Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2017ko abenduaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5862

AKORDIOA, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzkoa, 2017-2018 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako irakasleak eta hezkuntza bereziko langileak euskalduntze ekintzetan jarduteko lankidetza zehazten duena.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Hezkuntzako sailburua.

Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Politika Linguistikako sailburua eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) buru gisa.

ADIERAZI DUTE:

I.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALE programaren helburu nagusietako bat unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleak eta Hezkuntza Bereziko langileak euskalduntzea da.

II.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak helburu hori lortzeko onartua duen IRALE programak irakastordu barneko eta irakastorduz kanpoko ikastaroak aurreikusten ditu. Iikastaro horiek HABEren Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetan izango dira.

III.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zeneko azaroaren 25eko 29/1983 Legearekin bat etorriz, HABE erakundea Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari atxikitako izaera administratibodun Erakunde Autonomiaduna dela, bere nortasun juridikoa duena eta bere lanak burutzeko gaitasun osoa bere eskuetan daukana. Halaber, HABEren helbururik aipagarrienak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza-politikaren arloan eskumena duen organoak emandako jarraibideen ildotik helduen euskalduntzea sustatzea dela, baita helduen euskalduntzearen alde lan egiten duten erakunde publiko zein pribatuekin plan zehatzak egiteko hitzarmenak izenpetzea ere bai.

IV.– HABE erakundeak, lehen esandako Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren beharrizanei erantzuteko antolaketa eta beharrezko baliabideak dituela.

V.– Arestian esandako horrengatik guztiarengatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta HABEk elkarrekin lankidetzan aritzeko interesa dutela, eta lankidetza hori interes publikoaren onerako izan daitekeela, kudeaketa-gomendio hau sinatzea erabaki dute, ondorengo hauen arabera

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleei eta Hezkuntza Bereziko langileei Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALE programaren irakastordu barneko eta irakastorduz kanpoko behe-mailako euskara-ikastaroak (U, A eta E ikastaroak) antolatzeko, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) kudeatzeko gomendioa ematea.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio honi buruzko baldintza zehatzak akordio honen eranskinean jasotzea.

Hirugarrena.– Akordio honen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Laugarrena.– Akordio honen iraunaldia 2017ko abenduaren 31 arte izango da, eranskineko azken xedapenetan zehazten den arabera.

ERANSKINA

Gomendioaren helburua eta nondik norakoa

Lehenengoa.– Efikaziaren mesedetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.1. artikuluak xedatzen duenaren baitan, HABEk eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak adostu dute, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleei eta Hezkuntza Bereziko langileei irakastordu barneko eta irakastorduz kanpoko euskalduntze-ikastaroak antolatzeko, aurrez aurrekoak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko eta zerbitzuzkoak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABEri) kudeatzeko gomendioa ematea.

U3 ikastaroaren kasuan. ikasketariek IRALEk dituen irakastegietan izango dituzte klase emankizunak, taldeak sortzen badira. Bestalde, 5000 ikastaroko ikasketariak talde horietara sartuko dira, taldeetan tokirik badago.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio honen barruko lanak, araubide juridikoak alderdi bakoitzari aitortzen dizkion eskumenak errespetatuz burutuko dira. Beraz, kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, lagatzen direnik.

Hirugarrena.– Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleei eta Hezkuntza Bereziko langileendako irakastodu barneko eta irakastorduz kanpoko euskalduntze-ikastaroen deialdiak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak IRALE programaren bitartez egingo ditu, eta berak jaso eta bideratuko ditu parte hartzeko eskariak.

Laugarrena.– Irakastordu barneko eta irakastorduz kanpoko ikasketariak zein euskaltegitara joango diren erabakitzea HABEren esku geldituko da.

Bosgarrena.– Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleen eta Hezkuntza Bereziko langileen lanaldiaren barruan eta lanalditik kanpoko euskalduntze-ikastaroak bat etorriko dira HABEk homologatutakoekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak IRALE programaren bitartez bere deialdian zehazten dituen moduluekin.

Seigarrena.– Irakastordu barruko zein irakastorduz kanpoko euskalduntze-ikastaroetarako onartuta dauden unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleei eta Hezkuntza Bereziko langileei Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak IRALEren bitartez matrikula-orria igorriko die, bakoitzak bere matrikula kudea dezan euskaltegi publiko edo pribatu homologatu batean. Euskaltegiari egokituko zaio matrikula-orria behar bezala beteta HABEri igortzea, hark Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEri bidal diezaion, dagokion fakturarekin batera.

Zazpigarrena.– HABEk, ikasleen matrikulen kudeaketari dagokionez, euskaltegiek igorritako matrikula-orriak, jaso, aztertu, zuzenarazi hala balegokio, onartuko ditu eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEri bidaliko dizkio, matrikulei dagokien fakturazioarekin batera.

Zortzigarrena.– HABEk euskalduntze-ikastaroak emateko euskaltegien bitartez giza bitartekoak eta baliabide materialak ipiniko ditu.

Bederatzigarrena.– HABEren ardura izango da ikasketariak kanpo–euskaltegi horietan orain arte bezala IRALE programazioa (egutegi-epeak, ordutegiak eta lekuak...) bere osoan jasoko dutela ziurtatzea.

Hamargarrena.– HABEk kudeaketa-gomendio honen helburu diren unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan lanean diharduten irakasleen eta Hezkuntza Bereziko langileen aprobetxamendu mailaren ebaluazioari eta asistentziari buruzko informazioa bidaliko dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEri.

Hamaikagarrena.– Behe-mailako ordutegiz kanpoko ikastaroetan (A eta E) ordainketa-baldintzak ikasketarien aprobetxamendu-mailarekin eta asistentziarekin lotuko dira. Horretarako, udarako ikastaroetan gutxieneko asistentzia % 80koa izango da; urtean zeharreko ikastaroetan, berriz, % 75ekoa.

1.– Gutxieneko asistentzia betetzen den kasuetan, Hezkuntza Sailak eskola-emankizunen % 100 ordainduko du.

2.– Gutxieneko asistentzia betetzen ez den kasuetan, eskola-emankizunen % 50 ordainduko du Sailak.

3.– Hori guztia ikasketariak egingo duen hurrengo ikastaroan gauzatuko da.

Jarraipen-batzordea

Hamabigarrena.– Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEko eta HABEko kideek osatua, Kudeaketa-gomendio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien, eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

Jarraipen-batzorde horrek honako osaera hau izango du:

– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEren izenean:

a) Euskara Zerbitzuaren burua.

b) Kudeaketa ekonomikoaren Zerbitzuaren burua.

c) IRALE programaren arduradun teknikoa.

– HABEren izenean:

a) HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren burua.

b) HABEko Ikuskatzailetzaren arduraduna.

c) Herri administrazioetako ikasleen jarraipenerako HABEko koordinatzailea.

Xedapen orokorrak eta finantzaketa

Hamahirugarrena.– Kudeaketa-gomendio honen jardueren finantzaketa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALE programaren kontura joango da, HABEk eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Aginduan oinarritutako honako irizpideen arabera:

a) Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi publikoetan: 9,20 euro/ikasleko/orduko.

b) Aurrez aurreko ikastaroak euskaltegi pribatuetan:

● Lurraldeetako hiriburuetan: 6,52 euro/ikasleko/orduko.

● Gainerako herrietan: 4,99 euro/ikasleko/orduko.

c) Hizkuntza trebakuntzarako ikastaroen koordinazio eta jarraipenei dagozkion zerbitzuak:

● Ikasle solteak bestelako taldeetan: 0,48 euro/ikasleko/orduko.

Hamalaugarrena-– Kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako gastuen justifikazioa HABEk Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEri aurkeztuko dio Erakunde horrek egoki jotzen dituen egiaztapenak egin ondoren transferentzia egin dezan. Gastuen justifikazioa honela egingo du HABEk:

● Urrian hasitako prestakuntza-jarduerak azaroaren 30erako beranduenez.

● Ikasturtean zehar hasitako prestakuntza-jarduerak apirilaren 30erako beranduenez.

● Udako ikastaroetako prestakuntza-jarduerak irailaren 30erako beranduenez.

Ordainketei dagokienez, gehienez ere 21 egun naturaleko epea ezartzen da, HABEk faktura aurkezten duenetik hasita, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren IRALEk datuok Aurrekontu Informazioko Sistema Bateratuan (IKUS) sar ditzan eta HABEk fakturatutako zenbatekoari dagozkion gastuen kudeaketa-agiria izapidetu dezan.

Hamabosgarrena.– Kudeaketa-gomendio honen egikaritzea ondorengo arauak betez burutuko da: Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea; Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzeko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, eta aipatutako legeak garatzeko gainontzeko arautegia.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Kudeaketa-gomendio honen indarraldia izenpetzen denetik 2017ko abenduaren 31 artekoa da. Kudeaketa-gomendio honek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta HABEk irakaskuntzan euskalduntze eta alfabetatze ekintzetan 2005eko abenduaren 29an sinatutako lankidetza-hitzarmena ordezkatzen du.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Kudeaketa-gomendioa urtero luzatuko da berez, non eta akordiokideetako batek edo biek besterik adierazten ez duten eta EAEko Aurrekontu Orokorretan eginkizun honetarako krediturik balego.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Aurrekoa gorabehera, kudeaketa-gomendioaren finantzaketari buruzko klausulak HABEren prezio publikoen Aginduan eman daitezkeen aldaketen arabera egokituko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Akordiokideetako batek kudeaketa-gomendioa bertan behera uzteko eska dezake, baina hasitako jarduerak amaitu beharko dira. Bertan behera uzteko nahia jakinarazi eta handik hiru hilabetera galduko du indarra Kudeaketa-gomendioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BOSGARRENA

Akordiokide biek hartuko dituzte kudeaketa-gomendioa betetzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak.

Esandakoarekin bat datozela frogatzeko, bi aldeek kudeaketa-gomendioa izenpetzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Kultura eta Hizkuntzako sailburua eta HABEko lehendakaria,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala