Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2018ko urtarrilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
50

AGINDUA, 2017ko abenduaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez LANdhome programa 2018ko ekitaldirako arautu eta deitzen baita. Programa horren bidez, diru-laguntzak ematen zaizkie EAEn kokatuta dauden enpresei Euskadira itzuli diren euskal profesionalak kontratatzeko.

Enpresak Nazioartekotzeko Planaren bitartez, XI. legegintzaldian euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza publikoak ordenatu eta sostengatzen dira. 2017-2020 aldirako Enpresak Nazioartekotzeko Planaren helburu nagusia da jauzi kualitatibo bat ematea EAEko enpresak merkatu globalean txertatzen eta euskal enpresen nazioarteko lehiakortasuna sustatzen, balio erantsiko laguntza-esparru bat ezarriz, jarduketak pertsonalizatuz eta segmentatuz, ekonomiaren irekitze- eta nazioartekotze-maila bultzatuz, kanpo-merkataritza indartuz, sendotuz, eta dibertsifikatuz, atzerrian EAEko enpresek duten presentzia handituz eta agerian jarriz eta Basque Country marka maila globalean sendotuz. Ezarritako helburuak betetzeko, 8 ardatz estrategiko zehaztu ditugu 2017-2020 aldiko Enpresak Nazioartekotzeko Planean. Ardatz estrategiko horietako 4. ardatza enpresak nazioartekotzen espezializatuta dauden pertsona trebatuak integratzen laguntzea da.

Bestalde, agerikoa da atzerrira joandako euskal profesionalek lortutako esperientzia internazionalak balio handia ekar diezaiekeela gure enpresei garatzeko eta hedatzeko dituzten erronkei aurre egiteari begira. Horren froga da giza baliabideen arloko politikak era eragingarriagoan kudeatzen dituzten enpresa handiek eta industria-taldeek, normalean, lehen mailako betekizuntzat dutela kanpoan proiektuetan parte hartu izana, hala sustatu egiten baitira erantzukizuneko postuetara doazenen karrera profesionalak.

Hala ere, karrera profesionala garatzeko ereduzko modelo horiek ez dira ohikoak euskal enpresa gehienetan. Beraz, eskarmentua duten profesionalen itzulera errazteko eta enpresen egungo beharren arabera oso baliagarria den talentua berreskuratzeko, egokia eta beharrezkoa da pizgarri publikoak ezartzea EAEko enpresei euren antolakuntza egokitzen laguntzeko eta atzerrian dauden profesional, zuzendari eta teknikari trebatuen itzulera errazteko. Horretarako, LANdhome programa jartzen da abian. Programa horren azken helburua da kanporako joan-etorriak barne hartzen dituzten karrera-planak erakargarriago bihurtzeko pizgarriak ezartzea.

LANdhome programako laguntzak diru-laguntza publikoen bidez gauzatzen dira, eta enpresak laguntzea du helburu, zehazki, nazioarteko aipatu ezagutzak egiaztatzen dituzten profesionalak kontratatu ahal ditzaten; hartarako, lan-kontratuko lehen urteko soldata-kostu gordinaren zati bat ordainduaz.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak bere Diru-laguntzen Plan Estrategikoan jasota ditu EAEn dauden enpresentzako laguntzak EAEra itzuli diren euskal herritarrak kontratatzeko.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– LANdhome programaren 2018ko deialdiko oinarri arautzaileak (I. eranskinean jasoak) onartzea. Kanpotik itzulitako euskal profesionalak kontrata ditzaten, EAEn kokatutako enpresak diruz laguntzeko da aipatu programa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abenduaren 27a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
LANDHOME PROGRAMAREN ARAU ERREGULATZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da LANdhome programa arautu eta programan parte hartzeko deialdia egitea; programa horren bidez, sostengu publikoa ematera bideratutako laguntzak ematen dira kanpoan euren karrerak garatzen ari diren profesionalak EAEn egoitza soziala duten enpresetara (aurrerantzean euskal enpresak) itzultzea sustatzeko.

2. artikulua.– Indarraldia.

2018ko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Lehenengo artikuluko helbururako, 200.000 euroko baliabide ekonomikoak daude; horietatik, 100.000 euro 2018ko ordainketa-kredituetatik hartuko dira, eta beste 100.000 euro 2019ko konpromiso-kredituetatik, EAEko Aurrekontu Orokorretako kargura.

2.– LANdhome programarako dauden baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan daude izendatuta. Deialdi honi lotuta emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurua baino handiagoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurua baino handiagoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori agortutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Enpresek eskuratu ahal izango dituzte oinarri hauetan jasotako laguntzak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak badaude eta indarrean badute nazioartekotze-plana.

2.– Oinarri hauen eremutik kanpo geratzen dira sektore publikoko enpresa eta erakundeak.

3.– Era berean, baztertu egingo dira Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan edo diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharretan egunean ez dauden erakundeak, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluak ezarritakoaren arabera laguntza jasotzea galarazten dieten beste edozein egoeratan daudenak.

4.– Ez dira diruz lagunduko zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakunde edo enpresak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak jaso dituztenak barne.

5.– Onuradun izateko kondizioa diru-laguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko da.

5. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Enpresa onuradunak bete beharrekoak.

LANdhome programan jasotako laguntzak eskuratu ahal izateko, zuzendaritzako edo goi-mailako teknikarien postu bat betetzeko lan-kontratu mugagabe bat eskaini eta formalizatu beharko dute enpresek. Kontratazio horrek lagundu beharko du enpresako kontratazio mugagabeen kopuru garbia emendatzen zarratutako aurreko ekitaldiarekiko.

Ezin izango da kontratua deuseztatu 4 urteko epea baino txikiagoan eta langileari ezin egotzi zaion kausa dela-eta.

2.– Atzerritik itzulitako profesionalek bete beharrekoak.

a) 50 urte edo gutxiago izatea.

b) Atzerrian, kanpora joandako profesional gisa, etenik gabe gutxienez 4 urte eginda izatea, edo egoera berean 8 urte eginda izatea etenaldiekin, betiere programa honek laguntzen duen lan-kontratua sinatu aurretik.

c) Atzerrialdia hasi aurreko unean, EAEn gutxienez 2 urtez administrazio-auzotasuna eduki izana egiaztatzea edo atzerrialdia hasi aurreko azken 10 urteetan, EAEn administrazio-auzotasuna 5 urtez jarraian eduki izana.

d) Atzerritik itzuli aurreko unean, kanpoan enpresa bateko teknikari edo zuzendaritza mailako postu bat betetzen egotea.

e) Gutxienez 4 urtez Euskadin lan egiteko konpromisoa hartzea.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen mugak.

1.– Diruz lagun daiteke lan-kontratazioaren kostu gordina, kontratazio horren indarraldiaren lehenengo urtean.

2.– Laguntzaren muga hauxe izango da: erreferentziako lan-kontratuan kontsignatutako soldata-kostu gordinaren % 50, betiere 35.000 eurotik igaro gabe. Eskabidea aurkeztu aurretik egindako kontratazioak berariaz baztertuko dira.

3.– Enpresa edo erakunde eskatzaile bakoitzak (banan-banan edo kooperazioan) laguntza bakarra jaso ahal izango du, atzerriratu bati lan-kontratazioa egiteari dagokionez.

7. artikulua.– Laguntzen nolakotasuna eta esleipen-prozedura.

Itzuli beharrik gabekoak izango dira oinarri hauetan jasotako laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

Espedientea osotu den momentuaren arabera ordenatuki egingo da laguntzen esleipena, betiere eskakizun guztiak konplitzen dituzten eskabideen sarrera-ordena kontuan izanik, harik eta eskuragarri den aurrekontua agortu arte.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Laguntza hauek bateragarri dira beste herri-administrazio batzuek edo erakunde pribatuek, agindu honetan jasotako helburu berarekin, emandako laguntzekin. Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen zuzendaritzari jakinarazi beharko diote enpresa onuradunek laguntza horien gainekoa. Diruz lagundutako gastua berdina balitz, laguntzen guztikoak ez du gainditutako aurkeztutako gastuaren guztizko kostuaren % 50; beraz, muga hori gaindituko balitz, agindu honen pentzutan emandako laguntza gutxitu egingo da mugaz kanpo den zenbatekoan.

2.– Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako laguntzek 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EB) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte; izan ere, laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori.

9. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz izapidetuko dira.

2.– Interesa duten enpresak bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honen izapideak egiteko.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan egongo dira: http://www.euskadi.eus

3.– Eskabidea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko nazioartekotze gaietan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri (euskadi.eus).

4.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2018ko urriaren 31ko 12:00etan amaituko da.

5.– Eskabideak erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren izenpea izango du, eta eskabidearekin batera agindu honen 10. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztuko da.

6.– Sailarekiko hartu-emanetan, enpresek eskubidea dute EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko, bai ahoz eta bai idatziz ere, eta erantzunak aukeratutako hizkuntzan jasotzeko.

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Proiektuaren memoria zehatza aurkeztu beharko dute erakunde edo enpresa eskatzaileek; gutxienez eduki hauek jasoko dira bertan:

a) Enpresari edo enpresa elkartuei buruzko informazio orokorra.

b) Egingo den kontratazioaren deskribapena, non jasoko baitira eskainitako postua, kontratatuko den pertsonaren curriculum vitaea eta soldata-kostu gordina.

c) Proiektu bererako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako laguntzak.

d) Minimis araudia bete dela, horretarako aurreko bi zergaldietan eta unekoan jasotako laguntza publikoen berri eman beharko da.

e) Zarratutako aurreko ekitaldiarekiko enpresako kontratazio mugagabeen kopuru garbia emendatu dela.

2.– Dokumentazio osagarria:

a) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, salbu eta agiri hori Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku bada, eta indarrean.

b) Laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Hala ere, enpresa eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, agiriak aurkeztu beharko ditu diru-laguntzei buruzko araudian aurreikusitako baldintzetan.

c) Enpresa eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena hauei buruz:

I.– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

II.– Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietako batean sartuta badago, diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da itzultze- edo zigor-prozedura amaituta egotea.

III.– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne hartuta.

IV.– 5.1 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

d) Atzerritik itzulitako profesional kontratatuaren erantzukizunpeko adierazpena, 5.2 artikuluko eskakizunak konplitzeari buruzkoa.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak gertatzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

4.– Nolanahi ere, Nazioartekotze Zuzendaritzak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da. Agiriak eskatzen zaizkion unean zehazten den epean aurkeztu beharko agiriok.

11. artikulua.– Eskabideak onartzea eta zuzentzea.

Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo agiri osagarriren bat falta dela hautemanez gero, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzala 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua.– Ebaluazioa eta zenbatekoak zehaztea.

Nazioartekotze Zuzendaritzak izendatutako teknikariek egingo dituzte eskabideak aztertu eta ebaluatzeko lanak. Eta, eskabide bakoitzari dagokionez, kalkulatutako laguntzaren zenbatekoa ere jasotzen duen txosten teknikoa egin beharko dute aipatu teknikariek. Eskabide bakoitza aztertu eta balioetsi eta gero, laguntzak ematearen gaineko ebazpen-proposamena helaraziko diote izendatutako zerbitzu teknikoek organo eskudunari; eta proposamen horretan honako hauek jaso beharko dira: laguntzaren zenbatekoa, jarduerak burutzeko epeak eta baldintzak, eta bai eskabide bakoitzaren oinarri den proiektua garatzeko beharrezko den beste edozein baldintza ere.

13. artikulua.– Laguntzak ematea.

1.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio prozedura ebazteko administrazio-ebazpena ematea eta jakinaraztea, eskabidea jaso eta hurrengo egunetik hara bi hilabeteko epean. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak nazioartekotze arloan eskumena duen sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Epe hori igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, bere uzia onartu egin dela ulertu ahal izango du interesdunak, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak, eskatutako diru-laguntzari dagokionez, berariazko ebazpena emateko duen obligazioa.

2.– Laguntzak emateko ebazpena enpresa interesdun bakoitzari banan-banan jakinarazi beharko zaio. Horretaz gain, enpresa esleipendunen zerrenda urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro amaiturik izan beharko da, enpresa eta erakunde onuradunei laguntzak emateko eta, egoki bada, ordaintzeko.

14. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.– Diru-laguntza bi ordainketaren bidez emango da. Lehen ordainketa, laguntzaren % 50 izango da, eta diru-laguntza onartu ondoren gauzatuko da. Gainontzeko % 50a, bigarren ordainketa gisa emango da, behin justifikatuta eta lagundutako kontratu aldia (lagundutako lan-kontratuaren indarraldiko lehen urtea) amaitu eta hilabete bat geroago.

2.– Behar bezalako justifikazioa egiteko, soldatak ordaindu izana egiaztatzeko agirien eta lan-kontratuaren kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu enpresa edo erakunde onuradunak.

3.– Edozein unetan eska dakioke erakunde edo enpresa onuradunari beharrezkotzat jotzen diren agiri eta informazio osagarriak, berak aurkeztutako agirietako datuak –eta, bereziki, agindu honen 10. artikuluan aipatutako adierazpenean jasotako datuak– egiazkoak direla egiaztatzeko.

15. artikulua.– Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorreko 14. artikuluan eta hura garatzeko arauetan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete behar dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren erakundeek:

1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Hori dela-eta, diru-laguntza esleitzen zaiola jakinarazten dion adierazpena jaso eta hamabost eguneko epean, diru-laguntzaren onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egoki jotzen dituen egiaztapen-lan guztiak egingo ditu aztertzeko nola garatu eta betetzen den diruz lagundutako ekintza. Nolanahi ere, aurreko artikuluaren xedea betetzeko beharrezko irizten den informazio guztia emateko betebeharra dute enpresa onuradunek.

3.– Laguntza zertarako ematen den, horrexetarako erabili beharko dute enpresa onuradunek, hau da, profesional bat atzerritik itzultzea ahalbidetzeko, 5.2 artikuluko eskakizunak betez.

4.– Enpresa onuradunek aurkeztutako justifikazio-agiriak 4 urtez egongo dira artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura.

5.– Nazioartekotze-arloan eskumenak dituen sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –jasotako laguntzei dagokienez euren eginkizunetan ari direla– eskatzen dieten informazio guztia aurkezteko obligazioa dute enpresa onuradunek.

6.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu berbera burutzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak jaso badituzte, jakinarazi egin beharko dute hori enpresa onuradunek.

7.– Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, nazioartekotze alorrean eskumena duen zuzendaritzari horren berri eman beharko diote.

16. artikulua.– Betearazpenerako epea eta laguntza justifikatzea.

Diruz lagundutako lan-kontratazioa formalizatzeko epemuga 2018ko abenduaren 31 izango da; eta laguntzaren justifikazioa hilabeteko epean egin beharko da, erreferentziako lan-kontratuaren lehen urtea amaitzen denetik aurrera.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen baldin badira, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke; betiere, diru-laguntzaren helburua beteta dagoela ulertzen bada eta, hala dagokionean, aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko arauan ezarritako eskakizunak bete badira. Horri begira, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen egokia emango du, zeinarekin berregokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Enpresa onuradunak ez baldin baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan xedatua, agindu honetan eta betetzekoak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunak eta, hala dagokionean, ebazpenean ezartzen diren eskakizunak, organo eskudunak ez-betetze horri buruzko txostena egingo du, eta, ondoren, interesdunari entzungo dio. Hari entzun ondoren, ebazpen bidez adieraziko du diru-laguntza eskuratzeko eskubidea iraungi zaiola, eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta beraduntze-interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen dutena. Horrez gainera, egoki diren gainerako ekintzak abiaraziko dira. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– 5.1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz, ez-betetzetzat hartuko da 4 urteko epea baino txikiagoan eta langileari ezin egotzi zaion kausa dela-eta kontratua deuseztatzea.

3.– Nazioartekotzeko zuzendariari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea irekitzea eta espediente hori ebaztea.

4.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala