Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2018ko urtarrilaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
452

AGINDUA, 2018ko urtarrilaren 17koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarena, Bilbo udalerriko Arangoiti auzoan babes ofizialeko 53 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua amaitzeari buruzkoa.

GERTAKARIAK

1.– 2015eko otsailaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko otsailaren 18ko Agindua, Bilbo udalerriko Arangoiti auzoan, 53 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten zuena.

2.– 2015eko martxoaren 18an argitaratu ziren Bilbo udalerriko Arangoiti auzoan 53 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko prozeduran onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

3.– 2015eko maiatzaren 5ean, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpenaren bidez, partzialki baietsi zen Deurbe, S.L.P.–k honako kontratu honen lizitazio-iragarkiaren aurka jarritako errekurtsoa: «Bilbao 2 sailean, Arangoiti 130.02 EUn dagoen P2 lursailari lotutako 53 babes ofizialeko etxebizitzen, beraien eranskinen eta dagokien urbanizazioaren exekuzio-, zuzentze- eta ikuskatze-proiektua idaztea»; lizitazio-iragarkia VISESAk izapidetu zuen, eta, ebazpen horren ondorioz, baldintza-agiriak bertan behera utzi eta lizitazioa indargabetu zen.

4.– Enplegu eta Politika Sozialen Saileko Zerbitzu zuzendariaren 2016ko ekainaren 1eko Ebazpenaren bidez, zerbitzu-kontratuaren suntsiarazpen-espedienteari hasiera ematea agindu zen; 2016ko ekainaren 21ean, Deurbe, S.L.P.–k ebazpen espediente horri alegazioak jarri zizkion. 2016ko azaroan, Etxebizitza Zuzendaritzak txostena eman zuen, eta, bertan, kontratuaren suntsiarazpena dela-eta, Deurbe, S.L.P.ri dagokion kalte-ordainaren balorizazioa jasotzen da.

5.– 2017ko urtarrilean, VISESAk uko egin zion proiektua garatzeari, bere lizitazioari, sustapeneko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioari eta baita eskatutako obra-lizentziari ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio agindu hori ematea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 84.2 artikuluak hau xedatzen du: prozedura amaitu egingo da, halaber, jarraitzea materialki ezinezkoa bada gerora sortutako arrazoiengatik. Ematen den ebazpenak arrazoitua izan behar du beti.

3.– Bestalde, lege beraren 35.1 artikuluaren g) puntuak hau xedatzen du: arrazoitu egin behar dira, egitateak eta zuzenbideko oinarriak gerora sortutako arrazoiengatik jarraitzea materialki ezinezkoa delako prozedura amaitzea erabakitzen duten egintzak, eta ofizioz hasitako prozeduretan Administrazioak atzera egiten duela erabakitzen dutenak.

4.– 2017ko urtarrilean, Visesak uko egin zio: proiektua garatzeari, bere lizitazioari, sustapeneko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioari eta baita eskatutako obra-lizentziari ere. Hori gerora sortutako arrazoia da, eta, horren eraginez, ezinezkoa da Bilboko Arangoiti auzoan babes ofizialeko 53 etxebizitzak esleitzeko prozedurarekin jarraitzea. Ondorioz, bere garaian xede horrekin hasitako prozedura amaitzea dakar.

Hori guztia dela-eta, aipatutako aginduak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Bilboko udalerriko Arangoiti auzoko babes ofizialeko 53 etxebizitza esleitzeko prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa dela adieraztea, gerora sortutako arrazoiak direla-eta. Horregatik, prozedura hori amaitu egingo da.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 17a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala