Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2017ko azaroaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5723

EBAZPENA, 2017ko azaroaren 14koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2017-2018 ikasturteko bigarren lauhileko euskara-ikastaroetara dei egiten duena. Deialdi honetan parte hartu ahalko dute bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileek, bai IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeetako langileek.

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileentzako eta IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeetako langileentzako euskara-ikastaroetarako deialdia onartzea, I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera. Deialdi honek 2017-2018 ikasturteko bigarren lauhilekoa arautzen du, eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna arteko ikastaroak eskaintzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 14a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntzan eragin eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

Deialdi hau zuzenduta dago bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileei, bai IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri erakundeetako langileei.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara erabiltzeko normalizazio-prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuaren ildotik:

1.– Deialdi honetan parte hartzea izango dute:

– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileek.

– IVAPekin lankidetza hitzarmena sinatuta duten erakundeetako langileek, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da IVAPek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko diru-laguntzaen arauak (EHAA: 2005-12-19).

– Uraren Euskal Agentziako langileek eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako langileek.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira: Hezkuntzako irakasleak, ertzainak eta Justizia Administrazioko langileak.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak jarraituko dira, eta IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko dira.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2017-2018 ikasturteko deialdi nagusietako oinarriak aplikatuko dira:

– Ordu-kredituari buruzko araubidea.

– Mailaketa probak.

– Administrazioko taldeak osatzea.

– Matrikula-orriaren bitartez eskolatzea.

– Eskolara joatea eta asistentzia kontrolatzea.

– Eskolan berandu hastea.

– Eskola behin betiko uztea.

– Ikastaroen aprobetxamendu irizpideak.

Aipatutakoak arautzeko, bi ebazpenok hartuko dira kontuan:

Batetik, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da 2017ko maiatzaren 8ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, 2017-2018 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2017-05-15eko EHAA; 90. zenbakia).

Bestetik, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da 2017ko maiatzaren 8ko IVAPeko zuzendariaren Ebazpena, 2017-2018 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2017-05-15eko EHAA; 90. zenbakia).

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:

a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, otsailean bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute.

b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Ikastaroek, betiere, HABEk homologatuak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

4.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduetan.

Ebazpen honen II. eranskinean adieraziko dira deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak.

Deialdi hau 2017-2018 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da, gorago aipatu diren 2017ko maiatzaren 8ko ebazpenetan iragarri bezala.

IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

4.2.– Eskabideak nola egin, lanorduetako ikastaroetarako.

4.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeak (udalak, foru aldundiak, UPV/EHU, etab.).

IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileek IVAPen inprimakia erabili ahalko dute. Inprimakia eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.eus

(euskara > euskara ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak>beste administrazioak> izena emateko inprimakia).

Eskatzaileak erakundeko langile-arduradunaren baimena beharko du eskaera onartua izateko. Horretarako, eskabide-orrian bertan arduradunaren sinadura eta erakundearen zigilua agertu beharko dira.

Erakundeek helbide honetara bidali behar dituzte onartu dituzten eskabideak: IVAP (Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua), Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

4.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak.

Eusko Jaurlaritzako langileek bi bide izango dituzte eskabidea egiteko: paperezkoa edo telematikoa.

a) Paperezko eskabidea: IVAPek beren beregi prestatutako inprimakia erabili beharko da. Inprimaki hori eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.eus (euskara>euskara ikastaroak>1-2-3HE prestatzeko ikastaroak>eusko jaurlaritza>izena emateko inprimakia).

Eskatzaileak bere sailean entregatu behar du eskabidea. Sail bakoitzak sailean bertan grabatu eta kudeatuko ditu bere eskabideak, aplikazio informatikoaren bidez. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskatzaileei.

b) Eskabide telematikoa norberaren ordenagailutik egin ahal izango da, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hau erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

Eskabide telematikoak sail bakoitzak kudeatuko ditu IVAPen aplikazio informatikoaren bidez. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskatzaileei.

4.3.– Lanorduetako eskabideak egiteko epea.

Eskabideak egiteko epea azaroaren 28tik abenduaren 13ra bitartekoa izango da, bai Eusko Jaurlaritzako langileentzat, bai IVAPekin hitzarmena duten herri-erakundeetako langileentzat.

Eusko Jaurlaritzako sailek abenduaren 18ra arteko epea izango dute jasotako eskaerak izapidetzeko.

IVAPekin hitzarmena duten erakundeek abenduaren 18ra arteko epea izango dute onartutako eskaerak IVAPera bidaltzeko. Epe horretatik kanpo bidalitako eskabideak ez dira onartuko; horretarako, eskabideak bidaltzeko irteera data hartuko da kontuan.

4.4.– Aldi baterako langileak lanorduetako ikastaroetan.

Aldi baterako langileek egiaztatu egin beharko dute lan-hitzarmena dutela beren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean.

Lan-hitzarmenen iraupena egiaztatzea sailaren/erakundearen ardura izango da; sailak/ erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

5.1.– Ikastaroen eskaintza eta baldintzak.

Lanorduz kanpoko ikastaroak eskatzeko baldintzak eta ezaugarriak deialdi honen hirugarren oinarrian ezarri dira.

Ikastaroek, betiere, HABEk homologatuak izan behar dute eta otsailetik ekainera bitarteko iraupena izan behar dute.

Otsailean ez da onartuko lanorduz kanpo autoikaskuntza egiteko eskaerarik.

5.2.– Eskabideak nola egin, lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

5.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileek. Erakunde horietako langileek IVAPen inprimakia erabili ahalko dute. Inprimakia eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.eus

(euskara > euskara ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak>beste administrazioak> izena emateko inprimakia).

Inprimakian ezinbestean jaso behar da erakundeko langile-arduradunaren baimena. Horretarako, eskabide-orrian bertan arduradunaren sinadura eta erakundearen zigilua agertu behar dira.

Erakundeek helbide honetara bidali behar dituzte onartu dituzten eskabideak: IVAP (Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua), Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

5.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

Eusko Jaurlaritzako langileek bi bide izango dituzte eskabidea egiteko: paperezkoa eta telematikoa.

a) Paperezko eskabidea. IVAPek beren beregi prestatutako inprimakiaren bidez egin behar da. Inprimakia eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.eus (euskara>euskara ikastaroak>1-2-3HE prestatzeko ikastaroak>eusko jaurlaritza>izena emateko inprimakia).

Eskatzaileak helbide honetara bidali behar du eskabidea: IVAP (Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzua), Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

b) Eskabide telematikoa. Norberaren ordenagailutik egin ahal izango da, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hau erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

5.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko eta IVAPen entregatzeko epea.

Epea azaroaren 28tik abenduaren 18ra bitartekoa izango da, bai Eusko Jaurlaritzako langileentzat, bai IVAPekin hitzarmena duten beste herri-erakundeetako langileentzat.

Epe horretatik kanpo bidalitako eskabideak ez dira onartuko. Horretarako, eskabideak IVAPera bidaltzeko irteera data hartuko da kontuan.

5.4.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Aldi baterako langileek egiaztatu egin beharko dute lan-hitzarmena dutela euren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean.

Lan-harremanaren iraupena egiaztatzea erakundearen ardura izango da, IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri-erakundeen kasuan; erakundeak onartzen dituen eskaerek, beraz, baldintza hori betetzen dutela ulertuko du IVAPek.

Administrazio Orokorreko langileek eskaera orriarekin batera, lan-kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute.

5.5.– Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula-orria bidaliko du langilearen erakundera, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula-orriaren bitartez langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan matrikulatu ahal izango da.

Matrikulatzeko ezinbestekoa izango da langileak matrikula-orria euskaltegian entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula– orria IVAPera.

Langileak egin duen matrikulak honako baldintza hauek betetzen baditu, IVAPek matrikularen kostu osoa ordainduko du:

1) Matrikula-orria garaiz entregatzea euskaltegian: ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

2) Aurreko 5.1 oinarrian ezartzen diren ikastaroen ezaugarriak betetzea.

Langileak egin duen matrikulak aurreko baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, ukapenaren berri emango du langilearen erakundean.

Seigarrena.– Ikastaroen hasierari buruzko arau orokorrak.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentea ikastaro trinkoa izango da:

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Zazpigarrena.– Datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea.

Euskara ikastaroak kudeatzeko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion sailari lagatzea. Hartara, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu.

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua arau hauen arabera egingo da:

– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa.

– 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

– 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa garatuko duen erregelamendua onartzen duena.

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Hori dela eta, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien erakundeei jakinaraztea, bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez, bai euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, txostenak egin ditzan normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. art.). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari –HABE– aipatutako apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek Fitxategiko datuetara sartzeko, datuok zuzentzeko, ezerezteko edo aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango dute. Horretarako, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian edo Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira ondorengo egutegien arabera:

Maizpide (Lazkao): otsailak 5 – ekainak 22.

Aurten Bai (Zornotza): otsailak 5 – ekainak 29.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

IVAPek matrikularen eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatuko du; izan ere, eskola orduez gain, ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora ere gehitu beharko da.

Bost orduko ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena izango dute. Deialdi honi dagokion bost orduko ikastaroa bigarren lauhilekoan egingo da eta honako iraupena izango du:

Otsailak 19 – ekainak 22 (hiru ebaluaketa egingo dira).

2018ko martxoaren 29tik apirilaren 8ra arteko egunak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.

3.– Modulu-aldaketak.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegia izango dute: otsailak 19 – ekainak 8.

Matrikula-orriarekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko taldera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Aldiz, matrikula-orriarekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.


Azterketa dokumentala