Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2017ko abenduaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HEZKUNTZA SAILA
5887

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 16koa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2018. urtean irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten duena.

47/1993 Dekretuak (1993-04-02ko EHAA) irakasleen HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunak ezarri zituen. Gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (1994-01-26ko EHAA) Irale programaren ebaluazioa eta hizkuntza-eskakizunen azterketetako edukia eta forma arautu zituen. 1995eko apirilaren 10eko Aginduak (1995-05-11ko EHAA) eta 1998ko urriaren 22koak (1998-11-05eko EHAA) azterketaldi mota desberdinen kalifikazio-sistemak ezarri zituzten. Era berean, apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuak (2005-04-14ko EHAA) HLEA hizkuntza-eskakizuna sortu eta arautu zuen Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langileentzat.

Honako ebazpen honen xede nagusia da irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2018. urterako deialdia egitea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ebazpen honen xedea da irakasleen HE1, HE2 eta HLEA hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2018. urterako deialdia egitea , unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan.

2. artikulua.– Hezkuntza Sailak, 2018. urtean, hizkuntza-eskakizunen deialdi itxi bat egingo du, Iralen liberatuta dauden ikasketariei zuzendua, eta deialdi ireki bat. Deialdi bakoitzeko matrikulazio-baldintzak Ebazpen honetan zehazten dira. Deialdi itxiak bi azterketaldi izango ditu, bata ekainean eta bestea irailean.

3. artikulua.– a) Deialdi irekian matrikulatzeko epe arrunta 2018ko urtarrilaren 22an irekiko da eta hil horretako 31n itxiko. Deialdi itxiko ikasketarien matrikulazioa epe horretan bertan egingo da, edota urtarrilean liberatu eta hamabost eguneko epean.

b) Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan irakasle edo heziketa-lanean aritzeko 2017-2018 ikasturteko hautespen-prozesu publikoetan parte hartzen duten izangaiek hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu behar badute, hautespen-prozesuaren izen-emate nagusiarekin batera egingo dute hizkuntza-eskakizunen probetarako matrikulazioa ere, deialdi horrek ezartzen dituen baldintza eta epeetan.

4. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen deialdi itxian ikasketari hauek matrikulatu beharko dute: 2017-2018 ikasturtean Irale programan dagokien amaierako ikastaro-mota egiteko liberatutako ikasketariek, hau da U2koek eta 3000koek HE1erako, U3koek edo 5000koek HE2rako eta 4000koek HLEArako. Horretaz gain, kasuan kasuko azterketan matrikulatzeko aukera izango dute liberazio-aukerak agortuta dituzten irakasleek, baldin eta azterketa-eguna baino lehen 375 orduko txanda osoa tarteko etenik gabe ikasi izana egiaztatzen badute.

5. artikulua.– Hezkuntza Bereziko HLEA eskakizunerako, konkretuki, honako hauek matrikulatu ahal izango dira deialdi irekiko epe arruntean: 3.b). artikuluan aipatuez gain, Gizarteratzeko edota Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulazioa edo baliokidea dutenak, bai eta Fisioterapeuta, Gizarte-langile, Lanbidezko Terapeuta eta Zeinu Hizkuntzako Interprete titulazioa dutenak ere. Orobat Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langile bezala aritzen direnak eta arlo horretan indarrean dagoen ordezkapen-zerrendan daudenak.

6. artikulua.– HE2ko deialdi irekirako, berriz, honako hauek ere matrikulatu ahal izango dira: 3.b) artikuluan aipatzen direnez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan edo pribatu baimenduetan 2016-2017 edo 2017-2018 ikasturteetan zerbitzuak egin dituzten irakasle eta heziketa-langileak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten zentroetakoak barne direlarik. Era berean, matrikulatzeko aukera izango dute beste autonomia erkidego batzuetan irakaslanean ari diren karrerako funtzionarioek edo berriro laneratzeko eskubidea dutenek eta EAEko irakaskuntza publikoko indarreko ordezkapen-zerrendetan dauden irakasleek. Zerbitzu-egiteari dagokionez, aski izango da egun bateko zerbitzua egin izana, 2016ko irailaren 1etik matrikula-egunera arte.

7. artikulua.– HE1eko deialdi irekirako, aldiz, honako hauek matrikulatu ahal izango dira: 3.b), 5. eta 6. artikuluetan jasotako pertsonez gain, irakaslan edo heziketa-lanerako beharrezko titulazioa dutela erakusten dutenak. HE1eko azterketari-gaiek Maisu, Lizentziatu, Diplomatu, Graduatu, Gizarteratzeko edo Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari izan beharko dute, edota irakasle eta heziketa-lanerako balio duen tituluaren jabe. Izangaiok, Maisuak, Pedagogoak, Haur Hezkuntzako Teknikariak eta 5. artikuluan aipatutako titulazioak izan ezik, titulazio hauetariko bat izan beharko dute: Bigarren Hezkuntzarako Gaitzeko Master Titulu Ofiziala, Didaktika Espezializazioko Titulua (TED), Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiria (CAP), edo baliokidea.

8. artikulua.– Arau orokor gisa, deialdi itxian hizkuntza-eskakizun jakin baterako matrikulatzen diren pertsonak ezin izango dira matrikulatu eskakizun horretarako deialdi irekian 2018ko urte berean, salbu eta, langileen hautespen-prozesu publikoen datek hala aholkaturik, Hezkuntza Sailburuordetzak hala erabakitzen duenean.

9. artikulua.– Arau orokor gisa, izangaiak hizkuntza-eskakizun bakar batean matrikulatu ahal izango dira deialdi bakoitzaren barnean, alegia bai deialdi irekian eta bai itxian. Langileriaren hautespen-prozesuetan irizpide berbera aplikatuko da, prozesuaren araudiak besterik ezartzen ez badu.

10. artikulua.– Deialdi irekian matrikulatzeko, eskabide normalizatua egin beharko da internet bitartez, helbide honetan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara). Horrez gainera, hezkuntza-administrazioak konstantziarik ez duenean, dokumentazio gehigarria aurkeztu beharko da, Hezkuntza Ordezkaritzan edo aplikazio bidez igo: titulazio akademikoaren, Bigarren Hezkuntzako masterra edo baliokidearen fotokopiak eta egindako zerbitzuen egiaztagiria. EAEko irakaskuntza publikoko zein pribatuko langile finkoek ez dute dokumentazio gehigarririk aurkeztu beharko, baldin eta datu horiek Hezkuntza Sailburuordetzan jasota badaude. Nolanahi ere, sare pribatuko aldi baterako langileen kasuan edota dokumentazio hori Ordezkaritzan ez dagoen beste kasu batzuetan, interesatuak agiri horiek aurkeztu egin beharko ditu matrikula gauzatzeko. Izen-ematea bide telematikoz egin izanak ez du esan nahi gainerako dokumentazio guztia aurkeztu behar ez denik.

11. artikulua.– Deialdi itxian matrikulatzeko, Irale programan liberatuta dauden irakasleek eta liberazio aukerak agortu dituztenek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko dute beren matrikula-inprimakia edota dagokion Iraleko irakastegian.

12. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen azterketen ebaluazio-irizpide orokorrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira (1994-01-26ko EHAA). Bere aldetik, HLEA hizkuntza-eskakizunean apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan (2005-04-14) ezarritako irizpideak jarraituko dira.

13. artikulua.– Deialdi itxirako kalifikazio-sistema Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1995eko apirilaren 10eko Aginduan ezarritakoa izango da (1995-05-11ko EHAA). Deialdi irekian, berriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduan (1998-11-05eko EHAA) ezarritako kalifikazio-sistema aplikatuko da. HLEAko azterketaren eskemari eta kalifikazio-sistemari dagokienez, zati idatzian lehen hizkuntza-eskakizuneko eskemari jarraituko zaio eta ahozkoan bigarren eskakizunekoari.

14. artikulua.– Era berean, arau nagusi horiek garatze eta zehazte aldera, Azterketa Batzorde Bateragileak ezartzen dituen orientabideak eta irizpideak bere horretan jarraituko dira. Ahozko ofizioz egingo da, azterketaren material-erregistro osagarria eskuratu ahal izateko. Baldin eta azterketariak grabazioa egin nahi ez balu, errenuntzia sinatu beharko du. Izan ere, erabaki hori dela medio, bere ahozko proba ezin izango da birzuzendu erreklamazio kasuan.

15. artikulua.– Azterketak egiteko lekuak, egunak eta orduak, bai deialdi irekirako eta bai itxirako, Sailaren webgune ofizialean argitara emango dira: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara

16. artikulua.– Deialdi itxira aurkezteko obligazioa duen ikasketariren batek azterketaren idatzizko zatira ezin joana izango balu, eta hutsegite hori behar bezala justifikatuko balu, Euskara Zerbitzuak arrazoi horiek balioetsiko ditu eta ikasketari horri hurrengo deialdi itxian azterketa egiteko aukera eman ahal izango dio. Ezin joana ahozko azterketaren kasuan gertatzen bada, azterketaldi bereko beste egun bat erabiltzeko aukera hobetsiko da. Hurrengo txandarako erreserbaren eskabidea azterketa aurretik egin beharko da edota ezin etorria gertatu den azterketa-egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean.

17. artikulua.– Aurkeztu diren azterketarien kalifikazioak Sailaren webgune ofizialean emango dira argitara. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen bat lortu dutenen datuak Hezkuntza Sailburuordetzako ziurtagirien fitxategian integratuko dira eta pertsona horiek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute Hezkuntza Ordezkaritzetan.

18. artikulua.– Lortutako emaitzarekin konforme ez badago, azterketari orok dauka dagokion idatzizko erreklamazioa aurkezteko eskubidea, emaitzak argitara eman eta hiru laneguneko epean, bere kalifikazioa berrikusteko. Horretarako, dagokion Batzordeko lehendakariarengana zuzendu beharko du eta erreklamazioa lurraldeko hezkuntza-ordezkaritzan entregatu. Azterketa Batzordeak hilabeteko epean argitaratu beharko ditu berrikustearen ondoriozko kalifikazioak. Era berean, Azterketa Batzordeak gutun pertsonal bidez erantzun ahal izango die hala deritzen erreklamazioei.

19. artikulua.– a) Azterketetan iruzur egiten edo eragiten duen edozein azterketari, edota bidezko ez diren laguntzak erabiltzen dituen nornahi, prozesutik baztertuta geldituko da eta ordura arteko kalifikazioak baliogabetuta geldituko dira, bere jarduerak sor ditzakeen erantzukizunez gain.

b) Azterketari bat baztertzeko erabakia lurraldeko azterketa-batzordearen lehendakariari dagokio edozein azterketatan, bertan dauden batzordekideen proposamenez, interesatuari entzun ondoren.

20. artikulua.– a) Azterketa-material guztiak, alegia idatzizko erantzunak, audio grabazioak eta partezko zein guztizko emaitzak, Hezkuntza Sailak gordeko ditu, emaitzak argitara eman eta handik urtebeteko epean gutxienez.

b) Aipatutako materialak isilpean daudela bermatu beharko da, eta ezin izango da horien kopiarik egin, azterketa-batzordeen balioespen-lanerako eta gainerako zereginetarako ez bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari ebazpen honetan ezarritakoa garatzeko neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, argitara eman eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 16a.

Hezkuntzako sailburuordea,

MIREN MAITE ALONSO ARANA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana