezkoak badira diruz lagundutako jarduera egin ahal izateko.

4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.

18. artikulua Balorazio-irizpideak.

Diru-laguntzen lerro honetan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekin eta bertan jasotako gainerako orientazioekin bat, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barne, bai eta irakasleen, txostengileen eta/edo ikertzaileen prestakuntza ere: 20 puntura arte.

b) Landu beharreko gaiaren garrantzia, egokitasuna eta izaera berritzailea, jardueraren hartzaile izan daitezkeen pertsonen kopurua barne, bai eta gizarte-zerbitzuen esparruan erantzuna jaso dezaketen gizarte-premiak hautematea ere: 20 puntura arte.

c) Jardueran landutako gaiak zer ekarpen egiten duen esku-hartze sozialaren esparruaren egituraketan, bai eta, bereziki, zer ekarpen egiten duen ere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako eragileez eta tresnez den bezainbatean (zorroa, kontzertua, dekretua, mapa): 10 puntura arte.

d) Gizarteratzeko zeharkako politikak, familia, haurrak eta nerabeak, immigrazioa, adinekoak, desgaitasuna eta mendekotasuna edo askatasun eta dibertsitate afektibo eta sexuala antolatzen laguntzea gizarte-babesaren sektore-arlo nagusiekin, hala nola hezkuntzarekin, osasunarekin eta gizarte-zerbitzuekin: 10 puntura arte.

e) Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala; hau da, zenbait lurralde historikotako pertsonek jardueran duten partaidetza erreala eta/edo erkidego-mailako lankidetza-jarduerak egitea, beharrak, jardunbide egokiak edo proiektuaren helbururako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk identifikatzeko: 10 puntura arte.

f) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, bai eta ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntura arte.

g) Jarduerak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) duen kokapena: 5 puntura arte.

h) Jarduera zenbait erakunderen edo zenbait erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin aurrera eramatea: 5 puntura arte.

i) Jardueran honako hauek sartzea: borondatezko ekintzaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa, pertsona jasotzaileek esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea, bai eta erakundeak onura publikokoa eta gizarte-interesekoa delako deklarazioa bere esku izatea ere: 5 puntura arte.

j) Meritu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntura arte.

k) Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntura arte.

Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan esanbidez aurreikusi ez den orori dagokionez, honako hauetan biltzen diren aurreikuspenak aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Aginduaren aurka, alderdi interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua aipaturiko aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 21a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala