Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2017ko azaroaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5729

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 13koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barakaldoko El Regato ikastetxerako sarbideak berrantolatzeko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2016ko uztailaren 26an, Barakaldoko Udalak eskabide bat bete zuen, El Regato ikastetxerako sarbideak berrantolatzeko plan bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabideari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko uztailaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako zuzendaritza, agentzia eta elkarte hauei kontsulta egin zitzaien: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza eta URA Uraren Euskal Agentzia, guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak; Ingurumen Zuzendaritza – Kultura Ondarearen Zerbitzua, Bizkaiko Foru Aldundikoa; Ekologistak Martxan Bizkaia elkartea, pertsona interesduntzat joa izan delako.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iruditzen zaizkion ingurumen arloko oharrak egin ditzan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, URA Uraren Euskal Agentziaren, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak jaso dira (erakunde horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak dira).

Ukitutako administrazio publikoentzako eta interesdunentzako kontsulta-izapidearen emaitza ebazpen honetako eranskinean jasotzen da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.

Aipatu 6.2 artikuluan zehazten dira, besteak beste, zeintzuk pasa behar diren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik (zeinaren prozedura 29. artikulutik 32.erako bitartean arautzen baita), etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.

Dokumentazio teknikoa eta plan bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Barakaldoko El Regato ikastetxerako sarbideak berrantolatzeko planaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Barakaldoko El Regato ikastetxerako sarbideak berrantolatzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Txosten horrek honako eduki hau du:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plana bereziaren bidez, BI-4743 errepidetik El Regato ikastetxera doazen bideek sortzen dituzten arazoetako bat konpondu nahi da, bide horiek berrantolatuz. Ikastetxe hori izen bera duen auzoan dago, Barakaldoko udalerrian.

Horretarako, bide-korapilo bat biribilgune baten bidez antolatu nahi da hegoaldean, El Regato ikastetxerako sarbideetan dauden arazoak konpontzeko eta gaur egungo sarbidea ikastetxearen ondoko baserrien eremuan sartzeko, mendebaldeko mugan.

Hiru alternatiba proposatu dira. Hauek dira haien arteko desberdintasunak: 1. alternatibak BI-4743 errepiderako bi sarbide proposatzen ditu, bata biribilgunetik eta bestea baserrietara joateko bidetik; 2. alternatiban, ordea, baserrietarako sarbidea biribildunarekin bat eginda dago, BI-4743 errepidearekin lotzeko modu bakarra ematen duelarik, 3. alternatibak bezala, aukeratua izan denak alegia. Baina azken alternatiba horretan ez dago, 2. alternatiban bezala, ikastetxearen mendebaldean dagoen baserrirako sarbiderik.

Arro isurtzailearen isurketaren pasabidearena konpontzeko, drainatze-lan bat egin beharko da, bide azpian dagoenaren luzapen gisa.

Aurreikusita dago gerora ikastetxearen aparkatze-lekuen eta barneko bideen berrantolaketa egitea, Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa zehatz bat eginez.

Planaren jarduera-eremua ikastetxearen mendebaldeko mugan dago, ikastetxearen eta ondoko baserrietarako sarbidearen artean, eta El Regato ikastetxerako sarbideak antolatzeko plan bereziari buruzko fitxategiko informazio-planoen dokumentuaren 2. planoan («Kokapena») dago horren grafikoa (A1 originala, 1:1000 eskala) (Abendua.pdf).

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen du proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Planak argi uzten du bi garapen-proiektu egin behar direla: biribilgunea urbanizatzeko proiektua eta biribilgunean eraikitzeko proiektua. Bi kasuetan ez dago aurreikusita legez pasa behar dutenik ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduratik.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak eremua antolatu baizik ez du egiten, gerora garatzeko. Horretarako, biribilgunea urbanizatzeko proiektu bat eta biribilgunean eraikitzeko proiektu bat beteko dira, eta hori plan konkurrenteekin bateragarria da. Hori dela-eta esan daiteke ez dutela batere eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plan Bereziaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen arloko kontsiderazioak integratzeko.

d) Ez da sumatu planak eragindako ingurumen-arazo nabarmenik, ez dagoelako espaziorik, ez ingurumen-babeseko araubideren bat duenik, ez bere kultura-balioengatik nabarmenak diren elementuak dituenik, ez eta ingurumen-arrisku esanguratsurik duenik ere, ez bada arro isurtzailearen isurketaren pasabidearena, drainatze-lan bat eskatuko duelako, gaur egun bide azpian dagoenaren luzapen gisara, baldin eta eragin-eremuan egitekoak diren jarduerak, besteak beste, lurzoruen, paisaiaren, baliabide hidrikoen, landare-estalduraren, hondakinen eta kutsadura akustikoaren arloetako legeria betez egiten badira, eta erabakitako babes- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko, eta zehatzago esanda, arlo hauetakoa: paisaia, ura, lurzoruak, hondakinak eta airearen kalitatea – akustika.

2.– Efektuen eta ukitua izan litekeen arearen ezaugarriak: azaleko urak babesteko lurzati ez-urbanizagarria da, Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera. Azalera 2.338 m2-koa du, eta kilometro koadro bat baino txikiagoa den arro isurtzaile bateko ibarbide batean dago, Gorostiza urtegiaren ertzean dagoen harizti azidofiloaren orbanaren barruan.

Eremuak eragina du kilometro koadro bat baino txikiagoa den 142.856 m²-ko arlo isurtzailearen azalera duen aldizkako isurketa edo errekasto batean (00 mailako tarteak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean). Hori dela eta, alde bakoitzean 5 metroko zortasuna errespetatu behar da. Gaur egun, isurketa hori Gorostiza urtegira doa (Hezeguneen Inbentarioa. III. Taldea. Hezeguneetako Lurralde Plan Sektoriala), Bizkaiko Labe Garaiek erabilera industriala ematen diote, eta balio ekologiko txikia dauka. Gainera, akuiferoek oso kutsadura-arrisku txikia dute.

Beraz, planak oso eragin txikia izango du ingurune hidrikoan.

Inguru horretako gaur egungo landaredian harizti azidofiloa da nagusi.

Ingurua bisoi europarraren, arrain arantzatsuaren, Schreiber muskerraren, belatz erromesaren eta baso-igel iberiarraren lehentasunezko banaketarako gisa dago katalogatuta; lehenengo biek kudeaketa-plana dute. Ez da aurreikusten, ordea, eraginik izango duenik Natura 2000 Sarean.

Hala eta guztiz ere, proposamenaren eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez bere kultura-balioengatik nabarmenak diren elementuak dituenik, ez eta ingurumen-arrisku esanguratsurik duenik ere.

Plan bereziaren jardueretatik eratorritako inpakturik ingurumen arlotik nabarmenenak landaretzaren kentzearekin lotuta daudenak dira: neurrizko eragina harizti azidofiloari eta baso misto atlantikoari 1.704 m2-tan. Gainera, neurrizko eraginak aurreikusita daude obra-faserako, paisaian, makinak, materiala, pilaketak, obretarako etxolak, eta abar egongo direlako. Ez dute eraginik jasoko paisaia apartekoek edo bikainek (Ibai-inguruneko sastrakadia. Euskal Autonomia Erkidegoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoa), eta eraginen iraupena mugatua da.

Horregatik ez da aurreikusten eragin nabarmenik izango duenik ingurunean.

Ingurumen-eragin neurrizkoak baino ez dira aurreikusten. Eragin horiei aurre egiteko, lur azpiko hidrologiari, landarediari, paisaiari eta faunari buruzko prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk aurreikusi dira, behar bestekoak eta egokiak, bai eta hileko jarraipen-plan bat ere, obra-fasean egingo dena, haien jarraipena egiteko.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Ingurumena eta paisaia leheneratzeko proiektua: lanen aurrekontudun memoria bat eta baso helduaren bertako baso-masaren galera konpentsatzeko proposamen bat jaso beharko ditu, ukitutako azaleraren halako bi delarik.

– Baliabide hidrikoen babesa: aldizka kontrolatzea azaleko uren kutsadura, eta jabari publiko hidraulikoarena eta eremu elkartuena, kutsadura isurketa likidoengatik, solidoengatik edo partikulengatik gertatu bada. Helburua da ziurtatzea bete egiten direla isurketaren baimenaren mugak, eta haien aldizkakotasuna eta parametroak jasota daudela URA Uraren Euskal Agentziari eskatutako baimenean.

– Faunaren igarotzea: drainatze-lan berria uren ibilgu baxuarekin pentsatu beharko da, fauna hortik igaro ahal izateko.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak zein garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuen ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Barakaldoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiak obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Gainera, Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko jarraibide orokor hauek ezartzen dira:

– Egiaztatzea ingurumena eta paisaia leheneratzeko proiektua betetzen ari dela. Proiektu horretan jasoko dira lanen aurrekontudun memoria eta baso helduaren bertako baso-masaren galeraren konpentsazioa, ukitutako azaleraren halako bi delarik.

– Egiaztatzea aurreikusita dagoela drainatze-lana uren ibilgua baxua denean egitea, fauna hortik igaro ahal izateko.

– Egiaztatzea errespetatu egiten direla Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean eta Uren Legean aurreikusitako erretiroak.

– Egiaztatzea nahitaezko baimenak eskatu egin direla.

– Egiaztatzea aurreikusita dagoela aldizka kontrolatzea azaleko uren kutsadura, eta jabari publiko hidraulikoarena eta eremu elkartuena, kutsadura isurketa likidoengatik, solidoengatik edo partikulengatik gertatu bada. Helburua da ziurtatzea bete egiten direla isurketaren baimenaren mugak, eta haien aldizkakotasuna eta parametroak jasota daudela URA Uraren Euskal Agentziari eskatutako baimenean.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honen arabera, Barakaldoko El Regato ikastetxerako sarbideen plan bereziak ez diola kale handirik eragiten ingumenari. Beraz, ez pasatu behar ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa pasatu behar.

Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 13a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVÁN PEDREIRA LANCHAS.

I. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako entzunaldi-tramitearen emaitza, Barakaldoko El Regato ikastetxerako sarbideak berrantolatzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa dela eta.

Eranskin honetan aztertzen da administrazio publikoei eta interesdunei egindako entzunaldi-tramitean jasotako txostenen edukia, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren helburu diren planeko alderdiei dagokienez, hau da, biribilgunea urbanizatzeko proiektutik eta biribilgunea eraikitzeko proiektutik eratorritako ingurumenarekiko eragin posibleei loturiko alderdiekin lotuta.

Txosten tekniko hau idazten ari garen egunera arte hiru txosten hauek jaso ditugu: URA Uraren Euskal Agentziarena, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena. Hiru erakundeak Eusko Jaurlaritzan daude.

Segidan, aipatutako txostenetan jasotako gairik nabarmenenak laburtuta daude:

– Jabari publiko hidraulikoa. Uholde-arriskuak. Uren hartzea eta isurketa.

Eragin handirik ez du izango jabari publiko hidraulikoan. Hala ere, honako puntu hauek hartu behar dira kontuan:

Aldizka kontrolatu behar da efluenteak ibilgu publikora egiten duen isurketa, gurpil-ikuztegian eta dekantazio-sisteman sortzen dena, isurketa-baimenaren mugak betetzen direla ziurtatzeko. Aztertzeko aldizkakotasuna eta parametroak URA Uraren Euskal Agentziari eskatutako baimenean jasota egongo dira.

Gainera, aurreikusitako obretarako ur-hornidura eskatzen bada (ura urtegitik handik isurtzen diren erretenetatik hartuz edo), URAren emakida edo aldi baterako baimena beharko da nahitaez.

Era berean, jabari publiko hidraulikoan edo haren zortasun- edo zaintza-eremuetan edozein jarduera gauzatzeko, Uraren Euskal Agentziaren baimena beharko da.

Era berean, azaleko uren kutsaduraren kontrol bat egin beharko da, makineriako olioaren nahi gabeko isurketak, soberako hormigoiaren edo partikulen isurketak eta jabari publiko hidraulikoan eta eremu elkartuetan obra-hondakinak gertatzen badira ere.

– Landare-estaldura (hariztia / baso misto atlantikoa):

Komeni da bertako harizti-espezietan leheneratzea egitea, baina proiektu horren idazketa, non zehaztuko baitira egiteko diren leheneratze-jarduerak, eremuaren antolamendu xehatuaren fasean sartu beharko litzateke, ondo zaindutako bertako baso-masaren galera garbirik gerta ez dadin; horretarako, gutxienez ukitutako azaleraren halako bi eskatzen da, hau bezalako baso heldu batek lortutako funtzionaltasunaren galera kontuan harturik.

– Kultura-ondarea:

Ikusten da kultura-ondareko elementuak falta direla planaren eremuan.


Azterketa dokumentala