Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2017ko abenduaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5855

126/2017 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekiko lankidetza-hitzarmena, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa garatzeko dena.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekiko hitzarmena, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa garatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 20a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 20KO 126/2017 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMA GARATZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko maiatzaren 6a.

BILDU DIRA:

Batetik, Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean.

Bestetik, Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kirol zuzendaria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean.

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Euskadiko gazteen artean elkartasuna indartzeko eta kontuan hartuta Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, Eusko Jaurlaritzak urtero deitu du 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez (aurreko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritza).

Bigarrena.– Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren helburua, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez eta euskal herritarrak sentikortzeko ekintzetan esku hartzeko konpromisoarekin zabaldu eta osatuko da.

Hirugarrena.– Ekainaren 19ko 5/2008 Legeak sortutako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren jardueren hasiera arautzen duen azaroaren 23ko 310/2010 Dekretua (2010ko abenduaren 10eko 236. zk.ko EHAA) indarrean sartu ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia horrek bere gain hartu zituen Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritzari zegozkion eskumenak. Agentzia, Lehendakaritzari atxikitako Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikotzat eratu zen. Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoaren aipatu izaera juridikoak, bestalde, beharrezkoa egiten du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren artean hitzarmena sinatzea, Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programaren esparruan konpromisoak eta erantzukizunak ezartze aldera.

Laugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzeko ekainaren 19ko aipatu 5/2008 Legearen 3. artikuluaren arabera, Agentziari, besteak beste, honako eginkizun hauek dagozkio: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan garapenerako lankidetzara bideraturiko baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea; garapenerako sentsibilizaziora eta heziketara bideratutako ekintzak bultzatzea eta gauzatzea; eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei eta beste euskal administrazio publiko batzuei laguntza eta lankidetza eskaintzea garapenerako lankidetzarekin lotutako ekimenak garatzeko.

Era berean, 2014-2017ko Plan Zuzendariak dio Garapenerako hezkuntza, pertsonei epe ertain-luzera munduko desberdintasunak sortzen dituzten egiturazko arrazoiak ulertzeari buruzko prestakuntza ematea xede duen hezkuntza proposamena dela, eta bere helburua pertsona horien sortutako gizarte-ereduak eraldatzeko inplikazioa eta konpromisoa sustatzea dela. Erronka horrek bereziki jarduera horietara zuzendutako baliabideak izatea eskatzen du, pertsonak garapenean nagusiena izatea berreskuratzeko gai den aktibismoa sustatzea lortzeko, zein mundu-mailako beste harreman-esparru baten aldeko pertsona, toki, estatu eta nazioarte mailako jarduketen artean loturak eta mendekotasunak bilatzeko. Plan honetan berariaz aipatzen da «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin koordinazio handiagoa bilatu eta partekatutako estrategiak lantzeko» beharra.

Gogoeta horiek guztiak aintzat hartuta, aldeek honako hitzarmen hau sinatu dute ondorengo klausulekin.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen xedea da, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren artean lankidetza ezartzea Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa burutu ahal izateko, horren gestioa Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari baitagokio.

Bigarrena.– Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programaren edukia.

Programa honen bitartez prestakuntza, esperientzia eta sentikortzeko ekintzetan esku hartzeko aukera ematen da.

Programaren ekintza nagusia boluntarioaren esperientzia errealitate ezberdin batean bizitzean datza. 20 eta 30 urte bitarteko gehienez 100 gazte garapenerako herrialde eta proiektu jakin batzuetara joateko erraztasunak ematen ditu programak. Dagokion urteko deialdiaren ebazpenaren ondorioz aukeratzen dira proiektuak. Deialdia garapenerako lankidetza-erakundeei zuzenduta dago, arloan eskumena duen Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programarako proiektuak aurkez ditzaten.

Gauzazko diru-laguntza da Programa hau, beraz, pertsona onuradunak ez du zuzenean eskudirua jasotzen joan-etorriko bidaiaren, bisatuaren eta aseguru eta istripuen polizaren gastuetarako, izan ere Gazteria eta Kirol Zuzendaritza da programaren kudeatzailea, billeteen kontratazioa eta laguntzaren gainerako prestazioak izapidetzen dituena.

Programa honen helburua da Euskadiko gazteei lankidetza-proiektuetan esku hartzeko aukera ematea eta boluntario gisako esperientziak gure gizartea sentikortu eta elkartasunaren kultura emateko balio izatea.

Hiru fase ditu hautaketa-prozesuak: lehen hautaketaren fasea, hautaketaren fasea eta informazio, prestakuntza eta orientabideak emateko fasea.

Deialdia egindako erakundeen eta esku hartzen duten erakundeen ordezkariek osatzen duten batzorde batek egiten du parte hartzaileen lehen hautaketaren eta hautaketaren proposamena.

Hirugarrena.– Izenpetzen duten aldeen aurrekontu-ekarpenak.

Programa aipatu baldintzetan garatu ahal izateko urtero finantza-aurrekontua esleitzeko konpromisoa hartzen dute alde biek.

Zenbateko horrek gazteak hautatzeko prozesuaren gastuak zein helmugako herrialdean Gobernuz Kanpoko Erakundearekin harremanetan jartzeko gunerainoko joan-etorriaren bidaia-gastuak ordainduko ditu, eta horien artean, beharrezkoak izanez gero, honako hauek barne hartuta: jomugako herrialdean sartzeko bisatua, eta parte-hartzaile bakoitzarentzat kontratatutako erantzukizun zibileko eta istripuen eta bidaiako laguntzaren poliza. Halaber, hautaketa, prestakuntza eta ebaluazio prozesuan egiten diren topaketetan esku hartzearen ondoriozko mantenu- eta ostatu-gastuak barne hartzen ditu.

Zenbateko hori banku-transferentzia bidez ordainduko da, ordainketa bakar batean.

Laugarrena.– Aldeen betekizunak.

Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak bere gain hartuko du Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren kudeaketaren fase ezberdinak, horren jarraipen tekniko eta finantzarioa egitea dagokiolarik. Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak Gazteria eta Kirol zuzendariak sinatutako ziurtapena bidaliko dio Lankidetzaren Euskal Agentziari, non Programa burutzeko gastu guztien laburpena jasoko baitiren.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, berriz, Programako ekintzen garapenean esku hartuz eta dagozkion baliabide finantzarioak ekarriz esku hartuko du.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren garapenaren jarraipena, egikaritza eta koordinazioa bermatze aldera.

2.– Honako kide hauek izango ditu Jarraipen Batzorde Mistoak:

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, haren Zuzendaritzak izendatutakoak; horietako bat Batzordearen lehendakaria izango da eta bestea idazkaria.

– Organo eskudunak izendatutako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren bi ordezkari.

3.– Jarraipen Batzorde Mistoak, besteak beste, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmen honetan ezarritako helburuak lortu eta akordioak betetzen direla zaintzea, eta horren garapena hobetzeko beharrezkoak diren neurriak proposatzea.

b) Hitzarmen honen esparruaren baitan egindako jardueren koordinazioa zaintzea.

c) Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren martxaren urteko baterako ebaluazioa egitea.

d) Programaren deialdi bakoitzerako alde bakoitzak egingo duen ekarpen ekonomikoa adostea, horietako organo eskudunek baimendu edo onartu ondoren.

e) Baleude, hitzarmen honen litezkeen aldaketen inguruan erabakitzea.

4.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko bileran Programaren urteko gauzatzea amaitu eta ondorengo hiru hilabeteen buruan, eta, ohiz kanpo, batzordekideek hitzarmenean jasotako jardueren martxa aztertzeko egoki deritzotenean.

5.– Jarraipen Batzorde Mistoaren erregimen juridikoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauen araberakoa izango da, eta Administrazioak berak ezarriko ditu horren berezitasun administratiboak.

Seigarrena.– Baliogabetzeko arrazoiak.

Hitzarmen honetan jasotako klausulak edota indarreko legedian jasotzen diren izaera bereko beste batzuk ez betetzea hitzarmena baliogabetzeko arrazoia izango da berori izenpetzen duten aldeentzat.

Zazpigarrena.– Funtsezko aldaketak.

Jarraipen Batzorde Mistoak aztertu beharko du hitzarmen honen xede den Euskadiko Gazteak Lankidetzan Programan funtsezko aldaketak egitea dakarren edozein aldaketa, ondoren organo eskudunek onar dezaten.

Zortzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunaren biharamunetik izango ditu ondorioak eta 2015eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Gainera, urtero luzatuko da, urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen aldeetako batek espresuki kontrakorik ez badio.

Eta jasotako guztiarekin ados daudela eta dena onartzen dutela erakusteko, aldeek agiri honen bi ale sinatu dituzte, izenburuan adierazitako tokian eta egunean.

Gazteria eta Kiroletako zuzendaria,

JON REDONDO LERTXUNDI.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala