Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2018ko urtarrilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
230

EBAZPENA, 2017ko abenduaren 29koa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena, zeinaren bidez argitaratzen baita Donostiako udalerrian turista asko biltzen diren eremuak izendatu direla, merkataritza-ordutegien ondorioetarako.

Lehenengoa.– Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluko («ordutegi-erregimen berezia duten saltokiak») 1. paragrafoan xedatzen denez, honako hauek askatasun osoa izango dute publikoarentzat irekita egongo diren egunak eta orduak erabakitzeko Estatu osoan: batez ere pastelak eta gozokiak, ogia, prestaturiko jakiak, prentsa, erregaiak, loreak eta landareak saltzen dituzten saltokiek eta komenientziako dendek, bai eta muga-postuetan, geltokietan eta lurreko, itsasoko eta aireko garraiobideetan eta turista asko biltzen diren eremuetan ipinitakoek ere.

Bestetik, artikulu beraren 4. paragrafoan zehazten denez, aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, autonomia-erkidegoek, bakoitzaren lurralde-esparruan, turista asko biltzen diren eremuak zehaztuko dituzte, betiere udalek proposatuta. Turista asko biltzen diren eremutzat hartuko dira egoera hauetako bat gertatzen den udalerri osoko edo haren zati bateko guneak:

a) Nahiko plaza izatea turismoko establezimenduetan eta ostatuetan, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.

b) Gizadiaren Ondare izendapena izatea edo bertan artearen eta historiaren ondareko kultur intereseko ondasun higiezinen bat egotea.

c) Muga-eremuekin mugakide izatea edo haien eragin-eremu izatea.

d) Nazioko edo nazioarteko kirol edo kultur ekitaldi handiak egitea.

e) Gurutzaontzi turistikoak iristen diren portuetatik gertu egotea eta bisitari ugari hartzea.

f) Erakargarri nagusitzat erosketa-turismoa duten eremuak izatea.

g) Justifikatzeko adinako egoera bereziak daudenean.

Eta 5. paragrafoan, hau ezarri da:

«Nolanahi ere, aurreko urtean 600.000 ostatu-gau baino gehiago izan dituzten 100.000 biztanletik gorako udalerrietan edo gurutzaontzi turistikoak iristen diren eta aurreko urtean 400.000 bidaiari baino gehiago hartu dituzten portuak dituztenetan, turista asko biltzen dituen eremu bat izendatuko da gutxienez, betiere aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideak aplikatuta. Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Portuen argitalpenak izango dira informazio-iturri estatistika-datu horiek lortzeko orduan.»

Bigarrena.– Donostiako Udalak, abenduaren 22ko idazkiaren bidez, Zurriola Pasealekua eta Hiribidea eta Alde Zaharra, Bretxa merkataritza-gunea izan ezik, turista asko biltzen diren eremu izendatzeko proposamena aurkeztu du, Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Nik, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 81/2017 Dekretuak emandako eskumenez baliatuta, Donostiako Udalak egindako proposamena ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Turista asko biltzen diren eremu izendatzea Donostiako udalerriko honako toki hauek: Zurriola Pasealekua eta Hiribidea eta Alde Zaharra, Bretxa merkataritza-gunea izan ezik.

Bigarrena.– Izendapen hau 2018rako baino ez da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 29a.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,

ISABEL MUELA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala