Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2018ko otsailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
827

AGINDUA, 2017ko irailaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen, batetik, honako fundazio hauek bat egin dutela batak bestea xurgatuta: «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» (fundazio xurgatzailea) eta «Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa- Fundacion Euskomedia de Eusko Ikaskuntza» (fundazio xurgatua); eta, bestetik, fundazio xurgatzailearen estatutuen eta patronatuan egindako aldaketa; izan ere, aurrerantzean, fundazioaren izena «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» izango da.

Eskabide bat aurkeztu zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari, onar dezan bi fundazio hauek xurgatze bidez bat egitea: «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» (fundazio xurgatzailea) eta «Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa- Fundacion Euskomedia de Eusko Ikaskuntza» (fundazio xurgatua). Horrekin batera, eskatu da inskriba dadila bat-egite hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan. Bada, eskabidearen espedientea aztertu da, honako hauek oinarri hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2016ko abenduaren 7an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide hau jaso zen: bi fundazioek xurgapen bidez bat egiteko eta fundazio xurgatzailearen estatutuak eta patronatua aldatzeko erabakiak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Eskaera-idazkiarekin batera, administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa aurkeztu zen.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Funtsezko iritzi diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, hartara, bat-egitea dela-eta, bereziki bete dira artikulu hauetan ezarritako eskakizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 38. artikuluan ezarritakoak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen 101/2007 Dekretuaren 45. artikuluan ezarritakoak.

Hirugarrena.– Fundazio xurgatzaileak erabakitako estatutu-aldaketa dela-eta, bete da, orobat, artikulu hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 33. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 44. artikulua (erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartu zen). Estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Fundazio xurgatzaileak erabakitako patronatu-aldaketa dela-eta, honako lege-xedapen hauek bete dira: Autonomia Erkidegoko Fundazioaren ekainaren ko 9/2016 Legearen 13. artikulua eta berarekin bat datozenak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 40. artikulua eta berarekin bat datozenak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak, eta fundazioaren estatutuetako arau aldatuak, aplikagarriak direnak.

Aipatutako manuak eta oro har aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onarpena ematea xurgapen bidezko honako bat-egite honi: «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» fundazio xurgatzaileak «Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa- Fundacion Euskomedia de Eusko Ikaskuntza» fundazioa xurgatzen du.

Bigarrena.– Agintzea inskriba dadila, agindu honen datarekin, bat-egite honen eskritura: «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» fundazio xurgatzaileak «Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa- Fundacion Euskomedia de Eusko Ikaskuntza» fundazioa xurgatzen du. Betiere, Euskal Autonomia Erkidergoko Notarioen Elkargoko notario Enrique García-Jalón de la Lama jaunaren aurrean 2017ko ekainaren 14an egiletsitako eskritura publikoarekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 880).

Hirugarrena.– Onarpena ematea «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» fundazio xurgatzailearen estatutuen aldaketari (3. artikulua aldatzen da) eta estatutuen bat-egiteari; aurrerantzean, fundazioak izen hau izango du: «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza».

Laugarrena.– Agintzea inskriba dadila «Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza» fundazioaren patronatu berria, osaera hau izango duena:

– Lehendakaria: Ińaki Dorronsoro Plazaola jn.

– Idazkaria: Idoia Goikoetxea Zabaleta and.

– Kidea: Ińaki Esparza Leibar jn.

– Kidea: Ángeles Iztueta Azkue and.

– Kidea: Manuel María Yarzabal Echeveste jn.

Bosgarrena.– Ezereztea «Eusko Ikaskuntzaren Euskomedia Fundazioa- Fundacion Euskomedia de Eusko Ikaskuntza» fundazioari dagozkion erregistro-idazpenak.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 4a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IŃAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala