Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2018ko otsailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
768

15/2018 DEKRETUA, otsailaren 6koa, 2018ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeko 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoak ezingo du gainditu ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa 429.302.050 eurotik gora.

Beraz, 2017. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2018ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.377.212.070 eurokoa da. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoen bidez bermatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2018rako aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzea, zor publikoari dagokionez, Kontzertu Ekonomikoaren 62.b artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.

Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena egitea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.

Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.

Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren Zor Publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.

Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehazteko uzten da bai zer tresna eta zer modalitate zehatz erabiliko den zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko, bai zer finantza-baldintzak ezarriko diren.

Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2018ko otsailaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 10.1 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egin ditzan adostu zen 2018rako, eta baimena eman zen mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, mila hirurehun eta hirurogeita hamazazpi milioi berrehun eta hamabi mila eta hirurogeita hamar (1.377.212.070) euroko gehieneko zenbatekoarekin.

2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.

Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:

1.– Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.377.212.070 euro.

2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

4.– Epea: 30 urte, gehienez.

5.– Jaulkipen-modalitateak: eragiketak honela egin ahal izango dira:

– Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.

– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.

3. artikulua.– Helburua.

Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.

4. artikulua.– Onurak.

Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.

5. artikulua.– Konputagarritasuna.

Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaikuntzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

2.– Baimena ematen zaie Ekonomiako, Finantzetako eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari, batek zein besteak, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, hala badagokio.

AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala