Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2017ko azaroaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
5522

247/2017 DEKRETUA, azaroaren 14koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskadiko osasun sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen duen Dekretua.

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen duen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean. Dekretu horretan arautzen dira gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak bete ditzaten, tratamenduok finantzaketa publikoaren xede direnean betiere.

Aipatu dekretuak arautzen duen laguntza-araubidearen xedea da, hain zuzen, tratamendua betetzea errazteko tresnak ezartzea eta era horretan murriztea tratamendu medikoa betetze aldera pertsona jakin batzuen artean sor daitezkeen ezberdintasunak; izan ere, baliteke batzuk, dauzkaten muga ekonomikoengatik edo gizarte-bazterkeriako egoeran egoteagatik, mediku-aginduak behar bezala ez betetzeko edo uzteko arriskuan egotea.

Hala, urteroko laguntza deialdiak egin dira haren aplikazio-eremuaren barruan, 2013-2014, 2014-2015, 2015-2016 denboraldietarako, eta, azkenean, oraingoan, 2016-2017 tarteari dagokiona.

2017ko martxoaren 23an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, erdibideko zuzenketa baten bidez, legez besteko proposamen bat onartu zuen, pentsiodunek eta langabetuek botiken berrordainketa egin behar ez izateko bermeei buruz. Proposamen horretan, zenbait eskaera egin zion Osasun Sailari; besteak beste, hauek:

– Tratamendu medikoak bete daitezen bermatzea xede duten neurriak berrikusteko, inork ez dezan arrazoi ekonomikoengatik baztertu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalek ezarritako botika-tratamendua.

– Azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua aldatzeko, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren langabetuek eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsona guztiek eskura ditzaten tratamendua betetzeko laguntzak (aipatu dekretuak Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen du, eta 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen –227 zk.–).

Arau honen helburua da, hain zuzen, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua aldatzea, aipatutako legez besteko proposamenean azaldutako kolektiboak sartzeko hark arautzen dituen laguntzen onuradunen artean.

Orobat, honen bidez, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren zenbait atal aldatzen dira, agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen arazoaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 2.1. artikuluan ezarritakoari egokitu dadin eta Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak jarrai dezan aipatu laguntzak kudeatzeko eskumenak izaten.

Horren indarrez, Osasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 14an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3. artikulua aldatzea.

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1. artikuluaren b), c) eta d) apartatuen testua aldatzen da.

«3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Hauek izango dira laguntzen onuradunak:

a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta egonik, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

b) Langabeziaren legezko egoeran egonik, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

c) Aurreko ataletan aipatutako aseguratuen onuradunak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

d) Beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, baldin eta Euskadiko Osasun Sistemak bermatzen duen banako osasun txartelaren titularrak badira.

e) Estatuko Osasun Sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko Osasun Sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren aplikazio-eremu subjektiboan sartzen badira.»

AZKEN XEDAPENETATIK AZKEN LEHENENGOA.– Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua aldatzea.

1.– Beste era batez idazten da Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 3ko 80/2017 Dekretuaren 9. artikuluko 1. apartatua; honela geratzen da:

«j) Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko jarduketak ebaztea.»

2.– Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 14. artikuluaren 1. apartatuari y) atala gehitzen zaio; honela geratzen da:

«y) Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko jarduketak kudeatzea.»

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Erregelamenduz garatzea.

Osasuneko sailburuak izango du honako dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko ahalmena.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko azaroaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala