Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2018ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1054

AGINDUA, 2017ko urriaren 10ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Donostia Internacional Physics Center» fundazioaren estatutuen 3. (fundazioaren helburuak), 6. (helbidea), 10., 12., 13., 15., 18., 22. eta 24. artikuluetan egindako aldaketak.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko abuztuaren 24an, eskabide bat sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean (honezkero desagertua), Alberto López Basaguren jaunak, Patronatuko idazkari denak, aurkeztua, zeinetan eskatzen baitzen «Fundación Donostia Internacional Physics Center» fundazioaren estatutuen 3. (fundazioaren helburuak), 6. (helbidea), 10., 12., 13., 15., 18., 22. eta 24. artikuluetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa horiek egitea 2011ko ekainaren 15ean erabaki zuen Fundazioaren Patronatuak.

Bigarrena.- Eskabidearekin batera, fundazioaren estatutuak egokitzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2012ko uztailaren 23an egiletsi zen, Donostiako notario Diego María Granados de Asensio jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.778).

Eskritura publiko horrekin batera sartu zen honako hau ere: Alberto López Basaguren jaunak –fundazioko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2012ko maiatzaren 20an emandako ziurtagiria, zeina baita Patronatuak 2011ko ekainaren 15ean egindako bilerarena, non aho batez onartu baitziren fundazioaren estatutuen 3. (fundazioaren helburuak), 6. (helbidea), 10., 12., 13., 15., 18., 22. eta 24. artikuluetan egindako aldaketak.

Aldatutako artikuluak gai hauei buruzkoak dira: fundazioaren helburuak (3. artikulua); helbidea (6. artikulua); kolaboratzaileak (10. artikulua); Patronatua eta beraren osaera (120. artikulua); Patronatuaren funtzionamendua (13. artikulua); lehendakaria (15. artikulua); zuzendaria (18. artikulua); urteko aurrekontua (22. artikulua); fundazioarentzat lan egiten duten pertsonak (24. artikulua).

Estatutuak aldatuta fundazioaren helburuak aldatzen dira, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantzari buruzko aipamena kentzen baita 3. artikuluaren 5. ataletik; fundazioaren helbidea aldatzen da (6. artikulua); bi herenen gehiengoa nahikoa da kolaboratzaileak aldatzeko (10. artikuluaren 3. atala); 10. artikulu horren 4. atala aldatzen da, kolaboratzaile-izaera galtzeari buruzkoa; aldatzen da Patronatua osatzen duten bokalen kopurua: hiruna izango dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak, eta lautik hamarrera pasako dira Patronatuak hautatutakoak; g) paragrafoa eransten da, egoera berezietan hautatzen diren bokalei buruzkoa (12. artikulua); Patronatuaren funtzionamenduari dagokionez, kendu egiten da beharrezkoa dela Patronatuko kideen presentzia fisikoa, bai eta ordezkatuta egoteagatik bertaratu beharretatik salbuetsita egotea ere (13.6 artikulua); lehendakariaren karguaren indarraldia aldatzen da: urte batetik bost urtera pasatzen da (15.1 artikulua); zuzendariari buruzko artikuluari dagokionez, fundazioaren kudeaketa administratiboaren ardura kentzen da, bai eta jaso litzakeen bidaia-sariena eta kalte-ordainen gastuena ere (18. artikulua); aldatu egiten da fundazioko kideek aurrekontu-ekarpenak egiteko duten modua (22.2 artikulua); fundazioarentzat lan egiten duten pertsonei dagokienez, bigarren paragrafoa aldatzen da: aurrerantzean administratzaileak izango du ohiko kudeaketaren eta langileen kudeaketaren ardura (24.2 artikulua).

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2017ko urriaren 9ko Ebazpenaren bidez onartu du fundazioaren estatutuak aldatzea, eta espedientearen ebazpen-proposamena egin du, honako hauek kontuan hartuta:

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau

XEDATZEN DUT

Lehenengoa.– «Fundación Donostia Internacional Physics Center» fundazioaren estatutuen 3. (fundazioaren helburuak), 6. (helbidea), 10., 12., 13., 15., 18., 22. eta 24. artikuluetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, horixe erabaki baitzuen Fundazioaren Patronatuak 2011ko ekainaren 15ean; hala dago zehaztuta 2012ko uztailaren 23an Donostiako Diego María Granados de Asensio notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1.778) egiletsitako eskrituran.

Estatutuen 3. artikulua (fundazioaren helburuak) aldatu denez, honako hauek dira orain helburuak, eguneratuta:

«3. artikulua.– Fundazioaren helburuak.

1.- Hauxe da fundazioaren helburua: oinarrizko fisika eta fisika aplikatuaren arloan ikerkuntza zientifikoko eta garapen teknologikoko jarduerak sustatzea, euskal gizartearentzat eta nazioarteko garapen zientifikoarentzat interesgarriak badira. Fundazioak garatzen dituen programetan, Patronatuak erabakiko du, irizpide objektiboei jarraikiz, nortzuk izan ahal izango diren fundazioen jardueren onuradun.

2.- Horretarako, Fundazioak sustatuko ditu, lehentasunez, ikertzaileen, ikerketa-taldeen eta nazioarteko erakunde zientifikoen arteko lankidetza eta elkartrukea, garapen eta aplikazio zientifikoaren jardueretan. Horretarako, gogotik bultzatuko du nazioartean nabarmenak diren ikertzaileek EAEko taldeen ikerlanetan parte hartzea, bai eta EAEko ikertzaileek nazioartean nabarmenak diren ikerketa-taldeetan ere parte hartzea ere, helburu horretarako egokien ikusten dituen ekintzak finantzatuz.

3.- Era berean, fundazioak, bere jarduera-eremuan, jarduera hauek sustatuko ditu:

a) Ikerkuntza zientifiko eta teknologikoaren proiektuak.

b) Berrikuntzari zabalkundea ematea eta teknologiaren transferentzia.

c) Txostenak, azterlanak, analisiak eta enpresek, Administrazio Publikoak edo Botere Judizialaren organoek eskatzen duten beste edozein zerbitzu egitea.

d) Prestakuntza-jarduerak, batez ere graduondokoak, esaterako, ikastaro aurreratuak eta nazioarteko bilera zientifikoak.

e) Aipatu ez den beste edozein jarduera, baldin eta fundazioaren helburuak betetzeko egokia bada.

4.– Jarduera horiek gauzatzeko, Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatearekiko lankidetza sustatuko da.

5.- Fundazioak bere jarduerak egitean instituzioekin lankidetzan jardungo du, batez ere Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren eta industriaren eskumenak dituzten Sailekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin, eta bere jarduerak koordinatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako ikerkuntza-zentroekin, eta saiatuko da unean-unean Eusko Jaurlaritzak ikerkuntzaren eta garapen teknologikoaren arloan ebazten duen politikara egokitzen.

Hemendik aurrera, fundazioaren helbidea Donostiako «Ibaeta Zentroa» izenez ezagunak diren eskola-instalazio zaharretara aldatuko da (Manuel Lardizabal pasealekua 4), Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatearen campusaren ondoan baitaude.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 10a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

Josu Iñaki Erkoreka Gervasio.


Azterketa dokumentala