Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2017ko abenduaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6033

269/2017 DEKRETUA, abenduaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait ikastetxe publiko sortzea, bat egitea eta kentzea xedatzen duena.

Autonomia Estatutuko 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntzak ditu irakaskuntza osoan, maila, modalitate eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, azken hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak, eta Konstituzioa betetzeko eta bermatzeko beharrezkoa den goi ikuskaritza.

Autonomia Estatutuarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortzea, aldatzea, zabaltzea, bat egitea, sailkatzea eta kentzea.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeko 5. artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei dagokie irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea eta kentzea, hori guztia kalitatezko hezkuntza emango dela bermatzen duen planifikazio demokratikoaren eta parte-hartzailearen markoan.

Eibarren bigarren hezkuntza publiko osoa behar bezala planifikatzeko, komeni da udalerri horretako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta/edo Batxilergoa ematen duten institutuek bat egitea.

Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2017ko abenduaren 12an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.

1.– Eibarren (Gipuzkoa) dauden ikastetxe publiko hauek bat egiten dute:

– IES Ignacio Zuloaga BHI (kodea: 20001215; EAEko kodea: 012055).

– IES Itzio BHI (kodea: 20008738; EAEko kodea: 012949).

– IES Mogel Isasi BHI (kodea: 20008726; EAEko kodea: 012948).

Ondorioz, bat egin duten ikastetxeak kendu egiten dira, eta bat-egitearen ondoriozko ikastetxea sortzen da. Sortutako ikastetxearen izena: IES Eibar BHI (kodea: 20015366; EAEko kodea: 013597); helbidea: Jardineta kalea, 3, Eibar (Gipuzkoa).

2.– Kendutako ikastetxeetako lanpostuei atxikitako irakasleak IES Eibar BHI ikastetxeko lanpostuetan birkokatuko dira; eta behin betiko destinoa dutenei dekretu honetako irizpideak aplikatuko zaizkie: apirilaren 16ko 86/2002 Dekretua, urriaren 10eko 198/2006 Dekretuaz eta uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuaz aldatua.

3.– Kendutako ikastetxeetako lanpostuei atxikitako Administrazio Orokorreko langileak IES Eibar BHI ikastetxeko lanpostuetan birkokatuko dira, dekretu hauetan ezarritako irizpideen arabera: urriaren 13ko 190/2004 Dekretua, euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duena, eta martxoaren 9ko 83/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura diharduten funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek 2018ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko abenduaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala